Machado de Assis
Joaquim Maria Machado de Assis (Rio de Janeiro, 1839ko ekainaren 21a - Rio de Janeiro, 1908ko irailaren 29a ) brasildar idazlea izan zen. Lehenik antzerki lanak idatzi zituen, geroago olerkia landu zuen gehienbat, eta azkenik eleberriek eman zioten ospea. Brasilgo literaturaren maisu nagusitzat hartu izan da. Brasilgo Hizkuntza Akademiaren lehenengo lehendakaria izan zen.
Haren lana tradizio erromantikoan sustraitu zen hasieran, baina denbora asko baino lehen, gauzak kontatzeko modu berritzaile eta konplexu bat landu zuen, eta esan liteke, huts egiteko beldur handirik gabe, geroko Brasilgo -eta Hego Amerika osoko- nobelagintza guztiaren abiapuntua markatu zuela Machado de Assisen obrak.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1839ko ekainaren 21ean jaio zen Joaquim Maria Machado de Assis, Rio de Janeiron. Etxe pintatzaile baten semea zen eta arbaso portugaldarrak eta beltzak zituen aitaren aldetik. Ama hil ondoren, ugazamak hazi zuen. Gaixobera, epileptikoa, itxura eskasekoa eta totela, tipografo aprendiz sartu zen, 17 urte zituela, Brasilgo Inprenta Nazionalean, eta proba zuzentzaile egin zuen lan gero. Libre zuen denboran idazten hasi zen, eta berehala argitaratu zituen, egunkarietan eta aldizkarietan, lehen olerki eta kontakizun erromantikoak.
1869rako Machado brasildar letra-gizon arrakastatsua zen. Administrazio publikoak lanpostu eroso bat eskaini zion eta urte hartantxe ezkondu zen Carolina Xavier de Novais izeneko kultura handiko neskarekin. Definizio argirik gabeko obra batzuk argitaratu zituen garaitsu hartan, horien artean mugimendu erromantikoari lotutako eleberri bat, Ressurreição (1872, «Piztuera»), parnasiar estiloko olerki sorta bat, Ocidentais (1879-1880), eta zenbait saiakera eta antzerki-lan.
1881ean argitaratu zen Machado de Assisen idazkeran erabateko berrikuntza markatuko zuen eleberria: Memorias postumas de Bras Cubas («Blas Cubasen hil ondoko oroitzapenak»), garai hartako literatura konbentzioak hankaz gora bota zituena. Benetako psikologia ariketa konplexu bat ez ezik, Brasilgo burgesiaren erretratu gogor bat ere egiten da eleberri horretan, umore garratza eta bizitzaren ikuspegi ezkorra etengabe islatzen direla. Kritikari askoren iritzian, eleberri horretan du lehen iturburua Hego Ameriketako literaturako errealismo fantastiko izeneko joera entzutetsuak. Une horretatik aurrera, batez ere kontakizungintzari lotu zitzaion brasildar autorea, nahiz eta literatur kritikak egiteari ez zion inoiz utzi.
Ordutik aurrera idatzi zituen eleberri eta ipuinetan, tonu ezkor eta ironikoz, hizkera egokia eta guztiz landua erabiliz, gizartearen azaluskeria kritikatu zuen eta gizakiaren adimena eta jokamoldeak arakatu zituen. Nobelagintza horren adibide argiak dira Quincas Borba (1891) eta Dom Casmurro (1899), askoren iritziz, Machado de Assisen maisu-lan nagusia. Adulterioaren gaia tratatzen da eleberri horretan, eta bidaldi kezkagarri eta beldurgarri bat egiten da jelosiak erabat mendean harturik duen arima baten barrutik.
Kontakizun laburretarako ere talentu aparta zuen, eta horren erakusgarri argia da, esate baterako, Reliquias da tasa velha (1906; «Etxe zaharreko erlikiak»). Beste ipuin asko ere idatzi zituen, hona hemen batzuk: Esau e Jaco (1904), Memorial de Aires (1908), Contos fluminenses (1872, «Rio de Janeiroko ipuinak»), Historias da meia-noite (1873, «Gauerdiko istorioak»), Papeis avulsos (1882, «Paper hautatuak»), Historias sem data (1884, «Datarik gabeko kontakizunak»), Várias historias (1896, «Zenbait kontakizun»), etab.
Hiritarra, aristokratikoa, kosmopolita, hotz samarra eta zinismotik ez oso urrun, Machadok oso arreta eskasa eskaini zien garai hartako Brasilgo gizartea kezkatzen zuten arazo nagusiei: Brasilen independentzia eta esklabotasunaren ezeztatzea. Haren lanetan, mundu naturala ia ez da agertzen, eta hain ezkortasun sakonez eta desilusioz idatzi zuen, ezen, jasangaitza gertatuko bailitzateke, baldin eta ezkortasun hori arinkeriaz, zorroztasunez eta umorez mozorrotu izan ez balu. 1896an, Brasilgo Hizkuntz Akademia sortu zuen, beste batzuekin batera, eta erakunde horretako lehendakari izan zen bizi izan zen bitartean. Rio de Janeiron hil zen 1908ko irailaren 29an, baina haren oroitzapenak bizirik iraun du Brasilgo literaturan.
Euskaratutako obrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]On Casmurro (Machado de Assis) | |
---|---|
Fitxategi:0 | |
Audioa | |
Josu Zabaleta itzultzailea, Machado de Assis-en On Casmurro obrako pasartea irakurtzen. | |
Datuak | |
Argitaratze-data | 2017 |
Generoa | style of Machado de Assis (en) |
ISBN | ELIB201700055 |
Itzultzailea | Josu Zabaleta |
- Alienista (O alienista), Igela, Iruñea, 1990. Itzultzailea: Joseba Urteaga Uria
- On Casmurro (Dom Casmurro), Alberdania eta Elkar, Irun/Donostia, 2016. Itzultzailea: Josu Zabaleta
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Machado de Assis |
- Euskarari ekarriak: Machado de Assis, ekarriak.armiarma.eus