Edukira joan

Elisa Acuña

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elisa Acuña

Bizitza
JaiotzaMineral del Monte (udalerria), 1888
Herrialdea Mexiko
HeriotzaMexiko Hiria1946ko azaroaren 12a (57/58 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria eta irakaslea
KidetzaHijas de Cuauhtémoc (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Mexicano Liberal Party (en) Itzuli

Elisa Acuña Rosseti (Mineral del Monte, Mexico, 1887ko urriaren 8aMexiko Hiria, 1946ko azaroaren 12a) maistra eta kazetari anarkofeminista izan zen. Gaur egun ezaguna da hezkuntzan egindako lanagatik eta berrauketaren kontrako mugimenduan eta Mexikoko iraultzan aritu izanagatik. Porfirio Diazen gobernuaren aurka borrokatu zen, eta Mexikoko Alderdi Liberaleko zuzendaritza-taldeko kide izan zen. 1904an, preso egon zen Belengo espetxean, eta bertan bere ideietako asko eraiki zituen. Minbizi gastrikoaz hil zen Mexiko Hirian.[1]

Elisa Acuñak, Mineral del Monte-n (Hidalgo) jaioak, María Elisa Brigida Lucía Acuña Rosseti zuen izen osoa, hainbat modutan erregistraturik agertu arren: Elisa Acuña Rosseti, Elisa Acuña Rossetti, Elisa Acuña y Rossetti eta Elisa Acuña de Rossetti. Berak forma zuzena Elisa Acuña Rosseti zela esaten zuen. Aita Antonio Acuña zuen, Atotonilco Handian jaioa, eta ama, Mauricia Rosete (Rosseti idazten zuen arren), Pueblan jaioa.[2]

1900ean, 13 urte besterik ez zuela, ikasketak amaitu zituen, eta irakasle-titulua lortu zuen. Bere herri inguruko landa-eremuetan hasi zen lanean. Garai hartako egoera historikoa zela eta hasi zen hain gaztetatik irakaskuntzan, irakasle premia handia baitzegoen oinarrizko arloetan, batez ere irakurketan eta idazketan. Gainera, garai hartan, emakumeak irakaskuntzan onartzen hasi ziren, baldin eta alargunak edo ezkongabeak baziren, horrela hobeto jasan zezaketelako, antza, landa-eremuetako irakasle-lana.[2]

Club Liberal Ponciano Arriaga

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ponciano Arriaga Leija (1811-1865)

Acuña, Mineral del Monten irakaskuntzan eman zituen hiru urteetan, bere jarrera ideologikoa osatzen joan zen.[2] 1901eko otsailaren 5etik 11ra Klub Liberalen Lehen Kongresuan parte hartu zuen.[3] Ponciano Arriaga Klubeko kide egin zen, porfiriatoa bere gorenean zegoela Mexikon sortu zen lehen elkarte liberala.[3]

Club Liberal Ponciano Arriaga elkartea San Luis Potosin sortu zen 1900eko irailaren 13an, Camilo Arriaga ingeniariak abuztuaren 30ean sinatutako “Invitación al Partido Liberal” gonbitearen ondorioz. Arriaga presidente izendatu zuten; Antonio Díaz Soto y Gama, lehendakariordea, eta zuzendaritza-taldean Juan Sarabia, Ricardo Flores Magón eta bere anaia Enrique izan ziren, besteak beste; haiekin batera hiru emakume egon ziren zuzendaritzan: Juana Belén Gutiérrez de Mendoza, Elisa Acuña eta María del Refugio Vélez. Taldearen hedabidea Renacimiento izan zen. Ponciano Arriaga Kluba izan zen Lehen Kongresu Liberalaren antolatzailea, non Klub Liberalen Konfederazioaren Zentro Zuzendari ardura esleitu baitzitzaion.

Ricardo Flores Magón (1873-1922)

Bigarren Kongresu Liberala 1902ko urtarrilaren 24an egitekoa zen, baina Heriberto Barrón diputatu erreyistak ekitaldia galarazi zuen, zibilez mozorrotutako hainbat militarrek lagunduta. Talde liberalak Mexiko Hirian kokatu zuen bere egoitza 1903ko otsailaren 5ean, eta urte bereko apirilaren 11n, beste manifestu bat plazaratu zuen, 1904ko hauteskundeetan Porfirio Díaz jeneralaren aurka lehiatzeko hautagai liberal bat babestera deitzeko. Kide gehienek erbestera joan behar izan zuten 1903. urtearen amaieran edo 1904. urtearen hasieran. Kluba banatu egin zen, eta 1905eko irailaren 28an desegin zen Mexikoko Alderdi Liberalaren Batzorde Antolatzailearen sorrerari bide emateko.[4]

Acuña inplikaturik egon zen bilakaera politiko horretan guztian. 1903an, ideologia iraultzaileko Ricardo eta Enrique Flores Magón anaien inguruan sortu zen taldera hurbildu zen. Haien aurrean aurkeztu zen El Hijo del Ahuizote aldizkari satirikoaren bulegoetan, eta bere ideologia liberalaren berri eman ondoren, Mexikoko herria askatzeko zerbitzuak eskaini zituen. Anaiak txunditurik geratu omen ziren, eta azkenean Errepublikako Klub Liberalen Konfederazioko Zuzendaritza Batzordeko kide izatera gonbidatu zuten.[5]

Acuñak Excélsior eta El Duende de Veracruz bezalako egunkarietan ekin zion kazetaritza-lanari. Haietan, Porfirio Díazen diktaduraren aurkako artikuluak idatzi zituen. 1901eko ekainaren 15ean, Juana Belén Gutiérrez de Mendoza kazetari anarkistarekin batera, Vésper astekaria sortu zuen Guanajuaton. Vesper, Porfirio Diazen eta Eliza Katolikoaren eraginaren kontrakoa zen, eta meatzarien eta langileen kausaren defendatzailea. Egunkariak gorabehera asko sufritu zituen, errejimenaren jazarpenagatik zenbait itxiera eta leku-aldatze izan baitzituen. Erbestean ere argitaratu behar izan zuten, Texaseko Laredon eta San Antonion, eta azkenean, berriro ere, Mexikon argitaratu ahal izan zen.[6]

El Hijo del Ahuizote egunkaria (1885-1903)

Acuñak sinatu egin zuen, bosgarren mahaikide gisa, 1903ko otsailaren 27an Camilo Arriagak, Antonio Díaz Soto y Gamak eta Juan Sarabiak Mexiko Hirian idatzi eta El Hijo de Ahuizote egunkarian argitaratutako "Ponciano Arriaga Klub Liberalaren" agiria. Manifestu horretan, klub liberala eta berrauketaren kontrako klub berriak libreki sortu ahal izatea eta adierazpen-askatasunaz jokatu ahal izatea eskatu zuten.[7]

1903ko apirilaren 16an, poliziak Ricardo Floresen ardurapean zegoen El Hijo de Ahuizoteren bulegoa miatu ondoren, Juan Sarabia, Enrique Flores Magón, Alfonso Cravioto, Santiago R. de la Vega eta Ricardo Flores Magón espetxeratu zituzten. Agintaritzaren agenteei irain egitea leporatu zieten. El Hijo de Ahuizote eta Vésper bezalako beste batzuk ere itxi egin zituzten. Espetxeratuta egon arren liburuak eta dokumentuak helarazten zizkietenez, haien ziega "egunkariaren bigarren egoitza" bihurtu zen. Urrian askatu zituzten.[8] 1904. urtearen hasierara arte, Ponciano Arriaga Klub Liberaleko buruzagi gehienak Mexiko Hiriko Belengo presondegitik igaro ziren noizbait. Acuñak eta Gutiérrez de Mendozak ere topo egin zuten presondegi horretan 1904an, eta handik irtetean Texasera erbesteratu ziren, lehenik Laredora eta gero San Antoniora.[9]

Erbestea eta iraultza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dolores Jiménez y Muro (1848-1988)

Acuñak eta Belén Gutiérrez de Mendozak, kartzelan ezagutu zuten Dolores Jiménez y Murorekin batera, Hijas de Cuauhtémoc taldea sortu zuten, genero-berdintasuna lortzeko aldaketa politikoak eskatzen zituen elkartea. Joera sozialistako Fiat Lux egunkaria ere sortu zuten, eta, aldi berean, Vesper-en kolaboratzen jarraitu zuten.[10] Acuñak, geroago, beste egunkari bat sortu zuen, La Guillotina, eta 1911 eta 1912 artean Nueva Eran parte hartu zuen. Sozialismo Mexicano erakundea sortu zuen, Mexiko Hirian. Francisco I. Maderoren lehendakaritzarako hautagaitza babestu zuen.[2]

Belén Gutiérrez de Mendoza eta Jiménez y Murorekin batera, Elisa Acuñak Anáhuacen alabak elkartea sortu zuen. Talde horretan, 300 emakume libertario inguru elkartu ziren gobernuari emakumeentzako lan-baldintza hobeak eta aldaketa politiko sakon bat eskatzeko. Etengabeko aktibismoa aldarrikatu eta praktikatu egin zuten, laneko grebak barne. Haien borroka gabe ezin izango zen gerora eman feminismo mexikarra, ezta 1917ko Konstituzioak emakumeen eskubideen arloan gehitu zituen konkista gehienak ere.[11]

Maderoren hautagaitzaren alde egin zuen 1911n. Madero hildakoan, Victoriano Huertaren gobernuaren aurka agertu zen, panfletoak eta manifestuak argitaratuz, eta berriz ere estatuaren jazarpena jasan zuen.[1] Pueblan, Emiliano Zapataren indarrekin lan egin zuen propagandista gisa, eta geroago zapatisten eta Venustiano Carranzaren indarren arteko lotura lana egin zuen. Zapataren Ejército Liberador del Sur erakunde militarrari leial eutsi zion 1919ko apirilera arte.[12]

Iraultza amaitu ondoren, Mexikoko Kontseilu Feministan, Emakumeen Liga Panamerikarrean eta Liburutegi Nazionaleko prentsa sailean (Mexikoko Hemeroteka Nazionalaren jatorria) lan egin zuen. Zacatecas, Aguascalientes eta San Luis Potosín jardun zuen seigarren Kultur Misioko burua izan zen.[1]

Rotonda de los Hidalguenses Ilustres

1946an, Mexiko hirian hil zen minbizi gastrikoaz.[2]

2010eko azaroaren 16an, Mexikoko Iraultzaren mendeurrena zela eta, haren gorpuzkiak Mexiko Hiriko "Panteon Civil de Dolores" hilerritik, Mexikoko Hidalgo estatuko Pachuca hiriburuko "Rotonda de los Hidalguenses Ilustres" monumentura eraman zituzten.[12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, gaztelaniazko wikipediako «Elisa Acuña» artikulutik itzulia izan da, 2023-09-03 data duen 153496987 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-09-03 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. a b c (Gaztelaniaz) Sosa, Nicolas. (2013-04-06). «La revolucionaria Elisa» web.archive.org (Independiente de Hidalgo) (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  2. a b c d e (Gaztelaniaz) Hernández Téllez, Josefina. (2013ko urriaren 31). Dos mujeres hidalguenses en la lucha por el voto: Elisa Acuña y Enriqueta Monzalvo. Independiente de Hidalgo.com.
  3. a b (Gaztelaniaz) «Club Liberal Ponciano Arriaga, Centro Director de la Confederación de Clubes Liberales. Protesta (23 de febrero de 1903)» archivomagon.net (1903-04 | Archivo Digital de Ricardo Flores Magón) (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  4. (Gaztelaniaz) «Regeneración. Una comunicación (3 de enero de 1901)» archivomagon.net (1901-01 | Archivo Digital de Ricardo Flores Magón) (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  5. (Gaztelaniaz) Mirandé, Alfredo; Enríquez, Evangelina. (1981). La Chicana : the Mexican-American woman. Chicago : University of Chicago Press ISBN 978-0-226-53160-1. (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  6. (Gaztelaniaz) «Acta de una reunión del Club Liberal Ponciano Arriaga (marzo de 1903)» web.archive.org (1903-06 | Archivo Digital de Ricardo Flores Magón) 2017-12-22 (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  7. (Gaztelaniaz) «Manifiesto del Club Liberal Ponciano Arriaga, centro director de la Confederación de Clubes Liberales de la República.» web.archive.org (500 años de México en documentos) 2018-03-27 (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  8. (Gaztelaniaz) «Cárcel de Belen. Ciudad de México» archivomagon.net (1892 | Archivo Digital de Ricardo Flores Magón) (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  9. (Gaztelaniaz) Flores Magón, Ricardo. «Notas al vuelo» archivomagon.net (1911-178 | Archivo Digital de Ricardo Flores Magón) (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  10. (Gaztelaniaz) Cruz, Frida. (2021-07-27). Elisa Acuña Rosseti, una hidalguense de lucha - Hidalgo Brilla. (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  11. (Gaztelaniaz) González Carrillo, Adriana. (2023-11-20). «Las mujeres y la Revolución Mexicana» Apuntes de Política Internacional (Apuntes de Política Internacional) (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  12. a b (Gaztelaniaz) Fair, José A.. (2011-05-12). «Elisa Acuña maestra anarcofeminista de Mejico» web.archive.org (CNT Puerto Real) (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).