Aretxabaleta
- Artikulu hau Gipuzkoako udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Aretxabaleta (argipena)».
Aretxabaleta | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Gipuzkoa, Euskal Herria | |||||||||||
Aretxabaletako aireko ikuspegia. | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Gipuzkoa | ||||||||||
Eskualdea | Debagoiena | ||||||||||
Izen ofiziala | Aretxabaleta | ||||||||||
Alkatea | Garikoitz Iturbe Etxebarria | ||||||||||
Posta kodea | 20550 | ||||||||||
INE kodea | 20013 | ||||||||||
Herritarra | aretxabaletar | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°02′10″N 2°30′16″W / 43.03611°N 2.50444°W | ||||||||||
Azalera | 28,97 km² | ||||||||||
Garaiera | 260 m | ||||||||||
Distantzia | 80 km Donostiara | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 7.155 (2023) 86 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 2,47 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | % 10,97 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 18,09 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 60,23 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 81,23 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 2,44 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 7,46 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 62,42 (2010) | ||||||||||
Etxeko erabilera[2] | % 50.81 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1630 (juliotar egutegia) | ||||||||||
Webgunea | https://www.aretxabaleta.eus |
Aretxabaleta Gipuzkoako hego-mendebaldeko udalerri bat da, Debagoiena eskualdekoa. 28.97 km² ditu, eta 6.987 biztanle zituen 2016. urtean.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herriaren izena dokumentatu zen lehen aldian Areyzchavaleta eran izan zen, XV. mendearen amaieran. XVI. mendeko dokumentu eta ondorengoetan, Arechaualeta edo Arachavaleta forma agertzen da, eta gaztelerazko izena V-rekin agertu izan da harrezkero[3].
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etimologia gardena du izenak, aretx/haritz gehi zabal gehi -eta leku-ugaritasunezko atzizkia. Baina zabal hori ez da ulertu behar haritz zabal baten zentzuan, izenlaguna balitz bezala, baizik eta izen gisa; zabaldia edo ordokia. Zentzu horretan, "Haritzak dauden ordekaren tokia" litzateke[3].
Ahoskera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atxabalta forma sinkopatua ohikoa da herrian, indarra bigarren silaban ezartzen da. Elkarte-izenetan ere azaltzen da[4]. Aretxabaletarrek beren buruari atxabaltarra esaten diote, berriz ere indarra bigarren silaban. Atxabáleta forma ere jasoa dago, baina ez da erabiltzen[3].
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalerriak 28,97 km²-ko azalera du eta buruz behera jarritako triangelu isoszele baten itxura du. Herrigunea goiko-ezkerreko erpinetik gertu kokatzen da eta gainerakoa ingurune menditsua da. Eremuaren erdialdea Urkuluko uharkak hartzen du.
Ingurune naturala eta klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrigunea Deba ibaiak zeharkatzen duen haran estuan dago, 248 metroko altueran[5]. Ingurua oso menditsua da. Mendi ezagunena Kurtzebarri da, 1133 metrokoa, herritik ikusten den gurutzeagatik. 500 metro hegoalderantz Elorretako Haitza dago (1140 metro)[6]. Hala ere, Aretxabaletako tokirik garaiena Elgeako mendilerroan dagoen Aumategigaña da, 1192 metroko garaierarekin[7]. Udalerriko beste mendi esanguratsuen artean, aipatzekoak dira Murugain, Andarto eta Urkuluko uharkaren gainean dagoen Iruaitz.
Gipuzkoan ohikoa denez, zuhaitzik ugarienak landatutako pinuak dira, geografia guztian daudenak. Zaraiako mendilerroaren magalean, Urkulu inguruan eta beste toki batzuetan pagadi zabalak ere baditugu.
Aretxabaletaren ekialdean Urkuluko urtegia dago. 1979an eraikia, Debagoieneko eta Gipuzkoako beste herri batzuk urez hornitzen ditu. Urtegitik behera doan Urkulu errekak Oñatiko Zubillaga auzora jotzen du, beherago, San Prudentzion, Deba ibaiarekin batzeko. Urtegiak sortu duen inguru naturala oso erabilia da aisialdirako Debagoienan, eta bertako urak bizileku bilakatu dira hainbat hegazti espezierentzat. Inguru horretan hainbat ibilbide egin daitezke ondare natural hori hobeto ezagutzeko. Aretxabaletatik Urkuluko uharkara igotzeko oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidea Bustintegi errekaren ertzetik doa[8].
Klimari dagokionez, epela eta hezea da. Urteko ur-jasa 1300 mm/m² ingurukoa da, eta batez besteko tenperaturak 5 °C urtarrilean eta 17 °C uztailean dira. Neguan elurteak ohikoak dira mendian, eta herrigunean ere urtean bizpairu aldiz egiten du.[9]
Udalerri mugakideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aretxabaletak mugakide ditu Arrasate iparraldean, Eskoriatza mendebaldean, Aramaio iparmendebaldean, Oñati ekialdean eta Barrundia (Araba) hegoaldean.
Auzoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun Aretxabaletako udalerria osatzen duten elizateak herrixkak ziren garai batean, 1630ean Aretxabaletako Udalerriaren sorrerarekin batera barneratu zirenak. Elizate hauek herriko erdigunea baino lehenagokoak dira. Urteekin, bertako biztanleria jaitsiz joan da, 1960ko hamarkadan auzoetan bizi ziren 969 bizilagunetik gaur egungo 319ra. Honako hauek dira Aretxabaleta udalerria osatzen duten auzoak (2019ko errolda[10]):
- Aozaratza: 24 baserri eta 42 biztanle.
- Apotzaga-Etxebarri: 10 baserri eta 20 biztanle.
- Arkarazo: 12 baserri eta 37 biztanle.
- Areantza: 16 baserri eta 27 biztanle.
- Galartza:17 baserri eta 46 biztanle.
- Goroeta: 19 baserri eta 37 biztanle.
- Isurieta: 10 baserri eta 17 biztanle.
- Larrino: 23 baserri eta 48 biztanle.
- Oro: 20 baserri eta 45 biztanle.
Herrigunean ere hainbat auzo kokatzen dira. Hegoaldetik iparraldera:
- Portasol (eta Loramendi)
- Belorrieta
- Txarapea (berriena)
- Erdigunea
- Lausitta
- Bedarreta
- Santutxu
Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Arkupe kultur etxea[11]
- Udal liburutegia[12]
- Loramendi Elkartea
- Herri komunikabideak:
- Aretxagazeta aldizkaria (1992-2002) eta Atxabalta Telebista (1999-2000)
- Goiena telebista eta aldizkaria (2001- )
- Kuartela Kultur Elkartea
Hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aretxabaleta Campusa (Mondragon Unibertsitatea)[13]
- Kurtzebarri Herri Eskola[14]
- Kurtzebarri BHI[15]
- Aretxabaleta GLHBI[16]
- Pausoka Haur Eskola[16]
- Basabeazpi ikastola[17]
- Leintz Udal Euskaltegia[18]
- KZ Gunea[16]
- Leizarra Musika Eskola[19]
- Lekaixoka bertso-eskola
- Algara Ludoteka[20]
- Gaztelekua[21]
Kirola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ibarra kiroldegia[22]
- Ibarra futbol zelaia[23]
- Iturrigorri pilotalekua[23]
- Murubide frontoia[23]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historiaurrea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aretxabaletan aurkitzen den populazio aztarna zaharrena Urtaoko tumulu neolitikoa da. Orkatzategiko Estazio Megalitikoaren parte da[24]. Brontze Aroan erabiliko ziren kobazulo ugari ere badira inguruko mendietan, Gazteluarro, Iruaxpe eta Ugastegikoak besteak beste[25].
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herriaren lehenengo aipamenak X. mendekoak dira, Aretxabaleta eta bertako elizateak Leintz ibarraren barnean zeudenean, Eskoriatza, Arrasate eta Leintz Gatzagarekin batera. 1260. urtean Arrasatek bailara utzi egin zuen, eta 1331n Leintz Gatzagak jarraitu zion. Ordutik aurrera, bailara 17 herrixkak osatzen zuten: Apotzaga, Aozaratza, Arkarazo, Aretxabaleta, Areantza, Bedoña, Bolibar, Eskoriatza, Galartza, Korueta, Gellao, Isurieta, Larriño, Marin, Mazmela, Mendiola eta Zarimutz. Elizate bakoitzak bere alkate eta kontzejua zeuzkan, eta guztiak parekoak ziren eskubidetan eta administrazioan. Bailara osoa ordezkatzen zuen Anaiarteko Alkatea ere bazegoen; kargu hori edozein aitonen-semek bete zezakeen.
Erdi Aroan bi familia boteretsu izan ziren Aretxabaletan, Galartza familia aurrena eta beranduago Otalora familia. Galartzatarrak Murugain inguruan kokatzen ziren eta dorretxea bertan altxatu zuten. 1560. urtean Sancho Galartzakoa hil ondoren familia Arrasatera aldatu zen. Otaloratarrak Urkulu inguruan kokatzen ziren eta han zuten hauek dorretxea[25].
1370. urtean Gaztelako Henrike II.a erregeak Leintz Beltran Velez Gebarakoa Oñatiko jaunaren esku utzi zuen. Leinztarren eta gebaratarren artean istilu ugari izan ziren hurrengo urteetan, ezagunena 1388-1401 artean (data zehatzik ez dago) gertatutako Urrexolagaraiko gudua izan zen[26]. Kondearen menpekotasunetik aldendu guran, 1497. urtean, garai hartako Leintz Gipuzkoako Probintzian sartu zen. Geroago, 1556. urtean, Gebaratarrengandik askatu egin zen eta "Valle Real de Leniz" izena hartu zuen[27]. Egoera horretan jarraitu zuten Leintzeko gune guztiek (egungo Aretxabaleta eta Eskoriatza herrietako udalerriak osatzen duten herriguneek eta elizateek) 1630. urtera arte, Eskoriatza eta Aretxabaleta herrien arteko liskarrek bailararen banaketa ekarri arte. Urte horretan Aretxabaletak "Valle Real de Aretxabaleta" izena hartu zuen. Kale nagusiaren erdialdean udaletxea eraiki zen[28], eta eraikinak bertan dirauen arren gaur egun udalaren egoitza Arratabe jauregia da.
Aro modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendearen erdialdera Madrildik Frantziara zihoan "Postarien Errege Bidea" eraiki zen eta Aretxabaleta zeharkatzen zuen. Honek bailara osoa biziberritu zuen eta uretsa (ur sufreduna) ematen zuten iturriak zeudela aprobetxatuz bainuetxeak eraiki ziren Aretxabaleta eta Eskoriatza artean. Ibarrakoak (1843an erakia) bainurako 16 gela zituen eta Madrildik nobleak etortzen ziren bertan egonaldiak egitera. Beirazko galeria batek lotzen zuen ostatu dotorearekin. 88 gela zituen ostatuak eta herritarren etxeak ere alokatzen zituzten "bañista madrildarrek". Portasol ezizena hartu zuen eremu hark, Madrilgo Puerta del Sol plazari erreferentzia eginez. Gaur egun ere eremu hartan dagoen auzoak Portasol izena du. Espainiar Estatuko bainuetxe garrantzitsuenetakoa bihurtu zen, honen adierazle 1888ko Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan zilarrezko domina eskuratu izana[29]. Otalorako bainuetxea 1867an zabaldu zen eta 60 gela zituen[30]. Ibarrako Bainuetxea 1936an itxi zen, Otalorakoa aldiz 1896an eta ondoren Arrasatetik etorritako monja agustindarren komentua ezarri zuten bertan[31].
XIX. mendearen amaiera aldera Anglo-Vasco-Navarro trenbidea eraiki zen.
XX mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendearen lehenengo erdialdean nekazaritza eta abeltzaintza izan ziren herriko jarduera ekonomiko nagusia. Arrasateko kooperatiba mugimenduaren anparoan 1950. eta 1960. hamarkadetan industriak indar handia hartu zuen. Honek elizateetako biztanleak herrigunera aldatzea ekarri zuen, bai eta Espainiako hainbat lurraldetatik etorritako inmigrazio handia ere. Hasieran sarrailagintza nagusitu zen (CVL, Ilargi, AZBE...) eta ondoren iritsi zen elektrotresnen industria, Copreci enpresari lotuta. Fundizioak ere badira, Beroa (jadanik ez dagoena) eta Ederlan (Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko mugan) dira adibide garbiak. 1984. urtean Aretxabaletako Industrialdea eratu zen Basabe poligonoan[32]. Euskal gatazkak ere kolpatu zuen Aretxabaleta eta 1986an guardia zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatuan bi guardi zibil hil ziren[33].
1979. urtean Urkuluko uharka eraiki zen. Ur biltegi garrantzitsua izateaz gain gaur egun aisialdirako gunea[34] eta hegaztientzako pausaleku garrantzitsua ere bada[35].
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalerriko ekonomi jarduera nagusia, abeltzaintzaren eta nekazaritzaren (barazkiak, fruitarbolak) gainetik, industria (metalen eraldakuntza, sarrailgintza, kimikoa eta manufaktura-industria) da. 2017an honela banatzen ziren jarduera ekonomikoak herrian: Lehen sektorea BEGaren %0,5; bigarren sektorea %59,6; hirugarren sektorea %37,1; eraikuntza %2,7.[36]
Bi industria gune daude Aretxabaletan, bata Basabe industrialdea, lehenengo eraiki zena, eta bestea Bainetxe industrigunea, XXI. mendekoa[37]. Aretxabaletako enpresa handiena Copreci da ("Cooperativa de precisión"). 1963. urtean sortu zen eta elektrotresnak egiten ditu[38].
Aretxarte merkatarien elkartea sortu zen 1991. urtean. Hainbat ekintza egiten ditu herriko komertzioak sustatzeko, ezagunenak gabonetako iragarkia eta ixadebalde azokak[39].
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2019an herriak 7.098 biztanle zituen. Horietatik %21,34k 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak %7,69 ziren.[36]
Aretxabaletako biztanleria |
---|
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bildu koalizioak gehiengoa eskuratu zuen, hamahiru zinegotzitik sei eskuratu baitzituen. Aralarrek hiru zinegotzi lortu zituen, Euzko Alderdi Jeltzaleak bi eta Euskadiko Alderdi Sozialistak bat. Hori horrela izanik, Ana Bolinaga Uribarren alkate izendatu zuten.
2015eko udal hauteskundeetan, berriz, aldaketa nabarmena izan zen. EAJ alderdiak sei zinegotzi lortu zituen, aurrekoetan baino lau gehiago. Bilduren eta Aralarren ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk bost zinegotzi lortu zituen, aurreko bi taldeak zituzten hamar zinegotzietatik erdia. PSE-EEk, bestalde, bere zinegotzia mantendu zuen, eta Irabazi taldeak bat lortu zuen. Emaitza horiekin, eta EAJ eta PSE-EE taldeek EAE mailan egin zuten akordioaren ondorioz, EAJko Unai Elkoro hautatu zuten alkate.
2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EAJk 1.826 boto; EH Bilduk 1.501 boto; PSE-EEk 216 boto; Podemos-IU-Equok 192 boto; PPk 32 boto.[40] Unai Elkoro (EAJ) izendatu zuten berriro alkate.[41]
2023ko udal hauteskundetan Euskal Herria Bildu nagusitu zen. 7 zinegotzi atera zituen eta Euzko Alderdi Jeltzaleak sei. Gainerako alderdiek ez zuten nahikoa bozkarik lortu udalean ordezkaritza izateko[42]. Garikoitz Iturbe Etxebarria izendatu zuten alkate[43].
Aretxabaletako udalbatza | |||||
Alderdia |
2019ko maiatzaren 26a |
2023ko maiatzaren 28a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euskal Herria Bildu (EH Bildu) | 6 / 13 |
7 / 13 |
|||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 7 / 13 |
6 / 13 |
|||
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE) | 0 / 13 |
0 / 13 |
|||
Elkarrekin Ahal Dugu | 0 / 13 |
0 / 13 |
|||
Alderdi Popularra (PP) | 0 / 13 |
0 / 13 |
Alkateak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek izan dira Aretxabaletako azken alkateak:
Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia[44] | |
Jesus Maria Herrasti Erlogorri[44] | 1979 | 1983 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Jesus Maria Herrasti Erlogorri | 1983 | 1987 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Pedro Mendieta Garmendia | 1987 | 1991 | Eusko Alkartasuna | |
Pedro Mendieta Garmendia | 1991 | 1995 | Eusko Alkartasuna | |
Juan Antonio Rodriguez | 1995 | 1999 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Angel Bergaretxe Agirregabiria | 1999 | 2003 | Euskal Herritarrok | |
Arritxu Oliden Bergara | 2003 | 2007 | Euzko Alderdi Jeltzalea-Eusko Alkartasuna | |
Inaxio Garro Iturrospe[45] | 2007 | 2011 | Aralar | |
Ana Bolinaga Uribarren[44] | 2011 | 2015 | Bildu | |
Unai Elkoro Oianguren[41][44] | 2015 | 2019 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Unai Elkoro Oianguren[41][44] | 2019 | 2023 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Garikoitz Iturbe Etxebarria | 2023 | Jardunean | Euskal Herria Bildu |
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aretxabaletak izan zuen aurreneko eliza Bedarretako San Migel izan zen, XIII. mendean eraiki zena eta gaur egun hilerria dena (eliza haren aztarna bakarra hilerriaren atari erromanikoa da)[46]. Murugainen magalean dauden Galartza eta Isurieta auzoetako elizak ere XIII mendekoak dira. Urkulu inguruan daudenak aldiz XIV eta XV mendeen artean eraiki ziren. Erdi Aroko baserri batzuk ere badiraute oraindik: Iraeban, Isurieta eta Murube.
Herriaren erdigunea osatzen duten eraikinak XV. mendetik aurrera altxatu ziren, Andre Mariaren Jasokundearen eliza, Otalora jauregia eta Arratabe jauregia, azken hau udaletxea da gaur egun.
- Herrigunean:
- Andre Mariaren Jasokundearen eliza: herriko parrokia edo eliza nagusia. XVI. mendean eraiki zen.[46]
- Aretxabaletako udaletxea (Arratabe jauregia). 1726an eraiki zen.[46]
- Otalora jauregia. 1764an eraiki zen.[46]
- Aretxabaletako udaletxe zaharra
- Aretxabaletako gurutze barrutia
- Bedarretako San Migel hilerria
- Inguruan:
- Galartza dorretxea: Galartza auzoan. XIV. mendekoa da.[46]
- Otalora dorretxea: Aozaratza auzoan.
- Iraeban baserria: Goroeta auzoan.
- Urkuluko uharka: Aozaratza auzoan.
- Orkatzategiko Estazio Megalitikoa
- Kurtzebarriko gurutzea
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aretxabaletako euskara[50] mendebaldeko hizkeraren[51] aldaera bat da, sortaldeko euskararen[52] parte den Debagoieneko euskara[53], hain zuzen. Deba eskualdeko hainbat herrik osatzen dute Debagoieneko hizkera: Gipuzkoako Aretxabaletak, Arrasatek, Eskoriatzak, Leintz Gatzagak eta Oñatik eta Arabako Aramaiok. Leintz haranak esparru berezia osatzen du Deba ibarrean, oso estua delako Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga herrien arteko batasuna. Aramaioko hizkera ere ez da asko urruntzen hauetatik, baina bai Oleta auzokoa, Oletako hizkera sartaldeko eta sortaldeko hizkeren arteko tarteko hizkeratzat hartzen baita. Oñatiko hizkera ere berezia da. Oñati ez zen Gipuzkoan sartu 1845 urtera arte eta bertako hizkerak oraindik ere nortasun berezia du. Oro har, Debagoieneko hizkerak Arabako euskararen eragina duela esan daiteke. Debagoienak Gasteizekin eduki du hartu-emanik estuena eta, dirudienez, hango ezaugarriak eta hango berrikuntzak iritsi dira bertara.
2016an biztanleen %66,64 euskalduna zen.[36]
Gastronomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aretxabaletako tomatea (edo Aretxabaletako mozkorra) Espainiar Estatuko tomate barietaterik onena izendatu zuten 2021ean Kantabrian egindako lehiaketa batean. Herrian bertan 2017. urtetik aurrera "Aretxabaletako Tomatearen Astea" antolatzen da irailean eta tomate erakusketa egin ondoren tomaterik itsusiena aukeratzen da[54].
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herriko kirol talde nagusia Aretxabaleta Kirol Elkartea da, UDA ezizenaz ezagunagoa. Futbol taldea Hirugarren Mailara igo zen 2015ean, baina garaipen handiena 1972an lortu zuen, Afizionatuen Espainiako futbol txapelketa hain zuzen ere[55]. Lehen mailan jokatu izan duten futbolariak ere izan dira Aretxabaletan, Bixente Etxeandia, Andoni Zubizarreta eta Jose Javier Barkero dira ezagunenak.
Mendizaletasunak ere jarraitzaile ugari ditu herrian eta bertako Felix eta Alberto Iñurrategi anaiak Himalaiako mendiak igotzen aritu ziren. Albertok zortzimilako guztiak igo zituen[56]. Bi mendizale elkarte ere badira herrian, Murrukixo eta Zaraia. 2022ko irailean Ikazkin Trail mendi asterketa antolatu da[57].
Historia luzea duen beste kirol bat txirrindularitza da, hala errepidekoa nola ziklo-krosa. 1931an hasita Leintz Bailarari Itzulia egin zen urtero (Gerra Zibilak 8 urtetako etenaldia eragin zuen) eta garaiko txirrindulari onenek hartu zuten parte[58]. Gaur egun ere jarraitzen du oraindik, abuztuaren 16an izaten da eta Euskal Bailarak kriteriumaren egutegian sartuta dago[59]. Gerra ostean Nazioarteko ziklo-kros lasterketa antolatu zen eta 1980ko hamarkadan Munduko Txapelketa antolatzear ere egon zen[60]. Trialsinak ere zaleak baditu herrian eta 2018. urtean Oztopo taldea sortu zen.
Azkenik, aipagarria da Joseba Larrinaga paraolinpiar atleta, Atlantako Paralinpiar Jokoetako maratoian zilarrezko domina irabazi zuena. Sydneyko Jokoetan laugarrena izan zen[61]. Aretxatxabaletako lehenengo izarra ordea Fernando Aguilar izan zen. "Aretxabaletako galgoa" esaten zioten eta 1959ko Espainiako gazte mailako krosa irabazi zuen. Donostiako Jaizkibel Kirol Elkarteak fitxatu zuen ondoren eta Tokioko Joko Olinpikoetan hartu zuen parte 5.000 m eta 10.000m probatan[62].
Jaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jai patronalak Andramaixak dira eta abuztuaren 14, 15, 16 eta 17an ospatzen dira. Kontzertuak, herri bazkariak, kirol txapelketak (txirrindularitza, pilota...) eta jaietako ohiko ekitaldiak izaten dira. Urtean zehar beste jaiegun batzuk ere izaten dira.
- Urtarrilaren 19an Kanuto Deunaren Jaia. Hainbat urtetan ospatu bazen ere gaur egun jadanik ez da ospatzen
- Aratusteak (Inauteriak):
- Aurreko asteburuan Txapel Txin Eguna ospatzen da, inauteriak badatozela adierazteko[63].
- Inauteri igandea izaten da egun handia. Kuadrilek eraikitako karrozen desfilea egiten da eta desfile horrekin Txino dantzak egiten du bat[64].
- Astearte gauean Txin-en hileta irudikatzen da[65].
- Maiatzaren hirugarren asteburuan:
- Euskara Eguna (herrian)
- Otala Zelai Eguna (Otala Zelai eremuan).
- Irailaren erdialdera Aretxabaletako tomatearen astea antolatzen da[66].
- Irailaren 29aren aurreko larunbatean San Migelak.
- Eguberriak: hiru desfile egiten dira:
- Abenduaren 24an: Olentzero eta Mari Domingi
- Abenduaren 31n: Bizar Zuri (Errege Magoen postaria)
- Urtarrilaren 5ean: Errege Magoen kabalgata
- Auzoetako jaiak:
- Otsailaren 3a, Apotzaga-Etxebarrin San Blas eguna.
- Ekainaren 24a, Aozaratzan San Juan jaiak.
- Ekainaren 29a, Isurietan San Pedro.
- Uztailaren 10a, Larriñon San Kristobal.
- Uztailaren hirugarren asteburua, Portasolgo jaiak.
- Uztailaren 25a, Goroetan Santixau jaiak.
- Irailaren 8a, Areantzan Agorreko andramaixak.
- Azaroaren 12a, Arkarazon San Millan jaiak.
- Abenduaren 13a, Galartzan Santa Luzia jaiak.
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aretxabaletan musikak garrantzia handia izan du. XX. mendearen hasieran Cristobal Altube opera tenore arrakastatsua izan zen eta munduko antzoki onenetan abestu zuen. 1979an Aretxabaleta abesbatza eratu zen eta hainbat sari jaso izan ditu gregoriano estiloan. Horretaz gain Vatikanoko San Petri basilikan abestu duen lehen euskal abesbatza izan zen 1986an. Herriko Akordeoi Orkestrak ere sona badu.
Musika taldeak ere izan dira eta badira herrian. 1980. hamarkadan Akulu taldea osatu zen. Azken urteotan musika estilo anitzak jorratzen dituzten taldeak agertu dira; Neallta Fola, Screamers and Sinners, Krisis, Nhil, Wood Strings, Txerrikumeak eta Kaparrak, besteak beste. Bixentak taldeak herriko jaiegunetan abesti ezagunen bertsioak egiten ditu.
Eñaut Zubizarreta "Trigger" biolontxelo jotzaileak dagoeneko bakarkako hiru disko argitaratu ditu. Igor San Juan bakarlariak 2016an disko bat atera zuen eta Mikel Zamorak 2022an.
Aipatu behar da Aretxabaletako kuartela ere, bertan baitituzte entsegu lokalak herriko sortzaileek. Kuartela Kultur Elkartea ere sortu zuten 2019an[67].
Aretxabaletar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
|
Herri senidetuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990. urtean Austriako Maria Wörth herriarekin harremanak egin zituen Aretxabaletak[68]. Herriko udal gobernuak aurreragoko urrats bat egin asmoz senidetzeko proposamena aurkeztu zuen baina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez zuten oniritzirik eman[69]. Herri bien arteko harremanak hainbat urtetan luzatu ziren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ a b c Salaberri Zaratiegi, Patxi. (2020). Gipuzkoako herrien izenak : lekukotasunak eta etimologia. ISBN 978-84-120766-2-2. PMC 1249543660. (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ «Atxabaltako M8 Plataformaren asanblada - Aretxabaleta - 2019-02-05» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Aretxabaleta - Udalweb» udalweb.gipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-24).
- ↑ «Kurutzebarri (1112 m) - Mendiak.eus» mendiak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Urrutia, Javier. «Mendikat → Aumategi (1192 m)» www.mendikat.net (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Embalse de Urkulu, naturaleza pura y deportes al aire libre» Barceló Experiences (Noiz kontsultatua: 2021-08-27).
- ↑ «Topogida — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-19).
- ↑ «Auzoak — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
- ↑ «Arkupe» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Udal liburutegia — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Komunikazioa - Aretxabaleta» Mondragon Unibertsitatea (Noiz kontsultatua: 2021-11-15).
- ↑ «GOIESKOLA - KURTZEBARRI LH» www.kurtzebarrilhi.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Hasiera» www.kurtzebarribhi.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ a b c «Herriko elkarteak, ikastetxeak eta telefono interesgarriak — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Arizmendi Ikastola - Hezkuntza kooperatiba euskalduna» Arizmendi ikastola (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Euskaltegia — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Herriko elkarteak, ikastetxeak eta telefono interesgarriak — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Algara ludoteka — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Atxagazte gaztelekua — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ Ibarra Kiroldegia Aretxabaleta – Aretxabaleta. (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ a b c «Kirola — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Orkatzategiko Estazio Megalitikoa. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
- ↑ a b «Udalean arkeologia euskal ondarea. Aretxabaleta. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria.» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
- ↑ «Historia — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ Jose Letona Arrieta, Juan Leibar Guridi. (1975). Valle de Léniz (Segunda Parte) - Arechavaleta y Escoriaza. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, 47-51 or. ISBN 84-500-6823-1..
- ↑ «Aretxabaleta: Udaletxe Zaharra - Guía de Ocio de Gipuzkoa - Gipuzkoako Aisialdi Gida» www.kulturweb.com (Noiz kontsultatua: 2021-08-27).
- ↑ ANTXIA LETURIA, Aitor. «Aretxabaletako Bainuetxeak: Ibarrako Bainuak edota Bainu Zaharrak» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ «Uretsen bidea» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El convento de Aretxabaleta cierra tras 111 años» El Diario Vasco 2015-10-24 (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ «Historia — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Intxausti, Aurora. (1986-07-26). «Dos guardias civiles mueren en un atentado en Aretxabaleta» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
- ↑ «Aretxabaleta» www.turismoa.euskadi.eus.
- ↑ Ugalde, Amaia. (2010-07-11). «Urkulu, naturari egokitutako urtegia» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
- ↑ a b c «Web Eustat. Aretxabaletako datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Juntas Generales de Gipuzkoa - La política industrial. Las industrialdeas y los Parques Tecnológicos» w390w.gipuzkoa.net (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
- ↑ «Copreci - Diseño y fabricación de componentes para electrodomésticos» www.copreci.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
- ↑ «ARETXABALETA - Aretxarte | Debagoieneko Mankomunitatea» www.debagoiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-15).
- ↑ https://www.euskadi.eus/ab12aAREWar/resultado/maint
- ↑ a b c «Alderdi bik osatuko duten udalbatzaren gidaritza Unai Elkorok hartuko du bihar - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Udal hauteskundeak 2023 - Aretxabaleta - Goiena.eus» goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
- ↑ «"Hunkituta, eskertuta eta lanerako gogotsu" hartu du aginte-makila Gari Iturbek - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-18).
- ↑ «Inaxio Garro gehiengo absolutuz alkate - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ a b c d e «Ondare historikoa — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
- ↑ «Zuazabeitia Herrasti, Miren - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
- ↑ «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
- ↑ «Euskararen erabilera eskolan eta doktrinan - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
- ↑ «Aretxabaleta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-30).
- ↑ «Mendebalekoa - Bizkaiera - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-30).
- ↑ «Sortaldekoa (M) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-30).
- ↑ «Debagoienekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-30).
- ↑ Mondraberri. Irailaren 6tik 12ra izango da Aretxabaletako tomatearen V. astea | Mondraberri Arrasateko Ataria. (Noiz kontsultatua: 2021-09-11).
- ↑ «Lagunartean, Espainiako Txapelketa irabazi izana gogoan - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ «Alberto Iñurrategi» Lorpen.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ «Aitor Zunzunegi legorretarra eta Ainara Urrutia aretxabaletarra, Ikazkin Trailen onenak - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
- ↑ «Vuelta al Valle de Leniz (Esp) - Ex.» www.memoire-du-cyclisme.eu (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ «Callum Johnston izan da azkarrena Leintz Bailarako Itzulian - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «"La Vuelta al Valle de Leniz, que este año cumple su 75º aniversario, es una de las más antiguas de Gipuzkoa"» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ «JUEGOS PARALÍMPICOS - PARALIMPISMO - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ «AGUILAR CAMACHO, Fernando - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ «Txapel Txin Eguna - Aretxabaleta - 2020-02-15» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
- ↑ «Txino Dantza (Aratusteetan) — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
- ↑ «'Txin'-en hiletarekin esan diete agur Aratusteei - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
- ↑ «ARETXABALETAKO TOMATEAREN ASTEA 2021» Turismo Debagoiena 2021-06-11 (Noiz kontsultatua: 2023-08-01).
- ↑ «Kultura propiorik gabeko herri bat? -» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
- ↑ «Sister cities of Maria Wörth — sistercity.info» en.sistercity.info (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
- ↑ «Pedro Mendieta: "Oraingoa baino krisi latzagoa bizi izan genuen eta enplegua sortzea zen alkatearen ardura handiena" - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |
Aretxabaletako auzoak | ||
---|---|---|
Aozaratza • Arkarazo • Areantza • Apotzaga-Etxebarri • Galartza • Goroeta • Isurieta • Larrino • Oro |