Edukira joan

Francisco García

Wikipedia, Entziklopedia askea
Francisco García
Bizitza
JaiotzaLarraga, 1795
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaLizarra1839ko otsailaren 18a (43/44 urte)
Heriotza modua: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmilitarra
Zerbitzu militarra
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakErregezaleen matxinada
Lehen Karlistaldia

Francisco García Dicastillo (Larraga, 1795Lizarra, 1839ko otsailaren 18a) Nafarroa Garaiko jeneral karlista izan zen.[1][2]

Boluntario gisa borrokatu zen Fernando VII.aren alde Erregezaleen matxinadan (1821-1823), eta infanteriako teniente gradua erdietsi zuen.[1] 1830eko urriaren 20an, buru egin zion Luzaiden Txapalangarrarenen gudaroste liberalari; hori zela-eta, kapitan mailara goititu eta San Fernandoren Gurutzea eman zioten 1930eko azaroaren 9an.[3]

1833an, Fernando VII.a hil ondoan, Karlos Maria Isidro Borboikoaren alde azaldu zen eta, azaroaren 5ean, Aguilar Kodesen, Nafarroako lehenbiziko Junta Karlista hautatu zuen batzarrean parte hartu zuen. Gerra osoan Nafarroan aritu zen, batez ere, eta garaipen nabarmenak erdietsi zituen. 1834an, besteak beste, Argudingo, Arkijasko eta Zubiriko guduetan borrokatu zen. 1835eko urtarrilean, zauritua izan zen Orbisoko guduan. Urte horretan berean, brigadier mailara goititu zuten, Ameskoa ibarretako ekintzetan izan zuen jokabidearen aitormenez. Azaroan, Lizarrako eta Jurramendiko guduetan gailendu zen.[1]

1836ko otsailean, Garesko guduan nabarmendu zen, eta martxoan Nafarroako komandante buru izendatu zuten. Udaberri horrean, Larrasoañan, Tirapegin, Gendulainen eta, berriz ere, Larrasoañan garaitu zituen kristinatarrak. Uztailaren 19an, Luis Fernández de Córdova bentzutu zuen Muniaingo zubian. Urrian Arroitzen menderatu bazuten ere, ordaina hartu zuen Lizarran abenduaren 8an; bi aste geroago, Frantziako Legioa azpiratu zuen Allon.[1]

Lizarrako fusilamenduak.

1837ko apirilean, bolada batean hezueriak jota egon ondoren, Azkoien herriaren hartzean hartu zuen parte. Ez zuen arrakastarik izan Azagrako erasoaldian, irailaren 22an, baina Lodosako setioa haustera zihoan Martín Zurbano kristinatar brigadierra garaitu zuen urrian. Abenduan, erasoaldi liberal bati egin zion aurre Zaraitzu ibarrean. 1838 hasieran, Untzuen, Biurrunen, Lizarraldean eta Orbaitzetan borrokatzeaz gain, liberalen esku zegoen Iruñea bakartzen saiatu zen. Apirilaren 19an, Luzaide hartu zuen. 1838ko irailaren 19an, garrantzi handiko garaipena lortu zuen Erreniegako guduan; Elisabet Katolikoaren Gurutze Handia eman zioten horren ordainetan.[1]

Beste nafar buruzagi karlista batzuk bezala, Rafael Marotoren aurkakoa zen Francisco García. 1838 amaieran, gobernu karlistako ministro batzuekin batera, Maroto kargugabetzeko eskatu zion Karlos Borboikoari. Esparterorekin egiten ari zen negoziazioa eragotz zezakeen beldur, Marotok konspirazioa leporatu zion, eta 1839ko otsailaren 17an Lizarran sartu zen hura atxilotzera. García jenerala, apaiz beztiturik, San Nikolas atetik ihes egiten saiatu bazen ere, zentinelak ohartu eta Marotorengana eraman zuten. Biharamunean, argi urratzean, epaiketarik gabe, Puyko Andre Mariaren basilikako paretaren aurrean fusilatu zuten, Pablo Sanz, Juan Antonio Guergué, Teodoro Carmona eta Francisco Javier Uritz militar karlisten aldamenean.[1][4][5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f Francisco García. Real Academia de la Historia, dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
  2. Cortabarría Igartua, Germán. García, Francisco. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2020, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
  3. Gaceta de Madrid, 13 de Noviembre de 1830. boe.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
  4. Alvarez Enparantza, Jose Luis. Putzu. XVI. atala, Elkarlanean, 1999, Donostia, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
  5. Pirala, Antonio. Vindicación Del General Maroto Y Manifiesto Razonado De Las Causas Del Convenio De Vergara, De Los Fusilamientos De Estella Y Demás Sucesos Notables Que Les Precedieron. Madrid, 1846, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]