Edukira joan

Despotismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gobernu motak

Politika saila

Despotismoa botere absolutua eta mugagabea duen pertsona edota talde batek gobernatzen dueneko sistema politikoari deritzo. Hitzak tiraniaren eta diktaduraren zentzuak ditu; hiritar guztiekiko kontrol absolutua duen gobernua.

Despotismo ilustratua edo onbera, XVIII. mendean ezaguna izan zen gobernu mota, erlazionatutako terminoa da. Bertan, monarka absolutuek bere aginpidea erabiltzen zuten bere herrialdeetako gizartean eta politikan hainbat erreforma egiteko. Argien mendeak eragin handia izan zuen mugimendu honetan.


Argien mendeko despotismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako estatu batzuetako errege absolutuek XVIII. mendearen erdialdean erabili zuten politika moldea da. Haren arabera, errege haiek Ilustrazioak zabalduriko iritzi politiko batzuk gauzatu nahi izan zituzten eta ministro ilustratuak aukeratu zituzten horretarako. Ilustrazioaren garaiko ideia demokraziazaleek filantropia mota berezi bat erakarri zuten Europako hainbat gortetara, baina erregearen ahalmenak batere murriztu gabe. «Dena herriarentzat baina herririk gabe» zen filosofia. Errege haiek hartu zituzten neurrien artetik hauek aipa daitezke: Aita Santuaren estatuari eta, beraz, atzerriko erresuma bati, hertsiki lotuak ziren erlijio ordenak kanporatzea (jesuitak bereziki); handikien pribilejioak murriztea; estatuen mendeko nazioen eskubideen aurkako erasoak (errege absolutuek, borboitarrek Euskal Herriari dagokionez, hasitako politikari jarraituz); administrazio publikoa zentralizatzea; hezkuntza eta irakaskuntza sustatzea (estatuen mendeko nazioetako hizkuntzak erabat bazterturik); justizia administrazioa eraberritzea (zigorren leuntzea eta tortura baztertzeko saioak) eta ekonomia sustatzea (Estatu banku nazionalak sortzea). Neurri hauek guztiak Erregimen Zaharraren azkena iragartzen zuten. Frederiko II.a Prusiakoa (1740-1786) izan zen despotismo ilustratua bideratu zuen lehen erregea eta hauek izan ziren errege ilustratu garrantzizkoenak: Josef II.a Austriakoa (1780-1790), Katalina II.a Errusiakoa (1763-1796), Gustavo III.a Suediakoa (1771-1792), Josef I.a Portugalgoa eta Pombal bere ministroa (1750-1777) eta Karlos III.a Espainiakoa (1759-1788). Frantziako Iraultzak (1789) ekarri zuen despotismo ilustratuaren azkena: Europako erregeek atzera jo zuten, Ilustrazioak zer ekar zezakeen konturatu zirenean eta Eliza katolikoarekin eta nobleekin bildu ziren burgesiaren eta herriaren oldarrei aurre egiteko. Despotismo molde honek ez zuen eragin berezirik izan Britainia Handian eta Frantzian. Ingalaterrako erregetza konstituzionala zen 1688az gero, eta, beraz, erregetza absolutuak ez zuen lekurik erregimen hartan. Frantziako aristokraziak, ordea, tinko eutsi zion sistema absolutuari, Ilustrazioaren eraginetik kanpo geratu ez bazen ere. Argien mendeko despotismoa Europa erdian, ekialdean eta Mediterraneo aldean errotu zen nagusiki, burgesia benetan sendotu gabe zegoen estatuetan, hain zuzen ere.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]