Carmelo Ortiz de Elgea
Carmelo Ortiz de Elgea | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Aretxabaleta, 1944ko abenduaren 20a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Almería, 2025eko urtarrilaren 11 (80 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Carmelo Ortiz de Elgea Jauregi (Aretxabaleta, 1944ko abenduaren 20a – Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 11a) gipuzkoar pintorea izan zen. Gasteizko Arte eta Ofizioen Eskolan egin zituen Marrazketa ikasketak, baita Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan ere. Bere aurreneko bakarkako erakusketa Gasteizko Aurrezki Kutxaren Kultura Aretoetan egin zuen, 1961ean, eta hurrengo urteetan ere han erakutsi zituen bere lanak.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasieran figurazioari lotu bazitzaion ere, nahiz eta kolorearen erabilera ezohikoak ukitu berritzailea eman bere lanari, berehala egin zuen abstrakziorako urratsa, 60ko hamarkadaren erdialdera. 1966an, Schommer, Joakim Fraile eta Juan Miegekin batera, Orain taldeko kide izan zen, eta urte hartan taldeak Donostian eta Gasteizen egin zituen aurkezpen-erakusketetan eta ezagutzera eman zuen Manifestuan parte hartu zuen.
Hurrengo hamarkadan, berriz, pop-arta, informalismoa eta abstrakzio gestuala landu zituen, berriro ere, abstrakzioa erabat baztertu gabe, figurazio aldera egiteko. 1985etik aurrera paisaia landu du gehienbat, izadia islatzen duten irudi figuratiboetan forma geometriko organikoak, erretratuak eta beste elementu batzuk tartekatuz. 1990 inguruko bere aldi "kubatarrean" nabarmen-nabarmena egin zen figurazioaren eta abstrakzioaren arteko uztardura.
Erakusketei dagokienez, eta azken urteetakoak aipatuz, bakarrekoa egin zuen 1984an Bilboko Arte Ederretako Museoan. 1986an Hostoa talde-erakusketaren barruan ikusi ahal izan ziren bere lanak Alemanian, Mallorcan, Italian eta Bilbon. 1989an Arte Vasco en el Museo de Alava erakusketan parte hartu zuen Gasteizen, eta 1990an bere lana San Telmo Museoak eratu zuen Santos Iñurrieta, Juan Mieg eta Ortiz de Elguea erakusketan ikusi ahal izan zen. 1994an, Pinturas 1992-1994 bakarkako erakusketa egin zuen Gasteizko Amarica erakustaretoan. 2007an, Caja Vital Kutxa Fundazioaren Aretoan bere ibilbideko lanen bilduma erakutsi zuen.
Azken urteetan aldaketa nabarmena izan du bere lanak, eta kutsu arkitektonikoko olio koloretsuak margotu zituen, XV-XVI. mendeetako Italiako hirietako giroa Gasteizko paisaia urbanoetara ekarriz.
2025eko hasieran hil zen, 80 urte zituelarik, atzean obra oparoa utzirik.[1]
Estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]«Natura da nire pinturaren motor nagusia». Carmelo Ortiz de Elgeak sarritan eraman zuen naturaren aldakortasuna bere margolanetara. Paisaiak marrazten hasi zen, eta, bere ibilbide luzean alde batera utzi bazituen ere tarteka, sarri itzuli izan zen paisaiak irudikatzera. «Naturan besteko aberastasunik ez dut beste inon ikusten, eta ezta han bezainbeste ideiarik eta aldaketarik ere. Natura oso bortitza da. Naturaren aurpegi latz, gordin eta ikaragarri hori interesatzen zait. Dramatismo hori. Oso sakon heltzen zait». Bere obra koloretsuengatik nabarmendu zen pintorea, euskal artistarik garrantzitsuenetako bat bilakatzeraino. 1970eko urteetan margolan koloretsu eta ia abstraktuak landu zituen, eta, abangoardiako hainbat estilo probatu ondotik, krisi sasoi batean sartu zen 1980ko hamarkadan. Haurtzaroko irudietan topatu zuen bolada horretatik ateratzeko bidea, eta paisaiak irudikatzeari heldu zion berriro. Tarte batez abandonatu zuen figurazioari ere orduan heldu zion atzera. Eta bere ibilbidea osatuz segitu zuen handik aurrera, margolan handiak sortuz sarritan. [2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.