Miren Roji
Miren Roji | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Santurtzi, 1917ko martxoaren 2a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 2018ko martxoaren 21a (101 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea eta piano-jotzailea |
Miren Roji Astorkia (Santurtzi, Bizkaia, 1917ko martxoaren 2a – Bilbo, Bizkaia, 2018ko martxoaren 21a)[1] musika irakaslea eta piano-jotzailea izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pedro Rojí Alzola eta Maria Astorquia Eguiluzen alaba izan zen Miren. Flandestar jatorri bitxiko familian jaioa (XVII. mendean Herbehereetatik Kantabriako Lierganes eta La Cavadako kanoi eta burdinola fabriketan lan egitera etorriak). Adar bat XIX. mendean iritsi zen Santurtzira, eta nolabaiteko garrantzia hartu zuen.
Bere aita, Pedro Rojí, Luis Amann eta Román Alonsok Santurtziko historiaren irudiak liburuan argitaratutako karikatura batzuen egilea izan zen, 1989an argitaratua (273. orrialdea eta hurrengoak). Anastasio Amesti Astorquia, hargin maisu ospetsua berriz, bere lehengusua izan zen.
Musikari ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Miren Roji piano eta solfeoko irakasle gisa nabarmendu zen bere etxean, eta oroitzapen atsegina utzi zuen bere ikasleen artean; besteak beste, Javier Bustamante Lagun Zaharrak abesbatzako zuzendaria eta Andolin Eguskitza euskaltzaina (bere izena daraman parkean busto bat du) izan zituen ikasle.
Diotenez, Miren Roji Bizkaiko bere garaiko musika irakasle onena zen, eta, era berean, zorrotzena (agian gehiegi, testigantza batzuen arabera). Haren ikasleek ospe bikaina zuten, eta kalifikazio altuenak lortzen zituzten Bilboko kontserbatorioan.[2]
100 urte bete zituenean Santurtziko Udalak parte hartu nahi izan zuen. Aintzane Urkijo alkatea eta Danel Bringas eta Marta Álvarez zinegotziak Bilboko Siervas de Jesús egoitzara joan ziren, musika-irakasle izandakoa zoriontzera eta herri osoaren izenean lore-sorta bat ematera.[3]
101 urte zituela hil zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Esquela de Miren Rojí Astorquia : Fallecimiento | Esquela en El Correo» esquelas.elcorreo.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- ↑ Iametza. «Miren Roji Astorkia» www.bestekaleak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- ↑ «Los cien años de la santurtziarra Miren Rojí» El Correo 2017-02-28 (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).