Edukira joan

Elkarri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elkarri mugimenduak Bilbon deitutako manifestazioa, 1994 urtean.

Elkarri elkarrizketaren eta akordioaren aldeko gizarte mugimendua izan zen, 1992ko abenduaren 20an sortua eta 2006an desegina. Euskal Herrian «gatazka politikoari irtenbide baketsua eta elkarrizketaren bidez adostua» eman nahi zion, horretarako gizartearen inplikazioa eta parte hartzea bultzatuz. Hiru oinarri hartu zituen horretarako: bizitza eskubidea, bazterketarik gabeko elkarrizketa eta blokeo, beto eta indarkeriarik gabeko egoera bermatzea. Jonan Fernandez izan zen koordinatzaile, eta Bittor Aierdi bozeramaile. Beste kide ezagunen artean Gorka Espiau eta Aintzane Ezenarro (aldizkariaren arduradun) egon ziren. Maixux Rekalde izan zen Elkarriko presidentea[1].

2006ko martxoaren 12an Elkarrik bere jarduera betetzat eman zuen, eta harengandik sortu zen Lokarri gizarte mugimendua: akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko herritarren sarea.[2]

Sortu zenez geroztik, bere burua «gizarte mugimendu anitz eta independente» gisa aurkezturik, Euskal Herriaren bakearen aldeko jardueran ezinbesteko erreferentzia bilakatu zen Elkarri. Gizartearen aldetik jasotako babesari dagokionez, bere kanpainetan 250.000 sinadura lortu zituen, bai eta kuota ordaintzen zuten 3.500 kide eta 1.200 kide aktibo ere. Oro har, gatazkaren aurrean lankidetza eta elkarrizketa proposatzen zituen Elkarrik, giza eskubideen aldeko defentsan eta indarkeriazko adierazpen guztiak gaitzetsita.

Elkarriren lan esparruei dagokienez, nazioartean bake prozesu batek beharko lituzkeen laguntzak lantzen aritu zen; arlo politikoan, adostasun espazio bat osatzeko beharrezkoak izango liratekeen baldintzak ikertzen aritu zen, eta, horretarako, bere metodologia propioa sortu zuen. Prozesu horretan gizartearen esku-hartzea, besteak beste, zabalik zituen 100dik gora lantegitan landu zuen, kanpaina publiko zabalak bideratzeari uko egin gabe betiere.

Egiturari dagokionez, lantegi lokalak ziren oinarrizko osagaia, eta horiez gainera, Lantegi Nazional iraunkorra, herrialde lantegiak, herrialde batzarrak, Batzar Orokorra eta ezohiko batzarrak ere. Erabakiak lantegi lokaletan, herrialde batzarretan eta batzar Orokorrean hartzen ziren.

Elkarriren ernamuina Lurraldea koordinakundea izan zen, A-15 autobiaren Leitzarango trazatuaren inguruko gatazkan (1988-1992) irtenbide elkarrizketatuaren aldeko herri eragilea. Elkarriren ibilbidea sei alditan bereiz daiteke 1992tik 2006. urte arte.

Lehen etapa. 1992-1994. Urte hauetako helburu nagusia egituraren hazkuntza izan zen, eta urte hauen goiburua Elkarrizketa eta Distentsioa. Lehen kanpainia soziala aurkeztu zuen Elkarrik urte hauetan Euskal Herria, akordioa 94 izenarekin. Baita ere, lehen manifestazio handia antolatu zuen 1994ko martxoan, Bilbon.

Bigarren etapa. 1994-1996. Egitura finkatuta, urte hauetan Elkarriren lana proposamen eta ekimen publikoak egitera bideratu zen. Urte hauetako ekimen nagusia I. Bake Konferentzia antolatzea izan zen. Gainera, etapa honetan kontaktu internazionalak egiteari ekin zitzaion Elkarritik.

Hirugarren etapa. 1996-1998. Urte hauetan Izan proposamena aurkeztu zuen Elkarrik: eskubide historikoen interpretazio eguneratua. Ezagunena Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorrari buruzko proposamena izan zen.

Laugarren etapa. 1998-2000. Etapa honetan ETAren su-etena eta honen haustura, eta Lizarrako Ituna gertatu ziren. Besteak beste, Elkarrik, Eraiki kanpainia bultzatu zuen urte hauetan.

Bostgarren etapa. 2000-2003. Urte hauetan ETAren erasoak gora egin zuten. Elkarrik II. Bake Konferentzia antolatu zuen, eta Zubigintzan proposamena egin zuen; helburua partidu desberdinen arteko elkarrizketa bultzatzea izan zen.

Seigarren etapa. 2003-2006. Etapa honetan, III. Bake Konferentzia antolatzeaz gain, Elkarrik Partiduen Mahaia proposatu zuen, 2004ean hasi zena. 2006an, Elkarrik bere ekintzari amaiera eman zion, eta Lokarrik ordezkatu zuen.


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]