Juri Luzhkov
Juri Mikhailovitx Luzhkov (errusieraz: Ю́рий Миха́йлович Лужко́в) (Mosku, 1936ko irailaren 21a - Munich, 2019ko abenduaren 10a) politikari errusiarra izan zen. Moskuko alkatea izan zen 1992tik 2010era. Luzhkov Errusia Batua alderdiaren sortzaileetako bat izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juri Mikhailovitx Luzhkov 1936ko irailaren 21ean jaio zen Moskun (Sobietar Batasunaren hiriburua zenean). Bere aita, Mikhail Andrejevitx Luzhkov, 1930eko hamarkadan Tver Oblast izeneko herri txiki batetik Moskura joan zen arotz bat zen.
Luzhkov Marina Bashilovarekin ezkondu zen 1958an, eta bi seme izan zituzten: Mikhail eta Alexander. Marina 1989an hil zen, eta 1991ean berriro ezkondu zen Jelena Baturinarekin. Baturina enpresaria da, eta diru ugari irabazi du Moskun egin dituen negozioei esker, horietatik asko bere senarra buru zen udaletxearekin. Baturinarekin Luzhkovek bi alaba izan zituen: Elena (1992) eta Olga (1994).
Ibilbide profesionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1953tik 1958ra, Luzhkovek GUBKIN Errusiar Estatuko Oil and Gas Ingeniaritza Unibertsitatean ikasi zuen. 1958tik 1964ra zientzialari gisa egin zuen lana, eta 1968an bat egin zuen Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistarekin.
1977an Moskuko hiri-kontseiluko kide izendatua izan zen. Handik aurrera, Moskun kargu desberdinak izan zituen.
1991ean, Gavriil Kharitonovitx Popovek irabazi zituen Moskuko zuzeneko lehen hauteskundeak, baina bere alkatetzak ez zuen arrakasta izan eta 1992an uko egin zion karguari. Boris Jeltsinek izendatu zuen Luzhkov alkate, 1992ko ekainaren 6an. 1996, 1999 eta 2003ko hauteskundeetan berrautatua izan zen.
Luzhkoven agintean azpimarragarria da Moskuko garraiobide-sistemaren hedakuntza eta hobekuntza: hiriko errepide gehienak pasagune, zubi, tunel eta abarrekin hobetu ziren; Moskuko metroa hiriaren mugetatik at hedatu zen; auto-pilaketak eragozteko ingurabide-autobide berriak egin ziren.
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juri Luzhkov kontserbadorea eta tradizionalista zen. Errusiako Eliza ortodoxoaren jarraitzailea izan zen. Berak agindu zuen 1994. urtean Moskuko Kristo Salbatzailearen katedrala berreraikitzea.
Aktibismo homosexualaren aurkakoa zen, eta alkatea zenean, behin baino gehiagotan debekatu zituen Gay eta lesbianen harrotasun martxa.
Kargu-uztea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juri Luzhkoveren alkate-kargua Errusiako presidenteak (Dmitri Medvedevek) eten zuen 2010eko irailaren 28an (Luzhkov Austrian oporretan zegoela), bi buruen arteko ustezko gatazka pertsonalen ondorioz.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Errusieraz) Luzhkoven webgune ofiziala
- (Ingelesez) Luzhkovi buruzko webgunea