Edukira joan

Giacomo Leopardi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giacomo Leopardi

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGiacomo Taldegardo Francesco di Sales Saverio Pietro Leopardi
JaiotzaRecanati1798ko ekainaren 29a
Herrialdea Aita Santuen Lurraldea
HeriotzaNapoli1837ko ekainaren 14a (38 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: kolera
Familia
AitaMonaldo Leopardi
AmaAdelaide Antici Leopardi
Ezkontidea(k)ezkongabea
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
greziera
latina
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta, filosofoa, filologoa, itzultzailea, saiakeragilea eta literatura-kritikaria
Lantokia(k)Erroma
Napoli
Florentzia
Recanati eta Bolonia
Lan nabarmenak
KidetzaAccademia della Crusca
Izengoitia(k)Cosimo Papareschi
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa

leopardi.it
Musicbrainz: fe3ca626-d351-4c1f-8a3a-9f210fbc9a70 Discogs: 1016198 IMSLP: Category:Leopardi,_Giacomo Edit the value on Wikidata

Giacomo Leopardi (Recanati, Aita Santuen Lurraldea, 1798ko ekainaren 29a - Napoli, Bi Sizilietako Erresuma, 1837ko ekainaren 14a) italierazko idazlea izan zen, XIX. mendeko Italiako ospetsuenetakoa. Olerkari eta filosofo gisa nabarmendu zen, eta XIX. mendeko idazle nagusietako bat izan zen, bere olerkigintza lirikoari eta lan filosofikoei esker.

Bizitza eta lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo ikasketak eta klasikoen eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leopardi familia noble batean sortu zen, eta aitaren eta apaizen eskutik jaso zuen lehen heziketa. Heziketa kontserbadorea izan zuen, eta giro konformista eta erreakzionarioan hezi zuten, baina Leopardik berehala baztertu zuen giro hura eta bere kasa hasi zen ikasten. Horrela, 16 urte zituela grekoa, latina eta zenbait hizkuntza moderno ikasi zituen, eta hainbat obra klasiko itzuli zituen. Bi tragedia, italierazko zenbait poema eta beste obra batzuk ere idatzi zituen, adibidez Storia dell'astronomia («Astronomiaren historia») eta Saggio sopra gli errori popolari degli antichi (1815, «Antzinatekoen akats ezagunei buruzko saiakera»), Europa guztian ospetsu egin zutenak. Obra horietan Leopardiren heldutasun aroko zenbait ezaugarri eta gai nabarmentzen dira, iluminismoaren eragina eta klasikoek eta antzinateko izpirituak izpiritu modernoaren gainean zuten nagusitasuna, adibidez.

Ikasteko zuen grina hark, ordea, osasuna hondatu zion (begi batetik itsu gelditu zen eta bizkarrezur-muinean eritasun bat zuen) eta sarritan utzi behar izan zituen bertan behera ikasketak. Bestalde, anai-arrebekin harreman ona zeukan arren, gurasoen aldetik ez zuen jaso berak nahi zuen arreta guztia, eta horrela hasi zen bere baitako samina eta etsipena olerkietan husten, Appressamento della morte (1835, «Heriotzara hurbiltzen») obran esaterako. Hiruko erriman idatzitako olerkia da, Francesco Petrarcaren eta Dante Alighieriren eragina ageri du, eta olerkigintzarako trebetasun handia eta etsipenezko sentipen sakona erakutsi zituen egileak.

Aipatu berri diren gaztetako gertaera horiek etsipena eragin bazioten, erabat lur jota gelditu zen 1817-1818 urteetan: batetik Gertrude Cassi lehengusu ezkonduarekin maitemindu zen (harreman ezinezko hari buruz idatzi zuen Diario d'amore egunkarian eta Il primo amore elegian) eta, bestetik, aitaren gurdizainaren alaba tuberkulosiak jota hil zen (hari eskaini zion A Silvia, bere olerki nagusietako bat). Saminez eta atsekabez beteriko urteak izan ziren Leopardirentzat, eta munduaren ikuspegi ezkorra eta etsia osatuz joan zen horrela.

1817. urtearen inguruan hasi zen idazten 1835ean Zibaldone di pensieri («Gogobeteen nahas-mahasa») izenburupean argitara eman zuen gogoeta filosofiko, psikologiko eta literarioen bilduma. Aurrerapenak eta gizakiaren filosofiak kutsatu gabeko antzinatasuna berreskuratu nahi izan zuen Leopardik, eta erlijioaren, arrazoiaren eta izadiaren arteko gatazka islatu zuen, besteak beste, obra honetan. Esan bezala olerkari erromantikotzat hartua da Leopardi, baina hainbat kontraesan zituen, italiar egile erromantikoek ohi bezala; zenbait obretan, olerkietan batez ere, klasizismora jo zuen estiloari dagokionez, eta ideiei dagokienez ere, erromantikoei aurre egin zien, bere ustez mundu klasikoan izadiarekin bat eginda bizi baitziren, baina erromantizismoaren eta razionalismo ilustratuaren eraginez gizakia desnaturalizatu egin baitzen, gizakiak bere berezko bizitasuna galdu baitzuen. Izadiaren aldeko jarrera hori, dena den, aldatu egin zen, haren azken urteetako obretan ikus daitekeenez.

Gogaitasunetik ihesi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahigabez beteriko bizitza hartan izan zen gertaera pozgarririk, adiskidetasunarekin loturik beti. Aipatzekoa da, adibidez, Pietro Giordani jakintsuarekiko harremana, eta geroago, Antonio Ranierirekin izan zuena. Pietro Giordaniren gomendioz atera zen Leopardi sorterritik. 1818an etxetik alde egitea gomendatu zion Giordanik, eta Leopardi ihes egiten saiatu zen. Saiakera hartan huts egin zuen, baina Erromara bidaiatu ahal izan zuen 1822an, familiaren baimenarekin.

1822an idatzi zituen Canzone («Kantuak», 1831) olerki-bildumako lehen lanak, eta haietan erakutsi zituen Leopardiren heldutasun aroko ezaugarri nagusiak: espiritualismoaren kontrako jarrera, gizakiaren zoriontasunik eza, borondatearen garrantzia azpimarratzea... Urte haietan bakardade existentzialaren ateetara iritsi zen Leopardi; patuaren tiranokeria salatu zuen, eta lege unibertsal itogarri eta zapaltzaileen kontra agertu zen.

Hurrengo urteetan zenbait bidaia egin zituen, Bolonia, Recanati, Pisa eta Florentziara, eta hainbat lan eman zituen argitara: Versi olerki-bilduma (1826) eta Operette morali (1827), bere saminaren doktrinari buruzko gogoeta agertzen duen lan filosofikoa. Garai hartan hautsi egin zuen, lehen esan bezala, hasieran izadiari izan zion atxikimendua, eta arrazoiaren eta erlijioaren aurrean hari emandako paperaren ordez, hura identifikatu zuen gizakiaren zorigaitzaren arrazoi nagusi gisa.

Antonio Ranieriren laguntzari esker Florentziara bidaiatu zuen berriro 1830ean. I canti olerki-bilduma plazaratu zuen orduan, eta florentziar gazte eder batekiko (Fanny Targioni Tozzetti) maitasunean oinarriturik idatzi zituen, bestalde, bere olerki bikainenetakoak: Il pensiero dominante («Pentsamendu nagusia»), Amore e morte («Maitasuna eta heriotza»), Consalvo, A se stesso («Nire buruari»). Obra haietan maitasuna agertu zuen gogaitasunari aurre egiteko bide bakar gisa. Poema liriko miresgarriak idatzi zituen: Canto notturmo di un pastore errante dell´Asia (1830, «Asiako artzain erratu baten gau kantua»). Giro abertzaleko poemak ere idatzi zituen.

1833an Erromara, Florentzia eta, azkenik, Napolira jo zuen, eta bertan idatzi zuen Ginestra poema luzea (1836, Isatsa). Napolira aldatu zen, bere osasunak hobera egingo zuelakoan, baina hantxe hil zen handik lau urtera.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giacomo Leopardi Aldatu lotura Wikidatan