Edukira joan

Jolas hezigarri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jolas hezigarrietan piezak batuz eraikuntzak egiteko jostailuak daude.

Jolas hezigarria edo jolas didaktikoa balio hezigarri berezia duen jolasa da. Kontzeptu polemikoa da, jolasa definizioz dibertitzea beste helbururik ez duen jarduera baita. Beste alde batetik, ordea, jolasari hezigarri izenondoa gehitzea guztiz hutsala da. Argi dago jolasa haurraren garapen intelektual eta psikomotorrean funtsezko jarduera dela, kasu guztietan hezigarria, neurri handiagoan edo txikiagoan bada ere. Jolas hezigarriaren ideia plazaratu zuen lehena Ovide Decroly izan zen Initiation à l'activité motrice et intellectuelle par les jeux éducatifs lanarekin. Gogora dezagun Decroly metodo globalaren aitzindaria izan zela; autoreak berak metodo analitiko-sintetikoa ere deitu zion.

Autore horrek dioenez, “jolasek, funtsean, aukera eman behar diote haurrari bere inpresioak erregistratzeko eta sailkatzeko. Hartara, inpresio horiek konbinatzeko eta beste batzuekin asoziatzeko”. Decrolyk proposatutako jarduerak jolas gisa aurkeztea erabaki zuen haurraren interesa pizteko. Ideia horretatik sortu zen jolas hezigarri  terminoa, gaur egun hainbeste erabiltzen dena eta hain eztabaidatsua dena.

Egun, jolas hezigarri esaten dugunean, aipatzen ari gara jolas librearen ezaugarri berberak dituen jarduera ludiko bat. Hau da, ez haurrari berez sortzen zaiona, helduak asmo hezitzailez proposatzen diona baizik. Jolas hezigarritzat jo ohi dira piezak sailkatu, ordenatu eta antzeko atazak eskatzen dituzten jostailuak, buruhausgarriak, eraikuntza-jostailuak eta jostailu tekniko-zientifikoak.

Jolas hezigarriek ezaugarri hauek dituzte:

  • Beren helburua haurrari funtzio mental jakin batzuk garatzea, ezagutza jakin batzuen hastapena bultzatzea eta arretari, oroimenari eta ulermenari dagokienez askotan errepikatzea ahalbidetzen duten objektu batzuk eskaintzea da.
  • Oro har, bakarka egiten dira, baina badira talde txikian eta talde handian egiteko pentsatutakoak ere bai.
  • Proposatzen diren jarduerak eserita egiten dira eta nagusiki etxe barruan.
  • Erabiltzen den materiala sinplea, arina eta bolumen gutxikoa da; gainera, bistarako erakargarria izaten da.
  • Materiala lortzen erraza eta merkea izaten da, hondatzen denean erraz berreskuratu ahal izateko.

Jolas hezigarriak desberdinak dira hainbat alderdiri dagokionez: erlazionatzen diren funtzioak eta ezaupideak; haurren adina; helburua; bakarkako, talde txikiko edo handiko zereginak eta egiteko/zuzentzeko teknikak.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]