Bacillus
Bacillus | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Bacillati |
Filuma | Bacillota |
Klasea | Bacilli |
Ordena | Caryophanales |
Familia | Bacillaceae |
Generoa | Bacillus |
Datu orokorrak | |
Gram tindaketa | Grampositibo |
Bacillus generoa bakterio Gram positiboz osatuta dago, bazilo handiak direnak. Bakterio handienetarikoen artean daude, batzuek 4 mikrako luzera erraz gainditzen baitute. Aerobio ala fakultatiboak izan daitezke.
Bacillus generoaren berezko ezaugarria endosporak sortzeko duen gaitasuna da. Bakterio gutxik dute endosporak eratzeko ahalmena: Bacillus-ez gain, Clostridium, Sporosarcina eta Desolfotomaculum generoek, besterik ez. Endosporak erresistentzia egiturak dira, bakterioak bizirik irauteko sortzen dituenak ingurunearen baldintzak aurkakoak eta kaltegarriak direnean.
Genero honen barnean aniztasun metaboliko eta ekologiko handia dago: espezie gehienak lurrean bizi badira ere, badaude ur gazitan zein gezatan aurkitzen direnak.
Industria farmazeutikoan bi espezie dira preziatuak: Bacillus polymyxa eta Bacillus subtilis, polimixina eta bazitrazina antibiotikoak, hurrenez hurren, ekoizten dituztenak.
Nabarmentzeko modukoak dira espezie hauek ere:
- Bacillus anthracis, karbunkoaren eragilea
- Bacillus cereus, janari-intoxikazioak eragiten dituena
- Bacillus thuringiensis, insektuen patogenoa
- Bacillus megaterium, bakterio handienetariko bat
- Bacillus coagulans, janari eta kontserben hondatzailea
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bacillus |