Bingling Tenplua
Bingling Tenplua | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | tenplu budista, arkeologia-aztarnategi, daibutsu (en) eta labar-erliebe |
Azalera | 132,62 ha |
Geografia | |
Koordenatuak | 35°48′38″N 103°02′54″E / 35.8106°N 103.0483°E |
Honen parte da | Silk Roads: the Routes Network of Chang'an-Tianshan Corridor (en) |
Estatu burujabe | Txinako Herri Errepublika |
Txinako probintzia | Gansu |
Prefektura autonomo | Linxia Hui Prefektura autonomoa |
Konderri | Yongjing County |
Bingling Tenplua (txinera tradizionalez: 炳靈寺; pinyinez: Bǐnglíng Sì) Txinako Gansu probintzian dauden leize ezagunak dira.
Lanzhou hiritik 100 kilometro hego-ekialdera daude, Ibai Horiak eraturiko arroilaren ertzean[1].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreneko leizea 420 urtean eraiki zen[2], Mendebaldeko Qin erresumaren amaieran. Lanek mila urtetan zehar jarraitu zuten Wei, Sui, Tang, Song, Yan, Ming eta Qing dinastietan zehar. Zetaren Bidean zihoazen monje budistek egin zituzten eskulturak[1]. Garai bakoitzean dinastiari zegokion estiloan egin ziren eskultrak.
Mendeetan zehar izan diren lurrikarek eta higadurak leizeak eta eskulturak kaltetu egin dituzte.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]183 leize daude eta hauetan harrizko 694 eskultura eta buztinezko beste 82 gelditzen dira oraindik[2]. Ibaiaren mendebaldeko ertzeko 60 metrotako altuera duen horman eraiki dira leize eta eskulturak eta 200 metrotako luzera hartzen dute[2]. Arroilaren hasieran dauden leizeetan erliebe eskulturak eta irudi budisten freskoak aurkitzen dira.
Leizerik esanguratsuenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Honako hauek dira leize aipagarrienak[2]:
- 169. leizea: Maitreya Budaren estatua erraldoia dago, 27 metrotako altuera duena. Tang dinastiaren garaian eraiki zen.
- 126. leizea: 3 metrotako altuera eta 2'9 metrotako sakonera duen leizea da. Bertan 112 eskultura aurkitzen dira, beste inon baino gehiago. Inskripzio batek 513 urtean eraiki zela adierazten du.
- 6. leizea: Bi Buda daude aurrez aurre, baina aipagarrienak margolanak dira. Bertan altxorraren zuhaitza, mila budak eta Tximu erregearen istorioa irudikaturik dago.
- 3. leizea: Pagoda baten itxuran erikitako leizea da.
Nola iritsi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bingling tenpluko eskultura eta margolanek mundu guztiko turista ugari erakartzen dituzte baina tokia nahiko ezkutatua dago eta urez baino ezin da iritsi bertara. Liujiaxia urtegiaren ertzean hainbat moila daude eta bertatik txalupak ateratzen dira uda sasoian. Gainerako urtaretan ez dago tenplua bisitatzerik, ez baitago errepiderik inguruan.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Buda erraldoia.
-
Eskulturak.
-
Margolanak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «Bingling Thousand Buddha Caves in Lanzhou of Gansu» China Highlights (Noiz kontsultatua: 2019-06-24).
- ↑ a b c d «Bingling Temple Caves, Lanzhou Bingling Temple» www.visitourchina.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-24).