Fonologia
Fonologia gramatikaren azpiatal bat da, eta horregatik, baita hizkuntzalaritzarena ere. Fonetikak ez bezala, fonologiak hotsak nola funtzionatzen dituen aztertzen du (hizkuntza jakin batean edo hizkuntzan, orokorrean), fonemak aztertuz.
Zenbait hizkuntzalarik fonetika (hizketaren hotsen ahoskatzea eta deskribapena) fonologiaren barruan sartzen dute. Fonetikan hotsen artikulazioa eta akustika aztertzen da, eta fonologian, berriz, esanahi aldaketak sortzen dituzten hotsen sistemak eta sistemaren barruko arauak. Adibidez, fonetikak [r] hotsaren ezaugarri fisikoak aztertzen ditu hari hitzean, eta fonologiak, berriz, hari eta harri hitzen arteko esanahi aldaketa eta /r/ eta /ŕ/ fonemen arteko oposizioa.
Bestalde, azterketa diakronikoak[1] eta sinkronikoak egiten ditu fonologiak. Azterketa diakronikoetan hotsen sistemak historian zehar izan dituen aldaketak ikertzen ditu (adibidez, /h/ fonemaren erabilera eta bilakaera euskara zaharrean) eta azterketa sinkronikoetan hizkuntzaren une jakin bateko hotsen gertaerak; tz edo /c/ fonemaren banaketa adibidez, euskaraz hitzaren erdian eta bukaeran ahoskatzen dena, baina ez hitzaren hasieran.
Fonema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakion ahoskatze aparatua malgua izanik pertsonek soinu gama infinitua sor dezakete. Esate baterako ahoa gehiago edo gutxiago zabalduz, ezpainak gehiago edo gutxiago borobilduz, mingaina aurrerago, atzerago, gorago edo beherago kokatuz, ahotik irtengo den soinua aldatuko da. Gainera, hiztun guztien ahoskatze aparatuak, oso antzekoa izanik, desberdinak dira. Baina hizkuntza bakoitzeko hiztun trebatuek infinitu izan daitezken soinu horiek guztiak oso azkar sailkatzen dituzte fonema gutxi batzuetara ekarriz. Eta fonema horiek dira ahozko hizkuntzaren osagairik txikienak.
Fonemak ez dira izaera fisikoa duten soinuak, baizik eta mintzamenaren soinuen abstrakzio mentalak edo abstrakzio formalak. Alde horretatik, fonema bat soinuen baliokidetasun-familia edo -klase batek adieraz dezake (teknikoki fonoak esaten zaie), eta hiztunek soinu mota espezifiko batekin lotzen dute.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Luis MICHELENA, Fonética histórica vasca, Lehen edizioa 1961. Bigarren edizio zuzendua 1977. ISSN: 0582-6152[2].
- Miren Lourdes Oñederra Olaizola, Fonetika fonologia hitzez hitz[3], UPV/EHU. 2004.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskarari buruz Koldo Mitxelenak egindako doktore tesia klasiko bilakatu da: (Gaztelaniaz) Michelena, Luis. (2013-01-04). «Fonética Histórica Vasca» Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 0 (0) ISSN 2444-2992. (Noiz kontsultatua: 2019-06-14).
- ↑ «Fonética histórica vasca. ASJU 47-2 (2013). Zenbaki osoa» Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 47 (2) 2018-05-18 doi: . ISSN 2444-2992. (Noiz kontsultatua: 2019-06-14).
- ↑ Oñederra Olaizola, Miren Lourdes, (1958- ). ([2004]). Fonetika fonologia hitzez hitz. E.H.U., Argitalpen Zerbitzua = U.P.V., Servicio Editorial ISBN 8483736594. PMC 433371647. (Noiz kontsultatua: 2019-07-05).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |