Edukira joan

Grezia klasikoa

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Perikles-en bustoa. K.a V. mandeari "Periklesen mendea" deritzo, bere garaiarekin asko identifikatzen baita, batez ere erdialdeko hamarkadekin, Atenasek Grezia menderatzen zuen garaia.
Artemision lurmuturreko jainkoa.
Praxitelesen Knidoko Afroditaren kopietako bat.
Irudi gorriak dituen anfora, K.a. 460-450.
Atenaseko Akropolieko bista. Partenoia ageri da nagusi. Ezkerrean, Erekteion.
Artemisaren Efesoko tenpluaren berreraikitzea, antzinate klasikoko munduko zazpi mirarietako bat. Horretaz gain, Zeusen Olinpiako estatua eta Halikarnasoko mausoleoa ere Grezia klasikoaren arokoak dira, izan ere, K.a. V. eta IV mendekoak dira.
Atenasko Eskolan, Rafael Sanzio pintore errenazentistak Grezia klasikoko filosofo nagusiak margotu zituen: goiko aldean, erdialdean, Platon eta Aristoteles, beheko aldean, ezkerrean, Heraklito eta, eskubiko aldean, Diogenes Sinopekoa.
Greziako aro klasikoan, arteak loraldi oparoa izan zuen. Irudian Apolo Sauroktonos (musker-hiltzailea) Louvre museoan.

Grezia klasikoa edo Greziako Aro Klasikoa K.a. VI., V. eta IV. mendeak barnehartzen dituen aroa da, Greziako historian. Aroko abiapuntu zehatz gisa, Atenasko azken tiranoaren erorketa izan zeneko K.a. 510 urtea jarri ohi da. Bukaera, berriz, Alexandro Handiaren heriotza urtean (K.a. 323) jartzen da. Kulturan oparotasun handiko aroa izan zen. Filosofian, artean, literaturan zein politikan aurrerapen handiak izan ziren. Horrela, aro honetan garatutako kulturak eragin zabala eta iraunkorra izan du Mendebaldeko Zibilizazioan eta gaurdaino heldu da.

Aro honen hasieran Greziako hiri-estatu batzuen eta Persiar Inperioaren arteko lehiak gerra batzuk (Mediar Gerrak) sortarazi zituen. Persiarrek (greziar hiri-estatu aliatu batzuekin) ezin izan zuten Grezia menperatu. Gerra hautetatik Atenas irabazle nagusi atera eta Greziako lehen potentzia bilakatu zen. Honek beste zenbait hiri-estaturekin lehia berriak ekarri zituen, batez ere Espartarekin. Eta lehiatik gerrara berriro (Peloponesoko Gerra). Espartak eta bere aliatuek (haien artean Persia gerraren amaieran) Atenas garaitu zuten. Ondorengo urteetan greziarren arteko gerrek jarraitu zuten. Tebas hiri-estatuak Mazedoniari laguntza eskatu zion. Filipo II. Mazedoniako erregeak persiarren menpe zeuden Asiako greziar hiriak askatzeko Greziako buruzagi bilakatu nahi zuen. Greziaren barruko etsaiak garaitzea lortu zuen, baina Persiaren aurkako gerra prestatzen zuela hil zuten. Alexandro Handia bere semea izan zen bere ametsa lortu zuena. Urte gutxiren epean Persiar Inperioa menderatu eta Indiaraino iritsi zen, baina 34 urte betetzear zegoela hil zen, eta Aro Helenistikoa hasi zen.

Aro honetan Greziako arte eta kulturaren onenetarikoa sortu zuten, batez ere Atenasen. Partenoia garai honetakoa da. Euripides eta Sofokles dramagileak, Aristoteles, Platon eta Sokrates filosofoak, Herodoto historialaria, Simonide olerkaria eta Fidias eskultorea aro honetako izen aipagarrienetakoak dira.

Gertakari historikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mediar gerrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Mediar gerrak»

K.a 5. mendean zenbait hiri joniarren matxinada izan zen Inperio Pertsiarraren aurka, Mileto buru izanik eta Europa kontinentaleko beste zenbait hiriren babesarekin. Dario I.ak Asia Txikiko greziarrak garaitu zituen eta greziar kontinentalen aurkako espedizio bat bidali zuen Mardonio zuela buru, baina, Maratoiko gudan garaitua izan zen K.a 490. urtean.

Geroago, Jerjesek beste espedizio bat bidali zuen Atenas arpilatzera, baina K.a 480. eta K.a 479. urteetan Salaminako eta Plateako gudetan garaitua izan zen. Porrot horiek eta gero, pertsiarrek Greziatik alde egin zuten.

Hurrengo 50 urteetan Atenas, Temistokles, Cimon eta Periklesek gobernatua, hazi egin zen eta Delosko Liga sortu zuen, ondoren, Egeo itsasoko irla gehienak batuko zituena.

Asia Txikiko eta Kaltzidikako zenbait hiri ere aliantza horren parte ziren.

Peloponesoko gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Peloponesoko gerra»

Aurrez ere, K.a 550. urtean, Peloponesoko zenbait hiriren artean antzeko liga bat sortu zen (Peloponesoko Liga), Espartak zuzendua. Greziako hirien desadostasunaz baliatuz Peleponesoko Ligak Atenasi aurre egiteari ekin zion. K.a. 431. urtean azken mendeetan Grezian izandako gerrarik odoltsuenen segida hasi zen. Casus bellia Korzira irlak (Korfu) Korintorekin, Espartaren aliatua zena, borroka hasi zuela izan zen, eta Atenasek irla horri laguntza eskaini ziola. Horrela hasi zen Peloponesoko Gerra, eta 27 urtez iraun zuen. Greziako hiriak liskartu egin ziren, baina nagusiki gerra Atenas eta Espartaren artean izan zen. Atenas itsasoan nagusitzen zen, eta Esparta, aldiz, lurrean ia garaitezina zen. Espartarrek Atika hartu zuten , Atenasen lurraldea zena. Periklesek Harresi Garaien barnean babestu behar izan zituen bere herritarrak, Pireoko hiriaren eta portuaren arteko esparru harresituan. Hala, hiritarrak pilaturik eta higiene baldintza kaxkarretan, Izurri Beltza zabaldu zen, eta haren ondorioz milaka pertsona hil ziren, Perikles bera ere artean, K.a 429. urtean.

Azkenik, K.a. 404. urtean Peloponesoko Ligak Atenas eta haren aliatuak garaitu zituen, eta horrek Espartaren nagusitasun garaia ekarri zuen.

Tebasek Espartaren nagusitasunaren aurka egin zuen, bakarrik lehenik eta Atenasen babesarekin geroago, eta Esparta garaitu ostean Leuktrako guduan K.a 371. urtean, Tebasek lortu zuen nagusitasuna.

K.a. 338. urtean Filipo II Mazedoniako erregeak greziarrak garaitu zituen eta haren mendeko egin zituen.

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Greziako artea»

Aro klasikoko greziar arteak perfekzioko kotak lortu zituen, batez ere eskulturaren arloan, arte erromatarrak lehenengo eta ondoren Errenazimenduak, Klasizismoak eta Neoklasikoak ondoren imitatuko zuten eredua bilakatuz. Grezia klasikoa bi kultura handien bidegurutzea izan zen: egipziar kulturak eta babiloniako kulturak (Behe Mesopotamia) eragin interesgarria izan zuten hauetan (Mestizaje kulturala).

K.a. V. mendeko lehenengo hamarkadak trantsizio aldi bat izan ziren eskultura arkaikoa eta klasikoaren artean, estilo preklasikoa deritzona. Mende erdialdean nabarmendu ziren eskultoreeen artean Miron, Fidias eta Polikleto zeuden. K.a. IV. mendeko eskultoreen artean Cefisodoto Zaharra, Eskopas, Praxiteles (eta bere semea Cefisodoto Gaztea) eta Lisipo. Brontzea eta marmola siren gehien erabiltzen ziren materialak, Atenaseko Penteliko mendiko haitzurdin arrosa famatuena zelarik. Zenbait estatua kriselefantino ere burutu ziren.

Antzinako greziar arkitektura bere ezaugarri formalizatuengatik bereizten da. Greziarren lorpen artistikoen artean errazen ezagutzen den ezaugarrietako bat bere arkitektura bikaina da, K.a. 600 eta K.a. 300 bitartean garatu ziren hiru arkitektura estiloetan zizelkaturiko hiruki formako frontoiengatik eta harrizko zutabe dotoreengatik bereizten dena.

Estilo hauek, eurentzat hain garrantzitsuak ziren jainkoentzat tenplu gehiago eraikitzeko sortu ziren. Haitzurdinez eginak, eurek hasieran zurez eginiko eraikinen zur mozketa teknikak imitatu zituzten.

Doriar ordena antzinakoena eta sinpleena da, zutabe irmoak eta, aldi berean, zirrara eragiteko gorriz edo urdinez margo zitezkeen eskulturaz estalitako fronteekin. Beste estilo batzuekin alderatuta, ez du oinarririk. Egundaino mantendu den tenplu doriar baten eredua Partenona da, K.a. 438an egina eta Atenasko Akropolian dagoena.

Joniar ordena garai bertsuan agertu zen Asia Txikiko hiririk aberatsenetan. Arinagoa izatearen irudia ematen du, eta apaingarriagoa da, zutabe lirainekin, kapitelaren izkina bakoitzean boluta kiribilduak nabarmentzen direlarik. Estiloa bere garai gailenera Artemisaren Efesoko tenpluarekin iritsi zen, Munduko Zazpi Mirarietako bat zena eta gaur egun desagertua dagoena. Joniar arkitektura Atenasko Akropoliko Atenea Nikeren tenpluan nabari daiteke.

K.a. 400 inguruan joniar arkitekturaren bertsio berri eta elaboratuago bat agertu zen: korintiarra. Zutabeen kapiteletan zizelkaturiko akantozko hosto nahaspilatsuengatik bereizten zen, Ekialde Ertainaren eragina isla dezakeena. Korintoar ordenaren prestutasunak Erromatar Inperioko arkitekturaren arkitektura estilo kuttun bihurtu zuen.

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Greziako margolaritza »

Greziarrek, europar kultura gehienek bezala, margolaritza arte mota gailenetakotzat hartu zuten. Polignoto Tasosekoa margolaria, K.a. V. mendean jaio zena, zenbait greziarrek gaur egun Leonardo da Vinci edo Michelangelo gogoratzen diren bezala gogoratzen zuten. Bere lanak bera hil eta 600 urtera ere miretsiak izan ziren, alabaina, lan edo kopia bakar bat bera ere ez da mantendu.

Obra gehienak galdu diren arren, margolarien ospeak gaur egun arte iraun du: Apeles mitikoaz gain, Polignoto, Paneno, Apolondoro, Zeuxis eta Parrasiok iritsi dira gaur egun arte.

Greziar margolariek nagusiki zurezko panelekin lan egin zuten, berehalako batean hondatzen zirenak (K.a. IV. mendearen ondoren) ondo babesten ez baziren. Gaur egun ia ez da antzinako greziar margolaritzako lanik geratzen, terrakotan eginiko margo hondar batzuk eta hilobietako hormetako margo batzuenak izan ezik, batez ere Mazedonia eta Italian. Greziar margolaritzako maisu lanetatik erromatar garaian egindako kopia batzuk baino ez ditugu, horietatik gehienak askoz kalitate gutxiagokoak direlarik. Zeramikan eginiko margoak, hauetatik lan asko mantendu direlarik, batez ere aro arkaikokoak, nolabaiteko estetika zentzua ematen diote greziar margolaritzari.

Sakontzeko, irakurri: «Greziar filosofia» eta «Filosofo presokratikoak»

Sofisten eskola Klasiar Garai hasierako bikainena izan zen. K.a. V. mendeko filosofiak figura garrantzitsuak izan zituen, horien artean, Sokrates, Gorgias, Protagoras, Jenofanes, Permenides, Zenon, Demokrito, Empedokles eta Anaxagoras. K.a. IV. mendean Platon eta Aristoteles figurak sartu ziren.

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Greziako antzerkia» eta «Greziar literatura»

Antzerkia garai guztiko genero literario garatuena izan zen. Tragedia idazten zuten egileak ugari ziren eta egile nagusienak Eskilo, Sofokles  eta Euripides. Komedian Aristofanes nabarmendu zen.

Garaiko poeta liriko garrantzitsuena Pindaro izan zen.

Historiografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia disziplina zientifiko gisa K.a V. mendean zehar garatu zen. Herodoto eta Tucidides abiarazletzat hartzen dira, eta logografoak aitzindaritzat.

Oratoria politikoak goieneko unea IV. mendean izan zuen Atenasen. Genero  honetako adierazgarri nagusienak Isokrates, Eskines eta Demostenes izan ziren. Horien aurretik, Lisias izan zen gailendu zena.

Greziar kulturako elementu komunetariko bat jainkoenganako gurtza izan zen, nahiz eta hiri bakoitzak gurtza egiteko zenbait berezitasun zituen. Zenbait santutegik panheleniar estatusa lortu zuten, esaterako, Delfosko orakuluak eta Epidauroko Asklepio santutegiak.

Greziak hiriak batzen zituen beste elementu bat jokoen jaialdiak ziren. Olinpiar Jokoak, Nemeor Jokoak, Pitiar Jokoak eta Istmiar Jokoak.

Erreferentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Wolfgang Helbig, Führer durch die öffentlichen Sammlungen klassischer Altertümer in Rome (4th ed. Tübingen 1963-72) vol. III, pp 268-69. Fuente citada en en:Ares Ludovisi.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]