Edukira joan

Ipar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Puntu kardinalak

Iparra edo iparraldea lau puntu kardinaletariko bat da. Meridianoen norabidea eta Ipar Poloranzko norantza daukana. Ipar hemisferioan bere perpendikularra Ipar Izarra zeharkatzen duen horizonteko puntua da. Mendebaldeko gizartean eta zientzian onartuena hegoa mapen goialdean agertzea da (irudiko iparrorratzean bezala).

Inolako tramankulurik gabe iparra kokatzeko erarik oinarrizkoena, nahiz eta oso zehatza ez izan, eskumako besoa Eguzkia ateratzen den tokirantz (ekialderantz) luzatuz lortzen da.

Mende askotan zehar uste izan zen ipar geografikoa eta ipar magnetikoa gauza bera zela, hau da, iparrorratzak adierazitakoa. Gaur egun gauza jakina da kontzeptu ezberdinak direla. Alde batetik, Ipar geografikoaren poloa 90ºI-n finko dago eta Lurraren biraketaren ardatzak Lurra bera zeharkatzen duen bi puntuetariko bat da, hegoaldekoarekin batera; eta magnetikoa, bestetik, gutxi gorabehera 80ºI-n kokatua dago gaur egun, baina konstanteki higiduran dago.

Haize nagusiak
Ipar zuria
Ekia
Hego zuria
Hego beltza
Mendebala
Ipar beltza

Eskualde geografiko baten klima gehienbat bertan eragiten duten haizeen ondorioa da.

Gipuzkoan zehar mendebaldeko haize orokorrak dabiltza. Baina, alisioak ez bezala, modu nahiko erregularrean dabiltzanak, mendebaldeko haizeak meandro handiak deskribatzen dituzte eta hegoaldeko edo iparraldeko aire-korronteak, baita ekialdeko kontrakorronteak ere, denbora batez latitude horietan eragina izan dezakete.

Neguan, zorrotada-korrontea, jet stream delakoa, latitude txikietatik dabilenean, 20 eta 40 gradu bitartean, Gipuzkoak mendebaldeko zirkulazioaren eta depresioen eta beren fronte hodeitsuen eragina jasaten du. Udazkenean eta udaberrian, aire-fluxu horrek indarra galtzen du eta askoz ere uhinduagoa bihurtzen da eta eguraldia aldakorragoa bilakatzen da; aste batzuetan hegoaldeko korronte beroak dira nagusi eta jarraian iparraldeko haize heze eta freskoak nagusi diren beste batzuk datoz.

Udan, mendebaldeko haizeen fluxu orokorra iparralderantz doa eta ahuldu egiten da. Orokorrean, Europako hegoalde osoan ipar-mendebalderantz hedatzen den Azoreetako antizikloiak eragindako baretasuna eta eguraldi ona dira nagusi.

Gipuzkoan ipar-mendebaldeko, iparraldeko eta hegoaldeko norabideko haizeak nagusitzen dira; gainerako norabideek bigarren mailako balioa dute eta ez dute 100eko 10a gainditzen. Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haizean udako seihilekoan dira nagusi, apiriletik irailera bitartean; neguko seihilekoan, urritik martxora bitartean, hegoaldeko haizean dira nagusi eta horien ondoren garrantzitsuenak iparraldeko eta ipar-mendebaldeko norabidea dutenak dira. Garai honetan garrantzitsuak dira mendebaldeko haizean, batez ere, azaroan eta abenduan. Ipar-mendebaldeko eta mendebaldeko haizeek hezetasuna ekartzen dute eta hotzak edo epelak izan daitezke; iparraldeko norabidea dutenak, berriz, oso hotzak dira. Neguko egoera hotzenak Mesetan kokatutako antizikloi-sektorearen nagusitasunak edo Erdialdeko Europan dagoen antizikloietik datozen haize hotzek eragiten dituzte.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]