Edukira joan

Alternatiba Demokratikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Alternatiba Demokratikoa ETAk 1995eko apirilean euskal gatazkaren konponbiderako zabaldu zuen proposamena zen. Testuak KAS alternatiba gaurkotu eta ordezkatzen zuen Euskal Herriaren onarpenerako gutxieneko baldintza zerrenda bezala. ETAk Espainiako Gobernuari egindako proposamena hiru baldintzatan laburbil daiteke: euskal lurraldetasunaren onarpena, burujabetasuna Euskal Herriari dagokiola onartzea, eta autodeterminazio eskubidea. Alternatiba honen onarpenak ETAren iharduera militarraren etetea ekarriko zukeen.

Espainiako Gobernuak, une horretan Felipe González (PSOE) buruan zela, ez zuen aintzat hartu Alternatiba, erakunde armatuekin ez negoziatzeko bere jarrerari eutsiz, eta gainera aldarrikapenen zabalpena eragozten saiatu zen. ETAk iragarritako zinta bat Euskal Herri osotik zabaldu zen eta milaka pertsonek ikusi zuten emanaldi publiko zein pribatuetan.

1996ko hauteskunde orokorretarako kanpainan Herri Batasuna hauteskunde publizitaterako zegozkion espazioak baliatuz ETAren proposamena zabaltzen saiatu zen, bere iragarkietan bideotik ateratako irudiak gehituz. Telebistek uko egin zioten bideo hau zabaltzeari eta Herri Batasunak beste bat bidali zuen, pantaila beltzaren gainean "Zentsuratua" leloa baino ez zeukana. Bideo hau zabaltzeko erabakian guztiek parte hartu ez arren Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide guztiak espetxeratuak izan ziren erakunde armaturekiko parte hartzea leporatuta.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Alternatiba Demokratikoa