Edukira joan

Transfekzio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Transfekzioa zelula eukariotoetan ADNaren sartze prozesuari deritzo, bektore batzuen bidez (plasmidoak) edo beste tresna batzuen bidez (deskarga elektrikoen bidez, esaterako -elektroporazioa-).

Organismo prokariotoek (bakterioek) kanpoko ADNa har dezakete transformazioaren bidez edo transdukzioaren bidez. Zelula eukariotoek (batez ere animaliarenek) kanpoko ADNa jasotzen dutenean ez da transformazio hitza erabiltzen, transfekzio terminoa baizik. Horren arrazoia da ugaztunen zelulak gaiztotzeari (tumore-zelula bilakatzeari, alegia) transformazioa ere deitzen zaiola, eta nahasketa semantikoa saihesteko hitz berri bat -transfekzioa- proposatu zen animalien zeluletan ADNaren sarte prozesua izendatzeko.

Teknika ezberdinak erabiltzen dira ADNa sartzeko zelula eukarioto batean. Multzo batean daude elektroporazioan oinarritzen direnak: zelulak pultsuz igortzen den eremu elektriko batean ezartzen dira, eta zelula mintzean poro txikiak sortzen dira. Zelulatik kanpo ADN molekularik badago, poroetatik sar daiteke zelula barrura. Teknika honetan pultsuak zehatz kontrolatu behar dira eta milisegundu batzuk besterik ez dute iraun behar.

Beste metodo batzuk, aldiz, hainbat substantzia kimikoren erabileran oinarritzen dira. ADN molekula kaltzio fosfatorekin, liposomekin edo polietilenimina izeneko molekulekin konbinatzen da. Konbinazio honen emaitza erraz zeharkatzen du zelula mintza eta zelula barrura sartzen da.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]