Jose Maria Salaberria
Jose Maria Salaberria | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Vinaròs, 1873ko maiatzaren 8a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Donostia, 1940ko martxoaren 28a (66 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Amalia Galarraga |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta kazetaria |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Union Ibero-Americana |
Jose Maria Salaberria Ipenza (Vinaroz, Castelló, 1873ko maiatzaren 8a - Donostia, 1940ko martxoaren 28a). Erregenerazionismoko, Espainian garatu zen intelektualen mugimenduko idazlea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau urte zituela Donostiara etorri zen bizitzera, bere familiaren jatorria hemengoa baitzen eta bere aita Igeldoko faroan lan egitera bidali zutelako. Peñaflorida kaleko eskola publiko batean ikasi zuen eta lehenengo ikasketa hauek burututa, hamahiru urterekin, bere familia laguntzera dedikatu zen. Marrazketa eskola batean gauez ikasi zuen delineatzailearen lanbidea. Oposizioen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundian lana lortu zuen. [1] Espainian eta Amerikan hainbat lanbide izan zituen. Espainiaren patuaz, aurreikuspen gaiztoenak iragarri zituen, eta berbera kolpisten aldera lerratu zen 1936an. 1940an hil zen. Haren omenez Donostiak haren izena eman zion kale bati, Amarako auzoan, 1957ko martxoaren 6an. Horrez gain, monumentu bat du Alderdi Ederren, haren jaiotzaren mendeurrena betetzean eraikia. [2]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztea zela bere jakinminak Amerikara bidaiatzera bultzatu zuen eta bere lehenengo urrats literarioak 15 urterekin eman zituen. Bere bidaiek oinarri izan ziren bere obra literarioran.
Bere lehenengo artikuluak Basconia (1898) eta Martintxo (1895), Euskal Erria eta estatuko beste aldizkarietan argitaratu zituen. Publizista nekaezina, bere produkzioa oso handia da, ABCn, La Vanguardian, Diario Vascon eta Buenos Aireseko La Nación argitalpenetan azaldu zirelarik, batez ere. Beraren artikuluak politika, gerra kronikak (Méxiko, Europa, Maroko), paisaia eta kritika literarioari buruz dira. Bere ideologia liberala, Donostiako La Voz de Guipuzcoa egunkarian agertzen da, batez ere.
Eleberrien artean, aipatzekoak dira Vieja España (1907), Nicéforo el Bueno (1909), La Virgen de Aránzazu (1909) eta El Muchacho español (1938).
Bere bidaia liburu aipagarrienak: Tierra Argentina (1910), España vista desde América (1914) eta Viaje a Mallorca (1920).
Saiakeren artean El Perro Negro (1906), Alma vasca (1920) eta Santa Teresa (1921) aipa daitezke
Berak idatzitako biografia batzuk hauek dira: Bolívar (1930) Iparraguirre, el último bardo (1932) San Ignacio eta Martín Fierro (1934). [3]
Ideologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andreu Navarra Ordoño autoreak tesia egina du Salaberriaz, eta liburuaren hitzaurrean honela dio haren ideologiaz: «Salaverria 20ko eta 30eko hamarkadetako mugimendu profaxista eta falangisten atzean dago, inspiratzaile eta bihotz-emaile gisa, eta XX. mendeko lehen autore espainiarra da, bere borroka-estrategietan modernotzat har genezakeena eta bere doktrinen barrenean, aldiz, sakonki erreakzionariotzat; izan ere, haren doktrinak bizitza publikoaren alderdi guztietan hierarkiaren nozioa berrezartzean, eta ortodoxiatik urrun dagoen edozein diskurtso (estetiko edo politiko) kriminalizatzean oinarritutakoak dira».[4]
Gazteei zuzendutako saiakera aberkoia idatzi zuen Salaberriak 1918an: El muchacho español izenekoa. Gonzalo Sobejanok dio Salaberriaz, hasieratik bukaeraraino dagoela haren literaturan Nietzscheren eragin itzela. El muchacho español-en, kasu: «Mutil espainiarrari gomendatzen zaion lehen bertutea adorea da, ez karitatea, fedea edo justizia. Eta beste aholku hauek, pedagogiko hain apalak diren markoan bada ere, ezin dira nietzschearragoak izan: Gudariarentzako ezpata bezala, horrela izango da zuretzat borondatea. Gure borondatea tinko, elastiko eta tirabiratsu egon dadila beti. Altzairua bezain dardarti egon dadila gure borondatea. Ez dago hau baino hitz eder eta gizonagorik: Bai!»[5] Hiru edizio izan zituen liburu horrek, bi 36ko gerra garaian.
Ama Abaltzisketakoa zuen. Euskaraz erakutsi omen zion, baina ez zuen inoiz euskaraz ezer idatzi. Erdaraz bai idatzi zuen euskal gaiez, baina Andoni Iturriak idatzi zuen bezala, oso folkloriko: «Alma vasca euskal-izateari buruz eskenitako liburua degu. Baiña folklore aldetik, oitura aldetik zeaztu nai digu. Eztu barne-muinik ikutzen. Axaletik dabilkigu. Folklorekeri gehiegi. Ta berdintsu Iparragirre, el último bardo-n ere».[6].
Donostian bizi zela izan zuen foruzale aldi bat, baina Miguel Unamunok bezala oso gaztetakoa, eta helduaroan espainolista porrokatua bilakatu zen, eskuin muturreko espainolista.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Felix Elejalde Aldamar, 1984: Amara Berri y sus calles. Edita Asociación de Padres de Alumnos del Colegio Público Amara Berri.
- ↑ Sada, Javier Mª 2002: Donostiako hiriaren historioa bertako pertsonaien bidez
- ↑ Ainhoa Arozamena Ayala. José María Salaverria Ipenza. Auñamendi Eusko Entziklopedia. http://www.euskomedia.org/au1930namendi/120365#1
- ↑ José María Salaverría. escritor y periodista (1904-1940). Bartzelonako Unibertsitatea. 2012. 8 or.
- ↑ Nietzsche en España. Gredos. 1967. 456 or.
- ↑ "José María Salaberria. Gizona, Idazlea, Euskalaria". Jakin, 30, 1968, 34.
- ↑ https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/salaberriaren-bustoa-donostiako-kontxan_2135841_102.html