Edukira joan

A hepatitis

Wikipedia, Entziklopedia askea
A hepatitis
Deskribapena
Motagaixotasun biriko kutsakorra, hepatitis birikoa, waterborne disease (en) Itzuli
eritasuna
Espezialitateainfektologia
Arrazoia(k)Hepatitis A virus
Sintoma(k)hepatitisa, goragalea, oka, sukarra, Ondoeza, Ikterizia
anorexia
Patogenoaren transmisioafecal–oral route (en) Itzuli
Azterketa medikoaELISA
Polimerasaren kate-erreakzioa
Identifikatzaileak
GNS-10-MKB15
GNS-9-MK070.0, 070.1
GNS-10B15
GNS-9070.0, 070.1
DiseasesDB5757
MedlinePlus000278
eMedicinemed/991 ped/977
MeSHD006506D006506
Disease Ontology IDDOID:12549
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

A hepatitisa gaixotasun infekziosoa da, A hepatitisaren birusak sortua, gibelari kalte egiten diona. Beste hepatitis birikoen aldean (B eta C hepatitis), A hepatitisa ez da kronikoa, gaixoaren immunitate-sistemak birus patogenoa denboraren poderioz akabatzen baitu.

A hepatitisa aitortu beharreko gaixotasuna da Euskal Herrian. 2008. urtean, esaterako, 37 kasu jakinarazi ziren EAEan, eta 2007. urtean 35.

A hepatitisa Pikornabirus familiako birus batek eragiten du. Birus hauek RNA dute material genetikoa, kapside ikosaedriko batek babestua [1]. Harizpi bakarreko RNA birusa da, polaritate positibokoa.

Pikornabirus taldearen barnean bi birus mota daude: enterobirusak eta errinobirusak. Lehenengoek digestio-aparatuan sortzen dituzte gaitzak, eta bigarrengoek eztarrian eta sudurrean. A hepatitisaren birusa, hain zuzen, enterobirusen kategorian sailkatzen da.

Epidemiologia eta infekzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
A hepatitisaren hedapena munduan zehar. Gorriz: %8 baino gehiagoko prebalentzia; laranjaz: %2 eta %7-ren artekoa; grisez: %2 baino gutxiagoko prebalentzia

Gaitza gorotz-aho bidetik harrapatzen da. Hots, gorotzez kutsatutako urak edo janariak hartzerakoan.

A motako hepatitisa transmititzen duten janari garrantzitsuenak itsaskiak dira, giza gorotzekin kutsatuta daudenean [2]. Itsaski gordinak edo arin kozinatuak dira arriskutsuenak. Garapen bidean dauden herrialdeetan gaitzaren prebalentzia altuagoa da, higiene baldintza kaskarragoak dituztelako eta hondakin-uren tratamendua edo edateko uren araztegiak urriak direlako.

Banakako kasuak dira ohikoenak, baina tarteka gaitza agerraldi moduan azaltzen da, pertsona batzuk batera gaixotzen direnean (adibidez, janari edo ur kutsatu bera hartzerakoan). Haurtzaindegietan ere umeen arteko kutsapena errazagoa da.

Umeak eta gazteak jotzen ditu batik bat A hepatitisaren birusak, batez ere garatze-bidean dauden herrialdeetan. Helduengan gaitzaren kasuak urriagoak dira.

Uzki-ahoko motako sexu-harremanetan ere harrapatu daiteke gaitza.

A hepatitisaren inkubazio epea 3 aste ingurukoa da.

Ahotik sartu ondoren, birusa digestio-aparatutik odolera pasatzen da, eta hortik gibelera iristen da. Bertan erreplikatzen da.[1] Birusa behazunetik, hasieran, eta gorozkietatik gero kanporatzen da.

Birusak hepatozitoak kaltetzen ditu, eta ikterizia eta gaitzaren ohiko sintomak eragiten ditu. Gibela handitu eta biguntzen da, eta bilirrubina eta gibeleko entzimen odol-kontzentrazioa igotzen da [3]

Sintoma klinikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasuna batzuetan subklinikoa da, hots, ez du inongo sintomarik eragiten [4]. Hori ume txikiengan gertatu ohi da. Lehenengo fase batean, sintoma ohikoenak sukarra, astenia, goragaleak eta ondoeza dira. Gero, ikterizia agertzen da (larruazala eta begiak horitzen dira, eta gernua ilundu egiten da). Infektatutako hepatozitoek behazun-pigmentuaren ekoizpena sustatzean agertzen da ikterizia. Gorozkiak argiagoak dira, eta eskuineko hipokondrioan mina ager daiteke.

Sintoma klinikoek eta transaminasen odol-mailak diagnostikorako zantzuak ematen dituzte. Diagnostiko zuzena birusaren aurkako antigorputzak gaixoaren odolean bilatzean egiten da (M immunoglobulinaren odol-maila asko igotzen da gaitzaren fase akutuan)

Gaitza pasatuta, immunitate-sistemak betiko immunitatea ematen duten antigorputzak ekoiztu ditu.

Profilaxia eta tratamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

A hepatitisaren aurkako txertoa dago, hiru dositan ematen dena. Hildako birusez osatuta dago. Txertoaz gain, immunitate laburragoa ematen duen immunoglobulina bat dago, arrisku handiko herrialdeetara joaten direnei epe laburreko babesa ematen diena.

Ez dago gaitza sendatzen duen tratamendu berezirik. Gaixoak atsedena hartu behar du eta ondoeza eta sukarraren aurkako botikak hartu. Alkoholaren kontsumoa baztertu behar da. Kasu ia guztietan immunitate-sistema gaitzari gailentzen zaio aste gutxi batzuen ostean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Basaras, Miren; Umaran, Adelaida. Mikrobiologia medikoa. E.H.U., 499-502 or..
  2. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J.. (2007). Brock Mikroorganismoen biologia. E.H.U., 988-989 or..
  3. Ingraham, J.; Ingraham, C.. Introducción a la Microbiología. 2 Reverté, 575-576 or..
  4. Hepatitis A Medline Plus-en

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]