Fresagailu
Fresagailu | |
---|---|
Makina-erreminta | |
Historia | |
Kudeatzailea | milling machine operator (en) eta makinista |
Fresagailua edo fresatzeko makina txirbil-harroketa bidez mekanizazioa egiteko erabiltzen den makina-tresna da. Fresa deituriko eta sorbatz ugari eduki ditzakeen tresna biratzaile batez egiten da.
Fresaketa bidez material ugari mekaniza daitezke, hala nola, zura , altzairua, burdin urtua, metal ez-ferrikoak eta material sintetikoak. Gainazal lauak, kurbatuak, zizelkatuak, artekadunak eta koskadunak mekanizatzeko erabilia. Piezak, arbastuak edo doituak izan daitezke. Fresagailu tradizionaletan, mekanizatu beharreko pieza tresnara hurbiltzen da. Sistema honen bidez forma ugari lor daitezke, gainazal lauetatik hasita konplexuagoak diren beste batzuetaraino.
XIX. mende hasieran sortu ziren, eta oinarrizko mekanizazio makinak dira gaur egun. Kontrol numerikoari esker, balio anitzeko makinak bihurtu dira, egin daitezkeen mekanizazio desberdinengatik eta fabrikazio-prozesuan eskaintzen duten malgutasunagatik. Prozesu mekanikoen aniztasunaren eta lehiakortasun globalaren ondorioz, fresagailu mota asko sortu dira. Nahiz eta guztiek oinarri berdina izan, sektore industrialaren arabera desberdintasunak nabarmenak dira. Halaber, fresatzeko tresnen diseinuan eta kalitatean egin diren aurrerapenei esker, ebaketa-baldintzak asko handitu dira, mekanizazio-denborak nabarmenki murriztuz.
Hauen erabilpenerako pertsonal aditua behar da programatzaile, prestatzaile zein fresatzaile. Mekanizazio aukera ugarien ondorioz, fresagailu desberdinen ondorioz, potentzia edo ezaugarri teknikoen arabera desberdinduak, osagarrien aniztasunaren ondorioz eta kalitate espezifikazio zorrotzen ondorioz.
Makina hauetan elementu mugikorrak zein ebakitzaileak daudenez eta likido toxikoak lubrifikatzeko eta hozteko erabiltzen direnez, langileen segurtasuna eta osasuna babesteko edo makinetan, instalazioetan, bukatutako produktuetan eta produktu erdilanduetan kalteak saihesteko lan-baldintza zehatz batzuk ezarri behar dira.
Motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fresagailuak hainbat aspekturen arabera sailka daitezke; esaterako, biraketa-ardatzaren orientazioaren arabera edo operazio-ardatz kopuruaren arabera. Jarraian, sailkapen ohikoenak adierazten dira.
Tresnaren orientazioaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ebaketa-tresnaren biraketa-ardatzaren orientazioaren arabera, hiru fresagailu bereiz daitezke: horizontalak, bertikalak eta unibertsalak.
- Fresagailu horizontal batek makina-buruak eragiten duen fresa zilindrikoak erabiltzen ditu; fresa zilindriko hauek ardatz horizontalaren gainean muntatzen dira, mutur bat aipatutako buruan bermatua eta bestea ahari deritzon zubi lerrakorrean kokatuta dagoen errodamenduan. Makina honek nagusiki, artekaketa-lanak egitea ahalbidetzen du, profil edo arteka forma ezberdinekin. Burutu beharreko operazioek ahalbidetzean, nagusiki hainbat arteka paralelo egitean, produktibitatea igo daiteke tresna-euskarridun ardatzean hainbat fresa multzotan muntatuz, alegia, fresaketa-trena osatuz. Arteka baten sakonera maximoa, fresaren kanpo-erradioa eta bereizketa-zorroen kanpo-erradioaren diferentziak mugatzen du; bereizketa-zorro hauek fresa-etxearen ardatza eusten dute.
- Fresagailu bertikal batean, torlojuaren ardatza bertikalki orientatuta dago, lan-mahaiarekiko perpendikularra izanik. Ebaketa fresak, torlojuaren gainean muntatzen dira, eta bere ardatzarekiko biratzen dute. Eskuarki, bertikalki desplazatu daiteke, bai torlojua, baita mahaia ere, ebaketa sakonagoa ahalbidetuz. Bi fresagailu bertikal mota daude: bankada finkodun fresagailua eta kontsoladun fresagailua. Kontsoladun fresatzeko makina batean, torlojua egonkor mantentzen da mozketa eragiketan , eta mahaia horizontalki zein bertikalki mugitzen da. Bankada finkodun fresagailuetan, ordea, mahaia torlojuarekiko perpendikularki mugitzen da bakarrik, torlojua bere ardatzarekiko paraleloki mugitzen den bitartean.
- Fresagailu unibertsal batek, tresna-euskarridun ardatz horizontalen akoplamenduentzat ardatz nagusi bat eta aipaturiko ardatz nagusira egokitzen den buru bat du, makina, fresagailu bertikala bihurtuz. Aplikazio-eremua lan egiteko erabiltzen diren piezen tamainak eta kostuak mugatzen du. Fresatzeko makina unibertsaletan, horizontaletan bezala, zubia lerrakorra da, argotean ahari deritzona, gidarien gainean aurrera zein atzera eta alderantziz desplazatu daiteke.
Fresagailu bereziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ohiko fresagailuez gain, badaude talde zehatzetan sailka daitezkeen ezaugarri berezidun fresagailuak. Hala ere, talde bakoitzaren barnean, makina hauen itxura konstruktiboa alda daiteke bakoitzaren fabrikazio-prozesuaren arabera.
- Fresagailu zirkularrak mahai zirkular birakari handi bat du, eta bere gainean tresna-euskarridun orga higitzen da. Tresna-etxeak buru bertikal bat edo gehiago eduki ditzake; adibidez, bat arbastuketa-operazioetarako eta bestea akabera-operazioetarako. Gainera, mahaiaren zati batean piezak muntatu edo desmunta daitezke, mahaiaren beste aldean piezak mekanizatzen diren bitartean.
- Fresagailu kopiatzaileek bi mahai dituzte: bat lanerako non pieza eusten den mekanizatzeko, eta bestea, laguntzailea, eredua jartzeko. Tresnaren ardatz bertikala pantografo itxura duen mekanismo batean esekita dago. Mekanismo hau, aldi berean, mahai laguntzailearen gainean dagoen haztagailu bati lotua dago. Haztagailuarekin ereduaren ingerada jarraituz, pieza mekanizatzen duen tresnaren mugimendua zehazten da. Beste fresagailu kopiatzaile batzuk, jarraipen-sistema mekanikoa erabili ordez, sistema hidrauliko, elektro-hidrauliko edota elektronikoak erabiltzen dituzte.
- Arkupedun fresagailua, zubidun fresagailua ere deritzona. Tresna-euskarridun buru bertikala mahaiaren alde banatan ezarritako zutabedun egituran dago. Tresna bertikalki eta zeharka mugi daiteke eta pieza, berriz, luzetara. Hauetariko fresagailu batzuek, mahaiaren alde bakoitzean buru horizontal bana dute, eta bakoitza bere zutabean bertikalki higi daiteke. Gainera, beraien lanerako ardatzak horizontalki luza daitezke. Dimentsio handiko piezak mekanizatzeko erabiltzen dira.
- Zubi mugikordun fresagailuan, mahaia mugitu ordez, tresna mugitzen da zubi-garabi itxurako egitura batean. Bereziki dimentsio handiko piezak mekanizatzeko erabiltzen dira.
- Zur fresagailua, zurezko azalera lauak fresagailu birakaria erabiltzen duen makina eramangarria da. Brikolaje eta zurgintzan erabiltzen dira hainbat atazatarako: artekaketak egiteko; mihiztadurak edo miru-buztandun juntak; ateetan bandak edo sarrailak kokatzeko beharrezkoak diren kajeatuak; eta molduren antzeko profilak. Erabiltzen diren mozketa-tresnak, metalerako erabiltzen direnak baino hortz handiagoak eta tarte handiagokoak dira.