Klaus Friedrich Roth
Klaus Friedrich Roth (Breslau, Alemania —gaur egun Wrocław, Polonia—, 1925eko urriaren 29a – Inverness, Eskozia, 2015eko azaroaren 10a) alemaniar jatorriko britainiar matematikaria izan zen. Londresko St. Paul's eskolan egin zituen lehenengo ikasketak. Titulua Cambridgen atera zuen, 1945. urtean. Graduatu ondoren, Gordonstoungo eskolan (Eskozia) irakasle-laguntzaile hartu zuten. 1946an Londresa itzuli zen, hango Unibertsitate Eskolan ikerlanean jarraitzeko. Doktoregoa 1950ean amaitu zuen, eta 1961ean irakasle-postua lortu zuen. Urte horietan balio handiko lana egin zuen matematiketan: zenbaki aljebraikoen hurbilketaren problema ebatzi zuen 1955ean, arrazionalen bidez; ordu arte, matematiketako problema handienetako bat izan zen. Lan horri esker, Fields domina eman zioten Edinburgoko Nazioarteko Kongresuan (1958). Rothek beste problema batzuk ere ebatzi zituen, esate baterako 1935ean Erdös eta Turánek azaldutako aierua. 1966an Londresko Imperial Collegeko Matematika Hutseko saileko katedra lortu zuen, eta han jardun zuen 1988. urteraino. Hurrengo urteetan irakasle-bisitari izan zen, eta 1996an Eskoziara itzuli zen. Fields dominaz gainera, beste ohore asko jaso zituen Rothek: De Morgan domina, Londresko Matematika Elkartearen eskutik (1983), eta Sylvester domina, Errege Elkartearen eskutik (1991), besteak beste. Errege Elkarteko eta Edinburgoko Errege Elkarteko kide ere bazen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.