Voltaire
- Beste esanahietarako, ikus «Voltaire (Parisko metroa)».
Voltaire, benetako izenez François-Marie Arouet, (Paris, 1694ko azaroaren 21a - Paris, 1778ko maiatzaren 30a) frantziar historialari, idazle, abokatu eta filosofoa izan zen. Ilustrazioaren pertsonaia nabarmenenetako bat izan zen. Voltairek tolerantzia defendatu zuen gauza guztien gainetik.[1]
Arteen eta zientzien zale amorratua, entziklopedisten lagun eta laguntzailea, Voltairek bere garaian arrastoa utzi zuen ekoizpen literarioaren eta konpromiso politikoen bidez. Hezitako klaseetan izan zuen eragina nabarmena izan zen Frantziako Iraultzaren aurreko hamarkadetan eta XIX. mende osoan zehar, bereziki zirkulu burges antiklerikaletan.[2] Erlijio errebelatuen aurkari gupidagabeak garai guztietako fanatismo erlijiosoa salatu zuen bere Hiztegi filosofikoan, bai Frantzian, bai beste herrialde batzuetan ere.[3] Bere ospea erlijio-intolerantziaren edo arbitrariotasunaren biktimei laguntzeko erabili zuen, ospetsu egin zituen kasuetan posizioa hartuz: Calas afera (1762), Sirven afera (1764), La Barre zaldunaren afera (1766) eta Lally-Tollendaleko kondearen afera (1766).
"Filosofoek" ilustratutako Monarkia moderatu eta liberal baten aldekoa izan zen. Bere eredua 1688ko iraultzatik sortutako gobernu britainiarraren sistema izan zen; 1726tik 1728ra Ingalaterran egon zen bitartean ikusi ahal izan zuen sistema hori. Bestalde, Rousseau ez bezala, ez zen erregimen errepublikanoaz fidatzen.[4]
Voltaire izengoitia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Voltaire izengoitiari buruzko hainbat hipotesi daude. Oso onartua den bertsio batek dio Petit Volontaire (boluntario txikia) izenetik eratorria dela. Bere familiakoek, antza, filosofoa umea zenean erabiltzen zuten. Hala ere, badirudi bertsiorik sinesgarriena Voltaire Arouet L (e) J (eune) -ren (Arouet, gaztea) anagrama dela, alfabeto latinoaren letra larriak erabiliz.[5] Beste hipotesi batzuk ere badaude: bere amak zeukan feudo txiki baten izena izan zitekeen, esaterako. Esan izan da baita ere antzinako frantsesez voulait faire taire ("isilarazi nahi zuen", hortik vol-taire) esan nahi zuen aditz-sintagma izan daitekeela; bere pentsamendu berritzailea dela eta, re-vol-tair ("iraulkaria") hitzaren silabak ere izan daitezke.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]François-Marie Arouet Parisen jaio zen, legegile-familia burges batean. Gurasoak François Arouet (1650-1722) eta Marie Marguerite d'Aumard (1660-1701) ziren.[6] Bost anai-arreba izan zituen, eta guztietan gazteena izan zen Voltaire; anaietako bi oso gazte hil ziren. Zazpi urte zituela, ama hil zitzaion; harrezkero, dirudienez, isolaturik bizi izan zen familiaren barruan, besteak beste, aitarekin oso ondo konpontzen ez zelako. Anaietako batekin ere liskar ugari izan zituen, hura jansenista zen-eta. Arreba Margueriterekin eta haren bi alabekin izan zituen maitasunezko harreman sendoenak, eta denboraldi batez iloba haietako bat maitale izan zuen. Voltairek Louis-le-Grand jesuiten eskolan egin zituen oinarrizko ikasketak (1704-1711), eta ondoren, nolabait beharturik, epaile-ikasketak hasi zituen. Baina, berehala utzi zituen goi-mailako ikasketak, eta idazteari ekin zion buru-belarri. Hasiera nahasia izan zuen Voltairek literaturan: Filipe II.a, Orléansko Dukearen erreinaldian nagusi zen askatasunaz baliaturik, erregeak bere alabarekin sexu-harremanak zituela eman zuen aditzera Voltairek poema batean.[7]
Idatzi haren ondorioz, erbesteratu egin zuten. Parisa itzuli zenean, beste bi poema iraingarri idazteagatik kondenatu zuten berriz ere. 1718an Oedipe (Edipo) eta 1725ean Marianne (Mariana) tragediak idatzi zituen, eta bi tragedia horiek eman zioten, hain zuzen, ospea. Edipo lanean Voltaireren pentsamenduaren bi gai nagusi azaltzen dira, optimismo morala batetik; eta bestetik, jainkoak hartzea gizakien akatsen erantzuletzat. Voltaireren bizitzako beste gertaera aipagarri bat Rohango zaldunarekin izan zuen auzia izan zen; izan ere, zaldunak, eztabaida baten ondoren, bere zerbitzariei agindua eman zien Voltaire zigortzeko.
Voltaire, berriz, zaldunarekin duelu bat prestatzen saiatu zen, eta ondorioz, La Bastillera eraman zuten preso (1726).[8] Berehala askatu zuten, baina Paristik alde egiteko baldintzarekin. Voltaire, orduan, Ingalaterrara joan zen, eta han bizi izan zen 1729. urtera arte. Ingalaterran bizi izan zen urteetan harremanak izan zituen Jurgi I.aren gortearekin, eta garai hartako pertsonaia eta idazle ospetsuenak ezagutu zituen. 1728an Henriade idatzi zuen, Henrike IV.aren lana goraipatzen zuen poema. Frantziara itzuli zenean, Lettres philosophiques (1734, Filosofia-eskutitzak) argitaratu zuen; ingelesen tolerantzia-ereduaren oinarriak goraipatzen zituen lan horretan. Liburu horren ondorioz, preso hartzeko agindua eman zuten, eta ihes egin behar izan zuen. Suitzara alde egin zuen lehenbizi, eta ondoren Lorrenara ; azkenik, maitale zuen Mme. de Chatelet-en gazteluan jarri zen babesean.
1733an Madame du Châtelet-en maitale bihurtu zen. Émilie du Châteletek 27 urte zituen, Voltaire baino hamabi urte gazteagoa. Bere babesle izandako Breteuilgo baroiaren alabak hamasei urtez erabaki zuen idazlearen bizitzaren norabidea, ia ezkontza-egoeran egongo balira. Bere senarrak, bere errejimenduko buru zela Europan zehar bidaiatzera deitua zegoen militar batek, emakumeari ez zion leialtasunik eskatzen, baldin eta itxurak gordetzen bazituen, eta Voltairek, "familiaren lagunak", arau hori errespetatzen jakin zuen. Ikasketarako grina amankomunean zuten eta, bere lagunaren eraginpean, Voltairek zientziarekiko grina ezagutu zuen. "Harengandik pentsatzen ikasten du pentsatzen", esan zuen.[9] Émiliek funtsezko papera bete zuen "filosofo" bihurtzeko letra-gizonaren metamorfosian. Diplomazia irakatsi zion eta bere suhartasun desordenatua geldiarazi zuen. Hamar urteko zoriona bizi izan zuten elkarrekin. Gero grina hoztu egin zen. Desleialtasunak elkarrekikoak izan ziren (Voltaireren iloba, Denis andrea, haren maitale bihurtu zen 1745aren amaieran. Émilie du Châtelet sutsuki maitemindu zen Saint-Lambertekin 1748an), baina, hala ere, ez ziren banandu: bi izpirituen arteko ulermena izan zen indartsuena. Émilie 1749an hil zenean, ez zen inoiz ordezkatua izan. Denis andreak, Voltairek maiteko zuenak, bere etxea gobernatuko zuen, baina ez zen inoiz haren aholkulari izango.
1735ean kendu zioten zigorra, eta lan eta lan hasi zen: lan historikoak, tragediak, eleberriak, gai filosofiko eta politikoei buruzko bertsoak, etab. idatzi zituen. Bestalde, Prusiako Frederiko II.arekin eskutitz bidezko harremana hasi zuen, eta 1750ean haren gortera joan zen. Berlinen argitaratu zen Le siecle de Louis XIV (Luis XIV.aren mendea) lanaren lehenengo argitalpena. Baina, Voltaire oso pertsona independentea zen, eta berehala puskatu zuen errege filosofoarekin zuen harremana; azkenik, 1753an Prusia utzi, eta Seroneseko abadian denboraldi luzean egon ondoren -material ugari bildu zuen bertan bere lan historikorako-, Genevatik hurbil zegoen herri batera joan zen, Les Delices, izena eman zion herrira hain zuzen. Garai horretan idatzi zituen, besteak beste: La Pucelle (1755, Neskatxa), Joana Arc-ekoaren parodia lotsagabea; La loi naturelle (1756, Lege naturala), moral deistaren azalpena bertsotan, eta Essais sur les moeurs (1956, Ohiturei buruzko saiakera), historiaren filosofiaren lan handia.
1758an Ferneyko gaztelua erosi zuen -Frantziako lurraldean, baina Suitzako mugatik hurbil-, eta han hartu zuen bizilekua.[10]
Hurrengo urteetan, historiaren eta politikaren alorrean Voltairek idatzi zituen lan nagusietako batzuk argitaratu ziren: lan horien gai nagusia erlijio-fanatismoaren aurkako borroka zen. Iluminismoaren aitalehen izan zen, eta Europako kultura-gizon ospetsuenekin eta printzeekin izan zituen harremanak. 1778. urtea arte ez zen Parisa itzuli; han ospe handiz hartu zuten Academien-n, eta arrakasta handiarekin estreinatu zen Irene tragedia, Voltaire hil baino bi hilabete lehenago. Hil baino lehen, Elizaren kontra esandako guztiak zuzendu zituen kapilau baten aurrean, eta bakeak egin zituen Elizarekin. Hilerri kristau batean lurperatu zuten, bihotzik eta garunik gabe (bihotza Villetteko markesaren esku gelditu zen -gaur egun, Parisko Nazio Galerian dago-, eta garuna familiaren zerbitzari izan zen Mithouart jaunaren esku).[11]
Filosofoa, historialaria eta idazlea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/c/cb/Voltaire_Philosophy_of_Newton_frontispiece.jpg/200px-Voltaire_Philosophy_of_Newton_frontispiece.jpg)
![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/8/89/VoltaireCandidFrontis%2BChap01-1762.jpg/200px-VoltaireCandidFrontis%2BChap01-1762.jpg)
Voltairek lan ugari idatzi zituen; 1828an Bachautek prestatu zuen edizio kanonikoa (1877an Molandek osatua) 52 liburukik osatzen dute. Genero guztiak landu zituen: poesia, antzerkia, ipuinak, saiakera, historia-liburuak, liburuxkak, aforismoak, artikuluak, tratatuak. Bestalde, Voltairek etorkizunean izan zuen eragina haren obraren neurriaren araberakoa izan zen. Inork ez bezala irudikatu zuen Voltairek Ilustrazioaren espiritua. Horretaz gainera, pentsalari gisa ere eragin handia izan zuen bai ideietan, bai ohituretan, baita zibilizazioan ere, eta zenbait estiloren eta jarreraren erreferentzia izan zen.
Voltaireren ezaugarri nagusietako bat bere literatura-, filosofia-, historia- eta politika-lanen arteko lotura estua da. Antzerki klasikoaren ereduak sentimenduen adierazpenera egokitzeko eta malgutzeko saiakera izan ziren Voltaireren tragediak, estetikari dagokionez; hala ere, Voltaireren beraren ideia filosofiko eta politikoen hedabide izatea izan zen lan horien balio nagusia. Voltaireren tragedia nagusiak, aipatuez gainera, hauek izan ziren: Brutus (1730), Mahomet (1742, Mahoma), Les scytes (1767, Eszitak). Tragedien ezaugarri horiexek beroriek aurkitu daitezke Voltaireren bertso-lanetan: Henriade, Discours sur l'homme (1738, Gizakiari buruzko hitzaldia), La loi naturelle, Poeme sur le desastre de Lisbonne (1756, Lisboako hondamenari buruzko poema).
Ipuinetan eta kontakizun laburretan bere gaitasun ironikoaz baliatzen da Voltaire garai hartako bizitza politikoa eta zibila satirizatzeko eta haren proposamen berriak azaltzeko. Candide (1759, Kandido) da eleberri labur ospetsuena, eta Leibniz-en optimismoari kontra egiteko eta pentsaera horren alderdi komikoa eta absurdua erakusteko idatzi zuen. Era horretako lanak dira Zadig (1748), Micromegas (1752) eta L'ingenu (1767, Inozoa). Voltairek idatzi zuen filosofia-lan nagusiak ere, Elements de la philosophie de Newton (1736, Newtonen filosofiaren elementuak), errebindikazio-helburua du, zeinetan behaketa zientifiko modernoaren eta lege naturalen alde egiten duen, deismo hutsaren testuinguruan.
Voltaireren lanek historiografiako metodologia berri baterako bidea zabaldu zuten: Voltairek herrien garapenaren eta kulturaren interpretazio laiko eta globala egiten zuen, gertaera militar eta dinastikoen deskribapena egin ordez. Luis XIV.aren mendea lanean, Voltairek balorazio positiboa egiten du Eguzki erregeak lortutako emaitzen inguruan -estatuaren bizitza modernizatzea, Europan nagusitasuna lortzea- ; horretaz gainera, erreinaldi hartan nagusi izan ziren autoritarismoa eta erlijio-tolerantziarik eza kritikatzen ditu. Ohiturei buruzko saiakera-lanean, berriz, bilakaera zibilaren arrazoiak historia unibertsalaren barnean bilatzen ditu, eta gertaeren analisi zorrotza batetik, eta bestetik, iritziaren indar erakargarria, lotzen ditu. Lan horretan, bestalde, Serveti buruz idatzi zuen kapitulu baten ondorioz, arazoak izan zituen kalbinistekin. Iraultza aurreko Frantzian indar handia izan zuen Voltaire politikariak : Traité sur la tolerance (1763, Tolerantziari buruzko tratatua), Dictionnaire philosophique (1764, Filosofia-hiztegia), Idées republicaines (1763, Errepublikaren aldeko ideiak), A.B.C (1768).
Erlijio-fanatismoaren kontrako borrokak Voltaireren eremu intelektual guztia hartzen zuen. Gogoeta historikoaren bidez, Voltaireren pentsamenduak heldutasun-maila gorena eta ikuspegi kritiko zabala iristen ditu, eta hori guztia etorkizunerako mezu batean laburtzen da: absolutismo ilustratua onartu ordez, askatasun zibila eskatu. Voltairek itxaropen osoa zuen poesia-lanekin iritsiko zuela betiereko ospea. Gaur egun, ordea, Candide lana jende askok ezagutzen du, eta haren bertso-lanak, aldiz, ez dira ia irakurtzen. Voltaireren iritzirako, narratiba egokiagoa zen egintza intelektualerako jardun literariorako baino. Hala ere, Voltairek narratzaile gisa egin zituen hogeita hamar urteetan oso bide luzea egin zuen; antzinako gero eta narrazio material eta egitura gehiago erabili zituen, eleberri pikareskoa eta exotismoa besteak beste, eta, aldi berean, gero eta gehiago lotu zitzaion fikzioari, alegia ilusioaren eta akatsaren idazketari. Idazketa horretatik abiatuta, tresna berezi eta eraginkorra osatu zuen metafisika gaitzesteko. Voltaireren estiloa oso ondo egokitzen zen berak iritsi nahi zituen helburuetara. Erretorikako konbentzioak baztertu zituen, eta hizkuntza zuzena erabili zuen: zartada moduko esaldiak osatzen ditu, doinu lehor eta sendokoak. Elkarrizketa izan zen Voltairek gehien erabili zuen baliabideetako bat, haren iritziak beste pertsonaia baten ahotan jartzeko aukera ematen baitzion elkarrizketak.[12]
Lan nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/f/fe/VOLTAIRE_Lettres_sur_les_Anglois_Titel-3.jpg/250px-VOLTAIRE_Lettres_sur_les_Anglois_Titel-3.jpg)
Arrazonatzaile eta polemista nekaezina, bere garaiko filosofoa, bere garaiko errealitatea arretaz aztertu zuen historialaria, bere borondatez istorio zaharrak ahaztuz, poeta, antzerkigilea, planfetoen idazlea, artikulugilea eta narratzailea izan zen.[13] Voltairek lan izugarria utzi zigun, aldi berean bere mendeko paradigmarik leialena dena, arrazoiaren eta argien mendea. Voltaire idatzitako lanen bolumena handia da. Hona hemen ezagunenak:
- Histoire de Charles XII, 1730.
- Cartes filosòfiques, 1734.
- Le mondain, 1736.
- Traité de métaphysique, 1736.
- Essai sur la nature du feu, et sur sa propagation, 1738.
- Éléments de la philosophie de Newton, 1736.
- Zadig, ou la destinée, 1747.
- Le monde comme il va, 1748.
- Le siècle de Louis XIV, 1751.
- Micromégas, (1752).
- Poème sur le désastre de Lisbonne, 1756
- Essai sur les mœurs et l'esprit des nations, 1756
- Histoire des voyages de Scarmentado, 1756
- Candide, ou l'Optimisme, 1759.
- Histoire d’un bon bramin, 1761.
- Diccionari filosòfic portàtil, 1764.
- Jeannot et Colin, 1764.
- De l'horrible danger de la lecture, 1765.
- La philosophie de l’histoire, 1765.
- Le philosophe ignorant, 1766.
- L'ingenu, 1767.
- La princesa de Babilònia, 1768.
- Le cri du sang innocent, 1775.
Tragediak
- Oedipe, 1718.
- Brutus, 1730.
- Zaïre, 1732.
- Adélaïde du Guesclin, 1734.
- Le Fanatisme, ou Mahomet le prophète, tragédie, 1739.
- Zulime, 1740.
- Mérope, 1743.
- Nanine, 1749.
- L'Orphelin de la Chine, 1755.
- Tancrède, 1760.
- Sophonisbe, 1774.
Komediak
- L' enfant prodigue, comédie, 1736.
Poemak
Filosofia
Euskaratutako lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/b/ba/Emilie_Chatelet_portrait_by_Latour.jpg/250px-Emilie_Chatelet_portrait_by_Latour.jpg)
Ibon Sarasolak Candide ipuin filosofikoa euskara ekarri zuen, 1972an, Lur argitaletxearen eskutik, Kriseilu bilduman. 1988an Mikromega liburuxka Karlos Santistebanek euskaratu zituen; hiru ipuinene lehenengoa zen "Mikromega" eta liburuari izenburua eman zion (Kriselu, 1988).[14]
Beste lan batzuk ere euskaratuak izan dira: Tolerantziari buruzko tratatua, Irati Bereau Baleztenak itzulita (EHU, 2010); Irakurzaletasunaren arrisku izugarriaz, Andres Urrutiak itzulia (Idatz & Mintz-30, 2000); Gutun Filosofikoak, Jon Sudupek itzulita (Klasikoak, 1995); Horra eta zaldia, Igos Xanek euskaratuta (Maiatz-8, 1985).[15]
Voltaireren morala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Voltairek tolerantzia defendatu zuen gauza guztien gainetik. "Ez nator bat esaten duzunarekin, baina hil arte defendatuko dut hori esateko duzun eskubidea".[16] Esaldi ospetsu hau oker egozten zaion Voltaireri baina, hala ere, ondo laburbiltzen du bere pentsamendu morala.
John Locke filosofo ingelesaren pentsamenduan, Voltairek bere ideal positibo eta erabilgarrira ezin hobeto egokitzen zen doktrina aurkitu zuen. Locke liberalismoaren defendatzaile gisa agertu zen, esanez itun sozialak ez dituela gizabanakoaren eskubide naturalak ezabatzen. Voltairek doktrina horretatik bere moralaren ildo gidatzailea atera zuen: gizakiaren lana bere patua bere esku hartzea da, bere egoera hobetzea, bere bizitza zientziarekin, industriarekin, arteekin eta gizarteen politika on batekin bermatzea, edertzea. Horrela bizitza ez litzateke posible bakoitzak bere partea aurkitzen duen konbentziorik gabe. Herrialde bakoitzean lege partikularren bidez adierazten diren arren, justizia, konbentzio hau segurtatzen duena, unibertsala da. Gizaki guztiak gai dira ideia hau bururatzeko, lehenik guztiak gutxi gorabehera izaki zentzuzkoak direlako, eta, gero, bakoitza zer den alferrekoa eta baliagarria ulertzeko gai direlako. Moralaren zeregina, Voltaireren ustez, «politika» horren printzipioak irakastea eta horiek errespetatzera ohitzea da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Antoine Lilti, « L’héritage des Lumières », Lumières, 1.liburuki, 35.zk., 2020ko abenduaren 1.a, 149–158.or. (ISSN 1762-4630, DOI 10.3917/lumi.035.0149,[1]
- ↑ https://www.revistadelibros.com/el-fanatismo-segun-voltaire/
- ↑ René Pomeau, La religion de Voltaire, Nizet, 1995, 547 or. (ISBN 978-2-7078-0331-3), 428.or. eta hurrengoak.
- ↑ «Lettres philosophiques», Œuvres complètes de Voltaire (Voltaireren Lan Guztiak) 6B, Liverpool University Press, 2020ko abenduaren 14a, 1–314 or. (ISBN 978-1-83764-120-8, [2]
- ↑ https://ethic.es/2023/12/voltaire-razon-y-pragmatismo/
- ↑ https://www.buscabiografias.com/biografia/verDetalle/1313/Voltaire
- ↑ https://ottocazares.wordpress.com/2018/11/21/sin-destino-tragico-no-hay-sonrisa-a-324-anos-de-distancia-de-voltaire/
- ↑ https://www.autopista.es/planeta2030/como-voltaire-paso-prisionero-bastilla-famoso-dramaturgo_250038_102.html
- ↑ https://archive.wikiwix.com/cache/index2.php?url=https%3A%2F%2Ffr.wikisource.org%2Fwiki%2FCorrespondance_de_Voltaire%2F1735%2FLettre_493#federation=archive.wikiwix.com&tab=url
- ↑ https://www.cirkwi.com/es/point-interet/1933635-castillo-de-voltaire
- ↑ https://entrepiedrasycipreses.com/el-ajetreado-entierro-de-voltaire/
- ↑ https://www.worldhistory.org/trans/es/1-19705/voltaire/
- ↑ https://www.txalaparta.eus/eu/liburu-denda/egileak/voltaire
- ↑ https://kritikak.armiarma.eus/?p=3191
- ↑ https://ekarriak.armiarma.eus/?i=753
- ↑ Esaldi hau Voltaireren obran ez da agertzen. lehen aldiz 1906an agertu zen, Evelyn Beatrice Hallen The Friends of Voltaire liburuan. Horrela saiatu zen Voltaireren jarrera definitzen: «I disapprove of what you say, but I will defend to the death your right to say it».
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez):Voltaireri buruzko bideoa: "Secrets d'histoire - Voltaire ou la liberté de penser".
- (Gaztelaniaz):"Voltaire – El Pensador Sarcástico de la Ilustración".
- (Frantsesez):Voltaireren biografia Youtuben.
![]() |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Voltaire |
- (Gaztelaniaz):Voltaire hipokondriakoa zen?
- 1694ko jaiotzak
- 1778ko heriotzak
- Voltaire
- Paristarrak
- Argien Garaiko filosofoak
- Antiklerikalak
- Zientzien Prusiar Akademiako kideak
- Sexualitatearen filosofoak
- Pertsona mononimoak
- Frantsesezko idazleak
- Frantziako saiakeragileak
- Frantziako poetak
- Frantziako antzerkigileak
- Zientzia-fikziozko idazleak
- Index Librorum Prohibitorum
- XVIII. mendeko filosofoak
- Frantziako filosofoak
- Frantziako historialariak
- Frantziako erbesteratuak
- Satirikoak
- Aforismoegileak
- Librepentsamendua
- Frantziako hargin beltzak
- Frantses Akademiako kideak
- Royal Societyko kideak
- Parisen hildakoak
- Parisko Panteoian lurperatutakoak