Antzara hankagorrizta
Antzara hankagorrizta | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Anseriformes |
Familia | Anatidae |
Leinua | Anserini |
Generoa | Anser |
Espeziea | Anser anser Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 160 g arra: 3,692 kg emea: 3,237 kg |
Zabalera | 1,55 m |
Kumaldiaren tamaina | 4,9 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Arrautza | |
Antzara hankagorrizta (Anser anser) Anatidae familiaren ahate domestiko eta ez-domestikoa da, Anser generoan arruntena dena[1].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]75-90 cm garai da eta Europako antzara handiena da, antzara hankahori urria baino apur bat handixeagoa ez bada ere. Azken horrengandik bereizten duena itxura orokor argiagoa eta sendoagoa da. Bi sexuen lumajea gris nabarra da, bizkarrean ilunagoa eta uzki aldea erabat zuria. Txatal gris nabariak ditu hegoen gainaldean. Mendebaldeko Europan gehien den subespezieak laranja-koloreko moko eta hankak ditu. Oso zaratatsua da eta migrazioko taldeak, askotan “V” forma eratuz doazenak, maiz entzumenaz detektatzen dira ikusmenaz baino lehenago. Eurasian oso zabaldutako espeziea da. 7 urteko bizi-iraupeneko animalia da. Bi subespezie daude, argi eta garbi urritzen ari den ekialdekoa, eta askoz ere ugariagoa den mendebaldekoa. Hainbat tamainatako ur-masen inguruan habia egiten du, eta ez dio axolarik ura geza, gazia edo gazikara izan, baina betiere oso zona irekia izan behar du. Batez ere landareak (bai ur azpikoak eta bai lehorreko gramineoak) jaten ditu, baina ornogabe txikiak ez ditu bazter uzten.
Presentzia Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urdaibain ugaria da eztei ondoko migrazioan eta batzuetan negua igarotzeko talde txikia (bi dozena baino gehiago ez) geratzen da. Anbeko polderrean ibiltzen dira, baina askotan, gizakiek eragindako eragozpenak direla eta, San Kristobalera edo Kanalera joaten dira. Belarrez elikatzen da gehien bat eta zuloak egiten ditu lurrean sustrai bila.
Lehen saldoak urrian azaltzen dira, baina migrazioko goi-maila azaroan izaten da. Negua igarotzen duten aleak abenduan iristen dira eta otsaila edo martxoa arte egoten dira; sasoi horretan eztei aurreko migrazioa ozta-ozta nabaritzen da.
Gasteiztik gertu dagoen Mendixur parke ornitologikoan ere ohiko bisitariak dira neguan, kopuru aldakorretan baina urtez urte azaltzen dira (Europako iparraldean eta erdialdean egiten duen klimaren arabera).[2]
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezieak hiru azpiespezie ditu:
- Anser anser anser Mendebaldeko antzara hankagorrizta (Linnaeus, 1758)
- Anser anser rubrirostris Ekialdeko antzara hankagorrizta
- Anser anser domesticus Etxekotutako antzara (Linnaeus, 1758)
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Lorenz, Konrad Z.; Martys, Michael; Tipler, Angelika. (1991). Here Am I—Where Are You? The Behavior of the Greylag Goose. Orlando: Harcourt Brace Jovanovich ISBN 0-15-140046-3..
- ↑ Mendixur: negua igarotzeko toki erosoa | GALEMYS S.L. | Actividades Medioambientales | Ingurumen Ekintzak. (Noiz kontsultatua: 2019-08-17).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Antzara hankagorrizta. Mendixurreko argazkiak. ebird.org