Edukira joan

Isaac Puente Batailoia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Isaac Puente Batailoia
CNT-ren Milizia Antifaszisten 3º Batailoia
Euzko Gudarostearen 11º Batailoia
CNT-ren bandera
CNT-ren bandera
Data1936ko iraila1937ko urria
LekuaEspainiako Gerra Zibila:
Legutioko gudua
Oviedoko setioa
Intxortetako gudua
Santanderreko gudua
El Mazuco-ko gudua

Isaac Puente Batailoia Lanaren Konfederazio Nazionala (CNT) sindikatu anarkistaren Euskadiko batailoi bat izan zen. Espainiako Gerra Zibilean Iparraldeko frontean parte hartu zuen (1936ko iraila - 1937ko urria). Euskadiko CNTren 3. milizia antifaxista izan zen, eta Eusko Gudarosteko 11. batailoia. Eusko Gudarostearen Estatu Nagusiak talka batailoi izendatu zuen.[1]

Batailoi hau arabarrez osatu zen nagusiki, estatu kolpearen osteko asteetan Gasteiztik ihes egindakoak. Batailoia 1936ko irailean eratu zen Bilboko La Casillako Injeniari eskolako kuartelean, eta izena egun batzuk lehenago fusilatutako Isaac Puente Amestoy (1896-1936) mediku eta pentsalari anarkistaren omenez ezarri zioten. [2]

Bere lehen komandantea Manuel de la Mata izan zen, eta haren ostean Enrique Araujo eta Antonio Teresa. Komandante intendentea Jose María Ariztegi izan zen.[2]

Lehendabiziko erasoa La Casillako kuartelean bertan jasan zuen, irailaren 25ean faxistek Bilbo bonbardatu zutenean.

Legutioko gudua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su-bataioa 1936ko azaroaren hasieran, Legutioko guduaren barruan, Albertia mendiko Chabalopea pinudian izan zuen. Nahiz eta bere kokagune ondo defendatu (Estatu Nagusiak bere komandantea zoriondu zuen), ezin izan zituen erasotzaileak gelditu eta 200 erori baino gehiago izan zituen, horietatik 100 hildako inguru.

Oviedoko setioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1937ko otsailaren 13an Basauriko Bidebieta auzotik atera, Amaiur edo Saseta Batailoiekin batera Euskal Brigada Espedizionarioak osatu eta Asturias aldera joan ziren borrokatzera[3]. Otsail eta martxoan Oviedo konkistatzeko, San Claudio izeneko atalean, borrokatu zuten. Nahiz eta bere helburua lortu, beste unitateek kale egin eta atzera egin behar izan zuen.

Bizkaiko ofentsiba

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saibigaingo gudua hastekotan zenean etxera itzuli eta Udalaitz aldean kokatu zuten. Orduan Eusko Jaurlaritza eta Lanaren Konfederazio Nazionala artean tirabirak izan[4], eta Isaac Puente batailoia Galdakao parean batailoi jeltzale bi izan zituen aurrean. Azkenean tiro egin gabe konpondu zuten arazoa. Molak martxoaren bukaeran Bizkaia konkistatzeko erasoaldia hasi eta batailoiak Barazarren borrokatu zuen. Apirilaren bukaeran Intxortetan aritu zen borrokan,[5] eta maiatzaren hasieran Solluben.

Handik batailoia Larrabetzuko Bizkargi mendian borrokatzera joan zen, asturiar gudariekin bat eginda.

Santander eta Asturiasen barrena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilbo galdu ondoren, Isaac Puente batailoia Kantabria aldera joan zen. Batailoiak ez zuen Santoñako hitzarmena onartu eta borroka eutsi zuen, I. Dibisioaren (lehen III.a) 156. Brigadaren (lehen 3.a) I. Batailoia bilakatuta. Solares eta Torrelavegan borrokatu ondoren, Asturiaserantz jo zuen non irail eta urrian borrokatu zuen, tartean El Mazucoko guduan.

Gudu honetan batailoiak Espainiako Bigarren Errepublikak ematen zuen dominarik gorena lortu zuen, Askatasunaren Domina hain zuzen ere. Asturias eta Leongo Kontseilu Burujabearen presidentea zen Belarmino Tomásek batailoiaren komandantea zen Antonio Teresa de Migueli eman zion.

Asturias borrokatu ondoren eta Iparraldeko Frontea galtzekotan zegoela, batailoiaren kide batzuk itsasontziz Frantziara ihes egitea lortu zuten.

Ihesaldiaren ostean, batailoiko zenbait kide Kataluniatik sartu ziren borrokan segitzeko.[2]

2006ko uztailean batailoiko hainbat kidek Aterpe 1936 elkarteak Eusko Gudarosteko gudari eta miliziarrei Artxandan (Bilbo) egindako omenaldian parte hartu zuten. Ekitaldi hartan Félix Padín Gallo, Marcelino Bilbao Bilbao eta Francisco Alonso Uriarte miliziar ohiak parte hartu zuten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Vargas Alonso, Francisco Manuel. (1996). Anarquismo y Milicias de la CNT en Euskadi. Bilbo: Eusko Ikaskuntza.
  2. a b c (Ingelesez) «Isaac Puente : el médico anarquista | WorldCat.org» search.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  3. Tabernilla, Guillermo; Lezamiz, Julen. (2004). El Cuerpo Disciplinario de Euzkadi. Bilbo: Asociación Sancho de Beurko ISBN 84-609-2172-7..
  4. Alexander, Robert J.. The anarchists in the Spanish Civil War. 1 Janus Publishing Co., 173 or. ISBN 1 85756 412..
  5. Deustua, 1937: Gudarien azkena (Creative Commons Attribution Share-Alike 3.0 Lizentziapean)[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]