Frans Hals
Frans Hals (Anberes, Belgika, 1582 inguru - Haarlem, Herbehereak, 1666ko abuztuaren 26a) margolari nederlandarra zen. Margolaritza herbeheretarraren urrezko aroko erretratugile nabarmena izan zen.
Bizitza eta ibilbide artistikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haren familia, espainiarrengandik ihesi, Haarlemera joan zen, eta Fransek han egin zuen bere lana. 1600etik 1603ra bitartean Karel van Manderen ikasle izan ondoren, 1610ean Haarlemgo Gilda elkartean sartu zen. Erretratuak egin zituen, hala burgesena nola herriko jende xumearena. Keinuak eta aurpegierak margotzerakoan trebetasun handia erakutsi zuen: Jacobius Zaffius (1611), Descartes, Pieter Cornelisz van der Mosch (1616), Zurrutero alaia, Hille Bobe, Emakume ijitoa. Halsen maisutza, alabaina, talde erretratuetan islatu zuen batez ere, eta ordu arteko moldeak eraberritu zituen, pertsonaia guztiak plano berean jarriz, maila ezberdintasunik gabe, bizitza eta mugimendua naturaltasunez jasorik: San Jorjeko ofizialen otordua (1616), San Jorjeko arkulari taldeko ofizialen afaria (1627), San Adriango ofizialen otordua (1632). 1625-1630 aldian Utrechteko eskolako Caravaggioren eragina bereganatu zuen. Geroago, 1640 inguruan edo, Rembrandten estiloak erakarri zuen. Harrezkero, Halsen obrek ordu arteko oparotasun eta alaitasuna galdu zuten, eta pertsonaien psikologian jarri zuen arreta: Elisabet santuaren erietxeko kudeatzaileak (1641). Azken urteetan erakundeen laguntzaz bizi behar izan zuen. Kolore beltza nagusitu zen bere lanetan: Zahar-etxeko kudeatzaileak (1664).
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Familia-erretratua paisaia batean (WGA).
-
Jacobus Zaffius 1611.
-
Ezkondutako bikotea zelai batean (WGA).
-
Emakume baten erretratua.
-
San Adrianen Goardia Zibikoko ofizialak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frans Hals |