Edukira joan

Manuel Olaizola Lertxundi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Manuel Olaizola Lertxundi
Bizitza
JaiotzaOrio1861eko apirilaren 23a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaOrio, 1941 (79/80 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakarraunlaria

Manuel Olaizola Lertxundi (Orio, 1861eko apirilaren 23a - Orio, 1941) oriotar patroi handietako bat izan zen, 1901ean Orioren Kontxako Banderen garaipenak abiatu zituena. Kontxako 5 Bandera lortu zituen guztira.

Kirol ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Olaizolak 1890an egin zuen debuta Kontxako Banderan. Bost traineruren artean hirugarrenpostuan gelditu zen Orioko trainerua. 1895ean postu bera errepikatu zuen.

1901eko maiatzaren batean Orioko Bale ezaguna ehizatu zuten bost traineruetako patroietako bat izan zen eta urte bereko irailaren 8 eta 9an Donostiako uretan oriotarrentzako lehenengo Kontxako Bandera eskuratu zuen Manuel Olaizolak, ohorezko txandan Donostiako San Jose traineruari 37 segunduko abantaila atereaz. San Antonio zen erabilitako traineruaren izena. Hurrengo urteetan Kontxako Banderak ez zuen jarraipen handirik izan eta antolatu zenetan bizpairu traineruk baino ez zuten parte hartu. Orioren hurrengo agerpena 1909an izan zen eta Manuel Olaizola txopan zuela erraz irabazi zuen.

1910an Orio eta San Pedro bakarrik aurkeztu ziren, lehenengoan Manuel Olaizola patroi, bigarrenean Manuel Arrillaga "Aita Manuel". Aurreneko aldiz bi gunetako denborak batu ziren eta bigarren egunean traineruak trukatuta egin zuten arraun. Lehenengo igandean oriotarrek 18 segunduko abantaila atera zuten eta bigarrenean San Pedro nagusitu bazen ere bi segunduren aldeaz Bandera Oriok eskuratu zuen.

1911ko Kontxako Bandera istilutsua izan zen. Getaria, Orio eta Donostia aurkeztu ziren eta lehenengo egunaren ondoren Orio eta Getaria sailkatu ziren lehen bi postuetan, Olaizolaren oriotarrek itsaso oso txarrarekin 2 minutu eta erdiko aldea atera ziotelarik. Bigarren egunerako Getariarrek bi arraunlari aldatu zituzten eta horrekin konforme ez zeudenez oriotarrek kexa azaldu zuten. Epaileek getariarrei arrazoia eman zieten eta oriotarrek protesta egiteko erretiratzea erabaki zuten. Emandako irudi txarra aitzaki hartuta 1915 arte ez zen berriz Kontxan traineru estropadarik antolatu.

1915ean Orio zen faborito nagusia baina donostiarrek irabazi zuten Bandera. Oriotarrei iseka egiteko Orio irudikatzen zuen hilkutxa batez aritu ziren kaleetan zehar. Hurrengo urtean Oriok irabazi zuen Bandera eta finalean Donostiarrei abantaila handia zeramakiotela ikusita arraunlari batzuk atzerantz ere aritu omen ziren burla egin asmoz.

Azkenengo bandera 1919an jokatu zuen Manuel Olaizolak. Hiru traineru aritu zein baino zein patroi handiagoaz, Orio Olaizolarekin, San Pedro Aita Manuelekin eta Donostia Kirikorekin. Orden honetan bukatu zuten estropada.

1928an "Ciaboga" arraun aldizkariak ezaguna bihurtu den elkarrizketa egin zion orduan 67 urte zituen Manuel Olaizolari. Bertan esaten denez elkarrizketa euskaraz egin behar izan zion kazetariak, Olaizolak ez baitzituen gazteleraz egindako galderak ulertzen[1].

Bestalde aipatu behar da 70. hamarkadan Oriok bere traineruari Olaizola izena ipini ziola haren omenez.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Orio en el Remo, 75 años de historia, Luis Azcue Aldaz

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]