Espainiako Langile Alderdi Sozialista
Espainiako Langile Alderdi Sozialista edo ezagunago Espainiako Alderdi Sozialista (gaztelaniaz Partido Socialista Obrero Español PSOE) Espainiako alderdi politikoa da. 1879ko maiatzaren 2an Pablo Iglesias langileak Madrilen sortu zuen, eta egun Espainiako alderdi zaharrena da.
Espainiako Langile Alderdi Sozialista | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | PSOE, PSOE eta PSOS |
Mota | Espainiako alderdi politikoa |
Herrialdea | Espainia |
Ideologia | Aurrerakoitasuna Sozialdemokrazia Espainiar Nazionalismoa Europazaletasuna |
Kokapen politikoa | zentro-ezkerra |
Jarduera | |
Kidetza | Europako Alderdi Sozialista, Internazional Sozialista, Aliantza Aurrerakoia eta Labour and Socialist International (en) |
Kide kopurua | 189.167 (2016) |
Espainiako Diputatuen Kongresuan 120 / 350 Espainiako Senatuan 110 / 266 Europar Legebiltzarrean 20 / 54 Zinegotziak Espainian 22.335 / 67.611 | |
Agintea | |
Lehendakaria | Cristina Narbona |
Idazkari orokorra | Pedro Sánchez Pérez-Castejón |
Egoitza nagusi | |
Prentsa-organoa | El Socialista (en) |
Gazteria | Ezkerraren Gazteak |
Zeren jabe | El Socialista (en) |
Historia | |
Sorrera | 1879ko maiatzaren 2a |
Sortzailea | |
Sorlekua | Casa Labra (en) |
Koloreak | |
webgune ofiziala |
Egoitza federal nagusia Madrilgo Ferraz kalean du. Ideologiaz, historikoki sozialista izan da; 1978tik aurrera gero eta gehiago zentrora lerratu zen, eta autonomia erkidegoen Espainiaren eta monarkiaren babeslea da. 1982tik 1996ra eta 2004tik 2011ra Espainiako Gobernuan agindu zuen, Felipe Gonzalez eta Jose Luis Rodriguez Zapatero buru zituela.
Historia
aldatuPablo Iglesiasek, Antonio García Quejidok eta Matías Gómezek, besteren artean, 1879an sortu zuten espainiar erakunde politikoa. El Socialista aldizkariaren sorrerak (1886) eta UGT sindikatuarenak (1888) indartu zuten alderdiaren hasierako ibilbidea. Batzorde nazionaleko lehendakari Iglesias aukeratu ondoren, gauzatu zen alderdiaren oinarrizko jokabidea: langileen errebindikazioak bultzatzea, hauteskundeetan parte hartzea, alderdi burgesen, baita errepublikanoen ere, kontra jardutea etab.
Bartzelonako 1909ko matxinadaren eta Lehen Mundu Gerraren ondorioz, errepublikazale eta anarkistengana hurbildu zen PSOE. III. Internazionalean, alderdiko gehiengoak Internazionalaren kide izateari uko egin zion; hala, PSOEtik alde egin zuen talde handi batek, eta PCE alderdia sortu zuten. Hurrengo urteetan, Primo de Riveraren diktadura garaian, alderdiak garai hartan zuen krisia gainditu nahiz, lankidetzaren alde jokatu zuen, eta hala gobernuan ere parte hartu zuen. Horren ondorioz, ez komunistek ez anarkistek zuten indarra lortu zuen PSOEk; asko hazi zen garai hartan, nekazari giroan batez ere. Besteiro eta Largo Caballeroren lehendakaritzapean, gobernu errepublikanoetan parte hartu zuen, eta arrakasta handia izan zuen 1936ko hauteskundeetan, Frente Popular koalizioaren baitan.
Alderdi barneko arazo ideologikoak Gerra Zibilaren amaieran areagotu ziren (1939) eta Tolosako eta Suresnesko biltzarretan (1972 eta 1974) buruzagi historiko batzuek dimisioa eman zuten (Rodolfo Llopisena, besteak beste). Horrekin batera, talde berri batek, Espainian egoitza zuenak, beretu zuen alderdiaren agintaritza (Felipe González, idazkari orokor izendatu zutena, Alfonso Guerra, P. Castellanos). Franco hil (1975) eta alderdia legeztatu zenean, 1977 eta 1979ko hauteskundeetan parte hartu zuen, eta oposizioko talde nagusi bihurtu zen.
1979an, PCErekin batera, arrakasta handia izan zuen Espainiako hiri handietan, eta, marxismoa baztertuta, 1982an garaipen handia, gehiengo absolutua, lortu zuen hauteskunde orokorretan; Felipe González izan zen beraz Gobernuko Lehendakari. 1986ko hauteskunde orokorretan, berriz ere lortu zuen gehiengo absolutua, eta Felipe Gonzálezek jarraitu zuen gobernuburu. Hurrengo urteko udaletako, autonomia erkidegoetako eta Europako legebiltzarreko hauteskundeetan, ordea, jaitsiera izan zuten.
Euskal Herriari dagokionez, Euskal Herriaren autodeterminazioa babestu zuen 1978an. Denbora laburrean, baina, Hego Euskal Herria bi autonomia erkidegotan banatzea babestu zuen, EAE eta Nafarroa, baita haren PSE filiala PSE eta PSN taldeetan zatitzea ere 1982an. Alderdiak, guardia zibilaren aldeko posizio garbia hartu zuen urte horretan, frankismotik haren sakoneko aldaketarik egin gabe. Euskal Herriko gatazka politiko-armatuan, Espainiako gobernura helduta, Felipe Gonzálezek eta gobernuko arduradun garrantzitsuek (Rafael Vera, José Barrionuevo), baita Bizkaia eta Gipuzkoako alderdi eta gobernu ordezkariek, legez kanpoko GAL talde armatua sortu eta babesten parte hartu zuten. Lotura bat izan zuen talde horrekin Luis Roldan gobernu ordezkari eta PSOEko kideak.
Ekonomia eta hezkuntza alorreko politikan batez ere izan ditu kritika handienak Espainian; bide horretatik, UGT sindikatua, hasiera-hasieratik PSOEren aldeko izan zena, argi eta garbi jarri zen alderdiaren kontra.1989 eta 1991eko hauteskundeetan botoak galtzen segitu zuen PSOEk; baina, hala ere, boto gehien zituen alderdia izaten jarraitu zuen. Bestalde, arazo handiak izan zituen urte horietan, alderdi barneko joerak zirela eta. Ustelkeria eta GAL kasuek itzal egin zioten 1996an, eta PP garaile atera Espainiako hauteskunde orokorretan.
2014ko abenduaren 1ean, PSOE lan-astea 35 ordura murriztearen aurka eta erretiro adina 67 urtera luzatzearen alde agertu zen.[1] Alderdia Espainiako monarkiaren prerrogatiba bereziak iraunaraztearen alde nabarmendu da, Espainiako eskuin eta eskuin muturrarekin bat eginez,[2][3] baita errege emerituaren diru xahuketa kontrolgabea (black txartelak) ikertzearen kontra ere 2021eko urtarrilean.[4] Erregearen erantzukizun ezaren aldeko hautua berretsi zuen 2022ko ekainean, Vox eta PP alderdiekin bat eginez Espainiako Kongresuan horretarako.[5]
XIX. mendeko PSOEren programa
aldatu"Kontuan hartuta oraingo gizartearen oinarri bakarra klaseen arteko kontrakortasuna dela; gure egunetan kontrakortasun horrek jadanik goia jo duela, argi eta garbi ikusten denez gero eta gutxiago direlako aberats-aberatsak eta beti handitzen hari delako behartsu-behartsuen multzoa; aberatsek pobreak esplotatzeko arrazoi bakarra haiek lurra, makinak eta gainerako lantresnen jabe izatea dela; jabetza hori aginte politikoari esker ziurtatuta daukatela, gaur egun agintea zapaltzailearen, hau da, erdiko klasearen esku dagoelako; (...).
Arrazoi guztiok direla eta, Espainiako Langile Alderdi Alderdi Sozialistak adierazten du bere helburua zera dela: Klaseak indargabetzea, hau da, langileen emantzipazio osoa. Norbanakoaren jabetza jabetza sozial edo gizarte osoarena bihurtzea. Langileen klaseak edukitzea aginte politikoa.
Eta helburu hori betetzera hubiltzeko berehalako bitartekoak hurrengoak: askatasun politikoak. Koaliziorako eskubidea edo grebak legezkoak izatea. (Lan) Orduak gutxitzea. Bederatzi urtetik beherako umeek lan egitea galaraztea. (...) Langileen bizitza eta osasuna babesteko legeak (...). Zaintzeko batzordeak sortzea, beharginek aukeratuta, bizi diren gelak, meategiak, lantegi eta tailerrak ikusteko (...) Lehen eta bigarren hezkuntzarako doaneko eskolak eta lanbide eskolak sortzea (...) Arma zerbitzua derrigorrez eta denentzat edo herri milizia (...) Estatuak garraio eta zirkulazio bide guztiak bere gain hartzea, baita meategiak, basoak, eta abar eta abar (...)".
Madril, 1879ko uztailak 9.
Buruzagi historikoak
aldatuLurralde federazioak
aldatu
|
|
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Pedro Sanchez, lan-astea 35 ordura murriztearen aurka», EiTB, 2014-12-01
- ↑ (Gaztelaniaz) Castro, Irene. «PP, PSOE y Ciudadanos apoyan que las injurias a la Corona sigan siendo delito pese al varapalo de Estrasburgo» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-03-10). «PSOE, PP y Vox impiden que se investiguen las irregularidades de Juan Carlos de Borbón» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) Castro, Aitor Riveiro, Irene. (2021-01-12). «El PSOE votará en contra de investigar en el Congreso las tarjetas opacas del rey emérito pese al informe favorable de los letrados» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «PSOE, PP y Vox vetan una propuesta del PNV para limitar la inviolabilidad del rey» Newtral 2022-06-14 (Noiz kontsultatua: 2022-06-14).
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) PSOEren webgune ofiziala
- Euskadiko Alderdi Sozialista
- (Ingelesez) Europako Sozialistak
- (Gaztelaniaz) El Socialista, PSOEren hilabetekaria