René Magritte
René Magritte (Lessen, Belgika, 1898ko azaroaren 21a - Schaerbeek,Brusela-Hiriburua_eskualdean Belgika, 1967ko abuztuaren 15a) belgikar margolaria izan zen; surrealismoak izan duen margolari ezagunenetakoa.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leopold Magritte merkatari eta Regina (Bertinchamps jaioa) senar-emateak izan zituzten hiru semeetatik zaharrena izan zen. René Magrittek Chateleteko lehen mailako eskolara joan zen; bigarren mailako ikasketen zikloa hastean, pintura ikastaro bat egin zuen 1910ean, Félicien Defoin (1869-1940) artistaren tailerrean. Fantomas pertsonaiaren zale amorratua izan zen. Charleroiko Erakusketa Unibertsalean, zinema deskubritu zuen, filmen kartelek txundituta utzi zuten, baina baita iragarkiek eta argazkiek ere. Bere amak, Reginak, depresio handiak zituen eta azkenean bere buruaz beste egin zuen Sambre ibaian itota 1912ko martxoaren 12an. Hurrengo urtean familia Charleroin finkatu zen. Aitak haurren hezkuntza Jeanne Verdeyen etxe-irakasle baten esku utzi zuen ondoren, eta 1928an Léopold Magritte harekin ezkondu zen. 1915eko urrian ikasketak utzi eta Bruselara joan zen bizitzera, Rue du Midin, Arte Ederren Akademiatik ez oso urrun, han ikasle libre gisa klaseetara joateko asmoa baitzuen. Sartu aurretik, estilo inpresionistako koadroak margotzen ditu. Arte formakuntza han gauzatu zuen. Hogeigarren hamarkadan hasi zen bere lanen erakusketak egiten. 1927-1929 bitartean Paris ingurura bizitzera joan zen. Hiru urte horietan, artista surrealisten taldearen jardueretan parte hartu zuen (batez ere, Éluard, Breton, Arp, Miró eta Dalírekin lotzen da). Parisko surrealismoari ilusionismoaren berpiztea ekartzen dio. Dalík ez bezala, Magrittek ez du pintura erabiltzen bere obsesio pribatuak edo fantasiak adierazteko, baizik eta zorroztasunez, ironiaz eta eztabaida-izpirituz adierazpenak egiten ditu. 1930an Belgikra itzuli zen, polemiketatik urrunduta. Hirurogeita zortzi urterekin hil egin zen bere etxean Schaerbeek hirian, non lurperatua dagoen, bere emaztea zen Georgette ondoan.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Magritten hasierako lanetan kubismoaren eta fauvismoaren eragina nabarmena bazen ere, 1925. urtetik aurrera surrealismo aldera egin zuen, De Chirico italiar margolaria izan baitzuen eragile.
1940. urte aldera "neoinpresionismo"aren teknikak landu zituen, irudikatze-mota zehatza eta erabat arrunta erabili zuen, sarritan garai batean lanbidetzat zuen paper pintatuen diseinua gogorarazten duena. Etengabe eta are lekuz kanpo ere errepikatzen dira Magritteren obran zehar ezaugarri diren zenbait irudi: airean egoten diren harkaitz handiak, oinetako behatzdunak zein trajez eta kapeluaz jantziriko gizonak. Gauzaki errealez eta irudimenezkoez osaturiko koadroak margotu zituen; haren irudimen aberatsagatik zein efektuak erabiltzeko erraztasunagatik, eta halaber koadroetan erakusten zuen umoreagatik ere, surrealismoak izan duen pintore naturalen eta oparoentzat hartzen da Magritte.
Haren obren artean aipagarri dira: Golconda (1953), Pirinoetako gaztelua (1959) eta Argien inperioa (195?) besteak beste.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Magritte Fundazioa Fundazioa eta lanen autentifikazio batzordea, Bruselan
- Magritte Museoa Shaerbeek hirian