Sibila
Sibila | |
---|---|
Ezaugarriak | |
Sexua | emakumezkoa |
Sibila greziar eta erromatar mitologiako pertsonaia bat da. Profeziarako botereak zituen emakume bat zen, Apolok inspiratua. Ordutik, horrela deitu izan dira maiz, profetizatzeko ahalmen hori erabili izan duten emakumeak. Tradizio batzuen arabera, egon zen Dardano eta Nesoren (Teukro gobernariaren alaba zena) alaba gazte bat, profeziak egiteko dohaina zuena, eta oso igarle ona zenaren ospea zuen. Neska gazte haren izena Sibila zen.
Greziar munduan sibilek leize zuloetan edo ur korronteetatik hurbil izaten zuten bizitokia, eta etorkizuna jakin nahi zuten fededunak hara jotzen zuten. Profeziak, beti trantze egoeran iragartzen ziren eta idatziz igortzen ziren hexametro greziarretan.
Sibila zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen greziar idazleek Sibila bakarra aipatzen dute. Uste denez, Herofila izeneko Sibilari buruz ari dira, Troiako Gerra profetizatu zuena. Geroago, beste batzuk agertzen hasi ziren, beti, zetozen tokiaren izenarekin aipatuak. Zerrenda, hamarrera arte heltzen da.
- Samosko Sibila
- Troiako Herofila Sibila
- Helespontoko Sibila
- Sibila frigiarra
- Sibila zimeriarra
- Delfosko Sibila
- Kumasko Sibila
- Sibila libiarra
- Sibila tiburtinoa
- Sibila babiloniar edo pertsiarra
Erromatar mitologian, aipatutako hamar hauetatik garrantzitsuena, Kumasko Sibila da.
Sibilez hitz egiten duen lehen greziar egile ezaguna Heraklito da (K. a. V. mendea). Platonek ere, sibila bakar bati buruz hitzegiten du. Denboran aurrera, sibila kopurua, hiru, hamar edo hamabi arte igotzen da. Kasu guztietan, euren izenagatik baino gehiago, batez ere ez zutelako izenik, bizi ziren tokiagatik ezagutzen ziren.
Kristau ikonografian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]kristautasunak mundu klasikoko ikono asko bereganatu eta moldatu zituen, eta horien artean sibilak zeuden, erlijio berriaren arabera, Kristoren etorrera profetizatu baitzuten[1].
Modu handientsuan, Michelangelok, bost profetekin tartekatuta bere garaiko bost sibilarik adierazgarrienak margotu zituen Kapera Sixtinoko gangan. Honako hauek dira margotu zituenak:
Delfosko Sibila, Michelangeloren obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Obra hori Michelangelok 1509an Kapera Sixtinoan eginiko fresko bat da. 350 cm luze da, eta 380 cm zabal. Freskoa kaperaren behealdean dagoen serie bateko kide da, non profetak eta sibilak txandakatzen diren. Irudi hauek triangelu batzuen barnean daude eta Kapera Sixtinoko gangaren irudirik handienak dira. Antzinaroan honako sibila hauek ikaragarrizko boterea eduki zuten etorkizuna asmatzeko zuten boterearen ondorioz. Historian zehar famatuena izan dena hauxe izan da, Delfoskoa hain zuzen ere. Profanoak dira, beraz arraroa da Vatikanoan topatzea. Hala ere haien agerpenak zergati bat dauka: badirudi munduaren amaiera eta Jaungoikoaren etorreraren berri eman zutela. Figura marmol edota harrizko tronu batean jesarrita (gainerako profeten eta sibilen antzera) eta bi pilaren artean dago, pilare bakoitzak bi urrezko koloma dituelarik. Marmolezko pilaretan aingeru txikien eskulturak daude marrazturik, hauetako bakoitzak diagonal bat egiten du eta alegiazko marra horiek lanaren erdialdean batzen dira, Sibilaren punturik baxuenean. Honek sakontasuna eta perspektiba ematen dio lanari, badirudi emakumeak planotik irten behar duela. Triangeluaren ia erpinean, emakumearen izena ageri da, baina latinez idatzita: Delphica.
Konposizioari begira, obalo itxura daukala esan dezakegu. Emakumea, energiaz eta indarrez betea, haren gorpua ezkerrerantz du biratuta eskortzoa nabari eginez eta mugimendua irudikatuz. Honek manierismoa aurreratzen digu. Ezkerreko besoa aurrerantz du tolesturik profezia duen pergaminoa eusten duen bitartean, hala ere burua eskuinera du biratuta eta sorpresa aurpegia dauka; honek haren mezuak beldurra eragiten dionaren itxura ematen digu. Figurak duen forma honi (gorputza alde batera eta buru beste batera edukitzeari) Tondo Doni esaten zaio, baina normala baino indar gehiagorekin dago adierazita, artistaren ezaugarrietako bat dena. Arropa laranja, urdin eta berde klasiko batzuek estaltzen dute eta hain landuak egotearen ondorioz, argi - itzalak sortzen dituzte lanari bolumena emanez. Koloreak hotzak dira, beraz suposatu dezakegu artistak marmol polikromatuaren itxura eman nahi izan ziola obrari.
Figura eskultorikoa dugu, baina gorpuak ez dauka emakume gorpuaren antzik; badirudi gizonak margotzen zituela eta ondoren bularrak jarri. Hala ere gangan agertzen den emakumerik eder, dotore eta gazteena dela diote. Sibilaren aurpegiak Michelangelok gaztetan margotutako Madonnen antza dauka. Emakumearen atzean pergamino bat irakurtzen dauden bi aingeru agertzen dira; sibila honen profeziaren bat irakurtzen omen daude. Lanaren koloreak lerroaren menpe daude, beraz lehenengo figura marraztu eta gero margotu zuela suposatu dezakegu.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Palacios Jurado, Helena. (2018). «La sibila en la Edad Media» Revista Digital de Iconografía Medieval X. lib., 18. zk.: 65-97..
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Chastel, André; Shearman, Jonh; O´Malley, Jonh; Hirst, Michael; Mancinelli, Fabrizio eta Bernabei, Franco. La Capilla Sixtina. Plaza & Janés. 1986. ISBN: 84-01-37234-8.
- Junta de Castilla y León. Arte historia. Kontsulta 2014 Apirilaren 28an egina. Online eskuragarri: https://web.archive.org/web/20140603121028/http://www.artehistoria.jcyl.es/v2/personajes/2750.htm
- Mendizabal Ugalde, Juan Ignacio (2010) Artearen Historia, 2. Batxilergoa. Erein. ISBN: 978-84-9746-365-2