World Wide Web (WWW) (edo soilik Web) haien artean loturik dauden hipertestu dokumentuen sistema bat da, Internet bidez atzigarria dena. Web-nabigatzaile bat erabiliz webguneak bistaratzen dira, eta haien web-orrietako esteken bidez nabigatuz bertako testuak, irudiak, bideoak edo bestelako multimedia-edukiak atzitu daitezke. Dokumentuak URI (Uniform Resource Identifier) baten bitartez identifikatzen dira.

Robert Cailliauk diseinaturiko Webaren logo zaharra.

Web-a 1990 aldera sortu zuten Geneva-ko (Suitza) CERN ikerketa-zentroan Tim Berners-Lee ingelesak eta Robert Cailliau belgiarrak. Orduz geroztik, buru-belarri aritu da Berners-Lee Web-erako estandarren garapena gidatzen (web-orriak sortzeko erabiltzen diren markaketa-lengoaien kasuan, adibidez); azken urteotan, Web Semantiko baten sorreraren alde lanean dabil.

WWW terminoa modu ezegokian erabili ohi da Internet-ari buruz hitz egiteko, baina Web-a eta Internet-a ez dira gauza bera[1]; Web-ak Internet behar du bere zerbitzuak eskaintzeko, posta elektronikoak ere Internet behar duen bezala.

Laburdura gisa, WWW esateko luze suertatzen da eta laburrago esan ohi da World Wide Web, WWW-k behar dituen 9 silabak baino (are gehiago eukaraz). Batzuek zentzu ironiko bat ikusi dute horretan[2], informatikako beste laburdura batzuk ere hitz-joko ironikoekin sortu baitira, hala nola Linux. Baina Tim-Berners Leek berak, idatzitako formula batean pentsatu zuen ahozkoan baino gehiago. Hori bai, izen eta laburtzapen ironiko batzuetan bai pentsatu zuen berak ere: "Mine of information" (Informazioaren meategia edo "Moi", hau da, norbera frantsesez, egozentriko samarra Berners-Leek berak pentsatu zuenez) eta "The Information Mine (itzulpen berekoa eta laburtuz gero "Tim", are egozentrikoagoa).

Web edo sare hitzak egon behar zuela pentsatu zuen azkenean sortzaileak, dezentralizazio ideia ematea inportantea zelakoan, eta web amaraun edo armiarma-saretzat itzul daitekeen arren euskaraz, Berners-Leek ez zuen bere termino aukera armiarmekin pentsatuz aukeratu, baizik eta grafo matematikoak deskribatzeko ere web erabiltzen zelako. Amarauna terminoa erabiltzen da euskaraz web delakoa adierazteko ere[3].

Guztiarekin WWW hain luzea dela jakini, W3 edo bereziki W3C (World Wide Web-aren partzuergoa, World Wide Web Consortium) terminoen erabilpena ere sustatu du Berners-Leek.[1]

Ohikoa da WWW delako laburdura web-helbide edo URL batean ikustea, baina ez da ezinbestekoa. Ohikoa www.labur.eus eta labur.eus bezalako helbide pareak webgune berberera eramango dute, baina ez du horrela izan behar derrigor: konfigurazio kontu bat da webgunearen kudeatzaileek erabaki dezaketena, eta izatez bi eduki desberdin egon daitezke batean zein bestean.

Historia

aldatu
 
Berners-Leek CERNen erabilitako lehen web-zerbitzaria (NeXTcube).

WWW-aren oinarrian dagoen ideia Vannevar Bush-i zor zaio. Hark 1940ko hamarkadan antzeko sistema bat sortzeko proposamena egin zuen: sare moduan banatutako informazioa eta gako batzuen bidez identifikatutako beste artikulu batzuk interfaze operatibo baten bidez atzitzea. Proiektu hori ez zen inoiz gauzatu eta plano teoriko batean baztertuta geratu zen Memex izenarekin. 1950eko hamarkadan Ted Nelson-ek hipertestu-sistema bati buruz hitz egin zuen lehen aldiz; informazioa modu librean lotuko zuen sistema bati buruz. 1980an lortu zen ideia hori gauzatzeko beharrezkoa zen euskarri operatibo teknologikoa, sare informatikoetan informazioa banatzeko aukera emango zuena. Orduan, Tim Berners-Lee-k ENQUIRE proiektua proposatu zion CERN zentroari. Proiektuaren izena "Enquire Within Upon Everything" esaldian inspiratuta dago, euskaraz, "Guztiari Buruz Galdezka" moduan itzul daitekeena. Hura izan zen Web hasiberriaren lehen gauzatze praktikoa.

1989an Tim Berners-Leek ENQUIRE-ri erreferentzia eginez, informazioaren kudeaketarako sistema landuago baten proposamena[4] egin zuen. Hasierako erreferentzia horietan ez da agertzen WWW edo Web terminorik, sare terminoa erabili zuten. Baina World Wide Web sarea orduan sortu zen.

Robert Cailliau-ren laguntzarekin World Wide Web-a[5] gauzatzeko proposamen formalago bat argitaratu zen 1991ko abuztuaren 6an. Berners-Lee-k bezero-zerbitzari arkitektura erabili zuen eta Web-ak funtziona zezan beharrezkoak ziren tresna guztiak sortu zituen[6]: lehen web-nabigatzailea (WorldWideWeb izenekoa, web-orrien editore ere bazena), lehen web-zerbitzaria eta lehen web-orriak[7]. Interneten eskuragarri egon zen lehen web-orria Tim Berners-Lee-k berak sortu zuen 1991ean. Web-orri horretan Web-ari buruzko informazioa ematen zen.

Berners-Lee-ren lorpen handia hipertestua eta Internet lotzea izan zen. Bere "Weaving the Web" liburuan azaltzen duenez, berak behin eta berriz iradoki zuen bi teknologien arteko batasuna egitea posiblea zela, baina inork ez zionez sinetsi, proiektua berak garatzea erabaki zuen. Garapen-prozesuan, funtsezkoak diren hiru teknologia garatu zituen:

Garai hartan erabilgarri zeuden beste hipertestu-sistemekin konparatuz, WWW-ak berritasun batzuk ekarri zituen:

  • Hipertestuen arteko loturak egiteko noranzko bakarreko estekak erabiltzea nahikoa zen; ez ziren noranzko biko estekak behar, aurreko sistemetan bezala. Horrela, beste norbaiten baliabide batera lotzea posiblea zen jabearen baimenaren beharrik izan gabe. Horri esker, web-zerbitzariak eta web-nabigatzaileak inplementatzea nabarmen erraztu zen. Hala ere, kroniko bihurtu zen apurtutako esteken arazoa sortu zen. Esteka bat apurtu dela esaten da, loturaren bidez atzigarri zegoen baliabidea halako batean atzigarri ez dagoenean. Estekak noranzko bakarrekoak izanik, edozein momentutan gerta daiteke hori.
  • Aurreko hipermedia-sistemak (HyperCard kasu) ez bezala, WWW librea zen, lizentziaren beharrik gabe zerbitzari eta bezero independenteak garatzea eta hedapenak gehitzea ahalbidetuz.

1993ko apirilaren 30ean CERN-ak Web-a publikoa[8] izango zela iragarri zuen, eta horrela publiko bihurtu zen Tim Berners-Lee-k berak sortutako lehenengo web-orri hura. Bertan hipermediaren definizioa ematen zen, hipertestu baten adibidea erakusten zen eta Web-erako erabiltzaile-eskuliburu bat ere bazetorren. Web-aren garatzaileak aipatzen ziren, ekarpenak nola egin zitezkeen azaltzen zen, informazioa nola sailkatzen zen, existitzen ziren zerbitzariak eta softwareak zein ziren, bibliografia bat nola txerta zitekeen, etab. CERN-eko partikula-azeleratzaileari buruzko azalpenak ere ematen ziren. Gerora web-orri izateari utzi bazion ere, 20 urte beranduago, 2013ko apirilaren 30ean, web-teknologiaren jaiotzaren oroitzapen moduan berriro ere publiko egin zuten[9].

Web 2.0, Web3 eta mugikorrak

aldatu
 
Web 2.0 delakoaren mapa bat, hitz-lainoz adierazia: erabiltzaile eta eduki anitzen bateagiteak datu aberastasunean oinarritutako zerbitzu berriak eskain ditzake, hitz lainoan bertan agertzen diren hitzen kasuan bezala.

21. mendeko lehen urteetan, Interneteko zerbitzu asko sofistikatzen hasi zirelarik, Web 2.0 delako terminoa egin zen popularra, 2005. urtean Tim O'Reilly teknologo eta editoreak bataiatu zuen hitza. Kontzeptuak ez du esan nahi World Wide Web delakoa bertsioz aldatu dela, baizik eta hartan oinarritutako zerbitzuek fase berri bat erdietsi dutela.

Urte batzuk beranduago, Web3 edo Web 3.0 kontzeptua ere zabaldu da. Blockchain teknologian Ethereum sortu zuen Gavin Wood-ek asmatu zuen Web3 terminoa 2014an[10], baina 2021ean kritpotxanponen eta NFTen famaren une gorenean zabaldu zen batik bat. Kasu honetan, web arkitektura desberdin bat da ideia honen sustatzaileek aurrikusten dutena: enkriptazioak eta bloke-kate teknologian oinarritutako protokolo berri batzuetan oinarritutako web paralelo edo hobe bat litzateke Web3 delakoa, ez HTTP teknologian oinarritua[11].

 
Mugikor bidez WWW nabigazio primitiboa, 2009. urtean, Opera nabigatzailearekin Wikipedia bisitatzen.

Web bertsio ustezkoek baino iraultza handiagoa suposatu dute Web Wolrd Web delakoaren mugikor adimentsuen zabalkundeak. Batez ere 2010. urtearen inguruan iPhone eta Android telefonoak zabaldu zirenetik. Mugikor hauekin WWW nabigazioa posible da, eta ohiko jarduera da erabiltzaile ia guztien artean; baina Internet bidezko zerbitzu askoren erabilpena (berriak eta mugikorretarako espreski asmatuak asko) aplikazio bitartez egiten da, WWW delakoaren aldamenetik igaroz. Izatez, aplikazio batzuk, edukian oinarrituta egon arren, web-etik aparte funtzionatzen dute osoki: Instagram zen horietako bat, zeinak 2010 eta 2012 artean ez zuen webgunerik, aplikazio barruko partekatze eta ikuskatzeak zeuden, baina ez URL-rik non irudiak (edo erabiltzaileak, iruzkinak) ikus zitezkeen[12].

Web 2.0ari lotutako zerbitzuek eta Internet mugikorrak beste fenomeno bat ere eragin dute, batez ere Facebook-ek gorpuzten duena, walled garden edo "harresitutako lorategia" delakoa. "Lorategi" hori web-aren gainean eraiki zuen Facebook-ek lehenbizi, WWW hutsa izan arren bere sare soziala aplikazio mugikorrak iritsi aurretik, eduki trukea, komunikazioa, lagunak eta informazio guztia Facebook-etik irten gabe lortzeko ekosistema bat eraiki nahi izan zuten[13]. Eredu hori zabaldu egingo zela adierazi zuen 2016an ? Evan Williamsek (Blogger eta Twitterren fundatzaileak), pronostikatu zuelarik “webgune indibidualek ez dutela garrantzirik izango", bakarrik egongo direla esparru itxiak, "lorategiak", konpainia handiek kudeatuak non kanpora irten gabe ibiliko diren erabiltzaileak[14]. Denak ez daude ados ikuspegi horrekin, eta Drupal, Wordpress edo Plone bezalako CMS (edukia kudeatzeko sistemak) tresnen popularitateak, webguneak kudeatu eta sortzeko tresnak izanik, jarraitzen du 2020ko hamarkadan ere: enpresa, erakunde eta norbanakoek segitzen dute webgunez eta edukiz hornitzen web irekia, eta hori desagertzeko motiborik ez du ikusten, adibidez, Zack Rosen Drupalen fundatzaileak.

Web-aren funtzionamendua

aldatu

Web-orriek web-helbideak dituzte. Web-zerbitzarien ostalari-izenek askotan "www" aurrizkia izaten dute. Web-orri bat http://www.adibidea.org/home.html moduko URL baten bidez atzitu nahi denean, lehenengo urratsa web-zerbitzariaren izena ebaztea eta hari dagokion IP-helbidea lortzea da. IP-helbide batek halako itxura izan dezake: 127.255.255.255. Horretarako, domeinu-izenen informazioa gordetzen duen Domain Name System (DNS) Interneteko datu-base banatua erabiltzen da. IP-helbide hori beharrezkoa da web-zerbitzariarekin harremanetan jartzeko.

Ondoren, IP-helbide horretara http-eskaera bat bidaltzen da Internet bidez eta baliabidea eskatzen da, datu paketeak jaso ahal izateko. Web-orri tipiko baten kasuan, lehenik HTML testua eskatzen da eta web-nabigatzaileak berehala aztertzen du; ondoren, web-orri horretan grafikoak edo bestelako fitxategiak badaude, haiek ere eskatzen dira. Webgune baten ospea web-orri hori ikusi dutenen kopuruan, jaso dituen zerbitzari-eskaera kopuruan edo fitxategi-eskaera kopuruan oinarritzen da, normalean.

Web-zerbitzaritik eskatutako fitxategiak jaso direnean, web-nabigatzaileak web-orria bistaratu (renderizatu) egin behar du. Jaso den testua HTML markaketa-kodean, CSSan eta beste web-lengoaietan idatzita egongo da eta bertan deskribatutakoa erakutsi behar da. Irudiak eta bestelako baliabideak amaieran gehitzen dira erabiltzaileak bere pantailan ikusiko duen orrian.

Web-orriak

aldatu

Web-a jende askorengana iristeko aukera ematen duen hedabide bat da. Bertan web-orri bat argitaratzeko ez da beharrezkoa editore batengana jotzea, liburuak edo aldizkariak argitaratzeko bezala. Ezagutza tekniko handiegirik ere ez da behar. Hori hala izanik, etengabe gora egiten ari da Web-ean argitaratutako web-orri kopurua. Denetarik aurki daiteke: informazio pertsonala duten web-orriak, helburu komertzialarekin argitaratutakoak, dibulgaziora bideratuak, blog-ak etab.

Editatu eta argitaratu

aldatu

Web-editoreen bidez diseinatzen dira web-orriak. Aplikazio horiek oso modu grafikoan erabiltzeko diseinatuak izan dira, intuitiboak dira eta asko doakoak, gainera. Behin diseinatu ondoren, Web-ean argitaratuak izateko web-ostalari baten zerbitzua behar da. Badira kostu ekonomikorik gabe aukera ematen dutenak[15].

Irisgarritasuna

aldatu

Gaur egungo Web-estandarrek gero eta arreta handiagoa eskaintzen diote Web-aren irisgarritasunari, ezgaitasunak dituztenek ere Web-a ahal den neurrian erabil dezaten. Herrialde askotan araudiek erregulatuta dagoen kontua da hori[16]. Irisgarritasunerako jarraibideak Web Content Accessibility Guidelines (WCAG)[17] existitzen dira Web Accesibility Iniciative (WAI)[18], ekimenaren barruan. Estandar horiek ere World Wide Web Consortium (W3C) erakundeak erregulatzen ditu.

Hainbat hizkuntzarako diseinatuak izan diren webguneak errazago iristen dira publiko zabalera. Web-eduki gehiena ingelesez dago; ondoren datoz txinera, espainiera, arabiera, etab[19][20][21].

Web-orriak hipertestua duten testu-fitxategiak izaten dira, HTML edo antzeko markaketa-lengoaia batean idatziak izan direnak. Oro har, karaktere-kodeketarako ASCII kodeketarekin bateragarritasun altua duen UTF-8 (Unicode Transformation Format) formatua erabiltzen da, erromanikoak ez diren grafiak alde batera utzita.

Web-orri estatikoak eta dinamikoak

aldatu

Mota desberdineko web-orriak daude: estatikoak eta dinamikoak. Web-orri estatikoak web-zerbitzariaren fitxategi-sisteman web-eduki moduan gordetzen dira, eta halaxe transmititzen dira, erabiltzaile batek web-nabigatzaile baten bidez atzitu nahi dituenean. Web-orri dinamikoak, aldiz, zerbitzariko web-aplikazio batek kontrolatzen ditu bertan exekutatzen diren script edo programatxoen bidez. Web-orria areagotzea lortzen da horrela, informazioa eguneratzeko aukera emanez edo interaktiboa bihurtuz. Web-orri estatikoak ez bezala, dinamikoak ez ditu erabiltzaileak beti berdin ikusiko bere web-nabigatzailean eta elkarrekintzarako aukera izan dezake bertan. ASynchronous JavaScript and XML (Ajax)) eta Dinamic HyperText Markup Language (DHTML) moduko teknologiak erabil daitezke web-orri dinamikoak sortzeko.

Web-aren kontsulta

aldatu

Web-a kontsultatzea bertan argitaratuta dauden webguneetako web-orriak atzitzea da. Hipertestu-dokumentuak izanik, web-orri batetik bestera esteken bidez mugituz kontsulta dezake erabiltzaileak informazioa. Horretarako, web-nabigatzaileak erabiltzen dira.

Web-nabigatzaileak eta abiadura arazoak

aldatu

Web-orriak kontsultatzeko hainbat web-nabigatzaile existitzen da: Google Chrome, Mozilla Firefox, Internet Explorer, Microsoft Edge , Opera, Safari , etab. Interneteko pilaketa-arazoek nabigazioa moteldu egiten dute eta horrek erabiltzaileen frustrazioa sortzen du. Horrek eraman du World Wide Web-ari World Wide Wait (euskaraz, munduko itxaronaldi handia) deitzea.

Webguneen erantzun-denbora egokien gida estandarrak[22] honako hauek proposatzen ditu:

  • 0,1 segundo (segundo baten hamarrena). Erantzuteko denbora ideala. Erabiltzaileak ez du etenaldirik sumatzen.
  • Segundo 1. Onargarria den erantzuteko denbora altuagoa. Segundo 1 baino gehiagoko deskarga-denborek eten egiten dute erabiltzailearen esperientzia.
  • 10 segundo. Erantzun-denbora onartezina. Erabiltzailearen esperientzia eten egiten da eta erabiltzaileak webgunetik edo sistematik alde egin dezake.

Web estandarrak

aldatu

Webgune edo web-orri batek web estandarrak betetzen dituela esaten denean, bertan erabiltzen diren HTML, CSS eta JavaScript baliozkoak direla esan nahi du, normalean. Estandar maila osoago bat onartzen denean, RSSa, RDFa, metadata, XML, objektuen txertaketa, etab. ere baliozkoak direla esan nahi du.

  • World Wide Web Consortium (W3C)[23]-ek honakoen estandarrak erregulatzen ditu, besteak beste: hipertestuen edukia definitzeko erabiltzen den Hypertext Markup Language (HTML), estiloa definitzeko erabiltzen den Cascading Style Sheets (CSS), Extensible Markup Language (XML) markaketa-lengoaia hedagarria, Resource Description Framework (RDF) etab.
  • Ecma International (ECMA)[24]-ek argitaratutako estandarrak: JavaScript, web-orri dinamikoak sortzeko erabiltzen den programazio-lengoaiari buruzkoak, etab..
  • Uniform Resource Locator (URL)[25] eta "Uniform Resource Identifier" (URI)[26] identifikatzaileen estandarrak ere badira.

Berners-Leek 2007az geroztik zuzentzen du web-estandarretaz arduratzen den World Wide Web Consortium (W3C) erakundea. Estandar horiek eta beste batzuk garatzen eta mantentzen ditu.

Esteka hautsiak

aldatu

Denbora pasa ahala, hiperesteken bidez lotutako web-baliabideak desagertu egiten dira, haien kokalekua aldatzen delako, beste edukiekin ordezkatzen direlako, etab. Halakoetan, web-orrien arteko loturak hautsi direla esaten da: "esteka hautsien fenomenoa" da eta hiperestekak "lotura hilak" direla esaten da.

Euskarazko edukien kasuan, salatu izan da nola 21. mende hasierako sareko eduki gehiena, erreferentzien bidez gorde bada, ez dagoela jada klikagarri edo inon gordea.[27] Sustat euskarazko webguneak 2021tik argitaratu dituen artikulu guztien artxiboa badauka, baina 2002ko edo 2003ko artikuluetan klikatuz gero (2021eko ikusmirarekin), esteka hautsiak dira ia guztia.

Webgunearen izaera iragankorra dela eta, ahalegin handia egin due batzuek Web-eko informazioa biltegiratzeko. Interneteko artxiboa da ahalegin ezagunenetako bat, 1996tik ari dira Web-eko informazioa gordetzen. 2003rako jada 100 terabyteko artxiboa zeukan (12 terabyteko hazkunde hilero), eta 40 miliar web "kaptura" gordezka zeukan, hauekin petabyte bat informazio osatuz (20 terabyteko hazkunde hilero)[28]. Hogei urteren buruan, 330 miliar web orriren kaptura ditu Interneteko Artxiboak, izen berezi batekin gordeak (Wayback Machine), web edukiaz beste hainbat eduki digital gordetzera ere pasatu baita Interneteko Artxiboa.[29]

2023. urtean, Espainiako Liburutegi Nazionalak eta Euskadiko Liburutegi Digitalak (Euskariana) iragarri zuten puntu.eus domeinu zuten 13.000 domeinutako edukia artxibatzeko ekimen bateratua. Domeinu bakoitzetik 150 Mb informazio gorde ziren lehen saio batean, guztiram 730 Gb bildurik[30].

Web-aren nazioarteko biltzarra

aldatu

1989an sortu zuen Web-a Tim Berners-Lee-k CERNen (Ginebra, Suitza). Haren bilakaerari eta hari lotutako teknologien estandarizazioari buruz eztabaidatzeko eta teknologia horiek gizartean eta kulturan duten eraginari buruz hausnarketa egin ahal izateko, Web-ari buruzko nazioarteko biltzarrak antolatzen hasi ziren. Bertan ikerlariak, garatzaileak, erabiltzaileak eta enpresa komertzialak biltzen dira. Biltzarrak eztabaidarako leku ireki bat eskaintzen du. Bertan aurkezpen bat egin ahal izateko, adituen esku dagoen berrikuspen-prozesu zorrotza gainditu behar da, nazioarteko biltzar guztietan egin ohi den moduan.

1994an antolatu zuen Robert Cailliau-k biltzarraren lehen edizioa, "WWW1: The First International WWW Conference", CERNen.[31] Gerora IW3C2 IW3C2 erakundea sortu eta hark antolatzen du Web-ari buruzko urteroko nazioarteko biltzarra, tokiko batzorde-antolatzaileekin eta programako batzorde teknikoekin lankidetzan. Ipar Amerikan, Europan edo Asian ospatzen da, txandaka. 2001ean biltzarrak izendatzeko modua aldatu zen eta urteari aipamena egiten dion zenbakia eransten zaie WWW hizkiei. 2018an "WWW2018: The Twenty-seventh International WWW Conference" biltzarra izan zen Frantziako Lyon hirian. Zerrenda bat dago hitzaldi guztietarako estekekin.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Help and FAQ - W3C» www.w3.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
  2. (Ingelesez) «Why do we take more time to say WWW than to say the World Wide Web?» Quora (Noiz kontsultatua: 2023-04-02).
  3. «Amarauna hilda dago. Gora Internet!» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-02).
  4. «The original proposal of the WWW, HTMLized» web.archive.org 2010-04-01 (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  5. «WorldWideWeb: Proposal for a HyperText Project» web.archive.org 2012-12-14 (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  6. «Tim Berners-Lee: WorldWideWeb, the first Web client» web.archive.org 2010-05-20 (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  7. «The World Wide Web project» web.archive.org 2010-11-15 (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  8. «10 Years Public Domain» web.archive.org 2005-10-16 (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  9. «The birth of the Web | CERN» home.cern (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
  10. «What Is Web3, Anyway? | WIRED» web.archive.org 2022-02-10 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  11. (Ingelesez) «What Is Web3 and Why Should You Care?» Gizmodo 2021-12-14 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  12. (Ingelesez) The History of Instagram (with figures & timeline). 2023-01-07 (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  13. (Ingelesez) Terenzio, Charlie. «Council Post: How Walled Gardens Like Facebook Are Cannibalizing Media Publishers» Forbes (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  14. (Ingelesez) Pickavet, Henry. (2016-04-10). «The open web is not going away» TechCrunch (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  15. The top 500 sites on the web, «Alexa - Top sites» www.alexa.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  16. «UNE 139803:2012 Requisitos de accesibilidad para contenidos en...» www.une.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  17. (Ingelesez) w3c_wai. «Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) Overview» Web Accessibility Initiative (WAI) (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  18. (Ingelesez) w3c_wai. «Home» Web Accessibility Initiative (WAI) (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  19. «Top Ten Internet Languages in The World - Internet Statistics» www.internetworldstats.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  20. (Ingelesez) «Internet: most common languages online 2019» Statista (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  21. «Usage Statistics and Market Share of Content Languages for Websites, January 2020» w3techs.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  22. (Ingelesez) Experience, World Leaders in Research-Based User. «Website Response Times» Nielsen Norman Group (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  23. «World Wide Web Consortium (W3C)» www.w3.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  24. «Welcome to Ecma International» www.ecma-international.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  25. «URL Standard» url.spec.whatwg.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  26. «URI Standard - URI Standard - SNOMED Confluence» confluence.ihtsdotools.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  27. Fernandez, Luistxo. «20 urteko memoria digitala» sustatu.eus (Sustatu) (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  28. (Ingelesez) Witten, Ian H.; Gori, Marco; Numerico, Teresa. (2007-01-01). Witten, Ian H. ed. «CHAPTER 2 - LITERATURE AND THE WEB  Can the alchemists transmute a mess of books into an ethereal new structure?» Web Dragons (Morgan Kaufmann): 29–59. ISBN 978-0-12-370609-6. (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  29. (Ingelesez) «The Internet Archive: a wealth of digital history» Curtis Institute of Music (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  30. (Gaztelaniaz) «La BNE y la Biblioteca Digital de Euskadi colaboran para guardar el dominio .eus | Biblioteca Nacional de España» www.bne.es (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  31. (Ingelesez) «A short history of the Web» CERN (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu