Edukira joan

Ballen piramidea

Koordenatuak: 31°45′15″S 159°15′06″E / 31.754166666667°S 159.25166666667°E / -31.754166666667; 159.25166666667
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ballen piramidea
Datu orokorrak
Garaiera572 m
Motauharte eta ezkutu bolkaniko
Luzera1,1 km
Azalera0,2 km²
EponimoaHenry Lidgbird Ball (en) Itzuli
Geografia
Map
Koordenatuak31°45′15″S 159°15′06″E / 31.754166666667°S 159.25166666667°E / -31.754166666667; 159.25166666667
UTC orduaUTC+10:30
Honen parte daLord Howe Island Group (en) Itzuli
Estatu burujabe Australia
Australiako estatu Hegoaldeko Gales Berria
Ur-gorputzaTasmaniako itsasoa

Ballen piramidea (ingelesez: Ball's Pyramid) Ozeano Barean aurkitzen den uharte bolkaniko bat da, Australiari dagokiona. Ezkutu-sumendi baten galdara higatu ondoren sorturiko egitura da[1], duen piramide itxuragatik ezagutzen dena.

Kokapena eta deskribapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Barean kokaturik dago, Australiako Sydney hiritik 643 km ipar-ekialdera eta Lord Howe uhartetik 20 km hego-mendebaldera.

Piramide bertikal baten itxura du. 572 metrotako garaiera hartzen du eta luzera 1.100 metrotakoa bada ere zabalerak 300 metro soilik ditu. Munduko stack altuena da[2]. Itsaso zakarreko eremuan kokaturik dago eta harkaitz ugari ditu inguruan, horregatik zaila izaten da uhartera iristea[1].

Antzina ezkutu-sumendi baten galdara izan zen. Galdara hau duela 6'4 milioi urte eratu zen. Ondoren atmosferak sumendia osatzen zuten material bigunagoak higatu zituen eta galdara bistan gelditu zen.

1788. urtean Britainiar Itsas Armadako Henry Lidgbird Ball tenienteak aurkitu zuen eta ordutik haren izena darama. Ball-ek Lord Howe uhartea ere aurkitu zuen bidaia berean. 1853an Henry Mangles Denham komandanteak Lord Howe ingurua kartografiatu zuen eta baita Ballen piramidea ere. Uhartera iritsi zen lehenengo gizakia Henry Wilkinson geologoa izan zela uste da.

1965ko otsailaren 14an Bryden Allen, John Davis, Jack Pettigrew eta David Witham izan ziren lehenengo mendizaleak Ballen Piramidea igotzen. Hurrengo urtetan beste batzuek igo zuten piramidea harik eta 1982an igotzea debekatu zen arte.

Ingurune geologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeelandia urpeko kontinentearen parte dira Ballen piramidea eta Lord Howe uhartea. Ballen piramidea kokaturik dagoen plakak 20 kilometroko luzera eta 10 km-ko zabalera ditu eta batazbeste 50 metrotako sakonera du ur azpian. Lord Howe uhartearen plakatik ur azpiko arroila batek banatzen du[1].

Flora eta fauna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Melaleuca howeana zuhaixka aurkitu zen Ballen piramidean. Harkaitzetako arrakaletan aurkitzen da eta piramidearen inguruan pilatzen den hezetasuna nahikoa da hainbat metrotako lodiera duen landare geruza mantentzeko[3].

Dryococelus australis makil-intsektua Ballen piramideko eta Lord Howe uharteko endemikoa da. 1918an itsasontzi bat urperatu zen Lord Howe uhartean eta han zetozen arratoiek uhartera iristea lortu zuten. Arratoi hauek makil-intsektu guztiak jan zituzten[4]. Lord Howe uhartean 1920an identifikatu zen azken makil-intsektua eta dagoeneko iraungita zegoela uste zen, baina 1964an Ballen piramidean hildako ale bat aurkitu zuten. 2001ean hainbat entomologo eta kontserbazionista Ballen piramidera joan ziren hango fauna eta flora zerrendatzeko helduruaz eta Dryococelus australis-en populazio bat aurkitu zuten 100 metrotako altueran. 24 ale baino ez zituzten kontatu ordea. Australiara bi intsektu bikote eraman zituzten eta ugaltzea lortu dute, berriz Lord Howe uhartean sartzeko helburuarekin[5].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c (Ingelesez) «Balls Pyramid and the efficacy of marine abrasion» Vignette Collection (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  2. «Lord Howe Island Geography and Geology» web.archive.org 2014-09-12 (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  3. (Ingelesez) Lewis, Martin W.. (2010-03-08). «Lord Howe Island: Return of the Tree Lobster» GeoCurrents (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  4. «Tree lobster came from ancient sunken island | COSMOS magazine» web.archive.org 2009-02-08 (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  5. (Ingelesez) Wednesday, 14 February 2001 Abbie Thomas-ABC Science Online. (2001-02-14). «Giant stick insect rediscovered» www.abc.net.au (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]