Joseph Schumpeter
Joseph Alois Schumpeter (Triesch, Moravia, Austria-Hungariako Inperioa, 1883ko otsailaren 8a – Salisbury, Connecticut, AEB, 1950eko urtarrilaren 8a) austriar ekonomialaria izan zen.
Ezaguna izan zen kapitalismoaren bilakaerari buruz egin zuen azterketagatik, zeinetan enpresak eta enpresaburuek duten eragina eta berrikuntzaren indarra baieztatu baitzuen. Ekonomialari liberaltzat jo izan bada ere, haren pentsamendu heterodoxoa nabaria da. Bere lanik ezagunena History of Economic Analysis da [1].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vienako unibertsitatean egin zituen ikasketak eta Czernowitz, Graz, Bonn, Harvard, Cambridge eta Massachusettseko unibertsitateetako irakasle izan zen.
1919-1925 bitartean, Austriako Finantza ministro izan zen.
1932. urtetik hil arte Estatu Batuetan bizi izan zen.
Ekonomiaren estatikaren eta dinamikaren arteko bereizketa ezarri zuen, hots, ekonomia geldoa eta bilakatuz doana bereizi zituen; hala, berrikuntza eta enpresari berritzailearen kontzeptuak sortu zituen, kapitalismoaren interpretazio berri bat emateko erabili izan direnak. Ekonomiaren garapena jarri zuen ekonomia politikaren eta azterketaren oinarri eta ardatz. Kapitalismoaren garapena ez dela homogeneoa eta uniformea adierazi zuen, eta ekonomiaren prozesua zikloka garatuz joaten dela, berrikuntzak direla eta, aurreko oreka galdu egiten delako. Bestalde, Schumpeterren ustez kapitalismoa ez da desagertuko eraginkorra ez delako, bere arrakasta ekonomikoen ondorioz sortuko diren arazoengatik baizik (berrikuntzak sartzeko kemenaren galeragatik eta estatuaren kontrol gero eta handiagoagatik).
Obra nagusiak: Theorie der wirtschaftlichen Entwicklung (1912, Ekonomia egokieraren teoria), Capitalism, Socialism and Democracy (1942, Kapitalismoa, sozialismoa eta demokrazia) eta History of Economic Analysis (1954, Ekonomia azterketaren historia).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Ingelesez) History of Economic Analysis, books.google.com webgunean.