Edukira joan

Vichyko gobernua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Vichyko Gobernua» orritik birbideratua)
Frantziar Estatua
État français
1940 – 1944
Estatu autoritarioa
Frantziako bandera

Frantziako armarria

Geografia
HiriburuaVichy
Kultura
Hizkuntza(k)frantsesa
ErlijioaKatolizismoa
Historia
Petain mariskalaren izendapena1940
Frantziako askapena1944
Aurrekoa
Frantziako Hirugarren Errepublika
Ondorengoa
Behin-behineko gobernua
Pétain eta Hitler, 1940ko urriaren 24an.

Vichyko[1] Frantzia, Vichyko erregimena edo Vichyko gobernua Frantzian 1940ko uztailetik 1944ko abuztura artean Frantziako Hirugarren Errepublika ordezkatu zuen gobernuari ematen zaizkion izenak dira. Izena Frantziar Estatua (État Français) hartu zuen.

1940ko uztailaren 10ean Hirugarren Reichak Frantziako guduan Frantzia menderatzearen ondorioz, Biltzar Nazionalaren bozketa baten ondoren, Philippe Pétainek gobernu berria aldarrikatu zuen. Bozketa haren bitartez, Pétain Hirugarren Errepublikaren azken Lehen Ministroak (Président du Conseil) botere berriak bereganatu zituen, "Frantziar Estatuaren buruzagi" (Chef de l'État Français) bilakatzeko. Pétainek politika erreakzionarioa gidatu zuen, Révolution nationale izeneko mugimenduaren bitartez "Nazioa bere onera ekartzea" helburutzat zuena[2].

Wehrmachtek okupatu zuen Frantzia iparraldean, tartean Ipar Euskal Herriko zati bat, eta Vichyko erregimenak nolabaiteko eragina zuen; hau da, lege alemaniarrenarekin kontraesanean ez zeuden bitartean, haren legeak oraindik indarrean zeuden. Vichyn hiriburua zuen hegoaldeko "alde askean", berriz, jaun eta jabe izan zen.

Pétainen gobernuak nahita kolaboratu zuen naziekin. Poliziak eta Miliziak (Milice) judu eta, alemaniarren ikuspegitik, "jendaila" zirenak harrapatzeko operazioak egin zituzten, bai iparraldean bai hegoaldean[3].

Charles de Gaulle jeneralak Pétainen gobernuaren legitimitatea zalantzan jarri, eta beretzat hartu zuen Frantziar gobernuaren jarraipena. Overlord operazioaren ondoren, Aliatuek Frantzia konkistatu zutenean 1944ko ekainean, de Gaullek Behin-Behineko Gobernua (Gouvernement Provisionnel de la République Française edo GPRF) aldarrikatu zuen. Abuztuaren 31n Paris askatu zutenean, GPRFek bertan kokatu zuen hiriburua eta Aliatuek 1944ko urriaren 23an GPRF onartu zuten Frantziako gobernu zilegitzat[4].

Aliatuek aurrera egin ahala, Vichyko buruzagi eta jarraitzaileek Sigmaringen-era ihes egin zuten, Alemanian. Handik, Fernand de Brinonek zuzenduriko erbesteko gobernua ezarri zuten, 1945eko apirilera arte iraun zuena. Harrapatutako kolaborazionistak GPRFek epaitu eta, asko, exekutatu egin zituen. Pétainek goi-mailako traizioa egiteagatik heriotza-zigorra jaso bazuen ere, azkenean, biziarteko kartzela jaso zuen[5].

1940an Wehrmachtak Frantziaren inbasioa burutu zuen, ekainerako Frantziako Armadaren desagertzea eraginez. Horren ondorioz, Pétain mariskala boterea hartu eta Alemaniari armistizioa sinatzea eskatu zion. 1940ko ekainaren 14an, Paris eroritakoan, Frantziako gobernua Bordele hirian bildu zen eta bertan Paul Reynaud presidentearen dimisioa onartu. Halaber, Pierre Laval aukeratu zen gobernu berri bat sortzeko. Horrek Pétain ministro-kontseiluaren presidente izendatu zuen, "gobernuko botere guztiekin" Alemaniarekin armistizioa sinatzeko. Izan ere, armistizioa izenpetzen ez bazen, Frantziak bake-baldintza gogorragoak jasan beharko zituen Alemaniaren partez.

Britaniarren ebakuazioak erresistentzia zailtzen zuen, eta Frantziako armada ezin zuen Alemaniakoa gelditu. Horrez gain, gobernua Aljeriara mugitzea eta bertan erresistentzia egitea proposatzen zuen plana baztertu egin zen. Ekainaren 17an, Kongresuak eta Senatuak botere guztiak eman zizkieten Laval eta Pétaini. Egun berean Charles de Gaulle jeneralak, Defentsako ministro ordea, Erresuma Batura ihes egin zuen bakearekiko errefusa adierazteko. Gobernu berriak hasieratik jarri zuen politika kolaborazionista, armistizioarekin hasiz, Erresuma Batua eta bere koloniak bakarrik uzten zituela Alemaniaren aurka gudan.

Armistizioaren ondorioz, Alemaniak Frantziako iparraldea okupatu zuen, Paris barne, bai eta kosta atlantiko osoa, horren barruan Ipar Euskal Herriko zati bat. Okupazio horrek Frantziako % 60 hartzen zuen, eta bertan Wehrmachtek zeukan boterea, nahiz eta ofizialki Pétainek Frantzia osoaren gaineko agintea zeukan. Beste lurralde-aldaketak Alsazia eta Lorrena izan ziren, Alemaniak anexionatu zituelako; eta Nord-Pas-de-Calais, Belgikako gobernu militarrak zuzendu zuena.

Hiriburu berri bat bilatzerako orduan, hiru hiri nagusi zeuden: Bordele, Lyon eta, azkenik, Vichy. Lehengoa Alemaniaren zonaldean zegoen eta Lyon (gune librearen beste hiri handia) sozialisten egoitza zen. Vichy, berriz, hiri txikiagoa izan arren, hotel ugari zituen, gobernuaren administrazioak kokatzeko erabili zirenak eta, gainera, oso ondo lotuta zegoen telefonoz eta telegrafoz gainerako Frantziarekin. Hala ere, nabarmendu behar da, nahiz eta errealitatean gobernuaren izan, Vichy ez zela inoiz hiriburu ofiziala izan.

Berehala erregimenak inspirazio faxistako zenbait politika ezarri zituen: masoneria jazarri zuen, Erresuma Batuarekin zeukan aliantzari uko egin zion publikoki eta Frantziako Hirugarren Errepublikaren demokrazioa parlamentarioa desegin zuen.

1940ko uztailaren 10ean erregimenaren egitura berria sortu zen: 1875eko Konstituzioko artikulu ugari bertan behera utzi eta herrialdearen izen ofiziala "Frantziar Estatu"ra aldatu zuen (État Français), "Errepublika"ren izendapena saihesteko. Pétain "Frantziar Estatuko buru" izendatu zen eta Lavalek Ministroen Konetseiluaren Presidentearen kargua bete zuen.

Vichyko gobernuaren kolaborazionismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Alemania borroka izugarri baterako prestatu da eta bere gazteen odola isuriko du, Europa boltxebike bihurtzetik babesteko, prozesu horrek gure kulturaren oinarriak erabat suntsituko bailituzke.

Jakinarazi nahi dizuet Frantziako gobernuak ez duela axolagabekeriaz jokatuko zuen herrialdea borondatez egiten ari den sakrifizio itzel horren aurrean, eta (...) esan nahi dizuet, bat-batean eta argi, Frantzia prest dagoela zuen ahaleginei laguntzeko (...).

»
Pierre Lavalen gutuna Von Ribbentropi, 1943ko maiatzaren 12a

Aliatuekiko harreman diplomatikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940 eta 1942 artean, herrialde askok mantendu zuten ordezkaritza diplomatikoa Vichyn, Pétainen erregimenarekin harremana mantentzeko. Ardatzeko potentziak eta herrialde neutralez gain, Ameriketako Estatu Batuak ere harreman diplomatikoak mantendu zituen 1942ko azaroak arte.

Erresuma Batuaren (ez zuen aintzatesten Vichyko erregimena Frantziako legezko gobernu gisa) kezka nagusietako bat zen Frantziako gudu-flotak Alemaniaren kontrolpean ez erortzea, Pétainek Adolf Hitlerri esker lortutako kontzesio gutxietako bat 1940ko armistizioan. Nahiz eta ez aintzatetsi, Erresuma Batuarekiko harremanak ofizialki 1940ko uztailean apurtu ziren Churchillek Mers el-Kebirren (Aljeria) frantses flotari eraso egitea agindu zuenean. Izan ere, Vichyko gobernuak uko egin zion flota frantziarra Britainiar Armadaren kontrolpean zeuden tokietara mugitzeari.

Britainiar koloniei dagokiela, Kanadak bere enbaxadorea mantendu zuen 1942ko azaroa arte, Alemaniako eta Italiako tropek gune librea inbaditu zutenean, britainiar gobernuak eskatuta, horrek komunikazio bide bat mantendu nahi baitzuen oraindik ere Frantziako gobernuarekin. Australiak ere egun horretan apurtu zituen harremanak; horrek ez zion eragotzi erlazioak mantentzea aldi berean Frantzia Askea eta Vichyko erregimenarekin.

Azkenik, bi superpotentziek, Ameriketako Estatu Batuak eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak, beraien harreman diplomatikoak mantendu zituzten. Lehenengoak prebentzio gisa, Pétainek kontsezio gehiago egiten ez zituela ziurtatzeko. Bigarrenak, berriz, Molotov-Ribbentrop Itunari ohore eginez diplomazia mantendu zuen. Hala ere, biek harremanak hausten bukatu zuten: Ameriketako Estatu Batuak, Kanadak eta Australiak bezala, inbasioaren egunean; Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak, berriz, 1941eko ekainean, Alemaniak bere lurraldea inbaditzean Bizargorri Operazioan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. viʃi
  2. Jackson, Julian T.. (2001). France: The Dark Years, 1940-1944. Oxford University Press ISBN 0-19-820706-9..
  3. Weisberg, Richard H.. (1988). Vichy Law and the Holocaust in France. New York University Press ISBN 0-8147-9336-3..
  4. Azéma, Jean-Pierre; Bedarida, François. (1996). Vichy et les Français. Fayard.
  5. Lottman, Herbert R.. (1984). Pétain. Seuil ISBN 2-02-006763-3..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]