1878ko enbata
1878ko enbata | |
---|---|
Mota | Enbata |
Honen parte da | maritime disasters in Gipuzkoa (en) ![]() |
Data | 1878ko apirilaren 20a |
Kokaleku | Bizkaiko golkoa Kantauri |
Herrialdea | Borboien berrezarkuntza |
Pertsona hilak | 322 |
Kronologia | |
Naufragio | |
1878ko enbata edo Gloriako Larunbateko enbata 1878ko apirilaren 20an Bizkaiko golkoa jo zuen enbata bortitza izan zen. 322 arrantzale hil ziren: 132 kantabriar eta 190 euskal herritar.[1] Dolu handiko egunak izan ziren. Gorpuzkiak eta txalupen aztarnak kostalde osoan joan ziren agertzen hurrengo egunetan. Euskal portuetan heriotza eta atsekabea utzi zituen.[2]
Gertaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsastarrak galernen beldur izan ohi dira, oso bortizkeria handiko fenomeno meteorologikoak direlako eta marinelen artean bizitza asko eraman dituztelako. Gogoratuenetako bat, 1878ko apirilaren 20an gertatu zen enbata izan zen. El Noticiero Bilbaíno egunkariaren arabera, enbatak hiru ordu laurden besterik ez zuen iraun, baina txikizio izugarria eragin zuen. Dirudienez, 12:45ak aldera, haizea bat-batean aldatu zen eta arrantzaleak ezustean harrapatu zituen.[3] Arratsalde hartan, arrantzale guztiak portuetan eta kostaldean pilatzen ziren, senideak txalupa eta traineruetan kostaldea irabazten saiatzen ari zirela ikusita, eta oso garrantzitsua izango zen herrialdean sortutako zirrara. Hondamendi hartatik aurrera, nabigazioan hobekuntzak egin ziren (estalki jarraitua, informazio meteorologikoak, itsasoan galdutakoen salbamendua eta abar).
Ekaitzak kostalde osoa erasan zuen, Donostiatik Santanderra bitartean. 322 arrantzale itota hil ziren Kantauri itsasoan, 132 kantabriar eta 190 euskaldun. Bermeoko 95 arrantzale hil zituen; haietatik 30 kale berekoak ziren; 45, Elantxobekoak; 35, Colindreskoak; 15 Santanderkoak; 8 gutxienez, Lekeitiokoak eta, beste batzuk Ondarroakoak, Mutrikukoak, Donostiakoak, Algortakoak...
1878ko enbata literaturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz ere bertsotan jaso ziren gertaerak. Egilea ezezaguna bada ere, Tolosako Facundo Adurriagaren eskuizkribuzko bilduma jorian jaso ziren.[4]
Desgraziarik orrelakorik
sekulan ez da aditu,
itxaso ori asarretuta
neurrian ezin kabitu;
nere kristauak, aiziak eta
urak indarrak baditu,
aplakatutzen dan arte bera
iñork ezin errenditu.
Ai, itxasora ez dadukagu
edozein moduz juaterik,
an dabiltzanak jeneralian
daude peligroz beterik,
egiten badu emen edo an
modu ortako kalterik
ez dauka iñork alketeakin
justizia egiterik.
Espainian, José María de Pereda Kantabriako idazleak gertakizunak 1885ean argitaratutako bere Sotileza eleberrian jaso zituen.[5]
Elkartasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berehala jarri zen abian hildakoen familientzat laguntza eskatzeko kanpaina. Bizkaiko Foru Aldundiak eman zion herri mailako izen emateari hasiera, mila erreal jarrita. Uste izatekoa da Gipuzkoakoak ere antzera jokatu zuela, nahiz eta probintzia hau zoritxarrak gutxiago zigortua izan. El Noticiero Bilbaíno egunkariak ere bere zerrenda ireki zuen eta erredakzioak ehun errealen ekarpena egin zuen. Espainia osoan ere doako ekintza adina laguntza emate antolatu ziren. Madrilen, urrian egin zen Price zirkuan, Alfontso XII.a eta Mercedes erregina bertan zirelarik, ikuslegoak oihuka eskatu zion Iparragirreri agertokira jaisteko, eta goialdeko eserlekutik bizkarrean ekarri eta hantxe abestu zuen Gernikako Arbola ereserkia, eta ondoren erregeen palkora igo zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Enbatak - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2025-04-20).
- ↑ «Naufragioak euskal kostaldean» web.archive.org 2021-01-19 (Noiz kontsultatua: 2025-04-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Arteche García, José Luís. (2008ko urria). «La Galerna del Cantábrico» Boletín de la Asociación Meteorológica Española (web.archive.org) 22. zk: 20-25. or. ISSN 1696-764X..
- ↑ «Itsasoko kultura/Itsasoaren oihartzunak bertsolaritzan — Wikibooks» eu.wikibooks.org (Noiz kontsultatua: 2025-04-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de. «Sotileza» Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes (Noiz kontsultatua: 2025-04-20).