Austriar Inperioa
Austriar Inperioa Kaiserthum Österreich | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1804 – 1867 | |||||||||
Monarkia absolutua | |||||||||
| |||||||||
Inperioaren mapa | |||||||||
Geografia | |||||||||
Hiriburua | Viena | ||||||||
Kultura | |||||||||
Hizkuntza(k) | alemana, hungariera, errumaniera, txekiera, etab. | ||||||||
Erlijioa | Katoliko Erromatarra | ||||||||
Historia | |||||||||
Inperioaren aldarrikapena | 1804ko abuztuaren 11 | ||||||||
Austria-Hungariako Eginbidea | 1867ko martxoaren 30a | ||||||||
|
Austriar Inperioa (alemanez: Kaiserthum Oesterreich) Erdialdeko Europako herrialde nazioaniztun boteretsua izan zen, 1804an eratua, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren amaieraren ostean, eta Habsburgo leinuak mendean zeuzkan lurraldeak hartzen zituena. Europako bigarren erresumarik zabalena izan zen (698.700 kilometro koadroko eremua), Errusiako Inperioaren atzean, eta hirugarren jendeztatuena, Errusia eta Frantziaren ondotik. 1867an Hungariako Erresumaren titulua gehitu eta Austria-Hungariako Inperio bihurtu zen, Lehen Mundu Gerraren ondoren hainbat estatu berritan banandu arte iraun zuena.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1804an, Germaniako Erromatar Inperio Santua gainbehera zetorrela ikusirik, eta Napoleon Bonapartek bere burua Frantziako enperadore izendatu zuenean, Frantzisko II.ak inperio berria sortu zuen, Austriako Inperioa, eta Frantzisko I.a Austriakoa titulua hartu zuen. Napoleondar Gerretan, 1805ean, Frantziak Hirugarren Koalizioko aliatuen aurka (tartean, enperadore habsburgotarra) Austerlitzeko guduan egundoko garaipena lortutakoan, Napoleonek alemaniar lurraldeak antolatzeari ekin zion, estatu berriak sortuz. Horren aurrean, eta bere ondorengoa Napoleon izango zen beldurrez, Germaniako Erromatar Inperio Santua desegin zuen Frantzisko I.ak.
Vienako Batzarrean (1815), Napoleonen porrotaren ondoren, Klemens Wenzel von Metternich austriar kantzelariak —aurretik Frantzian enbaxadore izan zen— egoera hura zuzentzeko ahaleginak egin zituen; Austriari indar gehiago eman zion eta Frantzisko II.a enperadorearen eta Metternich ministroaren beraren mendeko gobernu sistema bat eratu zuen. Austriar Inperioa herri, hizkuntza eta etnia asko biltzen zituen lurralde bat zen Austria, Habsburgo etxearen antzinako lurraldeak, Bohemiako koroarenak eta Hungariakoarenak hartzen baitzituen bere baitan. Horrez gainera, Italiako jabegoak (Lonbardia eta Veneto), Dalmaziakoak eta Istriakoak, eta Otomandar Inperioarekin zituen muga lurretakoak (Kroazia, Bosnia eta Serbiako parte bat) ere hartzen zituen, eta baita Polonian konkistatutakoak (Galitzia) ere.
Metternichek bi printzipio baliatu zituen lurralde puzzle hura gobernatzeko. Batetik, germaniarren nagusitasuna bermatu zuen, herri, hizkuntza eta etnia guztien gainetik, hau da Vienaren kontrol zorrotza ezarri zuen. Bestetik, alde batera utzi zituen printzipio konstituzional guztiak. Inperioko herri guztien gainetik germaniarrak nagusi izateak administrazio, gudaroste, polizia, justizia eta irakaskuntza alemanez eta funtzionario austriarrek egiten zutela esan nahi zuen. Horrek ondoeza sortu zuen inperioko gainerako herrietan eta ondoeza horrek 1830 eta 1848an iritsi zuen gorena, Hungarian eta Bohemian batez ere. Bigarren printzipioak, konstituziorik ezak, ministroek kontrolaturiko administrazio ahaltsu batean baizik oinarritzen ez zen sistema bat eta gobernuaren mendeko funtzionario kasta bat (Beamtestand) eratzeko aukera eman zuen.
Esan bezala, inperioko hainbat herritan mugimendu abertzaleak sortu ziren 1830-1840 ondoko urteetan, bereziki Hungarian eta eslabiar herrietan (Txekia, Polonia, Kroazia). 1848ko iraultzak gogor zapaldu zituen austriar gudarosteak: Viena eta Bohemia menderatu ondoren, Hungariaren aurka jo zuten. Iraultza azpiratu eta gero, Frantzisko Josef enperadore berriak errejimen neoabsolutista ezarri zuen berriro hiru euskarriren gainean: aristokraziaren aginpidea, gudarostea eta polizia sistema.
Sadowako porrotaren ondorioz (1866), Austriak Bismarcken Prusiaren aurkako gerla galdu zuenean, Venezia Italiari eman behar izan zion baina, halaber, inperioa berritu zen, Hungarian beste matxinada bat galarazteko: 1867ko Eginbidearen bidez, autonomia zabala eman zitzaion Hungariako Erresumari, baina Hungariak inperioaren gainerako herriak menderatzen laguntzearen trukean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/12/31 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.