Edukira joan

Chaac

Wikipedia, Entziklopedia askea
Chaac
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa

Chaac edo Chaak antzinako maia zibilizazioaren jainko garrantzitsua izan zen (maia kodexetan "B jainkoa"). Chaac euriarekin zegoen lotuta eta maia munduan horrek uztan eta nekazaritzan ezinbesteko garrantzia zuen. Baita tximista eta trumoia harekin lotzen ziren ere. Nekazaritzaren jainko babeslea ongintzakoa zen eta uzta ugariak izatea herriak berari eskatzen zion; dena dela, jainko maia guztiek bezala, bazuen bere alde iluna, berarengandik espero zena ematen ez zuenean: euria. Haren etsaiak txikizioa eta heriotza ziren.[1] Ertamerikan Tláloc hartu zuen. Zapoteka herriarentzat Pitao Cocijo bere parekoa zen.

Errepresentazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chaac jainkoaren errepresentazioa tronpa luze bat zen, beheruntz kurbatua; normalean gizon zahar bat bezala, anfibio edo narrasti antzekoa, eta aizkora eramanez errepresentatzen zaion; aizkorak trumoia edo tximista irudikatzen du. Haren azalaren kolorea urdina zen, urarena eta emankortasunarena. Haren irudia sugearen iruditik sortu da, sugea uraren eta bizitzaren energiaren ikurra baita. Kolonizazio aurreko maia kodexetan bera da gehien agertzen den jainkoa. Konkista ondorengo testuetan artasoroen jainkoa bezala aipatzen zaio.[2]

Jainko honen bizileku zeruan dago, bereziki eurian. Dena dela, lurrean ere bizi zezakeen. Esaterako gustukoa zuen Chichén Itzáko zenotea, harren erresumaren sarrera. Horregatik bertan giza-sakrifizioak eskaintzen zitzaizkion. Haren garrantzia handia zen bereziki kontutan hartzen badugu Yucatán penintsulan ibai handiak ez daudela eta ura biltzen diren toki garrantzitsuenak zenoteak direla, azpimunduaren sarrera.

Zenoteak Chaac jainkoaren bizilekuak ziren, inframunduan sartzeko sarrerak.

Antzinako maia hirietan ohikoa da bere errepresentazioa, bereziki Puuc estiloko eraikinetan. Haren irudiak, maskaroi handiaz bezala, adibidez, Uxmalen, Sayilen, Kabáhen edo Chichén Itzán ikus daitezke. Errepresentazio horietan tronpa antzeko sudur luze batekin ikusten zaio eta ahotik ateratzen zaizkion bi betortz borobilduekin. Batzutan lau puntu kardinaletan irudikatzen zaio lau jainko desberdinen moduan:

  • Chac Xib Chaac (Ekialdeko Chaac Gorria)
  • Sac Xib Chaac (Iparraldeko Chaac Zuria)
  • Ek Xib Chaac (Mendebaleko Chaac Beltza)
  • Kan Xib Chaac (Hegoaldeko Chaac Horia)

Gaur egun beraren aldeko kultua oraindik bizirik dago. Nekazariek, Ameriketako ohiko sinkretismoaren bidez, kristautasunarekin asimilatu dute eta San Tomasen irudiaz identifikatu dute.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Los dioses mayas, 44.or.
  2. Los dioses mayas, 45.or.
  • D.R.: Los dioses mayas, Mérida (Yucatán): Dante, 2004.
  • García Barrios, Ana, El aspecto bélico de Chaahk, el dios de la lluvia, en el Periodo Clásico maya. Revista Española de Antropología Americana 39-1 (2009): 7-29.
  • Robert Redfield, eta Alfonso Barrera Vasquez, Chan Kom.
  • Ralph L. Roys, The Book of Chilam Balam of Chumayel. 1967.
  • Eric S. Thompson, Maya History and Religion. 1970.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]