Almagesto
Almagesto (arabieraz الكتاب المجسطي, al-kitabu-l-mijisti, "Liburu nagusia") II. mendean Klaudios Ptolemaios astronomo Alexandriarrak idatzitako astronomia tratatu baten arabierazko izena da. Antzinateko izar katalogorik osoena du, arabiarrek eta europarrek asko erabili zutena Goi Erdi Aroraino, bertan, teoria geozentrikoa eta izar eta planeten itxurazko mugimendua deskribatzen direlarik.
Lanaren deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ptolemaiosek, bere lana, aurretik Hiparko Nizeakoak eginiko izar katalogoan oinarritu zuen. Hiparkoren izar katalogoa galdu egin denez, ezinezkoa da jakitea bi katalogoak ze puntutaraino diren antzerakoak. Almagestoan, Ptolemaiosek, 48 konstelazio klasikoen deskribapena aurkeztu zuen eta Ilargia, Eguzkia eta planetak, Lurraren inguruan zirkulu epiziklikoetan mugitzen ziren sistema geozentriko batean, planeten itxurazko mugimenduak azaltzeko sistema fin bat sortu zuen. Almagesto lana, 13 liburuz osatua dago.
- 1 Lehenean, teoria edo sistema geozentrikoa azaltzen da.
- 2 Bigarrenean, ekinozioen aldikotasuna eta urtearen luzera eztabaidatzen dira.
- 3 Hirugarrenean, solstizioak eta ekinozioak eztabaidatzen dira.
- 4 Laugarrenean, Ilargiaren ikerketak erakusten dira eta hilabete sinodikoa definitzen da.
- 5 Bosgarrena, Ilargia eta Eguzkiaren posizioaren paralajearen zuzenketari buruzkoa da.
- 6 Seigarrenean, Eguzkiaren eta Ilargiaren itxurazko diametroaren neurri bat azaltzen da, eklipseak iragartzeko metodo bat erakutsiz.
- 7-8 Zazpigarrenean eta zortzigarrenean, izarren arteko posizio erlatiboak finkoak nola diren erakusten da. Zortzigarren liburua, berak ezagutzen zituen hegoaldeko izarren katalogo bat da.
- 9-13 Azkenik, azkeneko bost liburuetan, Ptolemaiosen planeten ibilbideak eta posizioak kalkulatzeko metodoa erakusten du, epizikloen sistema xehetasunez erakutsiz.
Garrantzi historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ptolemaiosen jatorrizko liburua, grezieraz idatzia zegoen, eta Hè Megalè Syntaxis zuen izenburu bezala, Konposaketa matematikoa euskaraz. Benetan, astronomia tratatu bat den arren, izen hau, garai hartan, aipaturiko zientzia matematiken adar bat zelako jaso zuen. Lan honen arabierarako lehen itzulpenak, IX. mende inguruan egin ziren, Al-Ma'mun kalifaren babespean. Arabiarrek, Al-Majisti, Handiena izena eman zioten (arabierazko artikulua megiste adjektibo greziarrarekin uztartzen duena), eta hemendik eratorri zen beranduago lana ezagutua izango zen izena. Garai honetan, lana, ia erabat ahaztuta zegoen Europan, zenbait lan astrologikoetan eginiko erreferentzia lauso batzuetan izan ezik. Mendebaldeak, Almagestoa, bertsio arabiarren eskutik berraurkitu zuen. XII. mendean, gaztelaniazko bertsio bat idatzi zen. Laster idatzi zen latinezko bertsio bat ere, Frederiko II.a enperadorearen mezenastzapean. Jatorrizko arabiarretik latinerako itzulpen bat, Gerardo Cremonakoak egin zuen 1175ean, Espainiako Toledo hirian aurkitutako testu batean oinarrituz. Itzulpen honek, behin betiko sartu zuen Almagestoa tradizio zientifiko europarrean. Gerardo Cremonakoak, hitz teknikoetako asko ezin izan zituen itzuli, eta Abrachir izen arabiarra ere mantendu zuen Hiparko Nizeakoarentzat. Europak, lan hau, arabiarren bidez ezagutu zuenez, izarren izen klasikoetako asko, lan honetan erregistraturiko izen arabiarretatik datoz, aldaketa ugarirekin baina.
Tratatu honetan agertzen diren teoria astronomikoak, zuzenak ez diren arren, hamalau mendez indarrean egon ziren, pentsamendu astronomiko eta zientifikoan eraginez XVI. mendea ondo sartu arte, teoria heliozentrikoaren eta iraultza zientifikoaren iritsierarekin.