Prostata
Prostata | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | gizonezkoen ugaltze-aparatua |
Kokapena | Pelbiseko barrunbea |
Hona drenatzen du | prostatic venous plexus (en) Kanpoko iliakoaren linfa nodoetana |
Arteria | Barneko pudendo arteria, beheko arteria besikala eta erdiko ondeste arteria |
Zaina | Zain plexu prostatikoa, faszia prostatikoaren zaina, pudendo zaina eta erdiko ondeste zaina |
Nerbioa | Nerbio hipogastrikoak, beheko plexu hipogastrikoa, nerbio esplakniko sakroa eta azpileko nerbio esplaknikoak |
Linfa | Kanpoko nodo iliakoak, barneko nodo iliakoak, nodo hersleak eta azpileko nodo linfatikoak |
Identifikadoreak | |
Latinez | prostata |
MeSH | eta A10.336.707 A05.360.444.575 eta A10.336.707 |
TA | A09.3.08.001 |
FMA | 9600 |
Terminologia anatomikoa |
Prostata (antzinako grezieraz: προστάτης, prostatstris, literalki "aurrean dagoena", "Babeslea", "Zaindaria") ugaztun gehienen ugal-aparatu maskulinoaren guruin bat da, gaztaina forma duena. Ondestearen aurrean eta puxika edo gernu-maskuriaren azpian eta irteeran kokatzen da, nahiz eta honi itsatsita egon daitekeen. Organo honek maskuria sekundarioa bezala funtzionatzen du, eta presioa egiten du uretrak semena kanpora bota dezan; horrez gain, maskuriaren pasabidea ixteko ahalmena ere badu, koitoan zehar maskuriak bere edukia aska ez dezan.[1]
Guruin prostatikoak jariatzen dituen substantziak:
- Zinka (Zn, ezaugarri bakterizidak)
- Magnesioa (Mg, esne-itxura ematen dio semenari)
- Entzimak:
- Fosfatasa azidoa
- Fibrinolisina
- Transglutaminasa (karraskarietan dentsifikatu egiten du semena, eta bagina-tapoi bat sortzen du semena irten ez dadin, eta beste ar batek kopula ez dezan)
- Bestelakoak
Guruin prostatikoaren gainean eta alboetan semen-besikulak daude, semen-likido gehiena sortzen dutenak. Prostatak uretraren lehen zatia inguratzen du, nondik gernua eta semena igarotzen diren zakileraino.[2]
Hormona maskulinoek guruin prostatikoa estimulatzen dute fetuaren garapenetik. Prostatak hazten jarraitzen du helduarora iritsi arte, eta bere tamaina mantentzen du hormona maskulinoak sortzen diren bitartean. Hormona maskulinoak desagertzen badira, guruin prostatikoa ezin da garatu eta haren tamaina murriztu egiten da, batzuetan ia desagertu arte.[3]
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prostata gizonaren ugaltze sistemako guruin bat da, 7 eta 16 gramo inguruko pisua hartzen ohi duena[4]. Pelbis barrunbean kokatuta dago, zehazki maskuriaren alde kaudalean, eta uretraren atal prostatikoa inguratuz agertzen da, maskuriaren lepo eta perine aldeko zeharkako muskulu sakonaren artean. Forma oboideoa du, eta bertan sei aurpegi bereizten dira:
- Oinarria: maskuriaren oinaldearekin kontaktuan
- Apexa: abdomenaren zeharkako giharra
- Aurreko eta atzeko aurpegiak
- Eskuin eta ezkerreko aurpegiak
Prostatak, bere kanpo egitura estaliz, faszia bat du, faszia edo kapsula prostatikoa deiturikoa[5]. Guruin honen barne egitura definitzeko guneak zein lobuluak erabiltzen dira, baina gehien erabiltzen dena “gune” terminoa da[5].
Beraz, prostata hiru-lau gunetan banatzen da, baina hauek gehien bat ikuspuntu histologiko batetik desberdintzen dira, eta baita ultrasoinuen bidez lorturiko MRI irudien bitartez. Aipatutako guneak honakoak dira:
- Gune periferikoa: prostata helduaren %70a hartzen du, gehien bat apexa osatuz. Guruinaren atzealde dortsal osoa hartzen du, bi aldeetara zabalduz, kapsula prostatikoaren azpitik. Prostatako minbizi kasuen %70-%80a gune honetatik sortzen dira.
- Erdialdeko gunea: prostata helduaren %20a inguru suposatzen du. Hodi eiakulatzaileak inguratzen ditu[5], eta prostata minbizien %2.5ak gune hau izaten ohi du jatorri. Azpimarratzekoa da kasu hauetan minbizia agresiboagoa izaten dela, besikula seminalak inbadi baititzake.
- Trantsizio gunea: atal hau bizitzan zehar hazi egiten da, helduaroan guruinaren %5a hartzen duelarik. Honek uretra inguratzen du, eta minbizien %10-%20a suposatzen du. Gainera, aurrerago aipatuko den prostataren hiperplasia onbera gune honetan sortzen ohi da.
- Aurreko gune fibromuskularra edo estroma: atal hau ez da beti gune bezala kontsideratzen. Izenak dioen bezala, gune honek ez du izaera glandularrik, eta soilik muskuluz eta ehun fibrosoz osatua dago[4].
Bestalde, lobulutan banaketa egiten bada honelako hauek bereizten dira: atzeko lobulua (edo istmoa bezala ere ezagutua), eskuin zein ezkerreko alboko lobuluak, eta erdiguneko lobulua.
Prostataren baitan dauden giharrak honakoak dira:
Guruinaren barruan bi muskulu agertzen dira, biak uretra prostatikoarekiko paraleloki kokatuak. Uretra erreferentziatzat hartuz, alde bentralean uretraren muskulu dilatatzailea dago, eta alde dortsalean, aldiz, muskulu eiakulatzailea[6].
Prostataren odoleztapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prostatak odoleztapena jasotzen du beheko arteria besikaletik (barneko arteria iliakoaren adarra), barneko pudendo arteriatik eta erdiko ondeste arterietatik (hemorroidala, hau ere barneko arteria iliakoaren adarra). Hauek atzekoz-aurrerako ibilbidea osatzen dute, prostataren alde dortsaletik bentralera igaroz, apexera iritsi arte[5].
Barneko besikula arteria, maskuri mailara heltzean, bi adarretan banatzen da. Alde batetik uretrarentzako adarkadura bat ematen du, zeinak uretra eta baita prostataren trantsizio gunea odoleztatzen dituen. Bestalde, prostataren kapsularentzako beste adar bat ematen du[5], eta honek guruinaren gainontzeko guneak odoleztatzen ditu bertan sartuz eta adartxoak emanez.
Prostataren zain itzulia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guruinaren zain itzuliaz plexu prostatikoa izeneko zain-sarea arduratzen da. Plexu hau bitan banatua dago, azalekoa eta albokoa. Honek, nagusiki, prostataren alde bentrala inguratzen du, alde dortsalera ere zabalduz alboetatik.
Plexuez gain, prostataren odola hartzeaz ere faszia prostatikoaren zaina arduratzen da (aurreko hiru hauek sortzen ditu alde dortsaleko zakileko zain sakonak, zeinak diafragma pelbikoa igaro ostean hirutan banatzen den).
Azkenik, pudendo eta erdiko ondeste zainek gehien bat prostataren atzealdeko odola hartzen dute, eta baita besikula seminaletakoa[5].
Aipatutako sare hauen bitartez, odola beheko zain besikalean drainatzen dute, eta ostean, hau zain hipogastrikoan amaitzen da.
Linfa drainatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prostataren inguruko linfa hiru gongoil nagusietan drainatzen da. Alde batetik, hodi deferente, besikula seminaleko zenbait hodi eta baita prostata atzeko azalaldeko atalaren linfa kanpoko nodo iliakoetan drainatzen da.
Bestetik, besikula seminaleko beste hodi batzuetako, hodi prostatikoetako eta prostataren aurrealdeko linfak barneko nodo iliakoan amaitzen dira.
Azkenik, prostata barneko linfak nodo hersle eta azpileko nodo linfatikoetan[5] drainatzen du.
Prostataren inerbazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inerbazio bai sinpatiko zein parasinpatikoa jasoko du.
Inerbazio sinpatikoari dagokionez, goiko plexu hipogastrikokoaren nerbio hipogastrikoek (T12-L2) eta beheko plexu hipogastrikoko nerbioek (gerri nerbiotik eratorriak) burutzen dute. Hauek, bereziki, esfinter prostatikoaren eta zuntz muskularren inerbazioaz arduratzen dira.
Inerbazio parasinpatikoari dagokionez, nerbio esplakniko sakro (S3-S4) eta azpileko nerbio esplaknikoen (S2-S4) bidez jasotzen du.
Zuntz hauek, esfinter ildaskatua (esfinter pasibo funtzioa betetzen du), prostataren barneko zuntzak eragiten dituzte parasinpatikoki. Aldi berean, epitelio prostatikoaren ekintza jariatzaileaz arduratzen dira.
Nerbio hauez gain, gainera, nerbio erektore edo azpileko esplaknikokoek (normalki S3-S4, eta ez horren ohikoa S1-S5) ere inerbatzen dute.
Prostataren garapen enbriologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enbrioi garapenean, hasiera batean, alde kaudalean alantoides izeneko gunea dago. 4. eta 7. asteetan zehar, alantoidesean banaketa bat ematen da eta bertatik sinu urogenitala eta uzki kanala sortzen dira, septo urorrektalak[7] banatuak.
Sinu urogenitala ostera hirutan bereizten da: goialdean maskuria, erdian uretra eta atzealdea enbrioiaren sexu biologikoaren[7] arabera aldakorra izaten da.
Prostata guruina jatorri biko egitura da, batetik endodermikoa[7] eta bestetik mesodermikoa baita. Atal endodermikoari dagokionez, hirugarren hilabete inguruan, uretratren atal prostatikoko zelulak hazi egiten dira mesenkima[7] (mesodermoa) aldera hurbilduz. Gune honetatik sorturiko egiturak, endodermikoak direnez, prostatako guruin sektretorean diferentziatzen dira, eta esandako mesenkimatik, prostatako ehun konektibo eta muskulu lisoa[8]
Beraz, prostata bezalako guruin mistoa eratzen da, eta maskuria garatzen den heinean honen beheko aldean kokatzen da. Honen funtzio egokirako, androgenoen eta testosteronaren beharra izaten du. Nagusiki prostata erregulatzen duen hormona dihidrotestosterona da.
Enbrioi garaian umekiaren aktibitate hormonalaz eta prostaglandinaren jariatzeaz arduratzen da eta, arestian aipatu bezala, adinarekin guruina handitzen da, helduarora arte[5].
Funtzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prostatak ur prostatikoa ekoiztu eta jariatu egiten du uretrara hodi prostatikoen bitartez non barrabiletik eta besikula seminaletik datorren jariakinekin bat egiten du semena deritzogun likidoa sortuz[9]. Semena ugal-aparatu maskulinoa dituzten pertsonek eiakulazioaren bidez jariatzen duten likidoa da. Honen sorkuntza barrabiletan hasten da eta hodi deferenteen bidea jarraituz, azkenik, eiakulazio hodietara ailegatzen da (prostataren mailan) eta uretrara jariatzen da eiakulazio prozesuaren bidez zakiletik ateratzeko[10].
Prostataren jariakina antigeno prostatiko espezifikoaz (PSA), fibrinogenoz, espermina, zink, magnesioa eta hainbat entzima proteolitikoz osatuta dago[11]. Besikula seminaletik sortutako ur seminalarekin batera, eiakulazioaren ondorioz kanporatzen den jariakinaren zati likidoaren gehiengoa osatzen du (%25a)[11]. Ur prostatikoa, semenaren higikortasuna eta bideragarritasuna bermatzen du baginaren azidotasuna neurri batean neutralizatuz[9].
Erekzioaren (edo zuta) ostean ematen den eiakulazioa nagusitasun sinpatikoa du. Honen eraginez, uretra prostatikotik aurrera dauden muskulu leunak uzkurtzen dira semena kanporatzeko[12]. Aipatzekoak dira prozesu honetan parte hartzen duten prostataren aurrealdean eta atzealdean dauden bi esfinter.
- Prostataren aurreko aldekoa, esfinter preprostatikoa, inboluntarioa izango dena eta uzkurtuz eiakulazioaren prozesuan parte hartzen duena. Modu honetan eiakulazioaren atzeranzko fluxua eta gernuaren ateratzea ekiditen dira. Gainera, sekrezio prostatikoak handitzen ditu.
- Prostataren atzeko aldekoa, kanpoko esfinter boluntarioa izango da. Uretra (mintzezko zatia) perine aldeko zeharkako gihar sakonetik pasatzerakoan sortzen da. Gernua mantentzeko esfinter indartsuena da, beraz, eiakulazioa gertatzen den bitartean, uzkurtzen da gernua ez ateratzeko.
Esplorazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prostata guruinaren egoera esploratzeko hainbat prozedura ezberdin erabiltzen dira:
- Odol analisia. Berarekiko espezifikoak diren parametroak aztertu ditzakegu. Haien artean, antigeno prostatiko espezifikoaren (PSA) odol kontzentrazio neurtu dezakegu[13].
- Biopsia prostatikoa. Prostata ehunaren hainbat zatitxo eraustean datza ondoren mikroskopikoki aztertzeko[13].
- Ondesteko azterketa . Oso ohikoa den prozedura da. Paziente ahoz gora edo albora etzana egotea gomendatzen da. Ondoren, medikuak eskularruak jantzi eta hatz erakuslea lubrifikatu egiten du. Azkenik, hatza uzkitik sartu eta ondeste mailan alde bentralerantz abiatuz prostata eta besikula seminalak esploratzen dira. Prostata eta ondestearen artean maskuri-ondestearen tabikea edo Denovillers-en aponeurosia deituriko gune pelbiko bat dago[13].
Patologiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prostatarekin erlazionaturiko patologia ohikoenak hurrengoak dira:
Prostatitis
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Prostatitisa prostata guruinaren hantura edo inflamazioa da. Hantura hori infekziosoa, bakterioak bezalako mikroorganismoak eraginda, edo ez-infekziosoa izan daiteke, eta horren arabera, kronikoa, akutua, prostatitis inflamatorio asintomatikoa abakterianoa edo pelbiseko min kronikoaren sindrometan sailkatzen da.
- Prostatitisaren sintomak mina txiza egitean edota eiakulazioan, txiza egiteko ezintasuna, iztaietako mina, eta sukarra eta abaildura bezalako sintoma orokorrak [14] dira.
- Prostataren hanturak haren handitzea dakar eta ondesteko esplorazioaren bidez antzeman daiteke.
- Prostatitis akutua edo bakterioak eragindako prostatitisa antibiotikoekin tratatzen dira [14]. Bakterioek sortarazten ez duten prostatitisa eta pelbiseko min kronikoaren sindromea alfa blokeadoreen, antiinflamatorio ez-esteroideoen, [14] antihistaminikoen eta bestelako antsiolitikoen bidez tratatzen dira. Farmakoak ez diren tratamenduei dagokionez, fisioterapia [15], psikoterapia, nerbio-modulatzaileak, eta kirurgia ditugu.
Prostatomegalia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Prostatomegalia prostataren handitzea da, haren kausarik ohikoena prostataren hiperplasia onbera izanik. Prostataren hiperplasia onbera prostata guruina osatzen duten zelulen kopuruaren areagotzearen ondoriozko prostataren handipena da, kaltegarria edo minbizia ez den kausa batengatik [14] .
- Askotan, diagnostikoa prostataren tamaina mikzioa oztopatzen duenean ematen da. Izan ere, prostata gehiegi handitzen bada, uretra estutzearen eta gernu-fluxua oztopatzearen eraginez, mikzioa mingarria izanten da. Muturreko kasuetan, mikzioa ezingo da eman, gernu-erretentzioak sortaraziz [14]. Horrek gernu-maskuriaren handipena dakar, eta ondorioz, giltzurrunetaranzko atzeranzko gernu-fluxua ematen da (hidronefrosia) [14] .
- Sintomen artean, txiza egiteko gogoaren maiztasun handia, txiza egiten hasteko arazoak, gernuaren irteera motela, gernu erretentzioa edota gernu jarioa daude.
- Prostataren hiperplasia onbera farmakoen, prozedura ez inbasiboen edo kirurgiaren bidez tratatu daiteke.
- Orokorrean, tratamendua alfa-1 hartzaile adrenergikoen antagonista den farmakoen bidez hasten da. Honen adibidea tamsulosina da, zeinak uretran dagoen eta prostataren zehar pasatzen den muskulu leunaren tonua murrizten duen, gernuaren igarotzea erraztuz [14].
- Kirurgia ohikoena prostataren erresekzio transuretrala daukagu, [14] non uretraren bidez sartutako instrumentu baten bidez uretraren alde apikala estutzen duen eta gernuaren igarotzea oztopatzen duen ehun prostatikoa erauzten den.
- Gutxieneko prozedura inbasiboak orratz baten bidezko prostataren ablazio transuretrala eta mikrouhinen bidezko termoterapia transuretrala [16] dira.
Minbizia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Prostatako minbizia minbizien artean ohikoenetarikoa, eta gizon zaharren heriotzaren arrazoi esanguratsua da [17] . Askotan, gizonak ez dauka sintomarik, baina izatekotan, txiza egiteko gogoaren maiztasun handia, txiza egiten hasteko arazoak,...izan ohi dira.
- Prostata minbizia detektatzeko egiten diren lehenengo frogak ondesteko azterketa digitala eta prostataren antigeno espezifikoaren (PSA) kontzentrazioaren neurketa dira. PSA kontzentrazioak interpretatzeko zailak dira, prostata minbizia ez duen gizonezko batek balore altuak izan ditzakeelako, eta minbizidun gizonezko batek balore baxuak izan ditzakeelako [14]. Hurrengo froga aktibitate tumorala eta metastasi gaitasuna ebaluatzen duen biopsia bat izan ohi da.
- Metastasirik gabeko prostata minbizia prostataren erauzketa kirurgikoaren, erradioterapiaren edota iodo-125 edo paladio-103 bezalako partikula erradioaktiboen (brakiterapia) [18] bidez tratatzen da.
- Prostatako minbiziaz gain metastasia egotekotan, aurreko tratamenduak aplikatzeaz gain, terapia hormonalak erabiltzen dira, tumorea zabaltzeko beharrezkoak dituen androgenoak haien homologoaz ordezkatuz, edo hartzaileen ekintza inhibituz [14] .
Skeneren guruinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Skeneren guruinak, "Prostata femeninoa" bezala ezagutzen dira; izan ere, Skeneren guruinak eta prostata maskulinoak antzera jarduten dute biek antigeno prostatiko espezifikoa (PSA), gizonezkoengan sortutako eiakulazio-proteina dena, eta fosfatasa azidoa jariatzen baitute.
Nahiz eta prostata maskulinoaren homologoa izan eta ehun enbriologiko berdinetik garatua egon, prostata maskulinoarekin erlazionatutako bere garapenaren hainbat alderdi oso ezezagunak dira.[19]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «PRÓSTATA - Qué es y para qué sirve • MD.Saúde» MD.Saúde (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).
- ↑ «Enfermedades de la próstata» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).
- ↑ «La próstata» drgdiaz.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).
- ↑ a b Young, Barbara (Pathologist),. Wheater's functional histology : a text and colour atlas.. (Sixth edition. argitaraldia) ISBN 978-0-7020-5488-4. PMC 861650889. (Noiz kontsultatua: 2020-12-02).
- ↑ a b c d e f g h Gray's anatomy : the anatomical basis of clinical practice. (Forty-first edition. argitaraldia) ISBN 978-0-7020-5230-9. PMC 920806541. (Noiz kontsultatua: 2020-12-02).
- ↑ Schünke, Michael 1950-. Prometheus: LernAtlas der Anatomie [... Innere Organe : 121 Tabellen. ] (3., überarb. und erw. Aufl. argitaraldia) ISBN 978-3-13-160181-0. PMC 812182720. (Noiz kontsultatua: 2020-12-02).
- ↑ a b c d Sadler, T. W. (Thomas W.),. Langman's medical embryology. (Fourteenth edition. argitaraldia) ISBN 978-1-4963-8390-7. PMC 1042400100. (Noiz kontsultatua: 2020-12-02).
- ↑ Moore, Keith L.. (2008). Before we are born : essentials of embryology and birth defects. (7th ed. argitaraldia) Saunders/Elsevier ISBN 978-1-4160-3705-7. PMC 76828939. (Noiz kontsultatua: 2020-12-02).
- ↑ a b Barrett, Kim E.,. Ganong's review of medical physiology. (Twenty-sixth edition. argitaraldia) ISBN 9781260122404. PMC 1076268769. (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).
- ↑ Tortora, Gerard J.,. Principios de anatomía y fisiología. (13a ed. argitaraldia) ISBN 978-607-7743-78-1. PMC 853061345. (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).
- ↑ a b Gray's anatomy : the anatomical basis of clinical practice. (Forty-first edition. argitaraldia) ISBN 978-0-7020-5230-9. PMC 920806541. (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
- ↑ (Ingelesez) Hocaoglu, Yasemin; Roosen, Alexander; Herrmann, Karin; Tritschler, Stefan; Stief, Christian; Bauer, Ricarda M.. (2012). «Real-time magnetic resonance imaging (MRI): anatomical changes during physiological voiding in men» BJU International 109 (2): 234–239. doi: . ISSN 1464-410X. (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Pruebas para diagnosticar y determinar la etapa del cáncer de próstata» www.cancer.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
- ↑ a b c d e f g h i j Davidson's principles and practice of medicine. (23rd edition. argitaraldia) ISBN 978-0-7020-7026-6. PMC 1041853327. (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
- ↑ Potts, Jeannette M.. (2008). «Physical Therapy for Chronic Prostatitis /Chronic Pelvic Pain Syndrome» Chronic Prostatitis/Chronic Pelvic Pain Syndrome (Humana Press): 131–141. ISBN 978-1-934115-27-5. (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
- ↑ «The placebo effect in the treatment of benign prostatic hyperplasia» Therapeutic Treatment for Benign Prostatic Hyperplasia (CRC Press): 19–48. 2005-06-16 ISBN 978-0-429-21688-6. (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
- ↑ Rawla, Prashanth. (2019). «Epidemiology of Prostate Cancer» World Journal of Oncology 10 (2): 63–89. doi: . ISSN 1920-4531. (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
- ↑ «American Brachytherapy Society 2006 Annual Meeting Program» Brachytherapy 5 (2): 63–69. 2006-04 doi: . ISSN 1538-4721. (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
- ↑ ‘Glándulas de Skene’, las encargadas de la eyaculación femenina. (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).