Vivian Maier
Vivian Maier | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | New York, 1926ko otsailaren 1a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Bizilekua | Ameriketako Estatu Batuak Frantzia |
Heriotza | Chicago, 2009ko apirilaren 21a (83 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | argazkilaria, inudea eta umezaina |
Lantokia(k) | North Shore (en) |
Genero artistikoa | street photography (en) |
vivianmaier.com | |
Vivian Maier (New York, 1926ko otsailaren 1a - Chicago, 2009ko apirilaren 21a) ume zaintzaile eta argazkilaria izan zen. Bere obra kaleko egunerokotasuneko jardueratan bideratuta dago. Vivian Maierren obra haren heriotzaren ostean ezagutzera eman zen, John Maloofen eskutik.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vivian Maier New Yorken jaio zen 1926an. Bere gurasoak, Maria Jaussaud Justin frantsesa eta Charles Maier austriarra, emigrante europarrak ziren. Etengabe banandu eta berriro elkartu ziren. Vivian Maierrek anai bakarra izan zuen, 1920an jaioa eta eskizofrenikoa. Maier familia behin betiko banandu zenean anaia aiton-amonek zaidu zuten eta Vivian bere amarekin Jeanne Bertrand argazkilariaren etxera bizitzera joan zen. 1932an Vivian, bere ama eta Jeanne Bertrand azken bien jaioterrira mugitu ziren, alpe frantsesetan kokatuta dagoen Champsaur herrira, alegia. Bertan Vivian Maier eskolara joan zen.
1938an New Yorkera itzuli ziren. Vivian Maier panpina fabrika batean lanean hasi zen eta ondoren ume zaintzaile izan zen 40 urtez. Umeak eskolan zeuden bitartean Vivian Maierrek hiria zeharkatzen zuen argazkiak egiten. 50eko hamarkada hasieran frantziar izeba baten baserria oinordetzan jaso zuen eta salmentaren diruarekin garaiko argazki kamera hoberenetakoa erosi (Rolleiflex-a) eta munduan zehar bidaiatu zuen.
1956an Chicagora mugitu zen bizitzera, non ume zaintzaile jarraitu zuen. Bertan lanean zegoen etxeko familiak beretzako utzitako komun txikian argazkiak errebelatzen zituen. Umean hazi heinean, Maier familiaz aldatu behar zen, beraz ezin zituen bere argazkiak beti errebelatu. Ondorioz, karrete gehienak errebelatu gabe utzi zituen. Garai hartan argazki koloredunak egiten hasi zen kodak karreteekin eta hainbat reflex kamerekin.
90 hamarkadan geroz eta zailagoa egiten zitzaion lana aurkitzea. Chicagon zaindutako Gensburg familiaren semeek apartamentu baten alokairua ordaindu zioten. Maierrek urteetan zehar gordetako bere gauza guztiak alokairupeko trasteleku batean gorde zituen. Maierrek alokairu hori ordaindu ezinean, bertako bere ondasunak enkantean jarri ziren, bere karrete, bideo, audio kasete eta argazki errebelatuak barne.
2008ko azaroan Vivian Maier lurrera erori eta buruan kolpea hartu zuen. Ordutik, zaharren-egoitza batean egon zen eta hilabete batzuen buruan hil zen, 2009ko apirilean, 83 urterekin.[1]
Lanaren onarpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007an Maierrek bere trastelekuaren alokairua ordaintzeari utzi zion eta barruko ondasun guztiak saldu ziren. John Maloofek erosi zituen eta bere negatiboak aurkitzean hauek interneten saltzen hasi zen eta hauek arrakasta handia jaso zuten. Allan Sekula argazkilaritza kritikaria Maloofekin kontaktuan jarri zen Maierren argazki eta negatiboen balio artistikoaz ohartaraziz. Ordutik, John Maloofek material horiek babestu eta Vivian Maierren inguruan ikertzen hasi zen. 2009ko apirilean Vivian Maier hil zenez, John Maloof bilakatu zen haren ondarearen jabe, Maloof Bilduma sortuz. Maierren materialarekin egindako lehen erakusketa 2010. urtean egin zen Danimarkan, Bruun’s Galleri-n. Chicagon egin zen lehen erakusketa 2011ko apirilean egin zen “Finding Vivian Maier” izenarekin, Chicago Cultural Center-en. 2013an John Maloofek Charlie Siskelekin batera Maierren inguruko dokumentala egin zuen, “Finding Vivian Maier” izenekoa. Filmak sari ugari jaso zituen mundu osoko zinema festibaletan. 2014.urtean filmak Oscarretan hautatua izan zen, film luze hoberena kategorian.[1]
Argazkilaritza estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vivian Maierren estiloa “Street photograhy” ereduak katalogatzen da, izan ere, kaleko ezenak, pertsonak, egoerak edota objektuak erregistratu zituen. Hala ere, horren barruan hainbat argazki mota sailkatzen dira.
Erretratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vivian Maierren interesa ez zegoen eraikinetan edo paisaietan, pertsonak ziren bere interesgune nagusia. Kaletik aurkitzen zituen pertsonei erretratuak egin zituen batez ere. Argazki batzuk oharkabean ateratzen zituen eta beste batzuk, aldiz, argazkia egin nahi zien pertsonei argazkirako posatzeko eskatzen zien. Maier ume zaintzailea zenez, sentsibilitate berezi zuen umeekin. Horrenbestez bere erretratu asko umeenak dira. Kalean aurkitzen zituen pertsona xumeetatik pertsona dirudun eta eleganteetara egin zituen argazkiak. Adin, klase eta estatus guztietako pertsonak erretratatu zituen.
Autorretratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esaten da Maier autorretratuak ustekabean lantzen hasi zela, bere itzalaren argazkiak egiten hasi zenean. Aitzitik, bere ondasunak aurkitu zirenean, horien artean pintura eta argazkilaritzari buruzko liburuak aurkitu ziren, beraz, nahiz eta arte ikasketak ez burutu, bere ezagutzan sakondu zuen bere kabuz. Hasieratik bere burua autoerretratatzen hasi zen kasualitatez aurkitzen zituen ispiluetan, kristaletan, azalera metalikoetan...
Kaleko ezenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maierrek kalean ibiltzen zihoan bitartean ikusten zituen ezenak eta egoerak erregistratzen zituen bere Rolleiflexarekin. Tankera honetako bere argazkietan errukitasun kutsua nabaria da, eta askotan umore kutsua ere. Bere begiek ikusten zituzten desparekotasun egoerak erretratatzen zituen, gizarteak sortutako desparekotasunak, besteak beste. Ezena horietan agertzen diren pertsonak gehienetan ez dira argazkilariaren presentziaren kontziente. Konposaketari dagokionez, enkoadreak oso modu zehatzean daude aukeratuak, nahiz eta argazkietako edukiak bat-batean aukeratzen zituen.
Formalismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Formalismoa argazkilaritzan pinturaren abstrakzioarekin parekatu daiteke. Hasieratik Maier formetan eta lerroetan jarri zuen bere interesa. Konposizioak zehaztasun handiz sortzen ziten, argi eta itzal jokoekin batera. Hala ere, Maierren interes nagusia pertsonak izan ziren beti. Horregatik Maierren formalismoan pertsonak ez dira ia inoiz guztiz desagertzen, bigarren planoan agertuz edo agerpen diskretuekin. Bere argazkiak geroz eta abstraktuagoak bihurtu ziren eta kasu askotan Maierrek pertsonak alde batera utzi zituen bere argazkietan eta bestelako elementuak baliatu zituen: zuhaitzen hosto eroriak lurrean, zabor hondakinak, burdun hariak, kutxa pilatuak, panpinak zaborrean... Motibo guzti hauek bizitza bakartia adierazten zuten.[1]
Vivian Maierren ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vivian Maierrek bere bizitza osoan egindako argazkien eta bideoen karreteak eta zintak kontu handiz gorde zituen, hauek errebelatzeko dirurik ez baitzuen. John Maloofek aurkitu zuen bere ondare osoa eta ezagutzera eman du: 100.000 negatibo inguru eta 20.000 edo 30.000 errebelatu gabe. Vivianek errebelatutako negatiboak kontaktu tiretan daude antolatuak. 2010ean Maloof Maierren obra errebelatzen hasi zen. Argazkiak zuri-beltzean eta kolorean, kontaktu tirak eta super 8 bideoek osatzen dute Maierren artxiboa, Maloofek bideratuta.
Vivian Maierren historiak jakin-min eta interes handia sortu du jende askorengan eta horregatik argazkilariaren historiari buruz lan eta ikerketa ugari egin dira, hala nola, Finding Vivian Maier eta dokumentalak eta Vivian Maier: Street Photographer eta Una vida prestada liburuak. Vivian Maierren lana mundu osoan zehar ezagutzera eman da erakusketei eta Maierren inguruko lanei esker.[2]
Erakusketak[2]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Finding Vivian Maier, 2010eko azaroaren 18tik abenduaren 4ra. The Apartment Gallery (Apartment 02), Oslo, Norbegia.[3]
- Bruun's Galleri, Århus, Danimarka. 2010ean martxoaren 15etik apirilaren 30era.[4]
- Finding Vivian Maier: Chicago Street Photographer, 2011n urtarrilaren 7tik apirilaren 3ra Chicago Cultural Centerren.
- Twinkle, twinkle, little star..., 2011n urtarrilare 27tik apirilaren 28ra Galerie Hilaneh von Kories-en, Hamburgon, Alemania.[5]
- Vivian Maier, Photographer, 2011n apirilaren 15etik ekainaren 18ra Russell Bowman Art Advisory-n, Chicago, Illinois, AEB.
- Vivian Maier - A Life Uncovered, 2011n uztailaren 1etik 24ra London Street Photography Festival-en, Londres.[6]
- Vivian Maier, Photographer, 2011ko uztailaren 18tik 2012ko urtarrilaren 11ra Hearst Gallery-n, New York.
- Vivian Maier - A Life Uncovered, 2011n uztailaren 29tik irailaren 16ra Photofusion Gallery-n, Londres.[7]
- Vivian Maier, Photographer, 2011 irailaren 22tik azaroaren 12ra Stephen Cohen Gallery-n, Los Ángeles, AEB.
- Steven Kasher Gallery-n , Nueva York. AEB. 2011ko abenduraren 15etik 2012ko otsailera arte.
- Howard Greenberg Gallery-n, Nueva York, AEB. 2011ko abenduaren 15etik 2012ko urtarrilaren 28ra.[8]
- Vivian Maier - Hosted by Tim Roth, 2011ren abenduaren 17tik 2012ko urtarrilaren 28ra Merry Karnowsky Gallery-n, Los Ángeles, AEB.[9]
- Vivian Maier - Photographs 2012an urtarrilaren 27tik apirilaren 7ra Jackson Fine Art-en, Atlanta, AEB.
- A la recherche de Vivian Maier («En búsqueda de Vivian Maier»),2011n ekainaren 28tik uztailaren 3ra 2, Saint-Julien-en-Champsaur-ren; 2011n uztailaren 5etik abuztuaren 5era Gap Library-n, Gap, Hautes-Alpes, Frantzia.[10]
- Lo sguardo nascosto (La mirada oculta), 2012an urriaren 1etik azaroaren 15era, Brescian, Italia.
- Vivian Maier - 2013ko apririlaren 26tik ekainaren 29ra, Gallery51-n, Antwerp, Bélgica.[11]
- Vivian Maier - 2013ko maiatzaren 8tik uztailaren 8ra, Valladolid, España, San Benitoko udalaren erakusketa aretoa.. Ikusi erakusketa guztiak.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Finding Vivian Maier dokumentala, John Maloof eta Charlie Siskel (2013).
- About Vivian Maier. http://www.vivianmaier.com/about-vivian-maier/
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Finding Vivian Maier» DocumaniaTV (Noiz kontsultatua: 2019-12-09).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Vivian Maier. 2019-11-26 (Noiz kontsultatua: 2019-12-09).
- ↑ (Ingelesez) «Finding Vivian Maier - Vivian Maier Photographer» Vivian Maier Photographer (Noiz kontsultatua: 2019-12-09).
- ↑ (Ingelesez) «Vivian Maier - Vivian Maier Photographer» Vivian Maier Photographer (Noiz kontsultatua: 2019-12-10).
- ↑ (Ingelesez) «Twinkle, twinkle, little star... - Vivian Maier Photographer» Vivian Maier Photographer (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
- ↑ (Ingelesez) «Vivian Maier - A Life Uncovered - Vivian Maier Photographer» Vivian Maier Photographer (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
- ↑ (Ingelesez) «Vivian Maier: A Life Uncovered - Vivian Maier Photographer» Vivian Maier Photographer (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
- ↑ (Ingelesez) «Vivian Maier - Photographs from the Maloof Collection - Vivian Maier Photographer» Vivian Maier Photographer (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
- ↑ (Ingelesez) «Vivian Maier - Hosted by Tim Roth - Vivian Maier Photographer» Vivian Maier Photographer (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
- ↑ «Association Vivian Maier et le Champsaur» www.association-vivian-maier-et-le-champsaur.fr (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
- ↑ (Ingelesez) «Vivian Maier + Saul Leiter - Vivian Maier Photographer» Vivian Maier Photographer (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).