Corazón Aquino
Corazón Aquino (ezkongabetan Cojuangco; izengoitia: Cory; Manila, 1933ko urtarrilaren 25a - Makati, 2009ko abuztuaren 1a) filipinar politikaria izan zen, Benigno Aquinoren emaztea.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Corazón Cojuangco Manilan jaio zen, Filipinetako familia aberatsenetako batean: Tarlac probintziako Cojuangco boteretsuak. Bere amaren familia ere, Sumulong familia, Rizal probintziako familia politiko batekoak ziren halaber, eragin handikoak.
Beraz, familia pribilegiatu batean hazi zen, eta atzerrira bidali zuten ikastera, AEBetara. Filadelfiako Ravenhill Academy-n, New Yorkeko Notre Dame Convent School-en eta New Yorkeko College of Mount Saint Vincent-en Matematika ikasi zuen eta frantseseko titulu batekin graduatu zen 1953an.
Filipinetara itzuli zen zuzenbidea ikastera Far Eastern University-n, baina 1955ean Benigno Ninoy Aquinorekin ezkondu zen, 22 urte zituela, Tarlac probintzian Concepcioneko alkate hautatu berria zenarekin. Bost seme-alaba izan zituzten: seme bat, Benigno III.a (gerora Filipinetako Presidente aukeratua), eta lau alaba, Maria Elena, Aurora Corazón, Victoria Eliza eta Kristina Bernadette. Benigno Aquino gobernadore eta senatari hautatu zuten, baina atxilotu, hiltzera kondenatu eta Marcosen erregimenak erbesteratu egin zuen 1980an, eta harekin joan zen Corazón emaztea.
Benigno Aquinok itzultzea erabaki zuen 1983an, eta abuztuaren 21ean, Manilako Nazioarteko Aireportuko asfalto berean lur hartu zuenean hil egin zuten. 21. mendean, aireportuak bertan eraildakoaren izena darama. Corazon AEBetan zen hilketa gertatu zenean, ez zen senarraren hegazkinean joan, baina hiru egun beranduago itzuli zenean, Benignoren omenezko hileta publikoan nabarmen agertu zen, bi milioi lagunekin batera, sekula Filipinetan ikusitako dolu-ekintza eta ekitaldi politiko handienean.
Geroago, Ninoyren lagunek eta aldekoek Laban koalizioko buru gisa politikan sartzeko konbentzitu zuten Corazon.
1985eko azaroan Ferdinand Marcos lehendakari diktadoreak presidentziarako hauteskundeak iragarri zituen 1986ko otsailerako, eta azkar batean oposizioko buru aurkeztu zen Corazon Aquino. 1986ko otsaileko bozketan botere ofizialak Marcos eman zuen garailetzat, baina oposizioak iruzurra salatu zuen, eta protesta gogorak egon ziren. Presioa handitu zen Marcosen kontra, eta prest zeukan botere-hartzeko zeremoniari uko eginez, ihes egin zuen bere aliatuek huts egin ziotenean. Aquino bilakatu zen lehendakari horrela.
Filipinetako lehendakaria izan zen 1986-1992 urteetan. Lehendakari izan zen urteetan, aurkariak izan zituen armadaren barruan, komunistak etengabe matxinatu ziren, eta arazo ekonomiko larriak izan zituen. 1992ko hauteskundeetan, bere lehendakariorde Fidel Ramos jenerala, 7 estatu-kolpetan defenditu izan zuena, babestu zuen lehendakaritzarako.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.