Durangoko plateruak
Durangoko plateruak
| ||
---|---|---|
Datuak | ||
Egoitza | Durango | |
Musika mota | Dantza, bertso eta musika taldea | |
Urteak | XVIII-XIX mendeak | |
Fundatzailea | Antonio de la Fuente, Juan Kruz de la Fuente, Escolastica de la Fuente, |
Durangoko plateruak XVIII-XIX mendeetan Bizkaian bizi izandako zilargin, musikari eta dantzari familia izan zen. Garaiko dokumentuetan Plateros de Durango edo Durangoko zilarginak (Durangoco cidarguiñac) bezala ere aipatzen dira.
Kideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Andrés de la Fuente Marcos.[1]
- Francisca Bolanjero Elorriaga.[1]
- Maria Francisca Escolastica de la Fuente Bolanjero (Durango, 1749).[2]
- Lorenzo Thomas de la Fuente Bolanjero.[3]
- Dionisio Juaquin de la Fuente Bolanjero.[2]
- Santiago Maria de la Fuente Bolanjero.[2]
- Francisco Antonio de la Fuente Bolanjero (Durango, 1757-1834).
- Juan Cruz de la Fuente Bolanjero (Durango, 1760-1831).
Datu biografikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andres de la Fuente Burgosen jaioa zen, jatorriz gasteiztarra zen familia batean;[4] hain zuzen, bera Gasteizera itzuli zen XVIII. mende erdi aldean, bertan Francisca Bolanjerorekin ezkonduz. Garai horretan hirian zortzi zilargin zeuden (tartean Santiago Bolanjero, Franciscaren aita); horretara, bikotea Durangora aldatu zen 1749 inguruan. Han jaio zitzaizkien seme-alaba guztiak.[1]
Andresek Barrenkalean jarri zuen tailerra; han lan egin zuten seme-alabek ere. 1758an, Bizkaiko Jaurerriko legeen arabera, agintarien aurrean bere "odol-garbitasuna" frogatu behar izan zuten. Zilargintzan aritzeko, kaudimen ekonomikoa eta gizartean status jakin bat behar izaten zen.[4] Haien ekoizpenak anitzak ziren: fielen txuzo, elizetako kopoi-kaliz, kapa pluvial, kandelabro, ezkonsaritako gerriko-belarritako-mahaigaineko bitxiak... Haien bertsoetan ikus daitekeenez ekoizpenok enkarguz edo Durangon, Otxandion, Diman, Mañarian, Arratian, feria egunetan saltzen zituzten.[1] [3] Esate baterako, 1798an Durangon gaueko elizkizunetan erabiltzeko zilar-lanak enkargatu zitzaizkien, aurrekoak galdatu egin baitzituzten Konbentzioaren Gerra finantzatzeko. 1809an, Napoleondar Gerretan, Durangoko elizetako urrezko eta zilarrezko bitxiak tasatzea agindu zitzaien; bitxi horiek Bilbora eraman zituzten, Napoleonen tropengandik babesteko. Durangoko zilarginek eginiko lanak gordetzen dira hainbat elizatan, esate baterako Axpe-Busturiako eta Dimako kopoiak, Gizaburuagako koroa, Berrizko txuzoa edo Mallabiako eta Arbatzegiko kalizak.[4]
Oso alaiak omen ziren, herriko handikiekin harreman ona zuten, eta ez ziren politika kontuetan sartzen. Arratsaldero errosarioa errezatzen zuten Tabirako San Pedron, eta gero Izurtzara paseoan joaten ziren.[3] Haien ohiko jantzia lebita luzea, praka motzak eta trikornioa izaten zen; ordurako modaz pasatzen hasia zegoen janzkera.[4]
Escolastica, Lorenzo,[2] Antonio eta Juan Cruz donadoak izan ziren.[1]
Hil ostean, Antoniok eta Juan Cruzek bizitzan zehar lortutako jabetza gehienak ilobei laga zizkieten: Barrenkaleko 6, Artekaleko 12-14, Kalebarriko 46 etxeak; Kanpantorre-oste edo Matxino-estartan lurrak eta Iurretan (gaur Landako) Murueta baserria.[1]
Herri-artista ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Durangoko zilarginek ospe handia lortu zuten, eta inguruko herriko jaietara asko deitzen zituzten.[5] Arrakasta honen gakoa, agian, kantu gehienak herri xeheari eskeiniak izatea izan zen: haien bertsoetan nekazari, neskame, garraiolari, arrantzaleak dira protagonista, orduko gizartearen gehiengoa alegia, eta haien eguneroko bizimodua islatzen dute. Inoiz ospe honek ezusteko mesedea ere egin zien plateroei, hala nola Gasteiztik Durangorako bidean, Urkiolan bidelapur batzuek gelditu zituztenean; nortzuk ziren ezagutu bezain laster, libre laga zituzten bere zilar-karga guztiarekin.[6]
Antonio dantzari trebea zen, eta askotan aritzen zen Escolastica arrebarekin bikotean.[2] Juan Cruzek ere egiten zuen dantzan, baina batez ere bertso sorkuntzan nabarmendu zen; txistua ere jotzen zuen, eta Antoniorekin batera jartzen zion bertsooi musika.[3] 1828an, ia 70 urte zituztela, Fernando VII. Espainiakoa eta Maria Amalia Saxoniakoa erregeak Durangon izan zirenean, anai biek haien omenez eginiko dantzetan parte hartu zuten:[7]
"Sacaron el baile largo ó aurrescu dos hermanos ancianos sexagenarios (cuasi septuagenarios) conocidos por los plateros de Durango D. Antonio y D. Juan Cruz de la Fuente, el primero flaco y estenuado, y el segundo gordo y obeso; bailaron ambos con mucha mas agilidad de la que podia prometerse de aquella edad; y tanto chocó a SS. MM. ver bailar con tanta ligereza a dos ancianos tan diferentes entre si, que S. M. la Reina, a quien nadie habia visto ni aun sonreirse desde su salida de la corte, al ver bailar el fandango con tanta agilidad al anciano obeso D. Juan Cruz, como lo hubiera podido hacer un joven de veinte años; la salió la risa en términos que no podia contenerla, y se dijo que en todo su viaje no se le habia visto sonreirse hasta entonces." (Beitia, Fausto Antonio de, eta Ramón de Echezarreta. Noticias históricas de la Noble y Leal Villa de Tavira de Durango. Bilbao: Imp. y Lib. del Euskalduna, 1868).
Transmisioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Durangoko plateruek ez zuten lan literariorik argitaratu, eta bere sorkuntzen erreferentziak bide ez zuzenetatik heldu zaizkigu. Izan ere, Juan Cruz eta Antonio anaien artean sortutako kopla eta bertsoek sona handia lortu zuten bere garaian, eta lehen biltzaileek herriaren ahotik jaso zituzten:
- 1860ko hamarkadan, Jose Antonio Uriarte fraide frantziskotarra Durangaldean izan zen misioak ematen, eta hamabi kantu jaso zituen, "Durango cidarguiñen cantac" izenburupean.[8]
- Iruñeako Revista Euskara-k (1878 eta 1883 artean argitaratu zena), bost publikatu zituen,[9] baina testuetan akats handiekin.[8]
- 1884an, Antonio Truebak plateruen zenbait bertsoren erreferentziak eman zituen. Truebak hurrengo belaunaldiko familiako kide bat ezagutu zuen, Francisco de Sales de la Fuente, zeinak eskuizkribu bat erakutsi zion, hamahiru bertso sortarekin, doinua ere idatzia zuena (Truebak izenburuak bakarrik ematen ditu).[3]
- 1897tik aurrera, Bartolome Ertzilla musikari durangarrak "Colección de Cantos Vizcainos incluso los de los Plateros y los del Duranguesado arreglados para canto y piano" lana argitaratu zuen. Guztira 35 kantu bildu zituen bertan, partitura eta guzti; hauen artean gutxienez 11 zilarginenak dira.[10]
Urteekin, baina, kopla hauek eta egileak herri-memoriatik desagertuz joan ziren, "Hator hator" kantaren salbuespenarekin; zilarginen bi gabon-kantekin eginiko nahastea den hau askotan anonimotzat hartua izan da, eta zenbait musikariren moldaketak jasan ditu[11] gaur egun nagusi den eredua finkatu arte. Bizi-bizi mantendu den kantu honen aldean, besteak ahaztuago gelditu dira harik eta XX. mende erdi aldetik aurrera zenbait ikerlarik berreskuratzen hasi diren arte. Adibidez 1961ean, Luis Villasantek artikulu batzuk argitaratu zituen Uriarteren bildumako bertsoei buruz, plateruak aipatuz.[1] Eta batez ere Antton Mari Aldekoak 1984an egindako liburuaren eta 1987ean Uriarteren eskuizkribuaren argitalpenen ostean,[8] zilarginen kantu batzuk hedapen handiagoa lortu dute; musika talde modernoek ere grabatu dituztelarik:
- Itxura denez, Durangoko plateruen kanta bat grabatu zuen lehen abeslari modernoa Amaia Uranga izan zen. 1992an izan zen hori, "Txisperuak" kantua "Lilura Urdinak" diskoan agertu zenean (Urangak euskaraz osorik argitaratu duen bakarra).[7]
- Oskorri taldeak behin baino gehiago grabatu ditu zilarginen kantak: 1992ko "Badok hamahiru" diskoan, "Kausino, euskal filosofo" agertu zen; 1993ko "Katuen testamentua" izenekoan, "Ardiaren kanta"; eta 2001eko "Vizcayatik Bizkaiara" diskoan, "Astodunak".
Ekoizpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Durangoko plateruen bertso eta kanten erreferentziak biltzea nahasgarria izan daiteke, argitalpen lekuen arabera izenburu ezberdinak eman izan zaizkielako. Zerrendatu ditugun hauetan, bertsoaren hasiera darabilgu erreferentzia nagusi gisa (alfabetikoki) eta iturriaren araberako izenburuak ere ematen dira (JAU = Jose Antonio Uriarte, RE = Revista Euskara, AT = Antonio Trueba, BE = Bartolome Ertzilla):
- Amabi verso oneetan / Esan biar dogu / Erreguen armerubac / Nortzubec ditugun... / Chisperos (JAU) / De los chisperos (AT) / Armeruen cantac (BE). Garai hartako armaginen lan prozesuaren deskribapena.
- Ardizain devoto bi... / Gaboneco cantac (AT, BE).
- Arre, pocho, arre... / Astodunac (JAU) / Arre pocho (RE, AT) / Arrain salzaillia (BE). Arrain saltzaile baten peripeziak, generoa enbarkaziotik hartzetik, bezeroen etxeetara eraman artean.
- Artuic mutil pichar bete ardo... / Gaboneco cantac (AT, BE) / Hator hator (finkatu den bertsioaren iturrietako bat).
- Dueña, criada, sensañoc... / Las sirvientes (JAU) / Duña criada da sensañac (AT) / Dueña criada sensañac (BE). Zerbitzuko lanean aritzen ziren emakumeen zeregin eta kezkak.
- Eraguijhoc mutil / sirrin sarran sirrin sarran... / Gaboneco cantac (AT, BE) / Hator hator (finkatu den bertsioaren iturrietako bat).
- Ez naiz orain artian / Guelditu baquian... / Aita Palacios (JAU, RE, AT, BE). Esan bezala, plateruak oso eliztarrak ziren; eta bertso hauek Palacios abizeneko apaiz baten bertuteei gorazarre egiteko baliatzen dituzte.
- Gura dabenac beriala / Ardijen cantaric... / Pulga (JAU) / Arcacusua (AT). Arkakusua, garai hartan ugaria zen bizkarroia, eta haiek kontrolpean izateko egin behar izaten zirenak.
- Milla ta zazpireun / Ta larogueta amairu / Cer pasau jaten aurten / Cantatu naiogu... / Arratia (JAU) / Dimaco fiestak (RE) / Viaje a Arratia (AT). Oinezko bidaiari / garraiolariek izaten zituzten zailtasunak.
- Orain nua cantatzen / Neure vicitzia / Marineru bat naiz, ta / Daquidan guztia... / Marinela (JAU) / Marineros (AT) / Marineruen bicitza (BE). Marinelen eguneroko bizitzaren deskribapena: arrantza operazioak itsasoan, arrainaren salmenta lehorrean, eta irabazien banaketa kofradian.
- Orainche beriala / Cantatzera nua / Iru euli generuen / Persecuciñua... / Eulijac (JAU, RE) / De las moscas (AT). Gizakiak zein animaliak gogaitzen dituzten euli nardagarriei eskeinia.
- Sagar azal ederra / Barruba ustelduric... / Manzana (JAU) / Zagarra (RE) / Monzona (AT) / Sagar ederra (BE). Beste kantuekin kontraste nabarmenean, gai iluna dute bertso hauek: itxura ederreko sagarrak pozoituta egon daitezkeela ohartu. Bide batez, orduko osagileen ohiko prozedurak ikus ditzakegu.
- Secreto andija da, ta / Maravillosua / Causinuen liburuan / Aguerturicua... / Causino (JAU, AT) / Viva alegrijha (BE). Bizipozaren aldeko aldarria.
- Sin alabar la parte / Abijetan naiz ni / A componer seis versos / Erloju bateri... / Relox de Dima (JAU) / Reloj de Dima (AT).
- Urteillic abendura / Ifintera nua / Versuac necazalien / Alabacinora... / Necazarijenac (JAU) / Asuntos de caseros (AT) / Baserrico cereguiñak (BE). Baserritarren lanen deskribapena, hilerik hile.
Omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990 hamarkadan, Durangoko plaza bati plateruen izena eman zitzaion.[12]
2004tik Durangon Plateruena deritzon antzoki eta kulturgunea martxan dago, De la Fuente familiako kideen omenez izendatua.[13]
2018an, antzokiaren 14. urteurrena ospatzeko, "Plateru" ikuskizuna prestatu zen Durangoko zilarginen sorkuntzetatik abiatuta, dantza eta musika garaikidearekin lotuta.[5] Ikuskizuna urriaren 28an estreinatu zen.[14]
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ALDEKOA-OTALORA, Antton Mari. 1984. Durangoko plateruak. Gerediaga Elkartea.[15]
- CILLA LÓPEZ, Raquel. 2016. La platería en Vizcaya del gótico al neoclasicismo. Kantabriako Unibertsitatean aurkeztutako tesia.[16]
- MARTIN VAQUERO, Rosa. 2006. Relaciones artísticas en el País Vasco : los plateros de la Fuente en Vitoria, Durango y Bergara. Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País. Comisión de Álava.[17]
Bertsoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aita Palacios
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[18]
AITA PALACIOS
1
Ez naiz orain artian
Guelditu baquian
Berso olgagarrijac
Ifini artian
Orain paratzera nua
Guztientzat gustoz
Alabatzen dedala
Aita Palacios.
2
Bereinca bere amari
Sortu jaconian
Guztizco seme on bat
Bere sabelian
Eguija predicatzeco
Pulpitu ganian
Gueisto deunga guztijac
Zucendu artian
3
Noc iracatsi cion
Lelengo letria
Ac bere bai izango dau
Ceruban gloria
Atera cebalaco
Dicipulu ona
Zarauzco comventuban
Icusi leiquiana.
4
Zarauzco comventutic
Gugana etorten da
Escuban curutziagaz
Aldatz gora beera
Bidian datorrela
Icerdiz beteric
Gugana orregatic
Contentuz bateric
5
Ceimbat ta ceimbat bidar
Misino santuban
Negarrez euqui gaitu
Elessa barruban?
Eguija esaten deuscula
Pulpitu ganetic
Arren apartau gaitian
Vici oquerretic.
6
Guztiz bere vijotza
Dalaco noblia
Biar dira bere itzac
Ondo gordetia
Batbere aztu bagaric
Garian artian
Guero euqui daigun parte
Ceruco glorian
7
Ceruba gura dabenac
Gueroco logratu
Aita Palaciosen itzac
Viotzian sartu
Batere urten bagaric
Bere itzetatic
Bestela izango ez da
Inundic gauza onic.
8
Contu ta arrazoija
Emon biarco dau
Cerura juango bada
Gure arima
Escubata bularrian
Bacochac imiñi
Consideracinuagaz
Jaungoicuagaitic.
9
An daucagu guessua
Guztiz sicaturic
Gueure Aita Palacios
Gaztiac gugaitic
Orain eguin biar dogu
Guztijoc batera
Cumplidu bere itzac
Emendic aurrera
10
San Francisco Asiscua
Icusi bada iñoz
Bere irudi bat da
Aita Palacios.
Bera icusijagaz
Biguntzen ez dana
Ez da izango iñoz
Jaunaren laztana.
11
Amabi verso oneec
Entzun dituzanac
Mesede eguin beide
Ave Marija bat
Orain errecetiac
Viotz viotzetic
Aita Palaciosen
Osasunagaitic.
12
Beti dabillan leguez
Guztijen onian
Argaitic paratzen da
Pulpitu ganian
Eta Aita Palacios
Olan icusiric
Negarrac urteten deust
Viotz viotzetic.
Ardiaren kanta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua.
PULGA
1
Gura dabenac beriala
Ardijen cantaric
Datorrela nigana
Esango diot nic
Celango gueistua dan
Uda guztiraco
Baquian dagozanac
Ondo penetaco.
2
Oneec jayoten dira
Edocein lecutan
Endemas badago autsic
Eche esquiñetan:
Eche ladrilluzcua
Ezpadago garbi
Duda baga egongo da
Anega bat ardi:
3
Gaztaña coloreco
Ardi berenuac
Lau oin dituz laburrac
Bi luciaguac
Atzetic daucazan leguez
Oin bi luciago
Agaitic nai dabenian
Eguiten dau salto.
4
Dauca barriz picu bat
Ardi picaruac
Jostorratz minen miñena
Baño oquerragua
Nai dabenian sartzeco
Nai daben lecutic
Distinguidubagaric
Pobre aberatsic.
5
Munduban guichi dagoz
Ain vijotz nobleric
Ardija artu ezquetijo
Botaco dabenic
Igortzi baric ondo
Atz biren erdijan
Edo atzazcalacaz
Anche il artian.
6
Ardija artzen dabenian
Entero dago poz
Mai ganian ilteco
Atzazcalacaz closc
Endemas euquiten badau
Dempora ascuan
Alcondarien pleguian
Picatzen colatsan.
7
Ardijac picatu arren
Gentien aurrian
Ascoc erabilten dau
Escuba guerrijan
Atz bat aguan bustiric
Igortzi ta igortzi
Alanche ateraten dau
Ardi bat, edo bi
8
Beste ascoc ez dauco
Batbere moduric
Gente guztijen aurrian
Artzeco ardiric
Guero cer eguiten dau
Echera juanda
Mentana oste batetic
Banan, biñan bota
9
Chacurrari ezteutso
Emoten baqueric
Lepuan daucan lania
Guztiz quendu baric
Bestela izango leuque
Dudarican bague
Ardiz lepo guztija
Bete, guztiz bete
10
Acerijac bere ardijac
Onan quentzen ditu
Uretan musturreraguiño
Sartuta gueldichu
Aguan daucala bedar bat
Ardijac batzeco
Guero bete dagoanian
Bertan ichiteco.
11
Gura dabenac echian
Euqui ardi guichi
Escubetan ichusquija
Erabilli sarri
Bota lelengo ur pusca bat
Ondo garbitzeco
Bestela ardijac ez dabe
Baqueric emongo.
12
Amabigarren versuan
Esango dizut nic
Mendaroco alerubac
Ez dabe ardiric
Beti dabiltzalaco
Tiraca bultzaca
Uretan biarrian
Guztiz arraztaca.
Arratia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua.
ARRATIA
1
Milla ta zazpireun
Ta larogueta amairu
Cer pasatu jaten aurten
Cantatu naiogu
Inducira noiala ni
Fiesten atzian
Esaten nebala sarri
Imenganian.
Ay, ene, ai ene, ai ene bada
2
Momocho tambolinagaz
Atabalaz Pepe
Nic zapatac, calcerdijac
Besapian bere
Ecin eguin aldatza
Guero aldapia
Inducijan eguiteco
Lelengo dantzia
Ay ene &
3
Piestaco eguna
Pasatuta guero
Beste egunian penia
Echera etorteco
Eurijac cirian partez
Guelditu bagaric
Eneucan balore asco
Urteteco andic.
Ay ene &
4
Chominen Balencianiagaz
Urten neban andic
Juan nintzan Gibraltaño
Casi busti baric
Andican Mañarira
Labandu ta jausi
Mallatuarren gorputza
Azurric ez ausi.
Ay ene &
5
Mañarira jatsi nintzan
Sopia becela
Altzi sicuric bagaric
Burutic oñera
Tabernaco sucaldian
Berotu ecinic
Chacolinec erre arren
Egur carga onic.
Ay ene &
6
Icusiric nenguana
Aimbeste bustiric
Ecarri eustan capia
Chacolinec goitic
Batu neitiela ondo
Erruquiz beteric
Ceure gorputza bustita
Olan euqui baric
Ay ene &
7
Berac eta bere emazteac
Ondo artu arren
¿Ce importa zan ez pajacun
Eurija guelditzen?
Celan egongo nintzan ni
Contentuz beteric
Batetic mallatubagaz
Bestetic bustiric?
Ay ene &
8
Echera eldu eta
Esan neban sarri
Ez ostera fiestara
Inuenganeti
Agaitic esaten dabe
Guizon agudoac
Ez dabiltzaz ondo
Munduban zoruac
Ay ene &
9
Vici nazan artian
Iñor bot erruqui
Dimaco nescatillac
Zorro autsacgatic
Datozanian guessuac
Esango dabeela
Carguia ezin sufriduric
Aldatz gora bera.
Ay ene &
10
Oneec onan icusijaz
Ez dana biguntzen
Celango galtzaidubac
Izan biar daben
Ondo litzate icustea
Inuenganeco
Len icusi eztabenac
Desenganatzeco.
Ay ene &
11
Cembat eta cembat bider
Icusten ditut nic
Iru zorrogaz buruan
Ondo cansaduric
Itantzen eche batian
Autsic biar bozu
Onelan euqui bagaric
Arren esan eizu
Ay ene &
12
Buruban dacarren autsa
Ajustau artian
Asco entzun biar dabe
Euren arpeguijan
Balijo dabena amar
Emon sei laucuan
Ez dot gueijago esan gura
Amabi versuan
Ay ene...
Astodunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[18]
ASTODUNAC
Estrivillo
Arre, pocho, arre
Arre asto arre
Arre malhechoria
Arre bada arre.
Isso, is iisso, isso
Ortic cec arua
Beti baña oquerretic
Asto berenua
1
Ni naz emacume bat
Arrain saltzallia
Marinelac ichasotic
Dacarren guztia
Nai besigu, nai legatz
Atun sardinia
Nai chirla, nai mielguia
Baita anguillia.
2
Ichasuan chalupac
Ni nago beguira
Marineru prestubac
Cer dacarren billa
Badacarden gauza onic
Euren chalupetan
Ventiak emongo deust
Pena vijotzian
- Arre pocho
3
Amarrac jo artian
Izotz andi baten
Oñak billosic nago
Arraiñac garbitzen
Sesto artian guero
Ondo plegatzia
Astuan carguetaco
Daucat nic penia
4
Arre pocho arre arre
Arre bada astua
Arre asto mucar
Beti beticua
Isso is, isso isso
Iso iso bada
Au da asto plaguia
Isso berenua
- Arre pocho
5
Iñor bada munduban
Erruquiorra
Nigan aurquituten da
Munduban al dena
Ez jan, ez loric eguin
Beti arrastaca
Gauza onen barriric
Nic ez daquidala
6
Echera sartu bague
Arre bada astua
Urrinchu juateco
Artuizu gogua
Or jausi emen altza
Lupatza artian
Edurra ta eurija
Dodala ganian.
7
Arre pocho arre arre
Arre asto arren
Jo, ta jo eguin arren
Beti lecu baten
Isso is... Iss...
Iso... iso
Baldin artzen bot arri bat
Galduco aut betico
8
Neure vicimoduban
Jan biarco badot.
Gabaren gaberdijan
Urten biarco dot
Aldatz gora, aldatz bera
Illun illunian
Pauso tristeric asco
Dodala aldian
- Arre pocho...
9
Gabaz ta egunaz nabil
Neure astuagaz
Carguia jausirican
Guztia galdubaz
Argatic izaten ditut
Fortunaric asco
Portuban errial bat
Aforan sei lauco.
10
Arre pocho, arre arre
Au da astuen otza
Au noc erosi erai eustan
Asto buztan motza
Is... Is...
Asto judeguba
Asto batec emoteco
Au doc tormentuba
11
Yagui zaite gentia
Ya orduba dozu
Zortzi legua eguinda
Atetan naucazu
Or duzu lebatz fresco
Bart urtenicua
Emen nago otzac illic
Bai icustecua.
- Arre pocho
Dueña, kriada, seintzainok
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[19]
LAS SIRVIENTES
1
Dueña, criada, sensañoc
Cantatzera guaz.
Beti beti servietan
Nola gauden penaz:
Eman ecinic gusturic
Dueñiac planchiaz
Oguijaz crijadiac
Sensañac umiaz
Estrivillo
Au da penia, ay ene,
Au da penia.
2
Lelengo dueñiac dauco
Cereguinic asco
Planchia, orraztu, josi
Eche guztiraco
Argatic euquiten dabe
Bacochac echian
Biar asco eguin daijen
Dagozan artian.
Au da penia &
3
Sarri ascotan planchiac
Dauca larrituric
Aguinetaco minagaz
Ecin sufriduric
Orregaitic biarrian
Biarrac eraguin
Esaten dabela sarri
Ez daquit cer eguin.
4
Egunic falta bagaric
Beti da orraztuten
Echeco gente guztija
Amarrac baño len
Ezpadabil gueldirochu
Buruco ulian
Laster urten biarco da
Daguan echian.
Au da &
5
Orraztu ezquetio
Salia artu guero
Ordu batac jo artian
Josten eguiteco:
Maija guztiz cumpliduric
Ostera gaubian
Afaldurican gabe
Amaiquetartian
Au da &
6
Bigarren crijadiac
Dauca trabajuba
Ecin acertau graduban
Bere lapicua.
Maijan esan ez daijen
Coleraz beteric
Lapico bat egosteco
Ez dauca moduric.
7
Onen cargubac dira
Sustancijazcuac
Sisen, oquela, urdaiqui
Gobernetacuac:
Baita bere arrain fresco
Baitabere egazti
Baña cuidao catubari
Esan arin zapi.
Au da &
8
Persecuciñoa dauca
Catuba miaoca
Ostera echeco andria
Beti aguiraca.
Baña cer eguiten dau?
Edarria arturic
Iturrira barre carcar
Osasunagaitic.
Au da &
9
Irugarren seinzañac
Dauca bai penia
Egun guztijan besuan
Seña euquitia
Sein asco da munduban
Sensaña laco bi
Argatic egoten da
Jasarrita sarri.
Au da &
10
Negartija bada seiña
Bauca cereguinic
Ua, ua esan eta
Ecin issilduric
Osterantzian bere
Gabian gabian
Beguiric itxi baric
Oyaren ganian.
Au da &
11
Ostera izaten bada
Sein hori gueistua
Seinzañac bai pasauco dau
Purgatorijua.
Ez lepuan, ez echera,
Ez ibilli gura
Beriaz urtetiarren
Uletatic tira.
Au da &
12
Onegatic munduan
Dinuenac gaizqui
Eztau bere echian
Cereguinic euqui:
Amabi verso oneetan
Acábauric dago:
Beti dagoz penapian
Ecin da gueiyago.
Au da penia, ay ene
Au da penia
Eulijak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua.
EULIJAC.
1
Orainche beriala
cantatzera nua
Iru euli generuen
Persecuciñua.
Nola dan cristaubentzat
Udaco plaguia
Alemaninentzaco
Compara baguia.
2
Guessoric daguana
Ondo erruqui dot
Endemas balego oian
Eulijaquin iñoz
Ichico ez deutselaco
Daguan lecuban
Nosbait sartu bagaric
Eulijac aguan.
3
Gueissuac daucan laguna
Abijatzen jaco
Erruqui andijacaz
Eulijac quentzeco
Alperric ibillico az
ussatuten beti
Amaica juango jacoz
Amabi etorri.
4
Ezpata-eulijac dira
Beste generua
Alemaninentzaco
Tormentu gueistua.
Chit barrura sartzen deutse
Ispi berenua
Gogorra izan arren
Ganaduben narruba.
5
Alemanina gueissua
Oneec galtzen dabe
Cergatic gorputz guztija
Zulatuten deutse:
Eguzquijen urtetic
Illuntzi artian
Ibilten dirialaco
Euracaz aldian.
6
Saman imini arren
Arbolen orrija
Uste dozu orregaitic
Dala defensia?
Ori da erruquitasun bat
Jabiac arturic
Orregatic eulijari
Ez deutsa arduraric.
7
Mando-eulija dogu
Beste generua
Zabal ta biribilla
Zapua langua
Beti beti yabilcola
Guillica tripian
Mandua osticoca
Imiñi artian
8
Oneec diraz eulijac
Munduan jaijuac
Generoso guztijac
Cacastutecuac
Aimbeste dira munduban
Nun principalmente
Arrain, fruta lecubetan
Faltarican bague.
9
Ormaco miarmia
Beti da beguira
Aurrian sare andi bat
Berac ifiñita
Pentsaurican eulija
Juango jacola
Bai baleuca onduan
Azucar tontorra.
10
Eguac daucaz eulijac
Jaunac ifiniric
Orregatic marmiaren
Ez dauca bildurric
Eulijac ez dabe gura
Ormaco zulua
Ezpada eguzquitan
Ezti lapicua.
11
Africatic etorten dira
Chori genero bi
Bata da guztija baltza
Bestia azul zuri.
Datoz eulijac jaten
Guelditu bagaric
Ito ez gaijezan eulijac
Amorruz beteric.
Gabonetako kanta 1
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bartolome Ertzillaren "Colección de Cantos Vizcainos incluso los de los Plateros y los del Duranguesado arreglados para canto y piano" (1897) idazlanetik ateratako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[20]
Ardizain devoto bi
amodijho andijhas
Jesusegana duas
jhanari gustijhas
batac darua esnia
bestiac estijha
aurra consolatzeco
biardan guztijha
Gabonetako kanta 2
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bartolome Ertzillaren "Colección de Cantos Vizcainos incluso los de los Plateros y los del Duranguesado arreglados para canto y piano" (1897) idazlanetik ateratako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[21]
Artuic mutil pichar bete ardo
da guacen ariñ echera
Gabon gaba celebratzeco
Aitaren da Amaren onduan
icusioc Aita barreca
Ama berechit contentus
icusioc Aita barreca
Ama berechit contentus
baita neuc bere celango traguac
lenego esan da Jesús.
Visigu errieu assurrac
ondo chupanco degus."
Gabonetako kanta 3
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bartolome Ertzillaren "Colección de Cantos Vizcainos incluso los de los Plateros y los del Duranguesado arreglados para canto y piano" (1897) idazlanetik ateratako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[22]
Eraguijhoc mutil
Eraguijhoc mutil
sirrin sarran sirrin sarran
aurreco tamboliñori
gastañac eguin artiac
gastañac eguin artian
sipli sapla sipli sapla
plist, plast, plist, plast,
Pum
gabon gaba celebratu
desagun.
Kausino
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[23]
CAUSINO
1
Secreto andija da, ta
Maravillosua
Causinuen liburuan
Aguerturicua
Ez diamante, ez perla
Ez urregorriric
Alegrantzija baiño
Ez dago oberic.
2
Escolia ederra
Daucagu munduban
Señaczañac alegrija
Aurrari cantetan
- Ez diamante
3
Causiñoc esaten dau
Lelengo tomuban
Alegrija dala onena
Viciteco munduban.
- Ez diamante...
4
Munduco tristecia
Melanconiña da
Ta au gueisso moduan
Onan quenduco da
- Ez di
5
Gueure jaquiturija
Izan da, ta izango da
Ez iñori gachic eguin
Jaunaren bildurra.
- Ez diamante...
6
Artu alegrija
Tristecia ichi
Causinuen liburua
Beti presente euqui
- Ez diamante...
Marinela
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[24]
MARINELA
Estribillo
Ichasandiric, ichasandiric, izaten badot alturan, nago gueldiric
1
Orain nua cantatzen
Neure vicitzia
Marineru bat naiz, ta
Daquidan guztia
Caistic alturara
Ichas zabalian
Nola nabillan á remo
Chalupen ganian.
2
Gossian asten jataz
Iruric lauretara
Atetan diadarrez
Iru nescatilla
Jagui naitiala laster
Jaunen icenian
Bestian pronto dira
Chalupen ganian.
3
Banua gueldi gueldi
Porturican barran
Lanchaco erremuba
Arturic escuban
Errezatzen Jaunari
Viotz viotzetic
Emen ito dirian
Difuntubacgaitic
4
Barria pasaurican
Ichas zabalera
Emen abijetan naz
Arraiñac artzera
Neguban otzac illic
Oñac andituric
Udan barriz beruagaz
Guztiz quiscalduric.
5
Gosseco bostetati
Iruri lauretara
Chalupan dragolia
Escuban cordela
Champela beraunagaz
Ichas zabalian
Amu bat dacardela
Legatza aldian
6
Igarri ezquetio
Berandu dodala
Artu ditudan arrañac
Dacardaz portura
An abijetan jataz
Iru nescatilla
Lonjara eruaten
Ecarten dodana.
7
Lonjara eruan da
Lur ganera bota
Erremata eguin arte
Anche egoten da
Guizon bat deadarca
Ez dala ez caru
Amaica maravedi
Nai dabenac artu.
8
Erremata eguin da
Darue pisura
Arturic banan binan
Lurretic sestora
Pisuban iminiric
Sesto andi baten
Cembat quintal dirian
Dagoz asentatzen.
9
Bacochari beriac
Pisatu ezquero
An da mayordomua
Diruba artzeco
Asentadore biri
Lelengo itanduric
Ia cembat jatorcan
Contu guztijari.
10
Contubac eguin eta
Diruba bertan ichi
An dago mandazaña
Beguira arraiñari
Garbitu artian guztiz
Portuco iturrijan
Bestela ez da fijetan
Oraingo gentian.
11
Ta mayordomo Jaunau
Dirubac arturic
Dua bere echera
Contentuz beteric
Domecan juaten jacaz
Chalupen jaubiac
Derechoz dirubac artzen
Bacochac beriac.
12
Dirubac artu ezquero
Duaz bere echera
Euren compañiari
Partilla eguitera
Partilla eguin eta
Astelen gossian
Barriro juaten gara
Chalupen ganian.
13
Jayo nintzan munduban
Bai marineruba
Ichaso zabalian
Beti ibiltecua
Fraca luze bategaz
Chamarreta azula
Ebillac biribillac
Inglesen modura.
14
Ichaso zabalian
Ibillijagaitic
Askotan etorri naz
Arraiñic bagaric
Au da oficijua
Artu nebana nic
Erruqui ez nabenac
Ez dauca vijotzic.
Nekazarijenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[25]
NECAZARIJENAC
1
Urteillic abendura
Ifintera nua
Versuac necazalien
Alabacinora:
Alan merecitzen dabe
Edocein lecutan:
Eurac ez balitzatez
Cer dago munduan?
2
Euren biar principala
Lelengo illian
Escubariaz basora
Orbelen atzian
Guero baturic burdijan
Al dayen guztijac
Aida churi esanagaz
Daruez idijac.
3
Ceceilla bigarrena
Nabuac ecarteco
Solotican echera
Idijarentzaco
Loditu ditezan ondo
Emoten deutsez sarri
Erraldiac eguin dayan
Amazazpi ta erdi
4
Martija irugarrena
Laijetacua da
Nescatillac mancatzeco
Oficijo ona da.
Ezpaleuquiez bitartez
Egurrac inausi
Edo artua gobernau
Ecin leitez vici.
5
Aprilla laugarrena
Garijac jorratu
Lelengo escu bijacaz
Biarco dau sastu
Bestela araquetan
Eguitiagaitic
Utsa balijoco deutse
Artzeco gauza onic.
6
Mayatza bostgarrena
Artuac ereiten
Satsac campora atera
Lur moquillac austen
Eguzqui galda galdan
Icerdiz beteric
Vijotza biguntzen deust
Olan icusiric.
7
Baguilla seigarrena
Jorratu soluan
Artua achurragaz
Eguzqui beruan
Gorputza macurturic
Gossetic gabera
Ill ez gaizan gosiac
Dabiltzaz onela.
8
Garagarrilla zazpi
Garijac batzeco
Artua bigarrengoz
Guztiz jorratzeco
Garijac ebaguiric
Bacochac soluan
Metac ifintzen ditubez
Lau, bost, sei lecutan
9
Abustuba zortzigarrena
Nabo ereitia
Bitarte onetan barriz
Garijac jotia
Sei guizonec tipi tapa
Guelditu bagaric
Beste batec artziagaz
Ecin garbituric.
10
Irailla bederatzi
Frutac guztiz batu
Guero calera etorri
Jasarri ta saldu
Saldu ta guero echera
Ganillac batzera
Eta gaztañiari
Beguiratutera.
11
Urrija amargarrena
Baturic artuac
Guero abijetan dira
Ereiten linuac
Gaztañac jatzi artian
Arbola puntatic
Maquilla luce bategaz
Bat ichi bagaric.
12
Cemendija amaica
Garijac ereiten
Beste biarric soluan
Ez dabe eguiten
Gossian goss jaiquita
Biarra eguitia
Ezpadauca calian
Eznia saltzia.
13
Abenduba amabi
Artuac zuritzia
Mutil nescatillentzat
Ondo alegria
Endemas badagoz bertan
Braulio ta Pepe
Olguetan pasetaco
Biar eguin gabe.
14
Lelengotic acabura
Ondo pentsaturic
Nor da necazaliai
Urr emotecoric?
Bestela interes guztijac
Libreric campuan
Ondraubac diran partez
Edocein lecutan.
Relox de Dima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua.
1
Sin alabar la parte
Abijetan naiz ni
A componer seis versos
Erloju bateri.
No salgo por el relox
Ifintera nua
Sino que es la musica
Neure gustocua
2
Los reloxes pues todos
Ecustecua da
Solo porque es mui sutil
Genero guztira
Y esto digo de veras
Vijotz vijotzetic
Cada vez que le oigo
Nauco zoraturic.
3
Cuando le miro digo
Neure buruari
Jesus que el ver es gusto
Edocein lecutic
Diciendo de esta suerte
Ay ce penia dau
Bendita sea la mano
Ceñec eguin eban.
4
Solo quisiera saber
Neu naizan artian
La musica que tiene
Noc iminija dan
Para darle las gracias
Al banei bertatic
Porque tiene un estilo
Bestec ez langoric
5
Quien no oye sus secretos
Gusturic ez dauca
Y el que deja de verle
Lastima asco da
Pues que asi en el mundo
Gauza obagoric
Sin ofenderle á nadie
Musicaz beteric.
6
Ya no tengo que decir
Seigarren versuan
Estoi en que le acabo
Biar dan moduban
El que creer no lo quiera
Diñodan guztijan
Esta el relox en Dima
Jauregui barrijan.
Sagar ederra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[26]
MANZANA
1
Sagar azal ederra
Barruba ustelduric
Ceimbat dagoz munduban
Lastimaz galduric.
Guero batec jaten dau
Sospecha bagaric
Pentsauric ez daucala
Barruban damuric.
2
Mallaturic lurrian
Daguan sagarra
Arechec izango dau
Ventaric onena
Alan icusten ditu
Lecuric ascotan
Sagar onena dala
Arracaz barruan.
3
Ceimbat dagoz munduban
Dolorez beteric
Sagarrac gach eguinda
Iñoc jaquin baric?
Belarritic ocotzera
Guztija llagauric
Beste lecuric asco
Sufridu ecinic.
4
Sagarrari beguira
Ichiten ez bajaco
Ecarri leique gero
Conturican asco
Cergatican azala
Euqui arren gorrija
Barruba euqui leique
Ustelduric guztija.
5
Sagarra jan artian
Guztiz da gustoso
Baña guero izaten da
Gustuba veneno
Daucalaco sagarrac
Barruan berguicena
Jan artian guztija
Igarten ez jacona.
6
Sagarra janda guero
Egon ecin danian
Beragan esaten dau
Cer dot nic aldian?
Ez ardaua edateco
Ez oquela ez urdairic
Ezpada utsic saldia
Beragaz bacarric.
7
Guero esaten deutso
Biarren danari
Osatu eguin naizu
Jaungoiguagaitic.
Issilic iñoc jaquin baga
Cer pasetan jatan
Bestela caratula bat
Biarco dot arpeguijan.
8
Lelengo egunian
Sangrija besuan
Beste egunian purga
Gosseco bostetan
Laugarren egunian
Bañuban sarturic
Zortzi egun osuetan
Batbere jan bagaric
9
Iru egunic baten
Juango da echera
Azoguezco untura
Emongo dabena
Guztija coipaturic
Oñeric cocotera
Agoti imini artian
Adurra darijola.
10
Ceimbat icerdi triste
Bitarte onetan
Pasau biarco ete dau
Osatu artian
Atzca bere buruba
Ecin sufriduric
Esaten dabela berac
Ce sagar jan neban nic
11
Aurrera ezpadabil
Bildur andijagaz
Bere dempora guztija
Biarco dau llagacaz
Eztau aimbeste esan gura
Gorputz llagatubac
Bestela ecarri leique
Eriotzaco orduba
12
Contuz vici biar da
Emendic aurrera
Bestela sagar ederrac
Izan leique venta
Erraz egongo dira
Guztiz sinisturic
Eztago larrosaric
Arantza bagaric.
Txisperuen kantua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Antonio Uriartek 1860 hamarkadan bildutako, eta 1987an argitaratutako bildumatik hartutako testua. Doinua Eusko Ikaskuntzaren webgunean entzun daiteke.[27]
CHISPEROS
1
Amabi verso oneetan
Esan biar dogu
Erreguen armerubac
Nortzubec ditugun
Oneec ezpalitzatez
Beti biarrian
Cer egingo guenduque
Guerria danian?
2
Gobernadore Jaunen
Disposicinuan
Dagoz materijala
Fabrica guztijan
Baita onche biar eguinac
Bere escubidian
Erreguen almacenera
Eruan artian
3
Lelengo chisperubac
Ifinico ditut nic
Alan merecietan dabeela
Ondo pentsaduric
Fuelle osterarantzian
Sinistu eizube
Ezpadauco an chispa
Ez da ecerbere.
4
Guztiz gossetic oneec
Labia issioturic
Forjetan asten dira
Guelditu bagaric
Eurac forjetan dabe
Eurac limadore
Eurac asi, ta acabau
Tornillo ta muelle.
5
Astelen martitzenetan
Ondo umilderic
Erregue echera duaz
Piezac arturic
Esaminadu daizan
Ondo guztiz ondo
Ta badago faltaric
Contu beste beingo.
6
Forjadore, cañonistac
Lelengo caldia
Ausse da tin, tan, ton, tun
Batzeco chapia.
Guero acaburantza
Dagoz guztiz listo
Canoijaz eguiteco
Pa, ti, to, pa, ti, to.
7
Canoiac forjau, eta
Dago barrenatzen
Barrenadoria nequez
Sartu, ta ateratzen
Limatu, esamiñara
Ta andic pruebara
Ostera bigarrenagaz
Esaminatzera.
8
Ta esamiñadoriac
Cañoija arturic
Joten dau lurren contra
Badauco otz onic
Eta topetan badau
Inundic trampia
Zapalduba izango da
Escuco armia.
9
Esamiñau ezquero
Darue bertatic
Compañiaco echera
Almacenerubari
Guero bialtzen deutsa
Cañoe ta chispac
Carguerubac armatera
Ederqui fusilac.
10
Culatac, abrazaderac
Guardapaja, escudo
Sei pieza ateratzen
Fundidora dago
Aparejerubentzat
Limau daijen ondo
Baitabere baquetia
Cajerubentzaco.
11
Alan fusilla armauric
Dua esamiñetan
Baricu edo zapatuz
Arturic lepuan
Esaminau ezquetio
Daruez bertatic
Compañiaco echera
Contetuz beteric (sic)
12
Andic erregue echera
Betico moduban
Directore jaunaren
Disposicinuan.
Baijonetac, fusillac
Encajonaturic
Laster bialduric
Fabrica lecutic.
13
Aste erdijan duaz
Dirubaren billa
Jan biarco badabe
Nai dabeen guztija
Pagadoren echera
Ichuturic leguez
Guero sedaz jantziteco
Besteric ez leguez.
14
Entzun beide munduan
Gente cristau onac
Cer falta eguiten daben
Fabrican guizonac
Oneec ezpagueuncazque
Diñodan moduan
Ez litzate guretzaco
Gauza onic munduan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g Aldekoa-Otalora, Antton Mari. «Durangoko Plateruak» Karmel 291: 3–23..
- ↑ a b c d e Mbarrena. «Dantzari ahaztua: Maria Francisca Escolastica (Durango 1749)» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ a b c d e Trueba, Antonio. (1884). «Los plateros de Durango, con un recuerdo del rey Fernando VII y la reina Amalia» Euskal-Erria : revista bascongada. 11: 181–82..
- ↑ a b c d Uriarte, Jose Mari. (2016). «De la Fuente anaiak, zilargin maisuak» Astola. Ikerketa eta historia (Durango) 10: 156-157..
- ↑ a b dantzancom. «Durangoko zilarginen herri-antzezlari izpiritua berpizten» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ «Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia: itsaso bete istorio Faktoriako portuan» Aiaraldea Kooperatiba Elkartea 2022-02-25 (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ a b Gorosabel, Oier. «Txisperuen kantua» Eibar.org (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ a b c Uriarte, José Antonio de (O F. M. ). (L.G. 1987). Poesía bascongada : dialecto vizcaíno / José Antonio Uriarte ; Jon Kortazar, Miren Billelabeitiak prestatutako edizioa ; testuaren begiralea Joseba A. Lakarra. Bizkaiko Foru Aldundia = Diputación Foral de Bizkaia, ISBN 978-84-7752-000-9. (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ «literaturaren zubitegia - Aurkibide alfabetikoa» zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ Txantiloi:Basque Ercilla, Bartolomé 1863-1898. (1988). «Colección de cantos vizcaínos [Música impresa / Bartolomé de Ercilla ; con una introducción de José Antonio Arana Martija»] catalogo.sanchoelsabio.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-24).
- ↑ ansorena. «Hator, mutil, etxera» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ «Durangoko toponimia : Fitxak» www.durango-euskaraz.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ gaztezulo. «Gaur abiatuko du ibilbide berria Plateruena Kultur Aterpeak» Gaztezulo (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).
- ↑ «'Plateru' ikuskizunak goraino bete du antzokia, 14 urteak ospatzeko - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ Aldekoa-Otalora, Antton Mari. (D.L. 1984). Durangoko plateruak / Antton Mari Aldekoa-Otalora. Gerediaga Elkartea, (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cilla López, Raquel. (2016). La platería en Vizcaya del gótico al neoclasicismo. Universidad de Cantabria (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ Martín Vaquero, Rosa. (2006). Relaciones artísticas en el País Vasco : los plateros de la Fuente en Vitoria, Durango y Bergara / Rosa Martín Vaquero. Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, Comisión de Álava = Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Arabako Batzordea, ISBN 978-84-930399-8-1. (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
- ↑ a b AITA PALACIOS. .
- ↑ DUEÑA. CRIADA. SENSAÑAC. .
- ↑ GABONECO KANTAC. .
- ↑ GABONECO KANTAC. .
- ↑ GABONECO KANTAC. .
- ↑ VIVA ALEGRIJHA. .
- ↑ MARINERUEN BICITZA. .
- ↑ BASERRICO CEREGUIÑAC. .
- ↑ SAGAR EDERRA. .
- ↑ ARMERUEN CANTAC. .