Eskultura erromanikoa
Eskultura erromanikoa Eliza Katolikoa eta fededunen arteko harremana eta orokorrean Arte erromanikoaren mugimenduaren helburuen barnean txertatua dago. Hortaz, eskultura erromanikoak arkitektura erromanikoarekin lotura estua izan zuen, eta nagusiki Bibliako pasarteak fededun laikoentzat ulergarriak izateko harrizko erliebetan oinarritu zen. Jarduera hau XI. mendeaan hasi eta XIII. menderarte Europa osoan hedatu zen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Teknika eta materialak menderatu ondoren, eraikin erromanikoak edertzen hasi ziren.
Eskultura monumentala XI. mendearen bukaeran hasi zen zabaltzen, eta hurrengo mendean zehar lortu zuen perfektotasuna. Eskultore erromanikoen irudimena handik eta hemendik elikatu zen: Irlandako eskuizkribuak, sortaldeko ehunak, eta besteak beste karolingiarren zilar eta bolizko lanak hartu zituzten eredu, baina tokian tokiko tradizioa eta ondarea, antzinako aztarnetan gordea, ahaztu gabe betiere. Eskultura erromanikoa arkitekturarekin guztiz bat egina dago, eraikinen kapiteletan, tinpanoetan, arkibolta eta ateburuetan baitago txertatua. Arkitektura egituren eta markoen mendekoa da, eta irudien jarrera markoaren ingurura eta elementu dekoratiboen grafismora egokitzen zaio. Oro har irudiek elizak ezarritako jarraibidea dute eredu, baina sarritan artisten familia mundutik ekarritako elementuez hornitzen dira.
Eliza harrizko Biblia bat da, Itun Zaharretik eta Apokalipsitik ateratako irudiez hornitua tinpano eta kapiteletan, non Kristo eta santuen bizitzari buruzko informazioa ematen baita.
Erromanikoaren lehenengo eskultura monumentala nekez bereiz daiteke , arte txikien eraginetik. Hasieran, arkitekturazko egituretatik kanpo zegoela oraindik, Antzinako artean gehien erabili ziren bi prozeduren bidez azaldu zen : alegia, frisoen edo erliebe bakartuen bidez, batetik, eta arkupeetako pertsonaien bidez, bestetik. Kapitelen dekorazioan - XI. mendeko eskultoreen lanleku kuttunena-, antzinako formen oroitzapena arte bizantziarraren ekarpenarekin eta barbaroengandik iritsitako forma geometrikoekin nahasten da. Irudi multzoakegiten 1050. urte aldera hasi ziren, edo lehenago beharbada : munstroak, mozorro handiak, ertzetan edo akanto hostoen barruan kokatutako pertsonaiak. Eskultura lan horiek- Frantzian dira batez ere, Borgoinan eta Loiraren eskualdean-, eredu izan ziren XII. mendeko erromanikoarentzat.
Apaindurazko eskultura Mediterraneo aldeko herrialdeetan zabaldu zen gehienbat.
XI. mendearen bigarren erdititik aurrera azaldu ziren lanik inportanteenak, Espainiako iparraldeko eskualde kristauetan, Loira ibaiaren hegoaldeko probintzietan, Italiako iparraldeko eta Pugliako eskualdeetan.
Mediterraneotik aldendutako herrialdeek ez zuten pisu handirik izan plastika monumentalaren bilakaeran, eta tradizio otondarrari jarraitu zioten funtsezko gauzetan.
Arkitektura bezala eskultura ere merkataritza eta erromes bideei esker zabaldu zen Europako sartalde kristauan. Beneditar monasterioek ere zerikusi handia izan zuten arte higikundeen batetik besterako horretan, arte babesleak eta artistak mugiaraziz .
Okzitanian, XI. mendearen bukeraz gero, Tolosan eta Moissaceko abadian inguruan egin ziren eskultura lanikinportanteenak. Tolosako Saint-Sernin-eko lehenengo erliebe murritz eta mozkoteen ondorengo bezala, luzara tenkatzen diren irudien tirabirak eta mugimenduaren ikerkuntza izan ziren eskualde horretako eskultura lanen ezaugarri nagusiak.
Kapiteletan, bestalde, Antzinatean inspiratutako dekorazioa lantzen hasi zen, baina irudi geometrikoetara jo zen gero.
Tolosa eta Moissac-eko obrak eta Espainiako iparraldeko gune kristauetako eskulturak oso antzekoak dira, harreman handia baitzuten bi herrialdeok. Nolanahi ere, Espainiako XII. mendeko arteak baditu ezaugarri herezi batzuk : estatuak biribilxeagoak dira eta hormatik bereiziago daude Tolosakoak baino, eta, bestetik, eliza aurrealdeetako dekorazioa oparoagoa da eta arkitektura inguruarekiko independenteagoa.
Beste eskultura gune handi bat Borgoinan sortu zen, 1080tik XII. mendearen erdialderako aldian; Clunyko abadiako hirugarren elizaren eraikuntzak ere bultzada handia eman zion eskultura monumentalari. Eskultura horietan irudiak hondotik ateratzen direla ematen du, mugimendu askatasun handia dute eta asaldura eta gogorkeria adierazten dute.
Arropen tolesak kiribiletan biltzen dira eta oihalak altxatzen dira, lan horien fantasiazko kutsua handituz. Antzeko ezaugarriak aurki daitezke Borgoinako elizetako zenbait kapiteletan.
Frantziako mendebaldean eskultura monumentalak XIII. mendearen lehenengo bi herenetan izan zituen urterik oparoenak. Kareharri bigunak, lantzen erraza baitzen, plastika oparoa ekarri zuen, eta beste eskualde askotan ez bezala, eskulturak tenploen aurrealdera eta burualdera zabaldu ziren. Barnealdeak berriz askoz soilagoak dira, eta kapitelak baizik ez daude apainduta, historiako pasarteez. Auverniako eliza erromanikoetan ere kapitel aberatsak daude, baina kanpoaldeko eskultura lana urri samarra da.
Proventzako eskultura, Antzinaroko ereduetan oinarritua, beranduago hasi zen, XII. mendearen erdialdera edo. Saint Gilles-du- Gard-eko fatxada ospetsua eta San Trofimo Arleskoa dira Proventzako lanik aipagarrienak .
Italiako iparraldean erromanikoak antzinako itzurietara jo zuen XI. mendearen bukaeraz gero. Bizantziar Artearen eta lombardiarren "arte barbaroaren" eraginpean zegoela oraindik, Italian ez zen giza irudia irudikatzen, eta marra bidezko dekoraziora edo animalia irudi estilizatuetara zegoen margolaritza mugatua. Italiako eskulturaren berritzea Gugliehno Modenakoaren lanekin hasi zen. Guglielmok, Europako sortaldean jarririk ikusmira, antzinako ereduak hartu zituen gogoan, frisoen errimto jarraituak eta forma bete eta lasaiek erakusten dutenez.
Baina era askotako arte higikundeen mendean izanik, Italian obra multzo gehiago sortu zituen.
Frantziako iparraldeko probintziek, berriz, ez zuten hain parte hartze handia izan eskulturaren mugimendu berritzaile horretan . Normandian nahiago izan zen dekorazio geometrikoaren monotonia, eta elizen aurrealdeak marrez apaindurik ageri dira.
Konkistaren ondoren, Normandian nagusizen estilo higikunde bera zabaldu zen Ingalaterran ere. Haien teknika ez da Frantziako tinpanoetakoa bezain ona, baina Mediterraneoko arroko herriek baino leialtasun handiagoa diote antzinateko arteari.
Bestalde, Alemanian eta Europako erdialdeko beste eskualde batzuetan erabiltzen zen kapitel kubikoa Normandiaraino zabaldu zen. Alemanian berriz zabalkunde handia izan zuen forma geometriko horretatik eratorritako kapitelaren dekorazioak.
XII. menclearen erdialdea baino lehen, eta erlijio arkitekturaren berritasunen espiritu diferentearekin bateratsu, hats berri bat eman zitzaion plastika monumentalari.
Ez da ordea gauza erraza muga jartzea eskultura erromanikoaren eta Frantziako iparraldeko probintzietan sortu zen lehen eskultura gotikoaren artean. Programa ikonografikoak asko murriztu ziren: eskultura erromanikoaren asaldurari adierazpen eta keinu lasaiago batzuek jarraitu zioten.
Elizen aurrealdeko zutabe estatuak, luzeegiak eta zurrunegiak erromanikoan, malgutzen hasi ziren berehala. Eskultura mota horren adibide ederrenetako bat Chartreseko «Errege Atondoa» da. Jarreren zurruntasuna gorabehera, naturalismoa nagusituko da aurpegiera eta nortasuna agerraraztean. Naturaltasunari men egiteaz eta irudien keinuak gozatzeaz gainera, eskulturen proportzioak ez ziren inguruko markoaren neurrietara gehiago makurtu.
Ohitura hartu zen mendebaldeko fatxadaren erdialdean Azken juizioko Kristo jartzeko, eskuinaldeko aurrealdean Ama Birjina, eta ezkerrekoan, berriz, elizbarrutiko santu titularra. Eliza batzuetan, baina, inportanteagoak ziren Ama Birjina edo santu patroia, eta haietxek jarri ziren ate nagusiko tinpanoan. Ile-de-Francen sortu ziren arte higikunde berriek topo egin zuten oraindik bizirik zeuden eta mendebaldeko beste herrialdeetan zabaltzen ari ziren tradizio zaharrekin. Espainian Frantziako eraginak tokian tokiko tradizioekin nahastu ziren. Frantziako eliz aurrealdeetako egitura ordenatua dekorazioaren oparotasunaren azpian desagertu zen. Italian XII. mendeko bigarren erdiko eskulturak alde batera utzi zuen iparreko lehen eskultura gotikoa. Italian ez dago estatuarik garai hartako eliz aurrealdeetan, ezta irudirik arkiboltetan ere, giza irudiaren autonomiaren sentimenak ez baitu hura eraikuntza elementuetara egokitzen uzten.
Alemaniak berandu zabaldu zion atea mendebaldeko eraginari. XII. mendean eskultura monumental gutxi zegoen, eta gehienak objetu kulturalak ziren, arkitekturan txertatu gabeak. Eskultura gotikoa ez zen XIII. mendeko bigarren laurdena baino lehen zabaltzen hasi. Ingalaterran ere oso urria da frantses ereduaren araberako eskultura monumentala.
Frantzian XII. mendearen bigarren erdian landutako arte arauek zehaztu eta menderatu zuten eskulturaren etorkizuna. Irudiak ez ziren gehiago eraikinen premien arabera egingo. Bizitzaren eta izadiaren egiatik gertuago, giza irudiak berriro aurkitu zuen bere espiritu humanista.
Bestalde, eta errornatarrek ez bezala, kristau erlijioak baimena eman zuen hilak hiriaren barruan eta tenpluetan lurperatzeko. Hala, bada, izugarri zuzpertu zen hilobien antzea, baina lehengo sarkofago grabatuen ordez -historiako pasadizoak grabatzen zituzten batez ere-, hilaren aurpegia grabatzen zen hilarri berrietan. Hilobiez gainera aipagarriak dira, baita ere, aldareak eta bataiarriak. Egurrezko eskultura ere IX, mendeaz gero hasi zen zabaltzen, lehentxeago beharbada. Eskultura irudiak margotu edo zilarrezko xaflez estaltzen ziren gero. Ama Birjina eta Kristoren irudiak egiten ziren batez ere. Arte karolingiarraren miniaturetan, boli eta zilar lanetan oinarritzen dira Kristoren irudiak, eta arte nikietako lan horiek bezala, oinazez beterik eta barne sentimendu batez biziturik ageri dira. Nolabaiteko humanisrno baten lehen zantzu horiek ez ziren azaldu eskulturan arte gotikoa hasi baino lehen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012-7-5 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.