Karbono-14 bidezko datazioa
Karbono-14 bidezko datazioa isotopo horren erradiazio naturalaren neurketaz baliatzen den datatzeko modu bat da, oso ohikoa duela 60.000 arteko karbonozko materialentzat (aztarnategi arkeologikoetan topatzen direnak).
Landareek atmosferako karbono dioxidoa (CO2) fotosintesiaren bidez materia organikoa bihurtzen duenean, karbono-14aren kantitate txiki bat ere hartzen du, isotopo honek atmosferan duen maila bertsuan (badago alde txiki bat, baina laborategiko analisiei esker konpontzen ahal da). Animalia belarjaleek karbono-14a barneratzen dute landareak jatean, eta animalia haragijaleek animalia belarjaleak jatean. Landarea edo animalia hiltzean, karbono-14ren kantitatea gutxitzen hasten da erritmo finkoan, isotopo horren desintegrazio erradioaktiboa dela eta[1]. Lagin batean geratzen den karbono-14ren kantitatea eta atmosferatik hartuta egon beharko lukeena alderatzean ezagutu daiteke laginaren adina.
Erradiokarbonoaren bidezko datazio teknika hau Willard Libbyk garatu zuen 1949an Chicagoko unibertsitatean. Hori zela eta 1960an kimikako Nobel Saria jaso zuen.
Kalibrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karbono-14ren bidez lortzen diren datak ezin dira zuzenean, landu gabe, egutegiko datatzat hartu, karbono-14ren maila atmosferan ez baita erabat konstante izan historian zehar. Maila honen gainean izpi kosmikoen indarrak du eragina, eta, azken hauen gainean, bere aldetik, Lurrako magnetosferak du eragina. Gainera, lurrean badaude karbonoren erreserba batzuk (ozeanoetan edo harri sedimentarioetan esaterako) elkarren artean karbonoa igortzen dutenak. Lurreko klimetako aldaketek alda ditzakete mugimendu horiek, eta, beraz, atmosferan dagoena ere.
Prozesu naturalengatik gertatu ziren aldaketa hauez gain, gizakien jarduerak ere eragina izan du karbonoaren mailaren gainean. Industria Iraultza hasi zenetik, karbono-14ren proportzioa jaitsi da CO2 erruz isuri baita atmosferara, erregai fosilen errekuntza dela medio. Nolanahi ere, atmosferako karbono-14ren maila ia bikoiztu zen 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, denbora laburrez, bonba atomikoekin egiten ziren probengatik.
Horiek horrela, metodo honek mugak ditu Industria Iraultza baino gazteagoak diren materialak neurtzerakoan.
Horrenbestez, karbono-14 hutsaren bidez lortzen diren datak kalibratu beharra dago egutegiko datak lortzeko. Hau da, erradiokarbonoaren bidezko datak beste modu batean lortutakoekin (dendrokronologia etab.) konparatu behar dira, lehenengo data horiek doitzeko (kalibratzeko). Doitze horiei esker grafiko zehatzagoak egin dira (duela 26.000 urte arte), eta hainbat datazio aldatu behar izan dira (batez beste 163 urteko kalibrazioa izan dute).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Lucía, Álvarez Busca. (2008-01-06). «Karbono 14a iraganaren erlojua» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
- ↑ Stuiver, M., Reimer, P. J. eta Braziunas, T. F. (1998) Zehaztasun handiko karbono-14 bidezko datazioa lurreko edo itsasoko laginentzat. Radiocarbon, 40: 1127-1151
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Karbono-14aren misterioa argiturik artikulua Euskalnatura.net gunean (egilea: Antton Alberdi Estibaritz)
- Kalitate handiko karbono 14a[Betiko hautsitako esteka] artikulua zientzia.net gunean (egilea: Guillermo Roa Zubia. Elhuyar Zientziaren komunikazioa)