Brendan Hughes
Brendan Hughes | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Belfast, 1948ko urriaren 16a |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Heriotza | Belfast, 2008ko otsailaren 16a (59 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | marinela eta militarra |
Kidetza | Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikazalea |
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikazalea |
Gradua | Officer Commanding (en) |
Parte hartutako gatazkak | Ipar Irlandako gatazka |
Brendan Hughes, ezizenez The Dark, "Iluna" (1948ko urriaren 16a, Belfast – 2008ko otsailaren 16a, Belfast) irlandar errepublikar buruzagia eta Behin-Behineko IRAren Belfasteko Brigadako kidea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1969an Behin-Behineko IRAren kide egin zen.
Espetxean preso zela garaiera txiki baina izaera edo jenio biziko buruzagia eta gogoeta intelektualetarako baino berehalako ekintzarako joera izatearen ospea bereganatu zuen, aldiz, Gerry Adams bezalako buruzagiak izaera patxadatxu, kalkulatzaile eta intelektualagoak ziren bitartean. Garai honetan The Dark ("Iluna") ezizena ere jaso zuen, bere ile ilun, bekain eta bibote beltz handi, eta irlandarren artean oso ohikoa ez den azal beltzarana zirela eta. 1976ko Burusien Protesta eta 1978ko Protesta Zikinean parte hartu zuen.
1980ko Irlandako gose greban, eta kanpoko IRAko Agintaritzaren aginduen aurka, berak, Tom McFeely, John Nixon, Sean McKenna, Tommy McKearney eta Raymond McCartney errepublikar presoek astero eta banan-banan heuren buruak elikatzeari uko egin eta gose-greba bati ekin zioten.
Gose grebaren bigarren hilabetean Margaret Thatcher buru zuen Britainiar Gobernuak jendaurrean Irlandar Errepublikar Mugimenduarekin presoei buruzko edozein motatako negoziaziorik bazegoenik ukatu arren, Hughesi nolabaiteko adostasun batetara iritsi zitekenaren mezua eraman zion bitartekari bat bidali zion.
Aurrez, Hughesek bere lagunmina zen Sean McKennari gose grebaren ondorioz koma egoerara iritsiz gero medikuei deituko ziela hitzeman zion. Honela, McKenna jada konorterik gabe eta egoera begetalean sartzean Hughes dilema edo kinka larri baten aurrean topatu zen: antolatzaile nagusi gisa gose grebarekin azkeneraino jarraitu edota bere adiskideminari emandako hitza bete. Azkenean, Hughesek fede onez lagunari emandako hitza bete, medikuei deitu eta koma egoeratik atera zutenean gose greba amaitutzat jo zen.
Dena den, une horretan espetxera Britainiar Gobernuaren bitartekaria iritsi eta aurrez egon ziteken adostasun oro ezeztatu eta preso errepublikarrei estatus politikoa ukatu eta kriminal arrunt gisa jotzen zituen agiria eraman zuen. Honenbestez, eragin praktikoei dagokienez gose greba hura sekulako porrota izan zen, baina ondorengo gose greban Britainiar Gobernua eta bere espetxe sistemari aurre egiteko errepublikar presoei eskarmentua bereganatzeko aukera paregabea ere izan zen.
1980ko Irlandako gose grebaren antolatzaile nagusia eta lehenbiziko gose grebalaria Bobby Sands izan zen, aldiz, Brendan Hughesek aurrez egindako gose greban izandako esperientzia txarraren ondorioz gose greba berri hau egitearen aurka azaldu zen.
1990ean Euskal Herrian egon zen, hain zuzen ere, Bilbon Batasuna alderdiaren euskal preos politikoen amnistiaren aldeko manifestazio batean ere parte hartu zuen.
XXI. mendearen hasieran Sinn Féin alderdiko buruzagitzak hartutako joerarekin kritiko agertzen hasi zen, bere ustez Ostiral Santuko Hitzarmenan adostutako erabaki askok irlandar errepublikar presoen egoera kaxkartu eta irlandar errepublikanismoaren helburu historikoak zapuzten baizituzten.
2008ko otsailaren 16ean Belfast hirian zendu zen[1]