Leo SternbachHoffmann-La Rocheko kimikariak sintetizatu zuen lehenbiziko bentzodiazepina, klordiazepoxidoa, 1955ean. 1960an, Hoffmann-La Rochek Librium izenarekin merkaturatu zuen, eta molekula-eraldaketen bila hasi zen jarduera hobetzeko. Horiek horrela, 1963an, Valiuma (diazepam) atera zuen merkatura, eta beste farmazia-konpainiak ere analogoen bila hasi ziren.[2]1971n, Upjohn Companyk alprazolama (Xanax Frantzian, Trankimazin Espainian) patentatu zuen.[3]
Medikuntzako profesionalek harrera ona egin zieten bentzodiazepinei, arriskutsuak izan zitezkeen barbiturikoak baztertzea ahalbidetu baitzuten. Hala ere, 1980ko hamarkadan, haiei buruzko informazioa handitu ahala, abusuen eta mendekotasunaren mamua agertu zen. Harrezkero, bentzodiazepinen erabilera terapeutikoa arautuz eta egokituz joan da.[2]
Bentzodiazepinak nerbio-sistemaren inhibitzaileak dira. Beren efektua GABA neurotransmisorearen eragina indartuz lortzen dute.[4] Horrek neuronen arteko komunikazioa murrizten du eta, beraz, garunaren funtzio askotan eragin lasaigarria du.
GABAk neuronen kitzikakortasuna kontrolatzen du GABA Ahartzaileari lotuz. GABA A hartzaileak kanal ioniko bat osatzen du. GABA neurotransmisorea lotzen zaiolarik, kanala ireki eta kloruro ioia sartzen da zelulara. Horren ondorioz, zelularen hiperpolarizazioa gertatzen da, alegia, mintz potentziala negatiboagoa egiten. Horrek despolarizazioa zaildu egiten du eta, beraz, nerbio sistema inhibitzen da.[4]
Bentzodiazepinak inhibitzaile alosterikoak dira. Alegia, ez dira ioi-kanala irekitzearen erantzule zuzenak, baizik eta GABA-ren eragin inhibitzailea indartzen dute, GABA A hartzailearen leku alosterikoari lotuz.[5]
Bentzidiazepinek efektu lasaigarriak, hipnotikoak, antsiolitikoak, antikonbultsiboak, amnesikoak eta muskulu-erlaxatzaileak dituzte.[1] Besteak beste, alkoholaren mendekotasuna, konbultsio epileptikoak, antsietate-nahasmenduak, izu-egoerak, agitazio psikomotorra eta insomnioa tratatzeko erabiltzen dira. Gehienetan ahoz hartu ohi dira, baina zain barnetik, gihar barnetik edo uzkitik ere eman daitezke.[6]
Erdibizitzaren iraupenak bentzodiazepina bakoitzaren erabilera terapeutikoa mugatzen du. Esate baterako, insomnioari aurre egiteko erdibizitza laburrekoak erabili ohi dira, eta erdibizitza luzekoak herstura tratatzeko.
Xurgapena ona eta azkarra da aho bidetik, eta bioerabilgarritasun handia lortzen da. Lipodisolbagarriak direnez, erraz gainditzen dute barrera hematoentzefalikoa (odol-hodien eta garunaren artekoa). Metabolizazioa gibelean gertatzen da, oxidazioaren, hidroxilazioaren eta glukuronizazioaren bitartez. Prozesu horietan sortzen diren metabolito hidroxilatu asko farmakologikoki aktiboak dira, batzuk erdibizitza ertain-luzekoak. Metabolitoak giltzurrunakiraizten ditu, batez ere.[7]
AEBetan bentzodiazepinen ondorioz hildakoen kopurua 2002-2016 bitartean
Benzodiazepinen ondorio kaltegarri ohikoenak efektu lasaigarri eta muskulu-erlaxatzaileekin erlazionaturik daude. Besteak beste, logalea, zorabioak, eta kontzentrazioa gutxitzea. Koordinaziorik ezak erorikoak eta lesioak eragin ditzake, batez ere adinekoengan. Arreta eskatzen duten jarduera batzuk zailtzen dira, hala nola, bizikletan ibiltzea edo gidatzea, eta trafiko-istripuak gertatzeko probabilitatea handitzen.[6]Libidoa gutxitzea eta erekzio arazoak ohiko albo-efektuak dira.[8]Depresioa eta desinhibizioa ager daitezke. Ez dira hain ohikoak goragalea eta jateko gogoaren galera, ikusmen lausoa, nahasmendua, euforia, despertsonalizazioa eta amesgaiztoak.[9]
Gutxitan bada ere, ondorio paradoxikoak ere gerta daitezke: gehiegizko mugimenduak, asaldura, antsietate maila handia, insomnioa, amesgaiztoak, haluzinazioak ametsetan, suminkortasuna, jokabide hiperaktiboa edo oldarkorra...[6][10]
Kontsumo jarraituak tolerantzia sortzen du, alegia, efektu berdinak lortzeko, gero eta dosi handiagoa hartu behar izaten da. Horretaz gain, epe luzera mendekotasun fisikoa eta psikikoa eragin ditzakete. Beraz, tratamendu luzeen ondoren, kontsumoa ez da bat-batean eten behar; dosia gradualki jaisten joaten da, abstinentzia sindromea ez agertzeko.[6]
Bentzodiazepinek elkarrekintzak izaten dituzte nerbio-sistema zentralaren inhibitzaileekin, hala nola, opiazeoekin, alkoholarekin... Sinergia gertatzen da, eta gaindosia gertatzeko arriskua dago. Substantzia horiekin elkartzean hilgarriak izan daitezke bentzodiazepinak. Bentzodiazepinen gaindosia flumazenilekin tratatzen da.
↑ abWick, Jeannette Y. The history of benzodiazepines. Consult Pharm. 2013 Sep;28(9):538-48. doi: 10.4140/TCP.n.2013.538. PMID: 24007886, pubmed.ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2024-7-30).
↑Ainsworth, Susan J.. Hester Dies At 80. cen.acs.org (Noiz kontsultatua: 2024-7-31).