Gia Carangi
Gia Carangi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Gia Carangi |
Jaiotza | Filadelfia, 1960ko urtarrilaren 29a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Filadelfia, 1986ko azaroaren 18a (26 urte) (26 urte) |
Hobiratze lekua | Kalifornia |
Heriotza modua | berezko heriotza: Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea |
Hezkuntza | |
Heziketa | Abraham Lincoln High School (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | supermodeloa eta modeloa |
Altuera | 1,73 metro |
Gia Carangi (Filadelfia, Pennsylvania, AEB, 1960ko urtarrilaren 29a - ibidem, 1986ko azaroaren 18a) modelo estatubatuarra izan zen 1970. eta 1980. hamarkadetan.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gia Carangi Filadelfiako auzo pobreetako familia gatazkatsu batean jaio zen 1960an. Gurasoen dibortzioa eta gero aitarekin bizitzera joan arren, ama izan zen 16 urterekin modelo izaten saiatzera bultzatu zuena. Hurrengo urtean, Wilhelmina Cooper modelo agenteak Carangiren argazki batzuk jaso zituen, eta berehala New Yorkera ekarrarazi zuen modelogaia. Wilhelminaren eskutik, sei hilabetean Filadelfiako neska errebelde beltzaranak begi argidun modelo ilehori klonikoen eredu estetikoa hautsi zuen. Carangi ez zen diseinatzaile handien jantziak erakusteko bitarteko anonimoa; bera zen izarra, moda aldizkarietako protagonista. Hala, urte batzuk geroago iritsiko zen top model belaunaldiaren aitzindaria izan zen: Naomi Campbell, Claudia Schiffer, Cindy Crawford...[1].
Moda munduan sartu baino lehen ere Carangik drogak hartzen omen zituen noizean behin, baina arrakasta lortutakoan menpekotasuna areagotu egin zen. Eta 1980ko martxoan minbiziak Wilhelmina Cooper hil zuenean, modeloak iparra galdu zuen. Gero eta zailagoa zen harekin lan egitea, agentzietatik bota zuten eta lanik gabe geratu zen. Hainbatetan abiatu zituen desintoxikazio tratamenduak, baina azkenekoa burutu eta hiru hilabetez “garbi” egon ondoren, Atlantic Cityra alde egin eta heroina hartzen hasi zen berriro, gaixotu eta ospitalean sartu zuten arte[1].
1986ko azaroaren 18an, Gia Carangi modeloa hil zen 26 urte zituela, hiesak eragindako pneumonia batek jota. Ezjakintasunak hiesa zuten gaixoak isolatzen eta baztertzen zituen garai horietan, kameraz inguratuta bizi izan zen Carangik ama soilik zuen alboan hil zenean. Handik bost egunera egin ziren hiletetan ere ez zen moda arloko inor agertu. Francesco Scavullo argazkilariak bidalitako dolumin txartela besterik ez zuten jaso[1].
Horrenbestez, lehen top modela HIESaren ondorioz hildako lehen emakume ezaguna ere izan zen. Gia Carangiren azken nahia haurrentzat drogaren kalteei buruzko bideo bat grabatzea izan zen, baina, ironikoa bada ere, ez zuen kamerarik lortu[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Irazustabarrena, Nagore. (2011-11-20). Lehen top modelaren itzaltze tristea. Argia.eus., CC-BY-SA lizentzia