Sorgin-ehiza
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Sorgin-ehiza (argipena)»

Sorgin-ehiza historian zehar sorginen aurka egindako jazarpena da, maiz jendearengan haienganako ikara eta gorrotoa zabaldu zituena. Europan eta Ipar Amerikan gertatu ziren, XV.-XVIII. mendeen bitartean (Erdi Aroaren amaieran eta, batez ere, Aro Modernoan, alegia) eta, horien ondorioz, hamarnaka mila pertsona erail zituzten; maiz, erreta. Gutxi gorabehera, XV. mendetik XVII.era 100.000 bat pertsona hil zituzten munduan "sorginkeria" egotzita; horietako gehien-gehienak (% 80) emakumeak ziren.[1]
Oro har, asko idatzi da sorginkeriaren eta sorgin prozesuen inguruan, eta batzuetan, iturriek babesten ez dituzten uste faltsuak zabaldu izan dira. Besteak beste, sorgin-ehiza Erdi Aroko fenomenoa dela ustea dute askok, baina prozesu gehienak eta zigor gogorrenak Erdi Aroaren amaieran eta Aro Modernoan izan ziren.
Euskal Herrian, sorgin-ehiza ezagunenak bi dira: Zugarramurdikoa eta Lapurdikoa. Zugarramurdi eta inguruko herrietako ustezko sorginen aurkakoa, 1610. urtean gertatu zen; jazarpen hartan, 300 pertsona inplikatu ziren eta, azkenean, Logroñon izandako epaiketan 12 pertsona hiltzera kondenatu zituzten. Urtebete lehenago gertatu zen Lapurdiko sorgin-ehiza, Pierre de Lancrek zuzendua. Biak aldi eta eskualde berean gertatu ziren, eta lotuta daude.[2]
Sorgin-ehiza terminoa modu metaforikoan ere erabiltzen da, kolektibo bateko kideen aurkako jazarpena izendatzeko, bereziki horretarako jendearengan horien aurkako mesfidantza, beldurra eta gorrotoa zabaltzen denean. Azken horren adibide da McCarthyismoa.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Magoen existentziaren sinespena antzinako kultura handietatik dator, izan ere, arte magikoekin kontuz ibili behar zen eta magia beltza izateari beldurra zitzaion. Babiloniako Hammurabi Kodigoan eta Aitzinako Egipton magoak zigortzen ziren. Hala ere, ez zen inoiz Erdi Aroan bezalako sorgin-ehizarik izan.
Bibliak, Itun Zaharrak, batik bat, magia debekatzen du (Leivitico 19:26), eta bere jazarpenerako deialdia egiten du (Exodo 22:17). Hori bai, Exodo 22:17-ko esaldia Luterok gramatikalki "zuzendu" zuen, eta mago edo azti beharrean, "sorgin" hitza erabili zuen, emakumezkoei soilik egiten erreferentzia. Hala ere, sorginaren kontzeptu modernoa ez da agertzen Biblian. Nolanahi ere, horrek ez zituen sorginkeriaren teorikoak gelditu eta aipamen horiek sorginen existentzia eta zigorrak justifikatzeko erabili zituzten.
Bibliako bertze zati batzuetan magoen eta asmatzaileen arteko harremanak modu positiboan kontatzen dira. Saul erregeak Endorreko Sorginari aholkuak eskatzen dizkio (I Samuel 28, 5-25) filistiarrengatik sentitzen zuen desesperazioa zela eta, berak asmakuntzak debekatu zituen arren. Jesusen jaiotzara joaten diren Errege Magoak, aldiz, ez dira aztiak, grekoan magi hitzak jakintsuei eta zientzialariei egiten baitzien erreferentzia.
Jatorrizko Elizak ez zuen hasierako jazarpen horietan parte hartzen baina magiarekin zerikusia zuten ekintzak baztertzen zituzten.
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Germaniarrak, kristau bihurtu baino lehen, ezagutzen zuten aztikeria kaltegarriak egiten zituzten magoen erreketa. Hala ere, Goi Erdi Aro frankoen karolingiar garaian ez zen sorgin-ehizarik izan, 785eko Paderboneko kontzilioan (kristautasunerako oinarrizkoa izan zena) sorginenganako sinesmena eta jazarpena debekatzen baitzuen.
X. mendearen hasieran, zehazki 906an, Treveriseko artzapezpikuak Prümeko abade izandako Reginori, eskatu zion bere gotzainek erabiltzeko diziplina-gida bat idazteko. Reginok artzapezpikuarentzat idatzi zuen lanean, aurreko mendeko Karlos II.arenaren kanon bateko kapitulario[3] bat sartu zuen . Dokumentu horri Canon Episcopi esaten zaio, eta argi eta garbi hau jasotzen du: «Ezin da onartu Satanen ilusio eta ispiluek perbertitu eta limurtutakoek zenbait emakume maltzurrek, Diana jainkosarekin edo Herodianarekin, eta emakume multzo handi batekin batera gauez joaten direla sinetsi eta esatea, animalia jakin batzuk muntatuz, gaueko isiltasunean lurraren eremu zabalak zeharkatuz eta Dianari obedituz bere andre gisa [...]. Ezin konta ahala jendetzari erokeria horrek menderatzen ditu eta egiazkoa dela uste du, bide zuzenetik aldentzen da eta akats paganoan hondoratzen da [...]. Horregatik, apaizek parrokietako gizonei predikatu behar diete hori guztia erabat faltsua dela eta fededunen izpirituetan horrelako mamuak ez datozela Jainkoaren izpiritutik, Etsaiarekin baizik [...]. Gizakiak oker pentsatzen du dena gertatzen dela, ez izpirituan (in animo), baizik eta gorputzean (in corpore)»[4]
Hungarian sorginei strigis esaten zitzaien eta Erdi Aroaren hasieran Koloman Hungariakoa erregeak (1095-1116) lege bilkura zen liburu bateko artikuluan honakoa idatzi zuen: "De strigis vero, quae non sunt, nulla quaestio fiat" ("Sorginei dagokienez, hauek ez direnez existitzen, ez da haien bila ikerketarik eginen"). Hori guztia dela eta, Hungariar erreinu katoliko eta kristaua Erdi Aroko erreinuen artean ia bakarra izan zen sorginak ez jazartzen. Hala, ondotik tronura ailegatu ziren monarka hungariarrak malgutasun handia izan zuten juduekin, kumandarreekin eta musulman uzbekoekin, baita etnia anitzekin ere; kroaziarrak, serbiarrak, eslovakiarrak, horiek hungariar erreinuan bizi zirelarik hizkuntzak eta kultura errespetatzen.
Alemanian, sorgin hitzaren (hexe) existentziaren lehen frogak Frevelbüchern-ean (legeak) agertzen dira, Schaffhausen hirian, XIV.mendearen akabailan (1368/87), Oliver Landoltek azaldu duen bezala. Luzernan 1402an agertu zen lehen aldiz hitza.
Aro Modernoan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aro Modernoan (XV. mende bukaera - Frantses iraultza) lehertu zen sorginkeriaren izua eta lege prozesuak biderkatu ziren.1400etik 1775era, 100.000 pertsona inguru auzipetu zituzten sorginkeriagatik Europan eta Britainiar Amerikan.[5] Sorgin ehizak bereziki gogorrak izan ziren Germaniako Erromatar Inperio Santuko zenbait lekutan. 40.000 eta 60.000 pertsona artean[6][7] exekutatu zituztela kalkulatu da, ia guztiak Europan. Sorginkeriagatiko epaiketak 1560tik 1630era bere gorenera iritsi ziren,[8][9] kontrarreformaren garaian eta Europako erlijio gerretan. Herritarren artean, auzokoek egiten zituzten sorginkeria-salaketak,[10] eta emakumeek eta gizonek sorginkeria-salaketa formalak egiten zituzten.[11] Beti egon diren herri-sendatzaileak (magia eta medikuntza tradizionala nahasten zutenak) sorginkeria praktikatzeaz salatu eta epaitzen zituzten batzuetan, baina badirudi akusatuen gutxiengo bat osatu zutela.[12][13] Kondenatuen % 80, gutxi gorabehera, emakumeak ziren,[14] gehienak 40 urtetik gorakoak.[15][16][17] Eskualde batzuetan, zigortutako sorginak erre egiten zituzten, heresia erlijiosoaren zigor tradizionala.
Soringinen jazarpenean eragin handiena izan zuen liburua, Malleus Maleficarum (Sorginen mailua) 1486. urtean argitaratu zen Alemanian. Bertan, sorginkeria heresiatzat hartu zen, eta hori erabakigarria izan zen.
Gaztelako Inkisizioa eta Euskal Herria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kristautasunaren banaketaren ondoren, Eliza katolikoak erlijio katolikoaren garbitasuna zaintzeko sortutako Inkisizioa erakundea indarberritu egin zuen, eta inkisidoreak herriz herri ibiltzen ziren erlijioaren aurkako kideen bila. Inozentzio VIII.a aita santuak eskumen zabalak eman zizkion Inkisizioari heretikotzat jotako jarrerak borrokatzeko 1484an, Pizkundearen atarian. 1487an, bulda horren babespean Malleus maleficarum argitaratu zen, inkisidoreen sorgin ehizarako eskuliburu bihurtutakoa.
Gaztela eta Aragoiko koroak bateratu ondoren, Fernando II.a Trastamarakoak Inkisizioa sortu zuen 1478an koroari lotutako auzitegi gisa; Nafarroako agintariak hura onartzera hertsatu zituen pixkanaka, Tuterakoak lehenik. 1525ean lehen sorgin ehiza hasi zen Errege Kontseiluak gidatuta, baina Inkisizioaren laguntzaz, espainiar okupazioaren aurkako azken erresistentzia guneak men egin berritan (Hondarribiko setioan, 1524ko apirilean). XVI. mende osoan, hainbat sorginkeria eta sorgin ehiza agerpen izan ziren Nafarroan, Logroñotik Inkisizioak gaztelaniaz zuzenduta.
Lapurdin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, Pierre de Lancre epaile zibila, Bordeleko Parlamentuko kontseilaria eta abokatua, jesuitekin ikasia eta sorginkeria kontuen zalea, sorgin-ehizan aritu zen euskal lurraldeetan, besteak beste Lapurdin, 1609. urtean.
Ikuspegi erlijio eta moraletatik haratago, ikuspegi materialista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Silvia Federici filosofoak Caliban and the Witch: Women, the Body and Primitive Accumulation [Caliban eta sorgina: emakumeak, gorputza eta hasierako pilaketa] liburuan zenbait galdera egiten ditu: nolatan sorgin-ehizaren sarraskiak hain interes esplikatibo gutxi izan duen historiaren inguruko ikerkuntzan? Ba al du prozesu bortitz eta ezkutu honek ahalmen esplikatiborik? Gizonek honi guztiari aurre egin al zioten? Egile honek kapitalismoa ezarri eta proletarioen klase sortu arteko trantsizio gatazkatsuan kokatzen du, normalean jorratu izan diren dimentsio erlijioso edo moraletatik at. Ikuspegi materialista batetik, Federicik erakusten du Erdi Aroaren amaieran, mendebaldeko emakumeek gogotik hartu zutela parte ondare komunak defendatzeko borroketan. Marxek Kapitala idazlanean erakutsi zuen nola aristokratek eta burgesiak pribatizatu zituzten lurrak, nekazariak industria-guneetara jotzera behartzeko, eta langile bilakatzeko. Federici Marxen ikuspuntutik haratago doa ikuspegi feministatik.
Jakina denez, Erdi Aroan lana irauteko ekonomian oinarritzen zen, geroago gertatuko zenarekin alderatuta, ez zegoen banaketa sexual hain hertsirik edota hainbesteko desberdintasun sozialik erreprodukzioa eta bizitzeko ondasun-ekoizpenaren artean. Baina dinamika sozio-historiak aldatzen hasi ziren eta horren efektuak, besteak beste, izan ziren jauntxoei zerbitzuen bidez ordaindu ordez, diruaren bidezko ordainketak orokortzen hasi zirela lan-munduan, edota lan banaketa sexualaren ondorioz emakumeei baliabide ekonomiko edo lur-ondareak izateko aukera murriztu zietela.
Garai zehatz hartan, heresia eta sorginkeria kasuak biderkatu ziren, eta filosofo italiarrak ondorioztatzen du sorgin-ehizak aldaketa sakon horien aurkako erresistentziei aurre egiteko estrategiaren baitan ulertu behar direla, non, emakumeak gehien bat izaten ziren jomuga. Botere erlijiosoak eta monarkikoak gogotik egin zieten aurre, horientzat praktika amoral gisa aurkeztu zituzten ohiturei. Europako zenbait herrialdetan, XV. mendean egin ziren lehenengo epaiketak. Handik aurrera, dinamika kontrairaultzailea eta misoginoa piztu zen, esaterako, emakume langileen aurkako bortxaketek delitu izateari utzi zioten Europako zenbait lekutan. Emakumeen kontrako jarrera normalizatu zen eta degradazioa indartu zen, feminitatea eta maskulinitatea birdefinituta. Garai hartan emakumeak arlo publikotik kanporatzen hasi ziren, eta, aldi berean, gizonen presentzia indartu nahi izan zen. Gutxi balitz, orden publikoaren kontrako mehatxutzat jotzen hasi zen emakumea. Sorginen, emakume txiro eta langileen aurkako bortizkeria normalizatu eta handitu zen. Nolabait, tesia zera da: eliteek bekatari edo errudun bat behar izan ohi dutela, gizarteko sektoreak diziplinarteko eta orden soziopolitikoa finkatzeko, herritarren obedientzia bermatze aldera. Kasu horretan, marko normatiboaren elementu gaitzesgarriena zen sorgina, beraz, emakume guztiak diziplinatu behar ziren, sorginak zigortuz eta akabatuz.
Gaur egungo kapitalismoaren adreilu ezinbestekoa eta iraunkorra indartzen eta mutatzen joan da duela zenbait mende, heteropatriarkatua, alegia. Baina, Michel Foucaultek frogatu zuen moduan, diziplinak buruan zein gorputzean eragiten zuen, lanerako indar otzana bilakatzeko. Diskurtso edota sinemenez gain, praktika eta ohitura batzuk zigortzen hasi ziren emakumeak arrastoan sartzeko eta dagozkien espazio inposatuetara hesitzeko. Sorginak erretzen ziren, exekutatu, ekoizpen-sistema berriaren aurkako diskurtsoak eta gaitasunak adierazten baitzituzten. Sexualtasuna bizitzeko, sendatzeko eta erreprodukzioa kontrolatzeko ideia eta praktikak garatu zituzten etsaitzat hartzen ziren emakume jakintsuak.
Kolonizazioaren garaian, Amerikan "calibanak"[18] izan ziren Europako emakumeak, jazarpen latzak sufritu baitzituzten, esklabo bihurtu arte.
Euskal Herriari dagokionez, Federicik nabarmentzen du emakumeen kontrako bortizkeriaren kontrako gizonen jokabideaz dokumentazio gutxi dagoela, baina, kontatzen du 1609an Donibane Lohizuneko arrantzaleek jakin zutela euren emazteak torturatu eta akabatuak izan zirela eta sutara eramateko sorginez betetako garraio bat libratu zutela bidean.
Zerbaiten usteren kontra, sorgin-ehiza ez zen Erdi Aroko obskurantismoan indartu, baizik XVI eta XVIIgarren mendeetan, hau da, Modernitatearen atarian. Europako hegoaldeko herrietan ez ezik iparraldeko herrietan ere gauzatu zen; are gehiago: Europa Erdian eta Iparraldean izan ziren epaiketa gehienak. Italian sorgin-ehiza txikia izan zen, eta Espainian, nahiz eta sorginekiko sinesmena bazen, jazarpen legala oso urria izan zen[19][20], eta ia denak, Euskal herrian gertatu ziren. Hau da, doktrina katolikoak ez du esplikatzen zergatik diziplinatzeko prozesu bortitz hori osatu eta garatu zen hainbeste herrialde europarretan, eta ez afrikarretan edo asiarretan. Elite ekonomiko, moral eta intelektualek oinarri teoriko eta normatiboa diseinatu zuten, emakumeen kontrako errepresioa justifikatzeko, eta orden ekonomiko kapitalista eta patriarkal berria balioztatu zein naturalizatzeko. Marxek zera esan zuen: erlijioa herriaren opioa da. Gizartea drogatzen duten bitartean, orden ekonomikoa eta normatiboa inposatzeko oztopo herrikoiak uxatzen dira.
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gutierrez Lorenzo, Uxue. (2019ko apirilaren 2a). «Sorgin ehiza: mitoaren historia» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
- ↑ Labat, Claude.. Sorcellerie : manigances & sarabande : 1600-1620, l'entrée du Pays basque dans les temps modernes. ISBN 978-84-9027-935-9. PMC 1130385226. (Noiz kontsultatua: 2020-01-09).
- ↑ liburu erlijiosoa
- ↑ Becerra Romero, Daniel. (2004). «Ungüentos, transformaciones y vuelos. Brujería y psicoactivos de la Antigüedad como antecedente de la brujería de la Edad Media» Bolskan: Revista de arqueología del Instituto de Estudios Altoaragoneses (21): 121–128. ISSN 0214-4999. (Noiz kontsultatua: 2025-01-24).
- ↑ Levack, Brian (2013). The Oxford Handbook of Witchcraft in Early Modern Europe and Colonial America. Oxford University Press. 5–6. or.
- ↑ Hutton 2010, p. 247. Scarre and Callow (2001) put forward 40,000 as an estimate for the number killed.(Scarre & Callow 2001, pp. 1, 21) Levack (2006) came to an estimate of 45,000. Levack, Brian (2006). The Witch Hunt in Early Modern Europe Third Edition. Longman. Page 23. Hutton (2010) estimated that the numbers were between 40,000–50,000,(Hutton 2010, p. 247) Wolfgang Behringer and Lyndal Roper had independently calculated the number as being between 50,000–60,000.(Behringer 2004, p. 149; Roper 2004, pp. 6–7) In an earlier unpublished essay, Hutton counted local estimates, and in areas where estimates were unavailable attempted to extrapolate from nearby regions with similar demographics and attitudes towards witch hunting. "Estimates of Executions (Hottonen 'Counting the Witch Hunt')" ikerketan oinarrituta.
- ↑ (Ingelesez) Guilford, Gwynn. (2018-01-24). «Why did Germany burn so many witches? The brutal force of economic competition» Quartz (Noiz kontsultatua: 2025-01-23).
- ↑ Thurston, Robert W. (2001). Witch, Wicce, Mother Goose: The Rise and Fall of the Witch Hunts in Europe and North America. Edinburgo: Longman. ISBN 9780582438064. 1 or.
- ↑ Levack, Brian P. (2006). "Chapter 7". The Witch-hunt in Early Modern Europe. Pearson Longman. ISBN 9780582419018.
- ↑ Levack, Brian (2013). The Oxford Handbook of Witchcraft in Early Modern Europe and Colonial America. Oxford University Press. 7–8. or.
- ↑ Willis, Deborah (2018). Malevolent Nurture: Witch-Hunting and Maternal Power in Early Modern England. Cornell University Press. 35–36. or.
- ↑ Hutton, Ronald (2017). The Witch: A History of Fear, from Ancient Times to the Present. Yale University Press. 24–25. or.
- ↑ Davies, Owen (2007). Popular Magic: Cunning-folk in English History. A&C Black. 164. or.
- ↑ Per Scarre & Callow (2001), "Records suggest that in Europe, as a whole, about 80 per cent of trial defendants were women, though the ratio of women to men charged with the offence varied from place to place, and often, too, in one place over time."
- ↑ "Menopausal and post-menopausal women were disproportionally represented amongst the victims of the witch craze--and their over-representation is the more striking when we recall how rare women over fifty must have been in the population as a whole." Lyndal Roper Witch Craze (2004) 160 or.
- ↑ Jones, Adam. "Case Study: The European Witch-Hunts, c. 1450–1750 and Witch-Hunts Today". Gendercide Watch. Retrieved 19 October 2018.
- ↑ mostly in the Holy Roman Empire, the British Isles and France, and to some extent, in the European colonies in North America; largely excluding the Iberian Peninsula and Italy; "Inquisition Spain and Portugal, obsessed with heresy, ignored the witch craze. In Italy, witch trials were comparatively rare and did not involve torture and executions." Anne L. Barstow, Witchcraze: a New History of the European Witch Hunts, HarperCollins, 1995.
- ↑ Caliban, Shakespeareren The Tempest antzezlaneko pretsonaia bat da, erdi gizaki natiboa, Prosperok esklabo egiten duena. (Erref.: https://www.dictionary.com/browse/caliban
- ↑ Nachman Ben-Yehuda (July 1980). «The European Witch Craze of the 14th to 17th Centuries: A Sociologist's Perspective'». American Journal of Sociology (en inglés) (University of Chicago Press) 86 (1): 6-7. ISSN 0002-9602. Consultado el 8 de abril de 2023. «the witch-hunts were conducted in their most intense form in those regions where the Catholic church was weakest (Lea 1957; Rose 1962) (Germany, Switzerland, France). In areas with a strong church (Spain, Poland, and eastern Europe) the witch craze was negligible.»
- ↑ Pérez, Joseph (2012) [2009]. Breve Historia de la Inquisición en España. Barcelona: Crítica. ISBN 978-84-08-00695-4.
Bibliografia gehigarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Federici, Silvia (2021) Brujas, Caza De Brujas y Mujeres ISBN: 9788412339871. Editorial: Traficantes De Sueños.
- Federici, Silvia. (2017). Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputa eta metatze primitiboa. ISBN 13: 9788490277201. Elkar.
- (Gaztelaniaz) Gonzalez, José Antonio. (2010). Brujas en comunidades rurales: Identidad, poderes y narraciones en un "pueblo de brujas" del centro–occidente español". Revista de folklore, ISSN: 0211-1810, 348. zk., 183-187 or.
- Henningsen, Gustav (2010). El abogado de las brujas: brujería vasca e Inquisición española. Alianza, ISBN: 9788420683744
- (Frantsesez) Labat, Clude eta Marko (2019). Sorcellerie. Manigances & Sarabande. 1600-1620, l'entrée du Pays basque dans les Temps Moderne. Lauburu, Elkar. ISBN: 978-8490279359
- (Ingelesez) Leeson, Peter T.; Russ, Jacob W. (2018ko abuztua) "Witch Trials", The Economic Journal, 128. lib., Issue 613, 1 , 2066–2105. or., https://doi.org/10.1111/ecoj.12498
- (Gaztelaniaz) Levack, Brian P. (1995) La caza de brujas en al Europa Moderna. Alianza. ISBN 13: 9788420628141
- (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio (1966) Las brujas y su mundo. Alianza
- (Ingelesez) Montesano, Marina (arg) (2021) Folklore, Magic, and Witchcraft Cultural Exchanges from the Twelfth to Eighteenth Century. Saila: Routledge Studies in the History of Witchcraft, Demonology and Magic New York : Routledge ISBN: 9780367557676.
- (Frantsesez) Viallet, Ludovic (2022). La grande chasse aux sorcières: Histoire d'une répression (XVe-XVIIIe siècle). Armand Colin. ISBN: 9782200629854
- (Ingelesez) Willumsen, Liv Helene (2022) The Voices of Women in Witchcraft Trials Northern Europe. Routledge ISBN: 978-1032186160
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Apaolaza Avila, Urko: "Sorgin ehiza Euskal Herrian: Salaketen ezkutuko interesak". Argia. 2004ko uztailaren 11.
- (Ingelesez) "Scottish witch trials". History. BBC.
- (Ingelesez) Castelow, Ellen (2015 maiatza 29) "Witches in Britain. Witches, witchcraft and the notorious witch hunts and trials in England…" Historic UK. The History and Heritage Accomodation Guide
- (Ingelesez) A. Pavlac , Brian (2011) The Witch hunts (A.D. 1400-1800) Prof. Pavlac's Women's History Site. King’s College.
- (Ingelesez) Dorn, Nathan (2022ko urriak 31) «Hunting for Witchcraft in the French Provinces». In Custodia Legis. Libray of Congress blogs.
- Hutton, Ronald (2024ko ekainak 5) «Witch-Hunting in European and World History» Gresham College [Youtuben] Hemen egindako hitzaldia: Barnard's Inn Hall, Londres.
- (Ingelesez) Scottish Accused Witches. A project putting Scotland's accused witches on the map. The university of Edinburgh.
- (Ingelesez) 550 years Of Witch Hunt in Europe (Mapak eta datuen grafikoak) Datuen jatorria: Peter T. Leeson eta Jacob W. Russ (ikus horien artikulua ere: The Economic Journal, Volume 128, Issue 613, 2018ko abuztuak 1, Pa 2066–2105 or., https://doi.org/10.1111/ecoj.12498 )
- (Gaztelaniaz) Díaz, Leonel (2024ko abendua) Mitos sobre la caza de Brujas. [Youtuben]