Elizabeth II.a Erresuma Batukoa
Elizabeth II.a Erresuma Batukoa,[1] jaiotzez, Elizabeth Alexandra Mary Windsor (Londres, 1926ko apirilaren 21a - Balmoral gaztelua, Eskozia, 2022ko irailaren 8a) Erresuma Batuko erregina izan zen. Bere titulu ofiziala Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuko eta beste erresuma eta lurraldeetako Elizabeth II.a erregina, Commonwealth burua eta fedearen babeslea zen. Horrez gain Antigua eta Barbuda, Australia, Bahamak, Barbados, Belize, Fiji, Gambia, Ghana, Grenada, Guyana, Hego Afrika, Jamaika, Kanada, Kenia, Malawi, Malta, Maurizio, Nigeria, Pakistan, Papua Ginea Berria, Saint Kitts eta Nevis, Santa Luzia, Saint Vincent eta Grenadinak, Salomon Uharteak, Sierra Leona, Tanganika, Trinidad eta Tobago, Tuvalu, Uganda, Zeelanda Berria eta Zeilango erregina izan zen.
1952ko otsailaren 6an hartu zuen tronua eta bertan denbora gehien eman duena da, orain arte iraupen-errekorra zeukan Viktoria erreginaren erreginaldiari jo eta pasa egin ondoren.
Elizabeth IIaren bisita esanguratsuenen artean Ipar Irlandara eginiko bisita edo Aita Santuarekin izandako bisitak dira. Gainera, erregina honek bere herrialdeko konstituzioan hainbat aldaketa ikusi ditu, baita konstituzio Kanadarraren zatiketa ere. Horretaz aparte, bere lurraldeak hartzen zituzten gerra bat baino gehiagotan zehar izan da erregina.
Bizitza
aldatuElizabeth Alexandra Mary Windsor Londresko Mayfair auzoan jaio zen 1926ko apirilaren 21ean, eta etxean hazitako umea izan zen. Yorkeko duke ziren Alberto Printzearen eta Elisabeten alaba zaharrena zen, Jurgi V.a eta Maria errege-erreginen lehen biloba eta errege familian jaiotako lehen emakumea, 1897an Maria Printzesa jaio zenetik. Aitaldeko lerrotik erregearen biloba izateagatik, Elizabeth Yorkekoa printzesa tituluarekin jaio zen.
Hasiera batean, ez zuten erregina izango zenik aurreikusi, bere aita bigarren baitzen ondorengotzako lerroan, baina 1936an, Elizabethek 10 urte zituenean, bere osaba Eduardo VIII.ak abdikatu egin zuen, Wallis Simpson amerikar dibortziatuarekin ezkondu nahi zuela-eta; horrela igo zen tronura anaia gazteagoa, Jurgi VI.a, Elizabethen aita, eta horrelaxe etorriko zitzaion erregina izateko aukera Elizabethi. Amona Mariak zainduko zuen Elizabethen eta haren ahizpa Margaritaren heziketa.
Bigarren Mundu Gerra garaian, izan zuen jendaurreko lehen agerraldia, gerraren ondorio latzak nozitzen zituzten haurrei buruz irratiz hitz egin zuenean. Gainera, garai honetan kargu publikoak hartzen hasi zen, Lurraldeko Laguntzaile Zerbitzuan aritu baitzen urte horietan zehar. 1945en, berriz, emakume boluntarioekin batera aritu zen lanean, gerran ari ziren indar britainiarrei laguntza emanez.
1948an, atzerrirako lehen bidaia egin zuen, bere gurasoekin batera, Hegoafrikara bidaiatuz. Hantxe eman zuen irratiz ospe handia hartuko zuen Nazioen Mankomunitate Britainiarrari zuzendutako hitzaldia, bere bizitza osoa herriari eskainiz.
-
Jurgi VI.a eta Elizabeth errege-erreginak, Elizabeth II.aren gurasoak
-
Elizabeth, 1929an
-
Mary erregina, Elizabethekin eta Margaretekin
Ezkontza
aldatuAitaren gustuko ez bazen izan ere, 1948ko azaroan, Elizabeth Filipe Mountbattengoarekin, Edinburgheko dukea izango zenarekin, ezkondu zen. 1934-1937 urteetan hasi zen lehengusu txiki hauen arteko harremana. 1939an, Dartmouthen elkartu zirenean, 13 urteko neskatila besterik ez zen Elisabet maiteminduta zegoen erabat Filipe Mountbattengoarekin eta gutunak aurrera eta atzera hasi ziren. 1947ko uztailaren 9an jakinarazi zuten ofizialki bere konpromisoa.
Harremanak eztabaida piztu zuen: Filipe Mountbattengoa ez zen kapital handiko gizona, atzerrian jaioa zen eta noblezia naziko kideekin ezkondutako arrebak zituen. Hala ere, konpromisoak aurrera egin zuen eta, ezkondu aurretik, Filipe Mountbattengoak greziar eta daniar tituluei uko egin, eliza ortodoxoa utzi eta anglikanismora etorri zen. Ezkontzaren bezperatan, Edinburgheko duke egin zuten eta Errege Gorentasun titulua esleitu zioten.
Elizabet eta Filipe Mountbattengoa 1947ko azaroaren 20an ezkondu ziren Westminsterreko Abadian. Gerra ondorengo garai zail haietan, Elizabetek errazionamendu kupoiak erabili behar izan zituen Norman Hartnellek diseinatu zion soinekoa egin ahal izateko. Ez zen senargaiaren koinadu alemaniarrentzako lekurik izan eta Eduardo VIII.a Erresuma Batukoa ere ez zuten gonbidatu.
Seme-alabak
aldatuHurrengo seme-alabak izan zituzten:
- Karlos, Galeseko printzea (1948ko azaroaren 14an jaioa). Tronuaren oinordeko, Lady Diana Spencerrekin (1961-1997) ezkondu zen 1981eko uztailaren 29an eta, 1996ko abuztuaren 28an, dibortziatu. 2005eko apirilaren 9an, Camilla Parker-Bowlesekin ezkondu zen. Bi seme ditu: Galeseko Guillermo (j. 1982ko ekainaren 21ean) eta Galeseko Henrike (j. 1984ko irailaren 15ean).
- Ana, printzesa (1950eko abuztuaren 15ean jaioa), 1973ko azaroaren 14an ezkondu zen Mark Phillipsekin (1948ko irailaren 22an) eta, 1992ko apirilaren 28an, berriz, dibortziatu. 1992ko abenduaren 12an berriz ezkondu zen, oraingoan, Timothy Laurencerekin (1955eko martxoaren 1ean jaioa). Bi seme-alaba izan zituen: Peter Phillips (j. 1977ko azaroaren 15ean) eta Zara Phillips (j. 1981eko maiatzaren 15ean)
- Andres, Yorkeko dukea (1960ko otsailaren 19an jaioa), Sarah Fergusonekin (j. 1959) ezkondu zen 1986ko uztailaren 23an eta, 1996ko maiatzaren 30ean, dibortziatu. Bi alaba izan zituzten: Beatriz Yorkekoa (j. 1988ko abuztuaren 8an) eta Eugenia Yorkekoa (j. 1990eko martxoaren 23a).
- Eduardo, Wessexeko kondea (j. 1964ko martxoaren 10a), Sophie Rhys-Jonesekin (j. 1965) ezkondu zen 1999ko ekainaren 19an. Bi seme-alaba izan zituzten: Lady Luisa Windsor (j. 2003ko azaroaren 8a) eta Jakob, Severneko Bizkondea (j. 2007ko abenduaren 17a).
Erresuma Batuko erregina
aldatu1952an, Elizabeth Kenyan zen bidaia ofizial batean, aitaren heriotzaren eta erregina zen berri izan zuenean. Zegokion dolu epearen ondoren, 1953ko ekainaren 2an, koroatu zuten Londresko Westminster abadian.
-
Elizabeth eta Philip, 1953an
Bere erregealdian, Erresuma Batuak arazo ezberdinei egin behar izan die aurre, bai errege familiari dagokionez -1992an, oinordekoa zen Karlos eta Diana Spencerren dibortzioa izan zen-, baita nazioarteko politikari dagokienak ere. Ipar Irlandako nazionalismoak lan asko eman zuen 2004an biolentziarekin bukatu zuten arte; 1982an, berriz, Malvinetako Gerra izan zen Argentinaren aurka eta, 2003an, Tony Blair, lehen ministro ohiak, Azoreetako Ituna sinatu zuen AEBetako George W. Bush eta Espainiako José María Aznarrekin.
Bere erregealdiak izandako gobernuak
aldatuElizabethen erregealdian Alderdi Laborista eta Alderdi Kontserbadorea tartekatu dira behin eta berriro. Gobernu horietako Lehen Ministro ondorengoak izan dira:
- Winston Churchill (Kontserbadorea, 1951-1955); bigarren aldiz gobernuan, herrialdea gidatu zuen Bigarren Mundu Gerraren ostean eta Frantziari Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan eserleku iraunkor bat ematearen alde agertu zen. Bere agintaldian, anglo-iraniar haserreak izan ziren (1951-1953), Kenyako Mau Mauren altxamenduak (1951) edo 1957an independentzia eskuratuko zuen Malasiaren arazoa.
- Anthony Eden (Kontserbadorea, 1955-1957); 1956an, Erresuma Batuak Egipto inbaditzearen alde egin ondoren, dimititu egin zuen.
- Harold Macmillan (Kontserbadorea, 1957-1963); AEBetan egon zen maiz, Kennedy presidentearekin harremanak estutzearren.
- Alec Douglas-Home (Kontserbadorea, 1963-1964); nahiz eta bere gobernua oso motza izan, erreginarekin harreman estuagoa izan zuen.
- Harold Wilson (Laborista, 1964-1970 eta 1974-1976); Rodesiaren (egungo Zimbabwe) independentzia deklaratu zuen 1965an.
- Edward Heath (Kontserbadorea, 1970-1974).
- James Callaghan (Laborista, 1976-1979); gatazka ezberdinak sortu ziren bere agintaldian Eskozia, Gales eta Ipar Irlandan.
- Margaret Thatcher (Kontserbadorea, 1979-1990); Argentinari gerra deklaratu zion 1982an, Pinocheten diktadore txiletarraren laguntzarekin eta indar militar indartsuagoarekin Malvina uharteen kontrola berreskuratzearren. Indar paregabearen jabe, Malvinetako Gerra irabaztea lortu zuen, ohore aberkoi izugarria askatuz Erresuma Batuan, lehen ministroaren ospea ezbaian zegoen garaian.
- John Major (Kontserbadorea, 1990-1997); honen agintaldian zehar ustelkeria politikoaren inguruko eskandaluak izan ziren. 1994ko irailaren 1ean, 20 urte baino gehiago borrokan zeraman IRAren su-etena lortu zuen. 1995ean, dimisioa aurkeztu zuen Alderdi Kontserbadoreko buruzagi paperean.
- Tony Blair (Laborista, 1997-2007); gogor kritikatua izan zen, AEBekin batera, Irakeko inbasioan parte hartzeagatik eta Saddam Husseinek suntsitze masiboarentzako armak zeuzkala defendatzeagatik. Europarako konstituzio baten aldeko erreferenduna egingo zuela agindu zuen. 1994an, IRAk su-etena aldarrikatu zuen, baina tregua hautsi eta borrokan jarraitu zuen, 2005eko uztailaren 28an, behin betiko borroka armatua utzi zuen arte. 2007an, Ipar Irlandako gobernu autonomo berria osatu zen.
- Gordon Brown (Laborista, 2007-2010); Finantza Ministro ohia, gobernura iritsi zen, 2007an, Blairrek gobernua utzi ondoren.
- David Cameron (Kontserbadorea, 2010-2016); 2010eko hauteskundeetan alderdi batek ere ez zuen erabateko gehiengorik lortu. Hori zela eta, Cameronek liberal demokratekin koalizio ituna osatu zuen.
- Theresa May (Kontserbadorea, 2016-2019)
- Boris Johnson (Kontserbadorea, 2019tik gaur arte)
Aginteak
aldatu- Koroa: Subiranoa eta Gobernua ordezkatzen ditu aldi berean. Koroa erreginari ematen zaio, baina orokorrean, Legebiltzarraren aurrean erantzun behar duten ministroek betetzen dituzte funtzioak. Hala ere, gobernuaren ekitaldi garrantzitsu askotan erreginaren parte hartzea beharrezkoa izaten da.
- Legebiltzarra: Erreginak konbokatzen du eta hura luzatu eta disolbatzeko ahalmena dauka. Orokorrean, urtero inauguratzen du Legebiltzarreko saioen garaia bere tronutik gobernuak idatzitako hitzaldi bat emanez eta honen programa argituz. Lege proiektu bat lege bihurtu baino lehen, erreginak onartu behar du, Legebiltzarreko bi ganberatan jakinaraziz.
- Justizia: Erreginak barka dezake edo delitu bategatik kondenatuei errukia erakutsi. Legearen arabera, Erreginak, norbanakoa den heinean, ezin du deliturik egin: immunitatea du epai zibil edo penaletan eta ezin da justizia tribunalen aurrean demandatua izan. Errege familiako gainontzeko kideek ez dute immunitate bera.
- Ohoreak eta izendapenak: Erreginak titulu ezberdinak esleitzeko boterea du, par, zaldun eta beste hainbat. Orokorrean, Lehen Ministroaren gomendioz egin ohi du, baina bere kabuz ere egin izan du.
- Kanpo Politika: Atzerriko ordezkari diplomatikoak erreginaren aurrean akreditatzen dira. Berak du itunak sinatu, gerra deklaratu edota bakea egiteko boterea; baita estatu eta atzerriko gobernuak onartzeko eta lurraldeak batu edota emateko ere.
- Errege Kontseilua (Privy Council): Erreginak presiditzen ditu bilerak. Bilera hauetan, Kontseiluaren Ordenak aprobatzen dira.
Legebiltzarrak badu eskubide hauek murrizteko ahalmena. Nazioaren bizitzako alde ezberdinez informatua izateko eskubidea du eta iritzia eman dezake ministroek azter dezan.
-
Karlos, Galeseko printzea
-
Lady Di, Galeseko printzesa izandakoa
Bitxikeriak
aldatu- Une honetan, britainiar koroak historia osoan zehar izan duen erregina zaharrena da. Errekorra bere herenamonak zuen, Viktoria erreginak, 81 urte, 7 hilabete eta 29 egun bizi izan zena, baina Elizabethek irabazi zion 2007ko abenduaren 21ean, Londresko 17:00etan.
- Ezteien 60. urteurrena ospatu zituen lehen erregina izan zen.
- Bere erreinaldian jaiotako lehen ministro bat (Tony Blair) izan duen erregina bakarra izan da.
- Elizabeth II.a denbora gehien daraman erregina da. 2015eko irailaren 9an, Viktoria erreginaren erreinaldia gainditu zuen, Britainiar Uharteetan denbora gehienez erreinatu duen erregina bihurtuz.
- 640 milioiko ondarea kalkulatzen zaio eta bere jabegoa osatzen duten jauregiek 2.400 milioi dolarretaraino igotzen dute bere aberastasuna.
- Elizabeth II. bere senarraren lehengusu da 3. graduan, biak baitira Viktoriaren oinordeko, eta 2.ean Danimarkako Kristian IX.a erregearen aldetik.
Genealogia
aldatuErreferentziak
aldatuBibliografia
aldatu- Bond, Jennie (2006). Elizabeth: Eighty Glorious Years. London: Carlton Publishing Group. ISBN 1-84442-260-7
- Bousfield, Arthur; Toffoli, Gary (2002). Fifty Years the Queen. Toronto: Dundurn Press. ISBN 978-1-55002-360-2
- Bradford, Sarah (2002). Elizabeth: A Biography of Her Majesty the Queen. Second edition. London: Penguin. ISBN 978-0-141-93333-7
- Bradford, Sarah (2012). Queen Elizabeth II: Her Life in Our Times. London: Penguin. ISBN 978-0-670-91911-6
- Brandreth, Gyles (2004). Philip and Elizabeth: Portrait of a Marriage. London: Century. ISBN 0-7126-6103-4
- Briggs, Asa (1995). The History of Broadcasting in the United Kingdom: Volume 4. Oxford: Oxford University Press. ISBN 0-19-212967-8
- Campbell, John (2003). Margaret Thatcher: The Iron Lady. London: Jonathan Cape. ISBN 0-224-06156-9
- Crawford, Marion (1950). The Little Princesses. London: Cassell & Co.
- Hardman, Robert (2011). Our Queen. London: Hutchinson. ISBN 978-0-09-193689-1
- Heald, Tim (2007). Princess Margaret: A Life Unravelled. London: Weidenfeld & Nicolson. ISBN 978-0-297-84820-2
- Hoey, Brian (2002). Her Majesty: Fifty Regal Years. London: HarperCollins. ISBN 0-00-653136-9
- Lacey, Robert (2002). Royal: Her Majesty Queen Elizabeth II. London: Little, Brown. ISBN 0-316-85940-0
- Macmillan, Harold (1972). Pointing The Way 1959–1961 London: Macmillan. ISBN 0-333-12411-1
- Marr, Andrew (2011). The Diamond Queen: Elizabeth II and Her People. London: Macmillan. ISBN 978-0-230-74852-1
- Neil, Andrew (1996). Full Disclosure. London: Macmillan. ISBN 0-333-64682-7
- Nicolson, Sir Harold (1952). King George the Fifth: His Life and Reign. London: Constable & Co.
- Petropoulos, Jonathan (2006). Royals and the Reich: the princes von Hessen in Nazi Germany. New York: Oxford University Press. ISBN 0-19-516133-5
- Pimlott, Ben (2001). The Queen: Elizabeth II and the Monarchy. London: HarperCollins. ISBN 0-00-255494-1
- Roberts, Andrew; Edited by Antonia Fraser (2000). The House of Windsor. London: Cassell & Co. ISBN 0-304-35406-6
- Shawcross, William (2002). Queen and Country. Toronto: McClelland & Stewart. ISBN 0-7710-8056-5
- Williamson, David (1987). Debrett's Kings and Queens of Britain. Webb & Bower. ISBN 0-86350-101-X
- Wyatt, Woodrow; Edited by Sarah Curtis (1999). The Journals of Woodrow Wyatt: Volume II. London: Macmillan. ISBN 0-333-77405-1
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Erresuma Batuko Errege Etxeko webgune ofiziala
Aurrekoa Jurgi VI.a Erresuma Batukoa |
Erresuma Batuko erregina 1952ko otsailaren 6a – 2022ko irailaren 8a |
Ondorengoa Karlos III.a Erresuma Batukoa |