Edukira joan

Berezko abortu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Berezko abortu
Deskribapena
Motapregnancy with abortive outcome (en) Itzuli
reproductive system symptom (en) Itzuli
EspezialitateaObstetrizia
Identifikatzaileak
GNS-10O03
GNS-9634634
OMIM614389
DiseasesDB29
MedlinePlus001488
eMedicine001488
MeSHD000022
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Berezko abortuaumegaltze eta hilaurtze izenez ere ezaguna[1]— istripu baten edo kausa naturalen ondorioz haurdunaldia etetea da, umekia bizirik irauteko gai ez den aldian. Berezko abortua, oro har, haurdunaldiko hogeigarren asteraino gertaturikoari esaten zaio; hortik aurrera, erditze goiztiarra izan dela eta haurra hilik jaio dela jotzen da.[2] Gehienetan, berezko abortua haurdunaldiaren lehenengo hamabi asteetan gertatzen da.

Oro har ezin da saihestu. Izan ere, gehienetan mutazio batek edo arazo oso goiztiar batek eragiten du. Hala ere, aurrekariak, adina, erretzea eta edatea kontuan hartzeko faktoreak dira.

Hainbat motatako umegaltzeak bereizten dira:

  • Umetoki lepoa itxita badago, amak min gutxi badauka, odol galerak gertatu badira eta fetuak bihotz taupadak badauzka abortu mehatxua gertatu da, ziur asko haurdunaldiak aurrera jarraituko du.
  • Abortu saihestezina: sintomatzat ditu baginako odol jarioak, sabelaldeko espasmoak, eta umetokiaren lepoa handituta izatea.
  • Abortu ez-osoa: fetua hiltzen da, baina haurdunaldiaren produktu guztiak ez dira kanporatzen.
  • Abortu geldiarazia: fetua hiltzen da baina gorputzak haurdunaldiaren produktu guztiak gordetzen ditu. Emakumeak ez dauka ez haurdunaldi seinalerik ezta hilekorik ere.
  • Abortu errekurrentea: hiru abortu edo gehiago jarraian edukitzea.
  • Abortu septikoa: infekzio bat gertatzea umetokian, haren hormetan edo haurdunaldiaren produktu batean.


Hogeigarren astea baino lehenago

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askotan berezko abortu hauen eragilea haurraren garapena ezinezkoa egiten duten asaldura kromosomikoak izan ohi dira. Horretaz gain, abortua eragin dezaketen faktoreak hainbat motatakoak izan daitezke; hormonalak, infekziosoak, umetokiko arazoak, asaldura genetikoak edota kanpoko faktoreak. Gainera, abortu natural bat edukitzeko arriskua handitu egiten da emakumearen adina handitzearekin edota aurretik abortu espontaneo gehiago eduki baldin baditu.

Amak hormona maila arraroak dituenean ematen da.

  • Umetokiko funtzionamenduaren asaldura bat egon daiteke, progesterona eskasia dela eta. Izan ere, progesterona haurdunaldirako umetokia prestatzeaz arduratzen da besteak beste.
  • Toxoplasmosia: Bizkarroi batek eragindako gaitz oso arrunta da, haurdun dagoen emakume bat kutsatzen denean fetuaren heriotza edota haurrean arazo larriak sor ditzakeena.
  • Listeriosia: Bakterio batek eragindako intoxikazio mota bat da.

Umetokiko alterazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umetokiko alterazioek ere berezko abortu bat eragin dezakete; besteak beste, umetokiaren malformazioak eta umetokiko hipoplasia. Arazo honen jatorria garapen enbrionarioan dago, izan ere Müller hodien garapen, fusio edota kanalizazioan gertatutako asaldura baten ondorioa da. Hori dela eta, malformazio Mülleriano gisa ere ezagunak dira. Hala ere esan beharra dago kasu batzuetan hauen jatorria Wolf hodietan aurkitzen dela.

  • Endometriosia, ehun endometriala umetokitik kanpo agertu eta garatzen denean ematen den gaixotasun nahiko arrunt bat da.

Modu berean, uteroaren lepoa oso goiz zabaltzen denean, inkonpetentzia dagoela esan ohi da.

Asaldura genetikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berezko abortu gehienak kromosometan dauden asalduren ondorioz gertatzen dira. Ernalkuntzaren unean sorturiko anomalia kromosomikoak dira haurdunaldiaren lehenengo hiru hilabetean gertatutako berezko abortuen %60 eta %70-en kausak.

Eragile immunologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abortuaren erantzuleak diren erreakzio immunologikoak bi motatakoak dira: batetik antigorputz antifosfolipidikoak eta bestetik erreakzio autoimmuneak. Trofoblastoaren mintzezko fosfolipidoak molekula elektronegatiboak dira, trofoblastoa endometrioan finkatzeko beharrezkoak direnak. Artean ondo ezagutzen ez diren arrazoiengatik, emakumeak antigorputzak sor ditzake fosfolipido horietako baten edo gehiagoren aurka, eta ondorioz, endometrioan finkatzeko garaian arazoak egon daitezke, ugalkortasun eza edota abortuak eraginez. Beste kasu batzuetan, antigorputz antinuklearrak ekoiztu ditzake, hala erreakzio autoimmune bat eta ondorioz abortua gerta daitekeelarik.

Modu berean, Rh bateraezintasunak ere fetuaren heriotza eragin dezake. Rh bateraezintasun hau amaren Rh-a negatiboa eta umearena positiboa denean gertatzen da, honen ondorioz amak (normalean Rh positiboa duen bigarren umearen kasuan) antigorputzak sintetizatzen ditu fetuaren globulu gorrien aurka. Gaur egun, hala ere, arazo hau Rh-GAM immunoglobulinen bidez saihesten da.

Kanpoko agenteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erradiazioek eta gai toxikoek, hainbat sendagaik (esaterako Accutane-a, aknea tratatzeko erabiltzen dena) eta amaren ohiturek ere eragina dute; hala nola erretzeak (nikotina), edateak edota drogak kontsumitzeak.

Hogeigarren astetik aurrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hogeigarren astetik aurrera, dagoeneko ez da berezko abortutzat jotzen, baizik eta haurra hilik jaio dela jotzen da.

Sintoma hauek izaten dira: fetuaren mugimenduak murriztea, mina sentitzea abdomenean, bizkarrean edo pelbisean, eta espasmoak.

Kausak honako hauek izan daitezke, besteak beste: diabetesa, hipertentsioa, anomalia kongenitoak edota 42 aste baino gehiagoko haurdunaldiak. Era berean, gaixotasun infekziosoek (besteak beste sifilia, errubeola, gripea, malaria, listeriosia) eta bihotz edo tiroide gaixotasunek ere haurra hilik jaiotzeko arrisku faktore dira.

Hiru sintoma dira nagusi, odol galerak, mina eta haurdunaldiaren produktuen kanporaketa:

  1. Metrorragia (odol galera), kopuru eta kolore aldakorrekoa, eta ahulezia izan dezake.
  2. Pubis inguruan mina (zenbaitetan eremu sakro-lunbarreraino hedatu daiteke): honen eragilea emakumeak dituen umetokiko uzkurdurak dira, izan ere hau fetua modu naturalean kanporatzeko modua da (erditze natural batean gertatuko litzatekeen bezala).
  3. Baginatik gelditzen diren zati tisular koagulatuen kanporatzea gertatu daiteke, nahiz eta ez den kasu guztietan gertatuko.

Hala ere, esan beharra dago sintoma hauek ez direla agertzen, emakumeak soilik hileko handia sumatzen du. Izan ere, badira abortu natural batzuk zeinetan agerpide klinikorik gabe gertatzen diren (haurdunaldi kimikoak: soilik haurdunaldian agertzen den hormona baten agertzeari ezker jakin dezake emakumeak haurdun zegoela).

Lehenik eta behin diagnostiko klinikoa egin behar da. Pauso hau funtsezkoa da tratamendu egokia jarri ahal izateko, eta sintometan eta medikuak eginiko azterketa ginekologoetan oinarritzen da. Ondoren ekografia bat egin ohi da, izan ere abortu bat gertatu baldin bada, metodo honen bitartez jakin daiteke ea umetokian arrastorik gelditu den ala ez.

Ekografiaz gain, bestelako odol azterketak ere egin daitezke:

  • Odol mota finkatzea garrantzitsua izan daiteke, RH positiboa ala negatiboa den jakiteko. Izan ere, lehen azaldu dugun bezalaxe Rh bateraezintasunak abortu bat eragin dezake prebenitzen ez bada.
  • CSC, zenbat odol galdu den jakiteko.
  • GCH kualitatiboa (haurdunaldia baieztatzeko): Azterketa mota honetan giza gonadotropina korionikoa izeneko hormonaren kopuruak aztertzen dira gernuan.
  • GCH kuantitatiboa: Kasu honetan, haurdunaldian ekoizten den hormona honen kopurua aztertzen da odolean.

Abortua gertatuz gero, ez dago tratamendurik hura saihesteko, hala ere, amaren barnean geratutako haurdunaldiaren produktuen kanporaketarako askotan tratamendu klinikoa beharrezkoa da.

Lehenengoz, ekografia bat egin behar da arrastorik geratu denentz barnean ikusteko. Geratzen badira, sendagai bat hartu behar da kanporatzeko, sukzio bat egin edo umetoki lepoa handitu, urradura izeneko teknika bat egiteko (anestesia lokalarekin, ondorioz ez dago minik amarentzat). Froga hauen ostean posiblea da espasmo abdominalak edo odol galerak izatea.

Batzuetan (haurdunaldia oso aurreratuta badago) beharrezkoa da erditzea eragitea, karena eta fetua kanporatzeko. Bi produktu hauek gero analizatuko dira, heriotzaren kausa aurkitzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ibon Sarasola: «aborto», Zehazki hiztegia, Alberdania, 2005.
  2. (Ingelesez) Petrozza, John C. (2006-08-29). «Early Pregnancy Loss». eMedicine. WebMD. Eskuratze data: 2011-01-12.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]